“ELAren gakoa independentzia ekonomikoan eta politikoan dago”

2017/06/15
Kafe-atsedenaldia eta gero, Muñoak hartu dio txanda Adolfo Muñozi, Kudeaketa Txostena defendatzerakoan. Muñoak bere mintzaldian nabarmendu du ELA gaur inoiz baino autonomoa dela.

“Aurreko kongresutik hona kuoten pisua handituz joan da ―diru-sarreren %92,63―. Une honetan gure finantza-autonomia %94,40koa izatera heldu da. Aurreko kongresu-aldian geneukana baino lau puntu gorago dago, eta hori datu bikaina da. Gure autonomia, finantzarioa eta politikoa, oinarrizko atala da ELAren eredu sindikalean, beraz poz-pozik gaude. Sindikatuaren autonomiaren finkatze horrek gure proiektuari eusten dio irmoki, bai ekintza sindikalaren garapenaren aldetik, bai negoziazio kolektiboaren aldetik”.

Nahiz eta kongresuen arteko aldian ELAk afiliazioan galdu ―ELAk aurreko kongresuaren garaian 105.312 afiliatu zituen, eta orain aldiz 98.960―, Muñoak joera hori aldatzen ari dela nabarmendu du. “Afiliazioan galera izan dugu, krisiagatik eta enplegu-suntsipenagatik; baina beheranzko joera hori 2016an aldatzen hasi zen, eta aurten afiliazio-emaitza netoak positiboak dira. Datuak aztertuz gero, argi eta garbi ikusten da afiliazioa bide onetik abiatu dela. Datu baikor horrek ildo beretik jarraitzera bultzatzen gaitu”.

Idazkariorde nagusi eta diruzainak ideia bat azpimarratu du, ELAk gogoan beti darabilena: “Afiliazioak autonomia ematen digu. Ezin dute sindikatua isilarazi, loturarik inorekin ez dugulako. Gure jendearen ez beste inoren esanetara gaude. Eta krisian turrustan gainera erori zaiguna ikusita, ez dugu besterik afiliazio-oinarria zabaltzea baino. Etorkizunari begira gero eta gehiago izan behar gara, justizia sozialaren eta elkartasunaren ildo beretik lan egin behar dugu. Gure proiektua gure esku dagoela jakiteak, ELA osatzen dugun jendearen esku dagoela jakiteak izugarrizko indarra ematen digu”.

Amaia Muñoaren diskurtsoaren beste ardatzetako bat zera izan da: aurreko kongresuaz geroztik gure sindikatuak hauteskundeetan lortu dituen emaitza bikainak. “Aurreko kongresura heldu ginenean gure ordezkaritza-maila %39,59koa zen EAEn, eta %21,26koa Nafarroan. Lau urte geroago, %40,35 eta %23,10 lortu ditugu, hurrenez hurren. EAEn gure marka historikotik hurbil gaude, baina Nafarroan sobera gainditu dugu. Hainbesterako, hamarren batzuk besterik ez zaigula falta komunitate horretako bigarren sindikatua izateko. UGT eta CCOO ez dira nahikoak, dagoeneko, Nafarroako gehiengo sindikala osatzeko, eta hori orain dela urte gutxi pentsaezina zen”.

“Eta ordezkaritza-maila hori lortu dugu ―esan du amaitzeko― oso testuinguru latzean gure sindikatuarentzat eta aldezten dugun gizarte-ereduarentzat. Alde horretatik, goraipatu beharrekoa da gure ordezkarien merezi ona. Lorturiko arrakasta, ordezkari horiek enpresetan egindako lanaren eta ongi jardutearen ondorioa da”.

Azkenik Muñoak, erreibindikazio-sindikatu baten kasuan, Erresistentzia Kutxaren garrantzia agerian utzi du. “Negoziazio kolektiboaren alde zaudela esatea, eta tresnarik ez jartzea demagogia hutsa da; batez ere oraingo garaietan. Gure ezaugarrietako bat Erresistentzia Kutxa da, eta azken lau urte hauetan oso gatazka luzeak izan ditugunez, Kutxa beti izan dugu presente. Milaka langilek iraun ahal izan dute eta irabazi sindikatu osoaren elkartasunari esker. 2012 baino lehen Laminaciones Arreguiko langileak (2011tik zetorren gatazka), IAT/ITV (2012an hasi zena), Corrugados Azpeitia edo Ekonor. 2013an nabariak izan dira, iraupenari dagokionez, Gipuzkoako zahar-egoitzetakoa, Feu Vert, Bizkaiko gasolindegiak, Bobinados Bidekoetxe edo Perot. 2014an Miramon UTE. 2015Ean Arkema. 2016an Eaton, Ingemar, Kaiku Km0, TMB edo Bizkaiko zahar-etxeak”.