“Kapitalismo berdea ezinezkoa izateaz gain, ez da desiragarria”

Nola egin planetaren bizi-iraupenarekin bateragarria izango den sistema batetara jauzia? Ecologistas en Acción taldeko Luis González Reyes galdera horri erantzuten saiatu da berriki garatu duen ikerketa batean. Lan honen aurkezpenaren bezperatan ALDArekin gai honen inguruan luze eta zabal hausnartzeko parada hartu zuen Madrilen.

Klimaren krisi bete-betean gaude. Aldiro-aldiro errepikatzea komeni den gaia da, Lurraren etorkizuna kolokan baitago. Makina bat aldiz entzun izan ahal dugu planetaren tenperatura 1,5 gradu zentigradu igotzeak ekarriko lituzkeela ondorio larriak. Ondorio horiek esparru ezberdinetatik aztertu litezke. Gizakion ohiko tenperatura (36,6-37 gradu bitartean) gradu eta erdi igoko balitz guztiok gaixorik geundeke, sukarrak jota.
2020. hasieran Australian izandako sute basatiak –Hungariaren adinako lur eremu bat kiskali da– ere klima aldaketarekin lotu litezke, horrelako gertakari bat posible egin duten bi faktore nagusiak –tenperatura altuak eta lehorteak– arazo honi lotuak daudelako.
Biodibertsitatearen galerak ere ondorio ezin larriagoak eragingo ditu. Izaki bizidunen 6. galera handiaren aurrean gaude. Milaka eta milaka dira desagertzen ari diren izakiak, eta horrek ondorio oso larriak ditu gizakiontzat ere. Izaki ekomendekoak gara, naturaren zikloa gauzatu ahal izateko ezinbestekoak dira arrisku larrian dauden hainbat espezie. Erleak desagertuko balira, nork egingo luke polinizazioa?
Baina badago klima aldaketarekin lotutako beste faktore bat, sarri askotan arreta askorik jartzen ez zaiona eta urte gutxiren buruan gu guztiongan izugarrizko eragina izango duena: enplegua eta gizarte eredua. Hori da, hain justu, Ecologistas en Acción elkarteko hainbat kidek ‘Escenarios de trabajo en la transición ecosocial 2020-2030’ proiektuan aztertu nahi izan dutena.


Luis González Reyes doktorea da kimikan, Ecologistas en Acción-eko kidea eta lan honen arduradunetako bat. Egungo sistema ekonomikoaren bideragarritasun eza salatzen ari da, eta alternatiba bat lantzearen beharraz ere. Argi hitz egiten du, aho-bizarrik gabe. Ez daki nolakoa izango den etorkizuna, baina neurririk hartu ezean sistema kolapsatu egingo dela ohartarazten du, inork gutxik kalkulatu ditzakeen ondorioekin.

“Una de las cosas que nos plantea el ‘capitalismo verde’ es que las renovables van a ser sustitutos equivalentes a los combustibles fósiles, pero la realidad es que tienen menos prestaciones. Partiendo desde esta perspectiva de límites físicos no es posible que el capitalismo verde se mantenga”.


“Energia ugariaren garaiaren amaieran gaude. Ebidentziek argi uzten dute petrolio konbentzionalaren pikoa gainditu dugula; hau da, erauzketa-tasa maximoa gainditu dugu, ekoizpen-tasaren beheraldian gaude. Gas naturalaren eta ikatzaren kasuetan, datozen urteetan sartuko gara egoera horretan. Amaitu da erregai fosil ugarien aroa. Egungo sistema ekonomiko globalizatuaren ardatzetako bat garraio sistema masiboa da, bai merkantziei, bai pertsonei eta bai informazioari dagokionean. Eta garraio sistema hau petroliotik eratorritako materialetan oinarritzen da ia-ia bere osotasunean”.
“Honetarako ez dago alternatibarik. Baten batek esango du: ‘auto elektrikoa!’. Bada, ez. Egun munduan petroliotik eratorritako erregaiekin funtzionatzen duten 1.200 milioi kotxe daude. Ez dago auto elektrikora trantsizio hori egiteko adina baliabiderik, ez denboraren, ez materialen ezta beharrezkoa litzatekeen energiaren ikuspuntutik. Eta, gainera, badira elektrifikatu ezin diren ibilgailuak. Kamioi batek beharko lukeen bateria hain astuna da non ibiltzeko ezingo lukeen kargarako gaitasunik eduki. Eta gauzak garraiatzeko ez bada, zertarako nahi dugu kamioi bat?”.
Azken urteetan energiaren inguruko enpresa handi eta erakundeek diru ugari xahutzen ari dira energia berriztagarriekin lotutako proiektuetan. Honen atzean dagoen tranpa salatu nahi du Luis González Reyesek. “Zergatik dira erregai fosilak gure energia iturri nagusiak? Propietate fisiko eta kimiko paregabeak dituztelako. Energia berriztagarriek ez duten dentsitate energetiko izugarria dute. Har dezagun petrolioaren kasua. Petrolioan inbertitzen den energia unitate bakoitzeko 17 sortzen dira. Energia berriztagarriek askoz gutxiago ematen dute. Eguzkiaren kasuan, adibidez, inbertitutako energia unitate bakoitzeko bi itzultzen ditu. Berriztagarrietan energia-itzultze tasa handiagoa ematen den kasuetan hauek finantzatzen dituzten energia fosilei lotuta daudelako da. Eguzkia, haizea edo mareak topera erabilita ere erregai fosilek ematen digutena baina energia askoz gutxiago lortuko dugu. Erregai fosilak energia berriztagarriengatik ordezkatu daitezkeela pentsatzea iruzurra egitea da”.


