Kongresua

Indarberritzen

Indarberritzea, hori du helburu gure kongresuak. Helburuetako bat behintzat, eta horretan egin nahi du indar txosten honen testuak: indarberritu egin nahi dugu eta ekintza-programa zehatz bat proposatu nahi dugu, kongresu konfederalaren ondoren konfederazioko antolakuntza eta arlo guztientzako plan batean hezurmamitzeko. Txostenak, hortaz, asmo praktiko nabarmena du: sindikatuaren jardunaren norabidea finkatzea datozen lau urteetarako.

Mandatua

Mandatu bat ere bada txostena, batez ere Kongresuan hautatuko den zuzendaritzarentzat. Alde horretatik, duela lau urte egin zen XIII. Kongresuak orientabide oso argia eman zion sindikatuaren zuzendaritzari. Puntu hauetan laburbil dezakegu mandatu hori:

  • lan-erreformei eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren erreformei aurre egitea eta akordioak aplikatzen direla bermatzeko tresnak eta esparruak bilatzeko ahaleg-
    ina egitea,
  • elkarrizketa sozialaren itxurakeriari babesik ez ematea,
  • austeritate-politikei eta sustatzen dituzten instantzia guztiei (patronalak, gobernuak, etab.) aurre egitea, alderdi politikoen morrontzatik kanpo aliantza sindikal eta soziala bultzatuz,
  • eta herri burujabetzak eraikitzen eta horiek bideratu ahal izateko aliantzak eta kidetasunak sortzen laguntzea, bere etorkizuna erabakitzeko gai izango den herri libre bat jomugatzat harturik, eta neoliberalismoa eta eraikuntza nazionala ez direla bateragarriak garbi izanda.


Txosten honek ontzat ematen du egindako mandatua, eta uste du aipatutako horiek direla oraindik ere lanerako ildo nagusiak eta horiek hartu behar ditugula gure gain  datozen urteetan. Nola ez, horiez gain, antolamendu aldetik etengabe egokitzeko beharrezkoak diren zenbait elementu ere gehitu behar dira, aipatutako ildoak bideratu ahal izateko. Era berean, ordea, txosten honek beste zenbait berrikuntza ere jasotzen ditu, eta, hain zuzen, batzarkideek horiei buruz eztabaidatu beharko dute kongresuaren aurreko hiru hilabeteotan.

Eztabaida

Txostenak ez du agortzen, ezta gutxiago ere, kongresuko eztabaida. Nazio Batzordearen xedea da testu hau beste eztabaida, proposamen eta jatorrizko testuari eginiko zuzenketa batzuen oinarri izatea, eta horiek guztiak kongresuan bertan mamitzea. Lan gaitza dugu aurretik, eta ilusioz ekin diogu bideari, jakitun baikara Euskal Herriko erakunde sindikal eta sozial nagusia garen aldetik zer erantzukizun dugun.

 

JAITSI PONENTZIA OSOA (PDF).