BARTZELONAKO MANIFESTUA

ELA, CIG eta Kataluniako Intersindikala indarrak batuko dituzte konfrontazio-sindikalismo gisa, eskubide sozial eta nazionalak aurrera eramateko

2024/11/14
ELAko (Mitxel Lakuntza), CIGeko (Paulo Carril) eta Kataluniako Intersindikaleko (Sergi Perelló) idazkari nagusiek manifestu bateratu bat aurkeztu dute Bartzelonan. Manifestu horretan, hiru sindikatuek beren aliantza indartu dute estaturik gabeko nazioetako langile klasearen ordezkari nagusi gisa. Dokumentu horretan, “oldarraldi atzerakoi eta birzentralizatzailea” salatu dute. “Ofentsiba horrek kolokan jartzen du kohesio soziala; era berean, eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak murriztu ditzake. Mobilizazio soziala eta sindikala kriminalizatzen da, eta gorrotoan oinarritutako diskurtsoak baliatzen dira baztertutako taldeak erasotzeko: pobrezian dauden pertsonak, emakumeak, migratzaileak, LGTBI kolektiboa, eta hizkuntza eta kultura propioak ditugun herriak”.

IRAKURRI BARTZELONAKO ADIERAZPENA

ELAk, CIGek eta Intersindikalek kezkaz ikusten dute “eskuin muturreko ideologien gorakada globala: langileen eskubideak mehatxatzen ditu eta herrien esplotazioa eta kontrol geopolitikoa betikotzen dituen agenda belikoa sustatzen du”. Gainera, hiru sindikatuek salatu dute “Estatuko botereetan (batez ere, epaitegiak, segurtasun indarrak eta komunikabide asko), joera ideologikoak sistema unitario eta homogeneoa defendatzen duela, eta Estatuko errealitate plurinazionala eta autodeterminazio eskubidea ukatzen duela”.

Bere aldetik, Mitxel Lakuntzak azpimarratu du "Madrilgo lanaldi murrizketaren eztabaidak agerian utzi duela, beste behin ere, elkarrizketa sozialaren porrota eta fartsa. UGTk eta CCOOk patronalari ematen dioten betoak langileentzako hobekuntzak eragozten dituzte". Ildo horretan, ELAko idazkari nagusiak "hausnarketa zintzoa" eskatu die bi sindikatu horiei, "mahai horiek sindikalismoarentzat bide hila direla aitortzeko". Bestalde, Sanchezen gobernuari eta alderdi ezkertiar eta subiranistei "lege bat" bultzatzeko eskatu die "lurralde bakoitzean lanaldia eta gutxieneko soldata finkatzeko eskumenak ezartzeko". Azkenean, “elkarrizketa sozialak eta zentralizazioak gure herrialdeetako langile-klasearen baldintzak okertzen dituzte”.

Dokumentu zabalago baten barruan, Mitxel Lakuntzak, Paulo Carrilek eta Sergi Perellok gaur Bartzelonan hartu dituzten konpromiso garrantzitsuak daude:

1. Langileen bizi eta lan baldintzak defendatzea: Sindikatu nazionalak eta klaseko sindikatuak garen heinean, gure estrategiaren erdigunean kokatuko dugu lan baldintzak hobetzea. Bizi eta lan baldintza duinen defentsa funtsezko tresna da faxismoaren eta gorrotoaren gorakadari aurre egiteko. Esplotazio eta lan prekaritateari aurre egiten dion sindikalismoak bakarrik bermatu dezake gizarte justu eta demokratikoagoa. Horregatik, argi daukagu lan erreformen aurka gaudela, esplotazioan sakontzen dutelako eta pentsioak murrizten dituztelako. Honako hauek dira gure lan ildoak: aberastasunaren benetako banaketa, soldata duinak, lanaldia murriztea eta zaintza sistema publikoa.

2. Hizkuntza eskubideak lantokietan: Langile guztien hizkuntza eskubideak beren lantokietan errespetatu eta sustatuko ditugu. Beste hizkuntza komunitateek bezala bizi eta lan egin nahi dugu, hizkuntza eskubide berdinekin; gure hizkuntzak (galegoa, katalana eta euskara) bizitza eta lan hizkuntzatzat aitortuta. Hizkuntza eskubideak ere lan eskubideak dira, eta funtsezkoak dira gure nortasun kulturala eta nazionala definitzeko.

3. Autodeterminazioa eta lan eta babes sozialaren esparru propioak: Sindikatu subiranista gisa, gure herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen jarraituko dugu. Espainiako Estatutik ezarritako marko politiko eta juridikoak oztopo dira gure behar eta asmoei erantzungo dieten lan eta gizarte politika propioak garatzeko. Lan, enplegu eta gizarte politiken arloan eskumen guztiak berreskuratu behar ditugu, gure legedia gure errealitateetara egokitzeko.

4. Gizartea eraldatzeko sindikalismoaren alde eta ‘elkarrizketa sozialaren’ gaitzespena: ‘Elkarrizketa soziala’ langile klasea geldiarazteko tresna baino ez da, alegia, elite ekonomiko eta politikoen interesak bermatzeko baliatu den mekanismoa, beti ere, langileen eskubideen kaltetan. Tresna horrek politika neoliberalak legitimatzen ditu eta sektore borrokalarienak geldiarazten ditu. Konfrontatzeko gai den sindikalismoa defendatzen dugu, mobilizazio eta borrokarekin konprometitua, eta eliteek ezarritako mugak onartzen ez dituena.

5. Ekintza sindikalaren batasuna: Klaseko sindikatu nazionalen arteko lankidetzan sakonduko dugu, beti ere, gure independentzia organikoa errespetatuz. Elkar indartu nahi dugu krisi anitzari (ekonomikoa, soziala eta ekologikoa) elkarrekin aurre egiteko, mundu justuago batera urratsak egiteko eta herri guztiak berdintasun osoz aitortuak izan daitezen.