Onean edo txarrean egin beharreko trantsizioa
Sistemaren krisia saihestezina dela dio Ecologistas en Acción-eko kide honek. Gutxienez baldin eta ez badira lehenbailehen neurri zorrotzak hartzen. Baieztapen hau egiteko Barne Produktu Gordinaren eta energiaren kontsumoaren artean dagoen korrelazio ia lineala hartzen du argudio gisan. “Ez da posible ekonomiaren hazkundea, Barne Produktu Gordina haztea, materialen kontsumoa handitu gabe, berotegi-efektua sortzen duten energien kontsumoa handitu gabe. Askok hori planteatzen dute, baina ez dago inolako oinarri enpirikorik hori justifikatzeko. Barne Produktu Gordinak ekonomiaren hazkunde bat neurtzen du, eta hazkunde hori ez da sustengatzen oinarri material eta energetiko bati lotuta ez badago. Eta ez edonolako energiari, erregai fosilei baizik, bere propietateek ez dutelako parekorik”.
“Kapitalismoa berdea bezalako kontzeptuak ez dira bideragarriak. Kapitalismoaren oinarria kapitalaren erreprodukzioa da, eta hori ezin da erregai-fosilei lotutako sistema baten baitan ez bada. Eta hemen bada aipatu beharreko beste puntu bat. Kontua ez da kapitalismoa berdea deitzen duten hori ezinezkoa izatea, baizik eta ez dela desiragarria ere. Kapitalismoa Lurrarekin amaitzen duen sistema bat izateaz gain oso sistema bidegabea da. Inoizko gizarte bidegabeenean bizi gara”.


Zer egin egoera hau iraultzeko?
Termodinamika ez da gizakiok negoziatu dezakegun kontu bat. Eskura izan ditzakegun materialak ez daude borondate politiko edo ekonomikoen esku. Badaude, edo ez daude. Kito. Eta Lurraren baliabideak agortzen hasi direnaren zantzuak nabarmenak dira. Horregatik Luis González Reyesek larrialdi-egoera neurriak hartu behar direla aipatzen du.
“Hartu beharreko neurriek lau ardatz nagusi dituzte. Lehena, gure kontsumo energetiko eta materialaren jaitsiera handia. Hari lotuta, bigarrenik, aberastasunaren birbanaketa oso garrantzitsua. Hirugarrenik, sistema berriztagarri baten aldeko birmoldaketa urgentea egin beharko litzateke, besteak beste klima aldaketaren ondorioak atzera ezinak izan ez daitezen. Azkenik, biodibertsitatearen amaiera geratu beharra dago, gure biziraupena horren menpe dagoelako”.
“Oinarri horietatik abitatuta neurri politiko zehatzagoak xehatzen joan gintezke, plano ezberdinetan, Estatu, erkidego edo udal mailan. Baita alor pertsonalago batean ere, gizakiak eta familia edo komunitate baten kide garen neurrian. Aldaketa ez da argiaren etengailu automatiko bat bezala. Datozen hamarkadetan bizi-aldaketa moteletara ohitzen joango gara, eta nahiz eta normaltasun baten baitan bizi, ikuspuntu historiko batetik garrantzitsuak eta iraultzaileak izango dira”.

“Vivimos en las sociedades más desiguales que nunca hayan existido en la Tierra, no solo en cuanto al reparto de la riqueza sino también en cuanto al reparto de poder. Me cuesta entender que sea deseable la perpetuación de este sistema; tiene más sentido poder ver cómo hacemos para transitar hacia otras cosas”.


