Zuhaitz Gurrutxaga: “Futbolaria ez da korrika egiten duen pertsona plano bat”

Elkarrizketa Testua: Gorka Quevedo Argazkiak: Davide Cabaleiro - Foku
Zuhaitz Gurrutxagak ez ditu aldagelako ateak ireki ‘Subcampeón’ liburuan; goi mailako futbol jokalari profesional baten ateak ireki ditu. Realean jokatzeko ametsetik, presioak eragindako buruko gaitzen amesgaiztora. Beti ere, umoretik.

Zuhaitz Gurrutxaga Loiola Elgoibarren jaio zen 1980ko azaroaren 23an, Clemente Deunaren egunean. Txikitan makina bat ordu pasatu zituen Elgoibarko San Miguel auzoko plazan futbolean lagunekin. Hura zen bere zaletasunik handiena. 80. hamarkadaren hasieran Realak bi liga irabazi zituen, eta Gurrutxagari txikitan talde donostiarraren kamiseta oparitu zioten. Plazan futbolean igaro zituen hamaika ordu horietan garai hartan bere idoloak ziren jokalariak irudikatzen zituen. Berak ere noizbait jokalari horietako bat izatea amesten zuen. Baita lortu ere. Hamahiru urterekin Realeko arduradun batek Elgoibarko presidenteari hots egin zion, eta Gurrutxaga talde txuri-urdinera joan zen. Hainbat urtez gazte mailako kategoria ezberdinetan egon zen, erdiko atzelari postuan, 19 urterekin Espainiako futbol ligako lehen mailan debutatu zuen arte. Ez dakigu bizitzaren patua edo kasualitate hutsa izango den, baina debuta Clemente abizeneko entrenatzaile baten agindupean egin zuen.

Gurrutxaga jaio eta bost hilabete geroago, Realak bere lehen liga irabazi zuen, Zamorak Xixonen azken partiduko azken minutuan sartutako gol bati esker. 22 urte geroago, Reala berriz ere liga irabazteko zorian egon zen. Azken partidara liga irabazteko aukerekin heldu ziren txuri-urdinak. Liga irabazteko zorian egon zen Reala, baina txapeldunorde geratu zen. Hori bai, kirol balentria horrek Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eman zion Realari. Talde horretan Zuhaitz Gurrutxaga Loiola zegoen.

Orain artekoa irakurrita baten batek pentsatuko du film eder baten aurrean gaudela, txikitako ametsa betetzen duen haur baten istorioa dela. Baina bizitzak askotan gorabehera ugari ditu, eta gauzak ez dira kanpotik diruditen bezalakoak. Gurrutxagak garesti ordaindu zuen bere ametsa. Izan ere, ez da erraza ozta-ozta nerabezaroa gainditzen duen gazte batentzat astebururo milaka eta milaka lagunen aurrean aritzea, jakinda neurri handi batean herrialde oso baten bizipoza edo tristura zuk sartutako gol baten edo zuk egindako hanka-sartze baten menpe daudela.

Berriki, Libros del K.O. argitaletxeak Subcampeón liburua atera du. Bertan, Ander Izagirre kazetari donostiarrarekin elkarlanean, Gurrutxagak bere bizitza kontatzen digu. Liburuaren inguruan eta osasun mentalaz hitz egiteko Gurrutxagarekin elkartu ginen Donostian.

‘Subcampeón’ liburuan zure bizitza kontatzen duzu, jaio zinen egunetik gaur arte. Eta zure istorioa kontatu ostean ondorio batetara heltzen zara: txapeldunorde bat zara. Zure benetako istorioa kontatzeak ez al zaitu txapeldun egiten?

