Indarberritzeko Kongresua

2017/06/13
Dena prest dago ostegun eta ostiral honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den XIV. Kongresu Konfederalerako. Bilduko diren 736 ordezkariek azken lau urteetan egindako lanaren inguruan hausnartu, etorkizuneko ildo estrategikoa eztabaidatu eta Batzorde Eragile berria aukeratu beharko dute, besteak beste.

Kongresuko lehen eguna ekainaren 15a izango da, osteguna. Bertan, nagusiki, iragan Kongresutik hona egindakoaz hausnartuko da. Horretarako Adolfo Muñozek –idazkari nagusia– eta Amaia Muñoak –idazkari nagusiaren-albokoa– kudeaketa txostena aurkeztuko dute Batzorde Eragilearen izenean. Euren deskargua entzun eta gero federazio eta eskualdeetako arduradunek kudeaketa txostenari erantzuteko aukera izango dute. Erantzunen txandaren ostean idazkari nagusiak erreplikatzeko aukera izango du. Ondoren, Kongresuan parte-hartuko duten 736 delegatuek kudeaketa txostena bozkatuko dute.

Hori izango da lehen eguneko gai nagusia, baina ez bakarra. Gonbidatutako sindikatu eta eragile ezberdinetako ordezkariek ere parte-hartzeak izango dituzte. Gainera, arratsaldean, Batzorde Eragileak Kongresuan zehar aurkeztuko dituen bost ebazpenetatik bi eztabaidatuko eta bozkartuko dira: lehendabizi ‘Sindikalismo ez patriarkalaren alde indarkeria sexistarik ez’, eta, ondoren,Euskaraz lan egiteko eskubidearen alde. Asimilazio kulturalaren kontra’. Ebazpen hauek ELArentzat estrategikoak diren zenbait gairen inguruan Ponentziaren osagarri izatea dute helburu. Interbentzio ezberdinen tartean gai ezberdinen inguruko bideo laburrak ere ikusiko dira.

Lehen egunari amaiera emateko omenaldi bat egingo zaie Bakearen Artisauei. Omenduko diren artisau guztien artean gure sindikatuko militante Txetx Etcheverryk aipamen berezia izango du.

Bigarren eta azken eguna ekainaren 16a izango da, ostirala. Bi izango dira egun horretako eginkizun nagusiak: Ponentziaren eztabaida –etorkizuneko ildo estrategikoak– eta ildo horiek zuzenduko dituen lan-taldearen aukeratzea –Batzorde Eragilearen bozketa–.

Lau izango dira Ponentziaren defentsa egingo duten Nazio Batzordeko ordezkariak: Joseba Villarreal, Leire Txakartegi, Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval. Ponentziaren aurkezpenaren ostean sindikatuko kide eta militanteek landutako zuzenketa ezberdinak eztabaidatzeko eta bozkatzeko txanda izango da. Ondoren, Ponentzia bere osotasunean bozkatuko da.

Ponentzia bozkatu ostean falta diren hiru ebazpenak eztabaidatuko eta bozkatuko dira: 1.-Alternatiba sozial eta ekologikoetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. 2.-Gizarte-prestazio sistema unibertsalaren alde: eskubide sozialen alde, kriminalizazio eta xenofobiari aurre egin. 3.-Herrien askatasunaren alde. Errepublika katalanaren alde.

Goizeko saioa amaitzeko Batzorde Eragile berria aukeratuko da. Hau da Nazio Batzordeak onartu eta proposatuko duen zerrenda (izena eta ardurak). Batzorde Eragile proposamena: Adolfo Muñoz (Idazkari nagusia), Amaia Muñoa (Idazkari nagusiaren-albokoa; Iparralde; Diruzaintza), Amaia Aierbe (Zerbitzu juridikoak), Xabier Anza (Formazioa), Ivan Gimenez (Komunikazioa), Laura Gonzalez de Txabarri (Nazioarteko Harremanak), Pello Igeregi (Negoziazio Kolektiboa; Lan Osasuna; Euskara), Mitxel Lakuntza (Nafarroako koordinazioa), Mikel Noval (Gizarte Politikak; Azterketa Bulegoa; Ingurugiroa), Leire Txakartegi (Planifikazio Estrategikoa; Genero Berdintasuna; Ekintza Soziala; Immigrazioa), Eustakio Uranga (Antolakuntza), eta Joseba Villarreal (Sindikalizazioa).

Arratsaldean, bozak zenbatu eta emaitzak jakitera eman ostean, idazkari nagusi berriak bere lehen hitzaldia emango du. Azkenik, eta XIV. Kongresu honi amaiera emateko, ekitaldi bat egongo da.

Nazioarteko mintegia, Kongresuaren atariko

Kongresuaren bezperan, ekainaren 14ean, ELAk ‘Europa: krisia eta alternatibak’ izeneko mintegia antolatu du Bilbon (11:00, Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran duen Paraninfoa). Asko dira ELAren Kongresuan parte hartuko duten nazioarteko ordezkariak; horregatik, gure sindikatuak lagun guzti horien presentzia baliatu nahi izan du Europar Batasunaren iragana, oraina eta etorkizunari buruzko mintegi bat egiteko. Izen handiko nazioarteko ordezkari ezberdinek –Tom Kucharz, Tarana Karim, Zoe Konstantopoulou, Eric Toussaint...– egungo eredu sozioekonomikoa aztertzeaz gain dauden alternatiben inguruan eztabaidatuko dute.