“Sindikatua inoiz baina politikoagoa izan behar da”

2017/06/15
Egungo idazkari nagusia eta kargurako hautagai bakarra den Adolfo Muñoz Txiki izan da Batzorde Eragilearen izenean Kongresuko 736 ordezkarien aurrean kudeaketa txostena aurkezteaz arduratu den pertsona. Bere txostenean Muñozek azken kongresutik gaur arterainoko ibilbidearen errepaso zehatza egin du.

ADOLFO MUÑOZ TXIKI -- INTERBENTZIOA

Muñozek sindikatuak egungo testuinguru ekonomiko eta soziala nola ikusten duen azalduz hasi du bere interbentzioa. Idazkari nagusiak oso gogor kritikatu du kapitalismoa, eta ez du zalantzarik izan “eskubideak txikitzeko makina bat” dela adierazteko orduan. “Sistemak pertsonak kanporatzen ditu, eta gero hauei leporatzen zaie beren etorkizunaren ardura eta zoritxarra, elkartasun tresna guztiak ahultzen dituztelarik. Kapitalak, enpresariek, ez dute erantzukizun soziala beren gain hartu nahi. Ikusi besterik ez dago fiskalitatearekin gertatzen dena. Etekina pribatua da; porrota, indibiduala, eta norberari gertatzen zaionaren ardura ere bai. Indibidualismo basatiarentzako karta zuria. Oihaneko legea”.

Muñozen iritziz egun “demokrazia” mamirik gabeko kontzeptua da. “Eremu politiko guztietan erabakiak talde txiki batek hartzen ditu, eta talde horrek harreman estua dauka elite ekonomikoarekin. Demokrazia suntsitzen ari dira, mailaka baina etengabe. Gobernuek herritarren parte-hartzea mugatzen dute, ikusle huts eta boto emaile pasibo izan gaitezen. Gizarte feudal bat izango balitz bezala. ELAk dio desberdintasun sozialaren hazkundea kontrajarrita dagoela demokraziaren existentziarekin”.

Adolfo Muñozek uste du sozialdemokraziak ardura handia duela egungo abagunean, uko egin diolako neoliberalismoaren kontrapisu izateari. “Argi dago sasi-sozialdemokrazia ez dela gure erreferentea. Ez gaitu babesten. Beste ezker politiko bat behar dugu; politika alternatiboen alde eginez indartuko dena; kontsentsu neoliberala baztertuko duena, alternatibetan sinesten duen ezkerra; neoliberalismoari oposizioa egiten diona. Euskal Herrian ere. Hau esaten dugu ezker politiko indartsua nahi dugulako, behar dugulako. Ezker hori berreskuratzea ezinbestekoa da eskuin politikoaren eta ekonomikoaren hegemoniari aurre egiteko”.

Testuinguru honetan, argi utzi nahi izan du gaur egun patronalak bere helburuak lortzeko oztopo nagusiena sindikatuak garela. “Alderdi sistemikoak lehian dabiltza, ea ugazabak nork asetuko dituen hobeto. Behin eta berriz esaten diete haien alde daudela. Gero eta zailagoa da bereiztea nor den gobernuko arduraduna eta nor enpresarioa. Desoreka izugarria da. Patronalak ez du hainbeste languntzarik behar. Ez dago sailburu, Ogasun Diputatu, Diputatu Nagusi edo Lehendakari izateko aukerarik baldin eta hautagaia patronalaren ikusmoldearekin bat ez badator”.

MILITANTEEN MERITUA

ELAko idazkari nagusiak lan sindikala nabarmen zaildu dela azken urteotan azpimarratu du, eta horregatik ELAk egindako lanaren merezimendua kolektiboa izan dela aitortu behar dela. “ELA erreferentzia eragingarria da euskal gizartean, hala uste dugu behintzat. Bere lana azterketa zorrotzetan oinarritzen du, eta plazaratzen dituen proposamenak datuez ondo horniturik agertzen ditu. Etsaiak azpilanetan darabil sindikalismoa hutsaren hurrengo izan dadin. Mundu maltzur honetan hutsaren hurrengo izan nahi ez duena garaiz oldartu behar da. Horregatik jarri dugu erdigunean antolamenduaren hobekuntza, badakigulako zein zaila den lan egiteko moldeak aldatzea eta ohituraren poderioz egiten diren gauzak beste era batera egitea”.

Muñozek praktika thatcherianoak egitea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. “Ez da ahoberokeria” gaineratu du. “Eusko Jaurlaritzak plan bat garatzen du kontrabotereko mugimendu sindikalaren aurka. Nekez jasan dezakete gizarteak eraikitzen eta bilbatzen duena. Kontrolpean ez dituzten antolakundeak eragozpen dira beraientzat, segizio-harremanak onartzen ez dituztenak eragozpen dira. Sindikalismoa eragozpen da neoliberalentzat, baita euskal neoliberalentzat ere. Baina guk gure lana egiten dugu”.