Agian jendeari hori irudituko zaio. Egia da liburua plazaratu ostean mezu asko jaso ditudala, eta egia da ilusio handia egiten didala jakiteak liburua lagungarri izaten ari dela jende askorentzat. Pribatuki ere mezu asko ditut, bai jokalari ohiena eta baita egun futbolean ari diren futbolarienak ere, identifikatuta sentitzen direla esateko. Orain, hau kontatu izanak txapeldun egiten nau? Liburu hau komikoa da, bertan kontatzen den istorioa drama bat den arren. Eta, komedia egiteko txapeldunarena ez da leku on bat. Komedia edo umorea egiteko txapeldunordearena da lekurik onena. Txapeldunordeari nolabait ondo doakio. Azken finean final batera heltzen zara, baina gero azkenean galdu egiten duzu. Irabazle eta galtzaile zara aldi berean, eta horrek jendeari grazia egiten dio, zurekin enpatizatzen du. Beti irabazten duenarekin, beti txapeldun denarekin enpatizatzea zailagoa da, hor zeloak eta inbidiak sortu daitezkeelako. Eta beti azkena geratzen denarekin batez ere lastima sortzen da, enpatiaren gainetik. Horregatik txapeldunorde izaten jarraitu nahi dut, nahiz eta batzuentzat hau idazteagatik txapeldun postua merezi.

Zure futbol ibilbidea jorratzen zuen bakarrizketa bat sortu zenuen duela urte asko. Orain, beste urrats bat egin duzu, eta futbolari profesionala zinen bitartean sufritu zenituen buruko gaitzak publiko egin dituzu. Noiz erabaki zenuen zure istorio osoa kontatzea?

Bakarrizketa horietan zenbait bizipen kontatzen nituen, batez ere lehen mailako jokalari nintzeneko bizipenak. Bizipen horien artean buruko gaitzak ere aipatzen nituen. Bakarrizketa horrek ondo funtzionatu zuen, jendeak barre egiten zuen eta zer pentsatua ematen zion. Mezu asko jaso izan ditut osasun mentalaren gaia oholtzan plazaratzeagatik. Baina egia da bakarrizketa horietan ez nuela tarterik guztia kontatzeko. Eta pentsatu nuen liburu bat zela nire istorio osoa kontatzeko modurik onena. Horregatik eman nuen pauso hau. Ez naiz idazlea, eta ez nuen nahi istorio on bat izorratu ni neu idazte hutsagatik. Horregatik idazle on bat bilatu nuen, Ander Izagirre.

Istorio dramatiko bat kontatzen duzu. Kasu askotan oso istorio gogorra, zure buruko gaitzek bai zuri eta bai maite zaituen jendeari eragindakoak. Hala ere, beti ere umoretik landu duzu gaia.

Esaten da komedia drama gehi denbora dela. Hau da, edozein egoera dramatiko denbora pasata komedia bilakatu daitekeela. Kontatzen ditudan gauza asko bere garaian niretzat dramatikoak izan ziren, asko sufriarazi ninduten. Denborarekin sufrimendu hori gutxitu zen, eta kasu askotan ezeztatu egin zen guzti horretaz barre egiteko gai izan nintzen unean, lehenik kalean, afarietan eta tabernan, eta gero oholtza gainean. Niretzat sendagarria izan da gauza guzti horietaz barre egitea. Umorea bizitza ikusteko modurik errealistena da. Askotan gure bizitzetan gaztelu dramatikoak eta inportanteak osatzen ditugu, eta umoreak askotan guzti hori hausten du. Arazoek, dezepzioek edo porrotek sufriarazten dizute, baina horretaz barre egitea lortzen duzunean askoz errazagoa da hori guztia erlatibizatzea. Beraz, niri umoreak balio izan dit. Guk ez genuen nahi liburu honekin jendeak gaizki pasatzea. Bai, gauza dramatikoak daude, grabeak, baina modu dibertigarrian kontatuta, jendeak ondo pasatzea nahi genuen.

Gaizki pasatzen egon arren taldean txisteak kontatzen zituen laguna zinen, aldagelako graziosoa, nolabait.

Bai, eta agian hori harrigarria da. Urte batzuk oso gaizki pasa nituen, osasun mental arazo larriekin, antsietatearekin, depresioarekin, TOKarekin –Transtorno Obsesibo Konpultsiboa–... Eta, ulergaitza bada ere, ni nintzen taldeko graziosoa, txiste kontalaria. Ez da erraza ulertzen. Baina, beti esaten dudan bezala, umoreak salbatu ninduen. Beste aukera etxean sartzea eta handik ez ateratzea zen. Ez dakit nondik ateratzen nuen indarra, baina beti izan dut umorerako joera hori, ni neu une oso txarrean egon arren.

