Anoeta: Gola iruzurrari eta prekarietateari

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio ELAri, Realaren zelaiko obretan egindako lan-irregulartasun larriak direla-eta. Erakunde publikoak, bitartean, beste aldera begiratuz egon dira.

Orain dela bi urte iragarri zenuen, eta orain Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dizu: Anoeta birmoldatzeko osagaiak lan-prekarietatea eta iruzur orokorra izan dira.
IGOR SAN JOSÉ: Hala da. Eta kontua ez da ELAn beste inor baino azkarragoak garenik, kontua da ez dugula beste aldera begiratu, herri-erakundeek egin duten bezala. Bistakoa zen obra hori prekarietate eta iruzurraren kontura egingo zela; izan ere, Anoeta Kiroldegiak 50 milioiko aurrekontua egin zuen, eta sektore horretako edozein adituk ondo daki kostua ezin dela izan 70 milioi baino gutxiagokoa. Nolatan, ba, 70 milioi balio duena 50 milioitan egitea? Langileen prekarietatearen eta iruzurraren kontura.
Helburua Realak ahalik eta gutxien ordaintzea da; nahiz eta, horretarako, langileen baldintza sozio-laboralak eta diru publikoa kaltetan atera.
Nolako lan-baldintzetan egin da obra hori? Esklabutzaren hurrena dela esan ere esan duzu...
ELAk salatutako eta dokumentatutako irregulartasunen artean 12 orduko abusuzko lanaldiak izan dira, eta are 14koak ere, kasuren batean; soldata ziztrinak jaso dituzte –kontzeptu guztiengatik lan egindako ordu bakoitzeko batez besteko 5 eta 8 euro bitarteko soldata; aparteko ordainsariak, oporrak, dietak eta kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe–; eta langileen legez kanpoko lagapenak ere izan dira. Anoeta estadioa eraberritzeko lanetan jardun duten 300etik gora langileetako gehienak etorkinak dira, eta Gipuzkoako Eraikuntzaren Hitzarmenean ezarritakoa baino %60 gutxiago kobratu dute.
Gainera, norbaitek istripuren bat edo gaixotasunen bat badu, eta medikuaren baja ematen badiote, edo bere lan-egoera salatzea erabakitzen badu, berehala kaleratua izaten da. Era berean, segurtasun-arloko ez-betetze nabarmenak izan dira: Anoetako obretan gertatutako istripuak ez dira txiripaz izan edo ezinbesteko arrazoiengatik, baizik eta obraren prezioak, epeak eta irudia lehenestearen ondorio logikoa.

“Era evidente que la remodelación de Anoeta se haría a base de precariedad y fraude desde el momento en que fue presupuestada en 50 millones en vez de los 70 que cualquiera que conozca el sector sabe que valdría”.


ELAren kalkuluen arabera enpresek 4,5 milioi euro zor dizkiete langileei, hitzarmena ez betetzearen ondorioz.
Eta ziur aski motz geratu gara... Zoritxarrez, langile horietako gehienek ez dute eskubidez dagokiena kobratuko, banakako erreklamazioak egin behar direlako, eta obretan parte hartu duten langileen %10ek bakarrik egin dute hori orain arte. Hemendik obra amaitu arte, gehiago izan daitezen saiatuko gara. Aurkeztutako erreklamazioen kopurua oso txikia izan da, langile asko jada ez daudelako obran edo ezta herrialde honetan ere; eta gehien-gehienak erreklamatzearen beldur dira, kaleratuak izatearen beldurrez.
ELAk lan-arloko hainbat erakundetan salaketak aurkeztu ditu 20 azpikontrataren aurka eta Anoeta Zelaia UTEaren beraren aurka. Salaketa horietako batzuen ondorioz zehapenak ezarri dira.
Eskudun agintaritzak ezarritako zehapenen diru-kopurua 250.000 eurokoa da, baina 500.000 eurotik gorakoak ere izan litezke, ebazpen batzuk oraindik eman gabe baitaude. ELAk irregulartasunen bila jarraituko du, obrak amaitu arte, hau da, 2020ko martxora arte, gutxi gorabehera.
ELAk, halaber, jakinarazi dio Lan Ikuskaritzari 200etik gora langilek dokumentu faltsuak dituztela.
Dokumentu faltsu horien artean langileen azterketa medikoak eta lan-arriskuen prebentzioko ikastaroenak aurkitu ditugu, eraikuntzan lan egiteko nahitaezko dokumentuak baitira horiek. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak ELAren salaketak berretsi ditu, eta fiskaltzaren eskuetan utzi ditu kasu horietako batzuk. Ikusi beharko da noraino iristen diren.
Argi dago gertakari horiek larriak direla. Zer mezu bidaltzen diezu erakundeei?
Anoetako birmoldatze-obretan gertaturikoa eskandaluzkoa da. Gauza bat da futboltzalea izatea edo txuri-urdin koloreak maitatzea eta bestelako bat ontzat emandako iruzurra, denon diruaz, non langileen baldintzak hain prekarioak diren, eta sektoreko hitzarmena bete gabe uzten den. Anoetako estadioan bi liga jokatzen dira: izarrena eta lur jotakoena.
Eta eskandaluzkoa da, bai Donostiako Udalaren jarrera, eta baita Realarena ere. Orain arte beste aldera begiratu dute, baina Anoetan gertatzen denaz haiek dira azken erantzuleak.
Bilerak egin ditugu Realeko presidentearekin eta Donostiako alkatearekin–Eneko Goia–, eta gure salaketei eman dieten erantzuna hauxe: “hori ez da bakarrik gertatzen Anoetako obran...”.
Erantzukizunak gainetik astindu nahi dituzte, eta hori onartezina da. Anoetan gertaturikoak baditu bere aurrekariak beste obra batzuetan: Abiadura Handiko Trena, Tabakalera, Musikene, San Mames... Horiek guztiak obra publikoak izan dira. Eta aurrerantzean ere beste horrenbeste gertatuko da, erakundeek beste aldera begiratzen badute.
Estadioaren 2018ko irailaren 15eko inaugurazio partzialaren inguruabarrak ere salatu dituzu...
Realaren eta inguruko erakundeen helburu nagusia zen 2018-2019 ligaren hasierarako dena prest edukitzea, eta horretarako, dena zen zilegi: gehiegizko lanaldiak, erritmo azkarregiak, lan-segurtasun eta prebentzioko ez-betetze etengabeak, obra-amaiera prekarioak, premeditaziozko eta arrisku oroko irekiera-baimenak...
Norbaitentzat ‘Aupa Reala’k den-dena zuritzen du.

