Ponentzia Orokorra onartu da bere osotasunean

2017/06/16
Kongresuan parte-hartzen diren ordezkari sindikalek aho batez onartu dute Nazio Batzordeak aurkeztutako Ponentzia Orokorra. Ponentziak datozen urteetan ELAren ildo estrategikoak zehazten ditu. Oharra: Eztabaidatu eta bozkatu den Ponentzia Orokorra webgune honetan bertan eskuratu liteke.

Lau izan dira Ponentziaren defentsa egin duten Nazio Batzordeko ordezkariak: Joseba Villarreal, Leire Txakartegi, Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval. Hona hemen euren parte-hartzeen laburpena.

Mikel Noval – EREDU SOZIALA

Planeta kinka larrian dago, eta, beraz, Euskal Herria ere bai. Hitz gogorrak dira, baina errealitate hutsa da. Izan ere, klima aldaketa errealitate bat da, eta gu guztiok mehatxatzen gaitu. Horregatik, bere parte-hartzean Mikel Novalek honako ideia hau azpimarratu nahi izan du: sistema aldatu behar da, ez klima.

“Eredu sozioekonomiko alternatibo honetan sakontzea beharrezkoa da, areago, ezinbestekoa, pairatzen dugun krisi sistemikoa dela eta. Eraldatze horrek esan nahi du, halabeharrez, politika publikoak goitik behera aldatu behar direla, lehentasuna eman diezaioten bizitza eta Lurra jasangarriak izateari, eta ez enpresen eta kapitalaren interesei. Gainera, funtsezkoa da benetako alternatiba sozioekonomikoak sortu eta eraikitzea, eta eredu aldaketa honetan partaide diren eragileekin aliantzak sustatzea”.

ELAk, ponentziak argi jasotzen duen bezala, hamaika erronka ditu etorkizunari begira. Eta helburu horiek lortzek aliantzak behar dira. “Iruzur fiskalari aurre egiteko, bestelako zerga sistema bat izateko edo aurrekontu neoliberalei aurre egiteko indar harremana hobetu behar dugu. Hau guztia egiteko ELAn gogor lan egin behar dugu, baina aliantza sindikal eta sozial indartsuak behar ditugu”.

Novalen ustez, bidegurutze baten aurrean gaude, datozen urteetan berebiziko garrantzia izango duen bidegurutzea. “Kapitalaren eta bizitzaren arteko konfrontazio argi bat dago. ELAn bizitzaren aldeko hautua egin dugu. Eta bizitzak ez badu irabazten, gureak egin du. Biziraupena dago jokoan. Eta bizirauteko trantsizio ekonomiko, produktibo, erreproduktibo, sozial eta klimatikoa behar dugu ”.

JOSEBA VILLARREAL – NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Joseba Villarrealek negoziazio kolektiboa hartu du oinarri bezala Ponentziaren nondik norakoak azaltzeko orduan. “Zoritxarrez asmatu egin dugu lan erreformaren helburuak zeintzuk ziren azaldu genuenean: lan baldintzak behera bota, eskubide kolektiboak urratu eta berme eta eskubideak deuseztatzea. Hau guztiagatik patronalak negoziazio kolektiboa blokeatzen du. Ez dauka negoziatzeko borondaterik, beharrik ere ez dauka, akordioak egiteko aukera bakarra patronalaren edukietan sinatzea da, salbuespenak salbuespen”.

Datozen lau urteetarako ardatzak ere zehaztu ditu bere parte-hartzean. “Helburu nagusia prekarietatearen aurkako borroka da. Egoera ezberdinei aurre egin behar diegu lan zentro zein sektoretan: lanaldi partzialak, outsourcing enpresak, Aldi Baterako Enplegu Enpresak, azpikontratazioa, miseriazko soldatak, lanaldi luzeak, lege iruzurra kontratazioetan, aldi baterako kontratuak...”.

“Honetarako ezinbestekoak izango dira lan planak eta antolakuntza. Negoziazio kolektiboa eta antolakuntza txapon beraren aurpegi bera direla esango nuke. Gatazkarako ahalmena irabaztea ezinbestekoa zaigu eta sindikatu honek dauzkan baliabide eta tresna guztiak horren zerbitzura jarri behar ditugu: liberatuak, militanteak, zerbitzu juridikoak, gabinete ezberdinak...”

Villarrealek aipatu duenez ELAk obsesio bat du: gatazkarako ahalmena irabaztea. “Lan eta bizi baldintzak hobetzeko ez dago gatazka baino bide egokiagorik, gure arazoak ez dira inongo bulego edo akordioa potoloetan konponduko. Gure esku dagoen guztia egiteko borondate irmoa daukagu. Gatazka maila igo egin behar dugu. Orain arte bezala edukiak izango dira hitzarmen bat ona edo txarra egingo dutenak, eta horren arabera hartuko dugu sinatu ala ez sinatzearen aldeko erabakia”.