********************************

Zuhaitz Gurrutxaga dut izena, eta hemen oholtza gainean ikusita gezurra dirudien arren, 15 urtez futbolari profesionala izan nintzen. Eta eszenatoki honetan ikusita gezurra dirudien arren, lau urtez Lehen Mailan jokatu nuen, Realean. Esaten dut gezurra dirudiela ni hemen ikusita, baina gezur handiagoa dirudi baloi bati jotzen ikusiko baninduzue’. Horrela hasten zen Gurrutxagaren lehen bakarrizketa, ‘Futbolisto baten konfidentziak’. Baina ez dezagun ahaztu Gurrutxaga gaztetan goi mailako futbolaria izan zela. 1997an Europako Txapeldun izan zen 16 urtez azpiko Espainiako Selekzioarekin, eta 17 urtez azpiko Mundialean hirugarren postua lortu zuen. 21 urtez azpiko Espainiako selekzioan ere jokatu zuen 2000. urtean, Alemaniaren aurka.

********************************

Txikitan oso futbol zalea zinen, eta Reala zure bihotzeko taldea zen. Denborarekin bertan jokatzea lortu zenuen, baina ametsa amesgaizto bihurtu zen. Presioak gain hartu zizun eta horrek ondorio larriak eragin zizkizun. Nola izan zen prozesua?

Hamahiru urterekin joan nintzen Realera, infantiletarako fitxatu nindutelako. Hor erantzukizun handia sentitzen hasi nintzen. Jolas bat izatetik erantzukizuna izatera igaro zen. Realeko kamiseta jantzi eta huts egiteko beldurra hasi zen, galtzeari beldurra, bai ala bai irabazi beharraren presioa. Hamahiru urterekin larritasun hori sentitzen hasi nintzen. Zorionez, oraindik larritasuna neurri txiki batean sentitzen nuen, eta zorionez, 13, 14, 15, 16, 17 eta 18 urterekin Realeko jokalaria izatearen ilusioak gain hartzen zion sentitzen nuen larritasunari. Hamahiru urterekin ikusi nuen hura ez zela jolasa, eta orain pena handia ematen dit. Ez dakit nola helarazi beharko niokeen gaztetxo bati niri pasa zitzaidan hori berari ez pasatzeko. Pena ematen dit nire pasioa zena adin horrekin jolasa izateari utzi izanak eta partidu guztietan urduritasun hori eduki izanak. 19 urterekin lehenengo mailan debutatu nuenean guzti horrek eztanda egin zuen, baina dagoeneko hamahiru urterekin hasi nintzen larritasuna sentitzen.

Debutatu zenuenean futbol profesionalean ez zegoen ia psikologorik, osasun mentalaren gaia ia tabua zen. Egun, egoera oso bestelakoa da. Talde profesionalek psikologoak dituzte, eta badira osasun mentalarekin zerikusia duten proiektu asko. Zenbat aldiz pentsatu duzu: ‘nire garaian baliabide hauek izan banitu...’?

Ez dakit jokalari hobea izango nintzen, pentsatzen dut baietz, baina batez ere ez nuen horrenbeste sufrituko. Hamahiru urterekin hasi nintzen larritasuna sumatzen. Hala ere, gaztaro oso zoriontsua izan nuen, nahiz eta denborarekin futbola niretzat bilakatu zen bilakatu zena. Lehenengo mailan hasi nintzen osasun mentalarekin lotutako arazoak edukitzen. ‘Garai hartan psikologo batengana jo izan banu, berdin zait klubari eskatuta edo isilean psikologo pribatu batera joz, zer?’ galdetu izan diot neure buruari. Ba pentsatzen dut batez ere ez nukeela horrenbeste sufrituko, eta futbolean hobeto egingo nuela. Ni ez nintzen gai izan presio hori guztia kudeatzeko, eta nahiago nuen ez jokatzea jokatzea baino. Niretzat 30.000 lagunen aurrean zelaira ateratzea sufrikarioa zen. Orain kontatzen ari naizena psikologo bati kontatu izan banio eta hark egoera hori hobeto kudeatzeko tresnak eman izan balizkit, kirol ibilbide hobea izango nuke derrigorrez, gutxienez apurtxo bat hobea.

