ELAk bere autonomia ekonomikoa indartu du: bere diru-sarreren %93 inguru afiliatuen kuotetatik datoz

Gardentasunaren eredu izan nahian, ELAk komunikabideetako profesionalak bildu ditu gaur goizean Bilbon, bere afiliazio-datuak denen aurrean egiaztatzeko; eta horrela sindikatuak argitaratzen duen informazioaren zehaztasuna eta egiazkotasuna ziurtatu ahal izan da. ELAk, era berean, kongresuen arteko aldiko (2012 eta 2017 bitartean) afiliazioari buruzko datuak eman ditu jakitera; dena dela datu horiek oso-osorik XIV Kongresuan aurkeztuko ditu, ekainaren 15 eta 16an Bilbon. Gaurko ekitaldian, aipaturiko datuak ematearekin batera, sindikatuaren finantza-egoeraren balantzea ere egin da.
Ekitaldian parte hartu duten hizlariak hauek izan dira: idazkari nagusi Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkariorde nagusi Amaia Muñoa eta afiliazioko eta komunikazioko arduradunak, Leire Txakartegi eta Ivan Gimenez, hurrenez hurren. ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez “afiliazioa sindikatuaren autonomia politikoaren bermea da” eta “kontrabotereko eredu sindikala indartzen du; horrela bakarrik jarri daitezke baliabide guztiak gizarte zuzenago baten zerbitzura, eta prekarietatearen aurkako ekintza sindikal baten zerbitzura”. Alde horretatik, azpimarratu beharrekoa da kongresuen arteko aldi horretan afiliatuen kuotetatik datozen diru-sarrerak ugaldu direla berriro, %88,9tik %92,63ra igo baitira; eta horrek sindikatuaren autonomia finantzarioa eta politikoa finkatu ditu. Horrekin batera badago beste datu bat, giltzarri dena: ELAren finantza-baliabideen artean ez dago banka-mailegurik.
Azken lau urteotan, ekonomia-krisian murgildurik geundela, eta enplegua ugari-ugari galtzen zen bitartean, ELAk 105.312 afiliatu izatetik 98.960 izatera jaitsi da; hau da, 6.352 kuota-ordaintzaile galdu ditu (%6). Hala eta guztiz ere, azken seihilekoan joera argiro aldatu da, eta afiliazioa bide onetik sartu da, 867 langile gehiago afiliatu baitira. Gainera, badago beste datu bat oso positiboa: emakume afiliatuen kopuruak hazi dira, bai portzentajean (afiliazio-basearen %39,98tik %43,71era), bai guztizko kopuruan (1.155 emakume afiliatu gehiago).
Bestalde, benetako kobrantzaren portzentajea ere hobetu da, %97,98tik %98,31era igo baita.