Aldaketa horiek lokalagoa eta landatarragoa izango den ekonomia batetara eramango gaituzte. “Honek politikaren eta parametro kulturalen lokalizazioa eragingo du. Landa-ekonomiak hirien despopulatzea ekarriko luke, eta baita hiriak nekazaritza, batez ere, eta abere produkzio espazioak bihurtzea. Mota honetako transformazioak saihestezinak dira, abiadura handiagoan edo txikiagoan izan. Aldaketa hau modu antolatu batean egiteko beharrezkoa da gizartearen mobilizazioa, herritar sareak eta auto-antolakuntza garatzea. Baina noski, horretaz gain instituzioen inplikazioa ezinbestekoa da, larrialdi egoera batean gaudela ikusi behar dute, egoerak eskatzen duen adinako erantzuna eman ahal izateko”.
“Hau lortzeko autonomia ezinbestekoa da. Estatuek kapitalarekiko eta finantzekiko autonomia garatzen joan behar dute. Hau lortzeko modurik eraginkorrena ekonomia nazioarteko-fluxuetatik deskonektatzea da, materialei zein kapitalari dagokionean”.


Prest gaude egoera berri batetara egokitzeko?
Ecologistas en Acción talde ekologistako ordezkariek gure bizitzetan eragina izango duen trantsizio bat planteatzen dute, pertsona zein kolektibo gisa. Gauzak honela, galdera begi-bistakoa da. Prest al gaude? Nola erantzungo du gizarteak? Luis González Reyes baikor da, zenbait esparrutatik zabaltzen den ikuspuntu katastrofistaren aurrean.
“Eskasia egoera bat gertatzen denean batek pentsatu dezake ‘salba bedi ahal duena’ egoera baten aurrean egon gintezkeela, eta aurretik egoera fratrizidak izan ditzakegula, gerra-zibil egoerak. Posiblea den eszenatoki bat litzateke, baina ez bakarra. 2011. urtean, ‘Arabiar udaberria’ lehertu zenean, bazegoen, noski, demokrazia eza salatzeko eta bertako agintarien aurka protesta egiteko asmoa. Baina beste elementu garrantzitsu bat ere bazen: elikagaien prezioaren igoera zela-eta jende askok zailtasunak zituen jaki-tokia betetzeko. Europan asko harritu egin ziren jendearen erantzuna ikusirik. Ogia eskuan zutela ateratzen ziren kalera, demokrazia eta justizia aldarrikatzen zuten. Honek erakusten du muturreko egoeretan borroka fratrizidak edo justizia sozialaren aldeko borrokak sortu daitezkeela”.

“Nos hemos enfrentado a una maquinaria como es el capitalismo que ha sido tremendamente poderosa en dos aspectos. Por una parte, creando todo tipo de imaginarios sociales y deseos como el viajar, que tiene mucho quea ver con la sostenibilidad y, por otra parte, haciendo que la gente no se mueva, utilizando la herramienta del empleo, básicamente”.


“Europan bertan argi ikusi da 2007-2008 urte inguruetan ekonomiaren krisiaren aurrean eman diren bi jarrera nagusiak. Zonalde aberatsenetan, nagusiki, alderdi edo mugimendu faxisten gorakada ikusi dugu. Hegoaldeko herrialdeetan, berriz, sortu ziren mugimenduek helburu emantzipatzaileagoa izan dute. Uste dut etorkizunean gizarte-gatazka handia biziko dugula. Dagoeneko ematen ari da, Europa osoan dagoen klima politiko eta soziala duela urte batzuk zegoena baina askoz amorratuagoa da”.