Garai hartan, taldekideen artean ia inork ez zekien pasatzen ari zinen infernua. Egun kirolari profesionalen artean osasun mentalaren arazoa askoz normalizatuagoa dago, jendeak lasaiago hitz egiten du gaiaren inguruan.

Hor bi gauza daude. Nire kasuan terapian hasi eta TOKa –Transtorno Obsesibo Konpultsiboa– diagnostikatu zidatenean taldekideei laguntza eskatu behar izan nien psikologoak agindu zidan talka-terapiaren baitan. Arazo larria nuen, eta taldekideek laguntza handia eman zidaten.

Baina, bi edo hiru urte lehenagora joanda. Nik ez nuen zelaira ateratzeko gogorik, zelaira ateratzearen beldur nintzen. Eta hori ere gertatuko zaie gaur egungo futbolariei. Baina hori nori kontatu diezaiokezu, nahiz eta ulertu bizi duzuna? Hori ahultasuna erakustea da, eta agian kontratua amaituko zaizu eta berritu nahi duzu... Oraindik ere, nahiz eta gauza hauetaz asko hitz egiten den, ez zait erraza iruditzen bere horretan zabaltzea.

Zenbat aldiz entzun duzu honako esaldia futbolari profesionalen inguruan: ‘irabazten duten diru guztiarekin...’

Aurrekoan elkarrizketa bat egin zidaten, eta sarean publikatu zuten. Jendeak elkarrizketa komentatzeko aukera zuen, eta komentario ia denek aipatzen zuten zeinen garrantzitsua den osasun mentalaren inguruan hitz egitea, horrelako testigantzek jendea lagundu dezaketela... Baina bazegoen ere beste erantzun bat: ‘Altzairutegi batera bidaliko nuke 40 urtez, egunean 8 orduz’. Askok ez dute oraindik ulertzen osasun mental arazoak izan ditzakezula futbolaria izan eta ondo irabazi arren. ‘Irabazten dutenarekin ze kristo kexatuko dira, zer antsietate eta zer kristo!’ pentsamendua oraindik zabaldua dago.

Ostras, umeez ari gara. Zuk zeuk –kazetariari mintzo zaio– esan didazu elkarrizketaren aurretik futbol zalea zarela eta ni Realeko jokalaria nintzenean partida guztiak ikusten zenituela zelaian. Segur aski partidetara zortzi kalimotxo edanda joango zinen eta hori izango zen zure asteburuko problema eta erantzukizuna, ea partidua eta gero etxera ondo itzultzen zinen eta herrira bueltatzeko trena garaiz hartuko zenuen. Bitartean ni, eta adinez antzekoak gara, nuen erantzukizuna zen zuri begira dauden 30.000 pertsonen aurrean jokatzea, jakinda galtzen baduzu zu zeu kaka bat eginda geratuko zarela eta zu hurrengo egunean lanera triste joango zarela. Ez al da erantzukizun handi xamarra hogei urteko norbaitentzat? Adin horretan lehen mailan arrakasta izateko, dagoen erantzukizun eta presioa izanda, bi aukera daude: oso-oso heldua izatea, tokatzen zaizuna baina askoz helduagoa, edo honetaz guztiaz ohartzen ez den inkontziente bat izatea. Eta ni, zoritxarrez, guzti honetaz ohartzen nintzen. Igual sentiberegia nintzen horrelako leku etsaikor baterako.

