Zer da prekarietate kanpaina?

Prekarietatea

 

Prekarietate kanpaina, kanpaina ausart bat da, lan miseria eta prekarietatea salatzea helburu duena. Horren bidez ikusgai jarri nahi dugu botere politiko eta ekonomikoaren apustua enpresen irabazi handien aldekoa dela, lan-prekarietatearen kontura. Datozen hilabeteotan ELAk kartelak jarriko ditu industrialde eta kaleetako hormetan, eta milaka informazio-foileto banatuko dira, ezarri nahi diguten pobretzearen ondorio ikaragarriak azaltzeko, eta sindikatuak proposatzen dituen alternatibak aldarrikatzeko.  

Kanpainak hiru komunikazio-ardatz izango ditu. Lehenengoa, miseria-soldatak hedatzea, enpresa-etekinak ugaltzea, eta desberdintasunak areagotzea. Bigarrena, sindikatuaren balioa, indibidualismoaren aurrean nortasun kolektiboa antolatzeko eta indartzeko tresna gisa; klase-elkartasuna, “salba bedi ahal duena”ren aurrean. Ez dago demokrazia izena merezi duen demokraziarik sindikalismo sendorik gabe. Hirugarrena, borroka sindikalaren balioa, etsipen sindikal, sozial eta politikoaren aurrean. Gatazka sozialik ez duen gizarte demokratiko bat diktaduraren antzekoa da.

Kanpaina honen bidez sindikatuak, batetik, gobernuen eta patronalaren hazkundeari buruzko propagandaren eragina mugatu nahi du, haien esanetan hazkundeak berez desberdintasunak gutxitzen ditu. Eta, bestetik, gizartearen sostengua bilatzen du, soldata apalen aurkako eskakizunaren ingurura. ELAk aberastasunaren banaketa eta lanaren duintasuna jarri nahi ditu eztabaidaren erdigunean.

Soldata da aberastasuna banatzeko bide nagusia. Soldata-jaitsiera da, ordea, gobernuek eta patronalak bilatu duten helburua, erreformen bidez lorturikoa. Alde horretatik, soldata apalak dituen gizarte baten pobretze orokorraren ondorioak nabarmenduko dira kanpainan. Hazkundearen miraria horretan datza: lan-miseria hedatzean eta enpresen etekinak eta zuzendarien soldatak eta bonusak ugaltzean. Bi alderdi horiek xehetasunez azalduko dira: lan-miseria eta etekin eta sari lotsagabeak.

Kanpainak galdegiten die botere publikoei, soldaten eta lan-baldintzen politikari buruz. Izan ere, sektore publikoak gizarte-eredua baldintzatzen du, enplegatzaile den aldetik erabaki jakin batzuk hartzen dituenean: negoziazio kolektiboa suntsitu du, enplegu asko kendu du, eta zerbitzuak kanpora ateratzeko politikaren aitzindari izan da. Gogoan izan azpikontratazio publikoaren klausulen gaineko LHE izapidetze bidean dagoela, eta izapidetze horri jarraipen estua egingo diogula. Zuzenketen helburua zera da: hitzarmen kolektiboak betetzen uzten ez duten kopuruetatik behera kontraturik ez esleitzea, kontuan hartu gabe esleiturikoak obra gauzatzeko beste ematen duen edo ez, eta gainkostuak onartu behar diren edo ez (prozedurak zalantzaz beterikoak baitira).

Kanpainan patronalaren blokeoa ere salatzen da, alegia, negoziazio kolektiboa indargabetzeko blokeoa. ELAk zilegitasuna kendu nahi die patronalaren jarrerari eta haren helburuetako biren alde gobernuetatik jasotzen duen sostenguari. Bi helburu horiek hauek dira: lan-baldintzak okertzea, eta sindikalismoa ahultzea. Zeren kanpainaren beste helburu bat ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboa akuilatzea da sektore eta enpresetan. Esandako guztia ondo landuz gero, sindikatuaren antolamendua hobetuko litzateke, eta prekarietatea errotik ateratzeko konpromisoa sendotuko.

ELAren prekarietatearen aurkako kanpainak 2016an ere iraungo du. Kanpainan zehar komunikazio-ardatz horiek eszenatokian agertu eta ostenduko dira. Ekintzak askotarikoak izango dira konfederazio-mailakoak, eskualdekoak, sektorekoak eta enpresa-esparrukoak. Harian-harian iragarri eta zehaztuko dira.