Horregatik guztiagatik gure sindikatuaren independentzia ekonomiko eta politikoa goraipatu du Muñozek: “Botere politikoak ez dio zertan eman egiaztagutunik mugimendu sindikalari, zer egin behar duen eta zer ez baimentzeko. ELAk ez du hori onartzen. ELA harrotasunez agertu da bere autonomia politikoaren alde. Eta ELAko militanteak ere harro daude sindikatuaren autonomiaz, badakite gogor lan eginez irabazi duela, eta badakite autonomia hori irabazteko zer behar den: diru-iturri ia bakarra afiliatuen kuotak izatea”.

FISKALITATEA PATRONALAREN ZERBITZURA

Muñozek bere hitzaldian salatu du fiskalitatearen gaineko erabakiak klub pribatu batean hartzen direla. “Erabakitzeko sistema erabat iluna da, ez dago gardentasunik, ezta partaidetzarik ere. Ez dago herrialde moderno eta demokratikorik non diru-sarrerak eta fiskalitatea ez dituen erabakitzen gastuaren ardurarik handiena duenak. Aldundiak taifa-erresumak dira, eta enpresarien interesen alde agertzen dira. Cebekek eta Adegik diote “aldundiak gurekin daude”. Aldundiek, beren aldetik, diote gai horretaz “ez dela kalapitan hasi behar”.

LAN-PREKARIETATEAREN AURKA

Lan-prekarietatearen aurkako borroka ELAren ardatzetako bat izan da, eta baita mintzaldiaren puntu nagusietako bat ere. “Egitura-helburua prekarietatea baldin bada, eta hala da, sindikalismoak aurre egin behar dio bere baliabideekin. Enpresak eta sektoreak sindikalizatu behar dira, eta borroka egiteko baliabideak jarri behar dira. Grebak luzeak dira, patronalek negoziatzeari oztopoak jartzen dizkiotelako. Erresistentzia Kutxa estrategikoa da borrokan iraun ahal izateko, eta prekarietateari guda irabazteko. Lan-baldintza ziztrinak ezartzen diren gizarte batean, grebak jardute demokratikoaren seinale dira. Bidegabekeriak eta esplotazioa baldin badaude gizarte batean, eta grebarik egiten ez bada, diktaduraren antzekoa dela esan daiteke”.

“Ezin dugu aipatu gabe utzi Bizkaiko zahar-egoitzetako gatazka. Agintarien zurikeriaren isla da. Nekez erdeinatu daiteke gehiago emakume horien lana. Politikariek hartu duten ardura bakarra greba indargabetzea izan da, eta horretarako gutxieneko zerbitzuez baliatu dira”.

AUTOGOBERNUA ETA PROZESU SUBIRANISTA

Muñozen ustez, gaur egun Madrilen eta Gasteizen artean dagoen aldebikotasun bakarra egitura-doikuntzako politikak aplikatzea da. “ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ez du inolako borondaterik erakutsi Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrua garatzeko. Benetako aliantzak helburu horren kontrako indar politikoekin egiten dituzte, eta patronalarekin; azken horrentzat Espainiako lege-esparrua oso errentagarria da. Ez dago, gaurkoz, Estatuari demokratikoki aurre egiteko borondaterik. Partekatzen dituzten politika neoliberalek akordioen funtsa eta forma frogatzen dituzte. Neoliberalismoa eta neoestatutismoa eskutik doaz. Neoliberalismoa, are gehiago oraingo fasean, eta subiranotasun soziala eta politikoa bateraezinak dira; Grezian eta Euskal Herrian”.

Bestalde, Nafarroan aldaketa finkatuko bada, soziala izan beharko da. “Aldaketa sozialik egin gabe gobernu aurrerakoi bat higatuko da. Nafarroako aldaketa politikoa ez da mugatu behar euskararen arloko aurrerapausoetara eta memoria historikoaren eskakizunera”.

ALIANTZA SOZIAL ETA SINDIKAL SENDOAK

Bere hitzaldiaren azken puntua aliantza sozial eta sindikalena izan da. “ELAren irudiko, ezkerrak gizarte-ereduari eta kapital/lan erlazioari garrantzirik ez kentzeko, beharrezkoa da sindikalismoak bere ahalmen osoa zabaltzea lan-, gizarte- eta poltika-arloetan, dialektika berri bat bilatuz. ELA-LAB aliantzak, beste elkarte sindikal eta sozialekin batera, izan dezakeen potentzialitatea ukaezina da. Ez dugu sekula zabaldu bere indar osoaz. ELAren asmoa hori da, baina potentzial hori bere osotasunean hedatzeko dauden oztopoak kendu behar ditugu. Iraganaren inertziak gaindituko dituen kultura politikoa behar dugu. Politikaren edukiei eman behar diegu lehentasuna, erakundeetan nor dagoen begiratu barik. Eta gure estrategia nagusia, sindikatuak garen aldetik, prekarietatearen aurkako borrokan oinarritu behar dugu”.