Eta jende askok gaineratzen du: ‘irabazten duen diru guztiarekin ze kexatuko da! Eta, gainera, eredugarria izan behar da gainerako umeentzat!’. Barkatu, ez, ez... Ume bat ni nintzen. Hemeretzi urterekin debutatu nuen, ze eredu izan behar naiz ni inorentzat? Nola jarriko didazu zama hori? Ba jartzen da.

Futbolari izatea ondo ordainduta dagoela? Noski. Nik ez dut hipotekarik ordaindu behar. Ez naiz aberatsa, zorionez esango dut, lan egin beharra daukat bizitzeko. Bai, futbolak etxe bat izateko adina eman zidan, egia da. Baina gauza bat esango dizut. Hogeita bi urterekin depresio oso gogor baten zulorik beltzenean nengoenean, neure buruari esaten nion lehen gauza hauxe zen: ‘ostras, behar dudana baina askoz diru gehiago daukat, baina hala ere diru horrek ez dit balio sartuta nagoen zulotik ateratzeko’. Hor konturatu nintzen diruak ez duela dena konpontzen. Horretaz jabetu nintzenean eman nuen heldutasunera pausoa.

Eredu izatea aipatzen duzu. Ez bakarrik zelaian, kanpoan ere. Liburuan aipatzen duzunez futbolari askok elkarrizketetan ez dituzte futbolaren topikoak esaten inozoak direlako, esaten den guztia luparekin aztertzen delako baizik.

Edo, bestela esanda, agian futboleko topikoak esaten dituzu listoa zarelako. Gaur egun egiten den kazetaritzarekin, topiko horietatik –‘Hiru puntuak oso garrantzitsuak dira’; ‘ez dago arerio txikirik’; ‘zelaian hamaika hamaikaren aurka gara’...– ateratzen bazara hurrengo egunean titular batean zaude han edo hemen. Uste dut inteligenteena dela topiko horietatik ez ateratzea.

Hasteko, entrenatzen zaituzte baloia jotzen ikasteko, ezkerrarekin horrela jo, eskumarekin horrela, salto egiteko gorputza horrela jarri... Nork prestatzen zaitu prentsaurreko bat emateko? Ez dakit orain prestatuko dituzten, nire garaian ez behintzat. Partida amaitzen da, 200 pultsaziotara zaude eta mikroa sartzen dizute. Zer nahi duzu, poesia egitea?

Uste dut topikoak esatea ez dela ergeltasun kontu bat, argitasun kontu bat baizik. Ez dakit nire garaian listoa nintzen edo ez, baina badakit ez nituela kontatzen orain kontatzen ditudanak.

********************************

2003an Realak goia jo zuen. Liga irabazteko zorian egon zen, eta Txapeldunen Ligan Europako talde onenekin lehiatzeko aukera izan zuen. Baina Realaren goia Zuhaitz Gurrutxagaren hondoa izan zen. Urte horretan bere osasun arazoek gain hartu zioten, eta psikologo batekin lanean hasi zen. Zer zuen ere argitu zion psikologoak: TOK, Trastorno Obsesibo Konpultsiboa. Eta arazoari buelta emateko lanean hasi zen Gurrutxaga, futbola utzi gabe. 2004 urte hasieran, Realean apenas jokatzen zuela ikusirik, Algecirasera joan zen urte erdiz utzita. Uda horretan amaitu behar zitzaion kontratua Realarekin, eta taldeak ez zion kontratua berritu. Realetik Rayo Vallecanora joan zen; bertan urtebete egon zen, Bigarren B mailan. Ondoren Euskal Herrira itzuli zen, Irunera, Real Unionen jokatzera. Irunetik Lemoara joan zen, eta handik Zamorara. Zamoratik Irunera itzuli zen, eta, berriz ere, Real Unionetik Lemoarako bidaia egin zuen. Azkenik Beasainen jokatu zuen. Han egin zuen bere azken urtea futbolean, eta 2012-13 denboraldiaren amaieran futbola utzi zuen. 32 urte zituen.

********************************

Futbolariak pertsonak zarete. Eta maite zaituen jendea ere baduzue, noski. Liburuan asko hitz egiten duzu zure gurasoen inguruan. Zuk sufritu zenuen, baina haiek ere.

