Gipuzkoako errepideetako mantentze lanetako langileen greba

2016/03/02
Gipuzkoako errepideetako mantentze lanetako 3 enpresetako langileek (Goierrialdea, Miramon eta Urola Deba) greba mugagabea hasi dute asteon. Greba honen arrazoi nagusia, azpikontratatuta eta egoera larrian dagoen sektore publikoa erregularizatzea dela azaldu du ELAk. Sektore honetan laneko segurtasun eta berme sozioekonomikoen galera geroz eta arazo larriagoa da. Soldatei dagokienez, 3 enpresetako 95 langilek 6 urtez soldatak izoztuta dituzte.

 

Gipuzkoako errepide mantenuan greba mugagabea

Gipuzkoako Foru Aldundiak esleipenak prezio baxuetan egin dituela salatu du ELAk. Erabilitako esleipen sistemaren arabera zerbitzuen prezioa geroz eta baxuagoa da . Hain zuzen, esleipen sistema hau dela eta ELA-k Eusko Legebiltzarrera 110.000 sinadura eraman ditu Ekimen Legegile Herrikoia (ILP) bultzatuz. Ekimen honen bitartez Administrazio Publikoek azpikontratatutako zerbitzuen baldintza eskasak sahiestu nahi dira.

Langileen nahia Enpresa Hitzarmenak lortzea izan da, bertan lan baldintza guztiak erregularizatuz, hau da: soldata igoerak, plusak, erreformaren aurkako klausulak hitzartutakoa beteko dela bermatzeko, etab…Enpresek daturik ez diete erakusten eta "negoziatzeko tarterik ez dutela esaten digute eta hau guztia esleipena berenganatzeko eskaintzetan egindako beherapenak medio".

Enpresa hauek Gipuzkoako errepideen mantentze eta ustiapenean dihardute eta Gipuzkoako Diputazioaren menpe daude. Ondoren zehazten diren lanak autopista ezik lurraldeko gainontzeko errepide gehienetan egiten dira, baita N-1 errepide nagusian ere:

  • Errepideen garbiketa eta mantentze lanak.

  • Errepideko gertakarien artapena.

  • Neguko errepide planak.

  • Abisu eta gertakarien kudeaketa

  • Arlo guztietako mantentze elektrikoa.

  • Tunelen zaintza.