Sentsibilizazioa, gakoa
Ingurumenarekin jasangarria izango den gizarte batera jauzia modu ordenatu batean emateko borrokan mugimendu ekologistak onartu egin beharko luke porrot egin duela. Hala uste du Ecologistas en Acción-eko kide honek. “Trantsizioa garaiz egitearen helburua ez da lortu, ez behintzat ingurumenaren krisia horren larria izan aurretik. Aurrean izugarri boteretsua den makinaria bati aurre egin behar izan diogu: kapitalismoari. Eta kapitalismoa oso abila da bi esparrutan. Izugarria da imajinario sozialak sortzeko duen gaitasuna, jendearen artean jasangarritasuna zalantzan jartzen duten desirak sortuz: bidaiatzeko gogoa, honako edo halako produktu hau kontsumitzeko asmoa...”
“Bestetik, abila dira enplegua xantaia gisan erabiltzen. Pertsona guztiok behar ditugu enpleguak, gutxieneko diru-sarrera batzuk izateko, oinarrizko ondasun eta zerbitzuetarako sarbidea izan ahal izateko. Eta hau erabiltzen dute jendea ez mugiarazteko. Askotan esaten dute: ‘enpresa honek X lanpostu sortuko ditu’, edo ‘enpresa hau ixten bada X lanpostu galduko dira’. Eta hori, kasu askotan gezur borobila izateaz gain, atzean egia den argudio bat badago: denok lanpostu bat behar dugu bizirauteko”.
“Honek ez du esan nahi ezer egin behar ez dugunik. Kapitalaren logikatik aterako diren prozesuak martxan jarri behar ditugu, eta hor komunitateek, kolektibitateek, gizarte mugimenduek eta sindikatuek zeresan handia dute. Kapitalaren kateetatik askatu behar gara, geure bizitzen inguruan autonomia izateko. Gure elikadura edo kontsumitzen dugun energia merkatuaren logikatik atera beharra dago trantsizio ekonomiko hau bermatu nahi badugu. Eta honen inguruan asko aurreratu da. Honetan aurrera egiten dugun neurrian beste pentsamendu eta mundua ikusteko era batzuk izango ditugu, beste kultura balore batzuk. Gure kultura baloreek zerikusi handia dute mugitzen garen inguruarekin. Eta inguru hau kontsumista eta lehiakorra bada, kontsumistak eta lehiakorrak izango gara. Ordea, inguru solidario eta kooperatiboagoak eraikitzeko gai bagara, solidario eta kooperatiboagoak izango gara”.

“El movimiento ecologista tiene que asumir nuestro fracaso histórico en el sentido de que nuestro planteamiento de transiciones hacia sociedades de corte ecosocial más o menos ordenadas y, desde luego, a tiempo, mucho antes de que llegara esta situación tan aguda de crisis ambiental, no ha sucedido”.


Baikorrak izan behar dugu
Egoera ilun ikusteko zantzuak daudela aitortzen du Luis González Reyesek. Planetaren zati handi bat bere bizi-iraupenarekin bateragarria ez den kontsumo maila batzuetan dagoela aitortzen du, eta 2019ko abenduan Madrilen antolatu zen Klimaren Goi Gailurra bezalako ekimenek ez dutela ezertarako balio azpimarratzen du, bertan hartzen diren erabakiak eskasak izateaz gain ez direlako lotesleak.
Baina itxaropenerako mezua ere luzatu nahi du, argitasun zantzuak ikusten ditu. “Askorentzat Greta Thunberg ikono bat izan liteke, baina mugimendu ekologista askoz haratago doa. Txile, Kenya edo Indiako ikasleen buruzagien diskurtsoak entzun besterik ez dago. Oso indartsuak dira, eta herrialde horietan egiten ari dena ezagutzeko balio du. Planeta osoan zehar ematen ari diren erauzketaren aurkako borrokak dira klima aldaketa eragoztearen alde gehien egiten ari direnak. Borroka horiek lortzen ari dira erregai fosilak lur-azpian geratzea edo basoa moztea suposatzen duten hainbat monolaborantza bertan behera uztea. Klase politikoaren eta ekonomikoaren gehiengoak gauzak orain arte bezala egitearen aldeko jarrera dauka, baina argi dago kontrako norabidean indarra egiten duen mugimendua gero eta indartsuagoa dela”.
Trantsizio ekologiko hau lortzeko bidean argi-ilunak ikusten ditu Espainiako gobernu berrian. “PSOE-Unidas Podemos akordioan elementu positibo bat dago. Gobernu berria, teorian behintzat, egoeraren larritasunaren jabedun da, eta modu batean edo bestean bere egiten du komunitate zientifikoaren eta ekologikoaren diskurtsoa. Hortik aurrera, egiten duen planteamendua ez da zuzena. ‘Hazkunde berde’ baten alde egiten dute, energia berriztagarrien garapenaren eta hazkundearen alde eginez. Baina, lehen aipatu bezala, eredu hau ez da posible ikuspuntu fisiko batetik, eta uste dut euren planteamenduan erratzen direla, ez dutelako errealitatea onartu nahi. Badakit errealitatea oso gordina dela, baina materia eta energia ezberdinen kontsumoaren beheraldia saihestezina da”.
“Hau esanda, uste dut, modu apalean bada ere, hainbat aktore politiko gauzak egiten ari direla bide egokiago baten. Bartzelonako Udalak aurkeztu duen ‘Larrialdi Klimatikorako Planak’, esaterako emisioen murrizketez hitz egiten duten neurriak jasotzen ditu. Adibidez, 1.000 kilometroko erradioan hegaldiak murriztea edo okela modu moderatuan zerbitzatzeaz mintzo direnean, azken honek ingurumenean daukan aztarna dela-eta. Espainiako gobernuak gisa honetako neurriak indarrean jarri ezean ez dira egongo benetan krisi ekologikoari aurre egiten”.