Pentsa zer sentituko duen aitak, amak edo bikoteak egunkari batean kriston kritika egin dizutela irakurtzen dutenean. Noski sufritzen dutela, eta zuk jakinda eurak sufritzen ari direla, zure sufrimendua are eta handiagoa da. Jokalari nintzela askotan nahiago nuen ez jokatzea jokatzea baino, baina era berean banekien familiak horrekin sufritzen zuela. Aitari askotan galdetzen zioten, batzuek intentzio onarekin eta beste batzuek ez horren onarekin: ‘Zuhaitzek zergatik ez du jokatzen?’. Eta askotan ez zekien zer erantzun, eta horrekin ni baino gehiago sufritzen zuen. Futbolari bat ez da korrika dabilen pertsonaia plano bat. Familia, pentsamenduak, sentimenduak ditu. Hau erakustea lortu badugu, orduan liburuak merezi izan du.

Bizi zenuen egoera ezkutatzeko askotan Zuhaitzek pertsonaia bat sortu zuen zelai barruan. Zuhaitz bat zegoen berdegunean eta beste Zuhaitz bat berdegunetik kanpo.

Liburuan ez ditugu soilik aldagelako ateak ireki, futbolari baten edo futbolari batzuen buruko ateak ireki ditugu. Eta horrek eragin du neurri handi batean izaten ari den oihartzuna. Kasu honetan nire pertsonaia pertsonaia plano horretatik aldendu dugu. Beste kirolari askoren biografiak daude, batzuk politak gainera, baina nire kasuan nire buruko ateak zabaldu izan ez banitu ez dut uste interes askorik izango lukeenik. Hori zabaltzen saiatu gara, zer egon daitekeen 22 urteko futbolari gazte baten buruan. Eta, agian, buruan dagoena zurean edo horko horren buruan dagoenaren antzekoa da.

Proiekzio publikoa duen beste edozein ogibidetan diharduten lagunentzat ere da liburua baliagarria...

Espero dut liburua balio izateak jakiteko zein ari garen txistukatzen, edo zein ari garen idolatratzen. Balio izatea jakiteko zer egon daitekeen pentsatzen 40.000 lagunen aurrean ari den lagun bat. Pribatutik kirolari eta jendearen aurrean diharduten lagun askoren mezuak jaso ditut, baina, ziurrenik, jaso dudan mezurik politena da 23-24 urte inguruko neska batek eman zidana liburuaren aurkezpen baten ostean. Neska hori niregana hurbildu zen liburua sinatzeko, eta honakoa esan zidan: ‘Zuhaitz, duela urte asko TOKa diagnostikatu zidaten, eta liburu honek balio izan dit nire gurasoei azaltzeko zer daukadan. Izan ere, ez ninduten ulertzen. Ez zuten ulertzen zer pasatzen zitzaidan, eta liburu honekin ulertu dute zer den pasatzen zaidana’. Liburu hau idatzi genuenean nire lehenengo asmoa ez zen jendea laguntzea, baina gero jabetu naiz jende askorentzat lagungarria izaten ari dela. Eta horrek ilusio handia egiten dit.

Futbolaz gain kultura munduan ere aritu zara. Gitarra jotzen (Vanpopel taldea sortu zenuen), antzerkian (El candidato edo Almacenados lanetan ari zara), bakarlari gisa Futbolisto baten konfidentziak edo FutbolisTOK ikuskizunekin, telebistako aurkezle zara (askorentzat ‘Herri txiki, infernu handi’ saioaren irudia izan zara)... Hala ere, zeure burua definitu beharko bazenu futbolari ohi bezala definituko zenukeela diozu.

Uste dut oraindik ere esaten dudala futbolaria naizela eremu horretan seguru sentitzen naizelako. Egiten dudan beste guztian, berdin zait antzerkia, literatura edo telebista izan, sentitzen dut bertara jauzi den paraxutista bat naizela. Horregatik erosoago sentitzen naiz esanez futbolari ohia naizela, eremu hori hobeto dominatzen dudalako. Eta, gero, badakit oso gantxo ona dela. Eszenatokian lehenengo mailako futbolari bat ikusteak gantxoa du, edozer esateko bada ere. Nahiz eta futbola gorroto izan badaezpada belarria jartzen duzu ea zer dioen jakiteko.