Leire Txakartegi – ANTOLAKUNTZA

Leire Txakartegik antolakuntza izan du ardatz bere parte hartzean. “Antolakuntza, zertarako?” galderari erantzuten saiatu da Txakartegi: “pertsonak ahalduntzeko”. Helburu hori lortzeko erakunde sendo bat behar dugula azpimarratu nahi izan du. “Aurreko kongresuan, lan eta negoziazio kolektiboaren erreformen ondoren, antolakuntza gogoeta bat hasia genuen. Geroztik, aldaketa garrantzitsuak egin ditugu: federazioen bategitea, federazioetako zuzendaritza eskualdeetara hurbiltzea sindikalizazioaren lana bultzatzeko… Martxan diren antolakuntza egokitzapen hauetan sakontzen jarraitu behar dugu lan zentroak eta sektoreak sindikalizatzeko, soilik eremu sindikalizatuetan lortuko ditugulako lan baldintza duinak eta aplikatzeko bermea duten lan-hitzarmenak”.

“Antolaketa-lana, definizioz, amaigabeko zeregina da gure ereduan funtsezkoak diren elementuetan: afiliazioan eta hauteskunde sindikaletan emaitzak hobetzea, sindikalizazioan eta langileen antolakuntzan urratsak ematea… helburu iraunkorrak dira guretzako. Esan beharrik ez dago guzti hau gero eta baldintza zailagoetan egiten ari garela, lan munduan nagusitzen ari den prekarietateak langileen babesgabetasuna eta zatiketa eragiten dituelako”.

Leire Txakartegik antolakuntzaren alorrean ponentziak ekartzen dituen bi berrikuntza nagusiak aipatu nahi izan ditu: Genero-ekitatea lortzeko antolakuntza aldaketa eta planifikazioa.

“ELA erakunde aurrerakoia eta ezkerrekoa da, baina horrek ez du esan nahi berdintasunaren inguruko estrategia oso bat daukagunik. Geuk ere, gure eguneroko funtzionamenduan, sortzen ditugu, birsortzen ditugu ezberdintasun egoerak. Izan ere, sindikatuak historikoki eta tradizioz erakunde maskulinoak izan gara. Maskulinitatetik eraikiak izan gara eta gizonezkoen ikuspegia izan dugu ardatz. Diagnosi hau onartzea, eta egoera hau eraldatzeko konpromisoa hartzea sakontasun handiko erabaki politikoa da, gure ustez. Horregatik, emakumeen eskubideen defentsa eta genero berdintasuna sindikatuaren aldarrikapen nagusietako bat bezala kokatu behar dugu, erdigunean”.

“Planifiazioari dagokionez, –gaineratu du– bizi dugun testuinguru oldarkor honetan ezinbestekoa dugu gure lanaren kalitatean jauzi bat emateko era planifikatuan lan egitea, ildo estrategikoak ondo marraztea, lehentasunak finkatzea, helburu neurgarriak ezartzea, horretarako ekintza egokiak erabakitzea,… Eta hau zuzendaritzatik hasita, sindikatu guztiaren jarduna kontutan hartuko duen planifikazioaren bitartez”.

“Bakarrik era horretara lortuko dugu lantokiak eta sektoreak sindikalizatzeko plan errealak izatea; prekarietatearen analisia txertatuta daukaten plan eraginkorrak, genero perspektiba, belaunaldien arteko desberdintasunak eta langileen artean dauden kolektibo ezberdinen beharrak kontutan izango dituztenak, hain zuzen”.

MITXEL LAKUNTZA – ARLO POLITIKOA

ELAk konpromiso argia du gure herriaren eskubide nazionalen defentsarekin. Horregatik Mitxel Lakuntzak gai hau ardatz gisa hartu du Ponentziaren arlo politikoa aztertzeko orduan.

“Burujabetzaren aldeko prozesu baterako proposamena egin nahi du ponentzia honek. Egia da Herri honek pultsu-politikoa galdu duela, baina horrek ez du esan nahi abian jartzeko aukera eta ahalmenik ez dugunik. Horretarako ahuleziak aitortu eta indarguneak bultzatu behar dira. ELAk gauza bat oso argi du: burujabetza prozesu hau soziala izan behar da, eta aldebakarretik bultzatu beharreko prozesua izango da. Horretarako aliantzak ezinbestekoak dira. Esaterako, ELAk eta LABek burujabetzaren aldeko prozesua aktibatzeko eta aberasteko dugun ahalmena oso handia da. Eta, era berean, jakitun gara erreferentzia politikoen beharra ere dugula. Arlo instituzionalean ere burujabetzaren aldeko prozesu sozial horren aldeko hautua norabide horretan joan behar du”.

Lakuntzak ere hemen dugun sistema demokratikoaren kalitate eskasa salatu du. “Euskal Herria ez dago salbu mundu osoan demokraziak jasaten dituen atzera pausoetatik. Gero eta muturrera eraman nahi den estrategia neoliberalaren isla da ere Euskal Herrian gauzatu dena. Sindikatua legez kanporatzeko eskaerak, grebari jarritako mugak edo Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan bultzatutako mahaiak eta akordioak dira demokraziak bizi duen atzerapen horren adierazle”.

Autogobernuari dagokionez, Lakuntzak aipatu du Euskal Herrian ez dagoela aldebikotasunik. “Estatuak ahal duen bakoitzean agerian uzten du ez dagoela prest herri honetan hartzen diren erabakiak errespetatzeko. Beraz, eta ondorio bezala, ponentzia honetan argi utzi nahi izan dugu honako ideia hau: ez dago aldebikotasunik Euskal Herriko eta Espainiako instituzioen artean. Asmakizun bat da, gezur bat, hori bai, oso funtzionala politika neoliberalak sustatu nahi dituztenentzako”.