ELAk salatzen ditu lan-kargak handitzea eta arreta-kalitatea hondatzea Bizkaiko egoitzetako sektorean
Gaur, azaroak 6, ELA sindikatuak elkarretaratze bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Bizkaiko egoitzetako sektoreko lan-kargak handitzea eta arreta-kalitatea hondatzea salatzearren. Elkarretaratze horretan sektoreko 100etik gora ordezkarik parte hartu dute.
Elkarretaratze horretan sektoreko langileen salaketak honako hauek izan dira: murrizketa-politika eta ratioen erregulazio zaharkitua. Erregulazio horrek enpresen eskuetan uzten du egoitzak antolatzea, eta horren ondorioz pertsonala gutxitu da, lan-kargak handitu, behin-behinekotasuna areagotu, eta baliabide tekniko eta prestakuntzakoak izugarri urritu dira egoitzetan.
Elkarretaratzearen amaitu eta jarraian ELAk bilera eskatu du Bizkaiko Foru Aldundian, Gizarte Ongizateko ahaldunarekin egoteko, eta egoitzetako egoera larriaz dugun kezka berari agertzeko. Bide batez, oraingo egoera aldatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatuko diogu. Bilera horretan ELAk eskatuko ditu, halaber, sektoreko 5.000 langileen lan-baldintzak duinago bihurtzeko, orain dauden ratioak aldatzeko ―lan-karga txikiagoak izateko―, eta arreta-kalitatea hobetzeko ―egoitzetako erabiltzaileei kalitatezko arreta sozio-asistentziala eman ahal izateko―.