Futbolak zer eman dizu? Eta kendu?

Kendu gauza asko kendu dizkit. Gero eta gehiago pentsatzen dut lehen mailan debuta egin nuenean nire bizitzako unerik zoriontsuenean nengoela. Lehenago jubeniletan, gero Realeko bigarren taldean jokatzen, presioa gutxi gorabeherakoa, larunbatetan Elgoibarrera joan parrandara lagunekin... Zoriontsua nintzen, baina egun batetik bestera Gipuzkoa osoak ezagutzen ninduen, prentsak puntuatzen ninduen, 30.000 lagunen aurrean jokatzen nuen... Horrek nire bizitzako unerik zoriontsuena hautsi zidan.

Gero pentsatu izan dut nire lagunek adin horrekin egiten zena egiten zutela: Benidorrera joan oporretara, Reala animatzera ez dakit nora bidaiatu, parrandak egin... Ni, bitartean, profesionaltasun batean nengoen, larunbatero hotel batean sartuta igandero partida nuelako... Pentsatzen hasten naiz eta konturatzen naiz gauza dezente galdu nituela. Bizi izan nituela beste askok bizi ezin izan dituzten gauzak? Ez dakit, jatetxe on batera joan, hona edo hara bidaiatu edo etxe bat erosteko adina diru irabaztea? Bai, ados, baina ez dakit merezi izan zuen.

Gero, egia da, lagun onak egin ditudala. Eta hori da futboletik gehien faltan botatzen dudana, aldagelako edo entrenamenduetako giroa. Gero partiduak eta horrek suposatzen zuen tentsioa ez ditut faltan botatzen... Ez dakit merezi izan zuen... Beno, liburu bat idazteko eta bakarrizketa bat egiteko materiala eman dit, gutxienez, baina, ez dakit nik...

Zer pentsatzen duzu gaur futbol partida bat ikusten duzunean?

Orain pozik nago, bakean futbolarekin. Ez dut nostalgiarik sentitzen, baina ezta gorrotorik ere. Urte dezenteetan futbola ia-ia gorroto izan nuen, batez ere lehen mailako partida bat telebistaz ikustea tokatzen zitzaidanean. Nire porrotaren edo frakasoaren ispilua zen, garai hartan zenbat jende dezepzionatu nuen ikusten nuen telebista hartan. Urte askoan debekatu egin dut etxean futbola ikustea.

Noiz adiskidetu ziren berriz ere futbolarekin?

Eszenatoki batean nire frakasoaz barre egiten zuen bakarrizketa bat egiten hasi nintzenean. Hortik aurrera, adibidez, Realaren lehen mailako partida bat telebistan ikusten dudanean nolabaiteko bakea dago. Emozionalki ere ez naiz askorik inplikatzen, baina patxadaz eta lasaitasunez ikusi dezaket. Eta hori ez da horrela izan urte luzez.

********************************

Zuhaitz Gurrutxagak bere bizitzaren istorioa kontatu du ‘Subcampeón’ liburuan, bera askoz hobeto dagoenaren seinale. Hala aitortzen du. Aldizkari honen azala ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Argazkia ikusita Zuhaitz ageri da, dotore. Baina argazki horrek adiera berezia du. Marra baten gainean dago, lasai, argazkia ateratzeko zain. Futbolari zela, bere TOKetako batek zelaiko marrekin zuen zerikusia. Zehatzago, marra horiek eskuineko hankarekin ezker hankarekin baino lehenago pasatu beharrak sortzen zion antsietatearekin. Horrek pasadizo gogoangarri bat eragin zion Coruñan, Deporren kontrako partida batean. Baina hori ez dugu hemen kontatuko. Gehiago jakin nahi baduzue, irakurri liburua. Ez zaizue damutuko.

********************************