Inspección de Trabajo ha dado la razón al sindicato en su denuncia de las gravísimas irregularidades laborales en las obras del campo de La Real. Las empresas deben a sus trabajadores más de 4,5 millones de euro, y las sanciones impuestas podrían superar los 500.000 euros.


Orain inork ukatzen ez duen iruzurra azaleratzeko prozesua nolakoa izan da?
Obra horretan den-dena azpikontratatu da, eta UTEak azpikontratarik merkeenak eta maulazkoenak kontratatu ditu.
Eraikuntzako Gipuzkoako ELAko jendearen lana azpikontratak eta haietako langileak identifikatzea izan da. Eta horretarako, bi urtetan ia egunero obran bertan egon gara, lokatzetan, eraikuntzaren bilakaera ikusten, argazkiak egiten, datuak biltzen, eta puzzlea osatzen. Iruzurraren frogak behar genituen: lanen agiriak, orduen agiriak, nominak... Lan Ikuskaritzara joan aurretik dena ondo landuta eta dokumentatuta eduki behar genuen.
Eta ia egunero joan gara, langileek ere ikus gaitzaten, eguneroko paisaiarekin bat eginez.
Hasieran oso uzkur zebiltzan, eta ez zuten gurekin geratu nahi obratik kanpo. Beldur handia zuten. Eta gaur egun ere, erreklamatu ez dutenek badakite zenbat diru eraman duten erreklamatzera ausartu direnek, eta hala ere, ez dira oraindik erreklamatzera ausartu.
Hain babes gabe dauden langileen beldurra nola gainditu daiteke?
Jendearen beldurra ulertzekoa da. Oso jende behartsua da: hegoamerikarrak, afrikarrak, pakistandarrak, magrebtarrak, portugaldarrak... Haietako asko obra hori egitera espreski etorritakoak dira, gero jatorriko herrialdeetara itzultzeko. Haietako askok ez dute gaztelaniaz ulertzen, are gutxiago euskaraz. Anoeta Babel dorrea izan da.
Babes gabeziaren testuinguru horretan gure lana haiek babestea izan da, eta baita hemengo langileak ere. Ezin dugu onartu dumping soziala. Baina gure etsaia ez dira hori pairatzen dutenak. Gure etsaia esplotatzaileak eta dumping-sustatzaileak dira.
2018ko abuztuaren 1a mugarri bat izan zen obra horretan. Zergatik?
Abuztuaren 1ean ezagutu zen Lan Ikuskaritzaren ebazpena, UTEaren eta Vilariño azpikontrataren aurka. 50.000 euroko isuna ezarri die, 25.000na euro, eta ontzat eman ditu gure salaketa guztiak.
Garrantzi handienekoa da frogatutzat jo dela azpikontratak langileen legez kontrako lagapena egin diola UTEari. Ondorioz, Vilariñoko langileak, hala nahi badute, UTEko langile finkoak izatera aldatu daitezke. Hortaz, UTEko zuzeneko langileak izan daitezke, eta Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmenaren arabera kobratuko dute.
Garaipen sindikal hartatik aurrera nola aldatu dira gauzak?
Dinamika berri batean murgildu gara. Izatez, enpresa gehiagori zehapen gehiago noiz ezarriko dieten zain gaude.
Horren eraginez, bitariko erantzuna gertatu da; batetik, azpikontrata batzuek obra utzi dute, isunen beldurrez, eta hitzarmena bete behar ez izateagatik; eta bestetik, langile gehiago ausartu dira Vilariñoko langileen arrastotik joatera, eta beren enpresak salatu dituzte, zor dieten dirua erreklamatzeko.
Argi dago ELAren jokabideak jende askoren bizitza aldatu duela.
Langile horiek guztiak hezur-maminezkoak dira, eta oso ibilbide gogorrak izan dituzte. Sindikatuaren jokabidea dela-eta, langile horien bizimodua kalitate handiagokoa dela jakitea pozgarria da guretzat, gure lanak merezi duela pentsarazten digu.
Lanak amaitu arte han jarraituko dugu, gure harri koskorra jartzen, horrelakorik errepika ez dadin; eta errepikatuz gero, zigortu gabe gera ez dadin.
Gure lana, sindikatu garen aldetik, hitzarmena betearaztea da, eta dumping sozial horrekin amaitzea ere bai, langileria osoarentzat kaltegarria baita. Eta harro gaude horretaz...

 

 

 

 

Erreportajea

Cruce de caminos

Freddy Gutiérrez, trabajador de origen colombiano en las obras de Anoeta, relata su periplo vital y laboral en nuestro país