2021eko azaroak 24 eta 25, ELAren 15.Kongresua

Benetan garrantzitsuak diren gauzak: lo esencial, lo más importante

ELAk 2021. urteko azaroaren 24 eta 25ean egingo du bere XV. kongresua, ‘Benetan garrantzitsuak diren gauzak. Lo esencial, lo más importante’ lelopean. Bilboko Euskalduna Jauregian bilduko diren 736 ordezkariek hiru zeregin nagusi izango dituzte: azken urteetako lana laburbiltzen duen Kudeaketa Txostena onartu; datozen urteetarako bide-orria zehazten duen Ponentzia eztabaidatu eta sindikatuaren zuzendaritza berria hautatu.
Kongresua zegokion data baino hainbat hilabete beranduago egingo da, oraindik ere pairatzen ari garen pandemia dela-eta. Covid-19ak Kongresua baldintzatu duela nabarmentzen dute Mitxel Lakuntzak eta Amaia Muñoak. Leloa horren adibide argia da, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak aipatzen duenez. “Leloa –Benetan garrantzitsuak diren gauzak. Lo esencial, lo más importante. Aktibatu. Lotu. Zaindu– pandemiak utzi dizkigun irakaspenekin dago lotuta. Denbora honetan argi ikusi dugu zeintzuk diren benetan garrantzitsuak diren gauzak, horrelako egoeretan nolako garrantzia hartzen duten zerbitzu publikoek, zaintzak, langile eta sektore esentzialek, sindikatua bera ere... Gauza hauek jarri nahi ditugu erdigunean. Sindikatua, gurea, horrekin lotuta dago, ezinbestekoak diren sektore horietara”.
Amaia Muñoa idazkari nagusiaren-albokoa da; Kongresuak hala adosten badu, hurrengo lau urteetan ardura bera izango du. Muñoa izango da Kudeaketa Txostena aurkezteaz arduratuko den laguna. Ez da erronka makala. Hala aitortzen du idazkari nagusiaren albokoak. “Kongresuaren atalik zailenetakoa da, ez da erraza ELA bezalako sindikatu baten lau urteko jarduna txosten batean laburtzea. Zaila eta arriskutsua, gainera, gauza asko kanpoan geratzeko arriskua dagoelako”.
“Testuinguruak baldintzatu gaitu, eta segituan oso atzean geratu dira pandemia aurreko garaiak, berez bi urte baina gutxiago igaro diren arren. ELAn, aurreko Kongresua pasa eta pandemia hasi arteko hilabeteetan, ekintza sindikala izugarri aktibatuta genuen, hamaika greba eta lan gatazkekin. Orain, pandemia etorri da eta badirudi garai horiek oso urrun daudela, baina ez da horrela. Pandemia sekulako kolpea izan da, baina gure aurreko arazoek hor jarraitzen dute. Prekaritateak hor jarraitzen du, eta azkenaldian berpiztu egin dira lan gatazkak, negoziazio kolektiboarekin edo soldata arrakalarekin lotutakoak, esaterako. Pandemia parentesi bat izan da, baina arazoek jarraitzen dute, eta sindikatuak berdin-berdin erantzun behar die”.
Lana izugarria
Egindako lana balorean jartzearen beharra azpimarratzen du Lakuntzak. “Bizi dugun egoerak asko baldintzatzen du Kudeaketa Txostena. Pandemiak sekulako aldaketa suposatu du arlo guztietan, baita sindikatuaren ohiko jardunean ere. Egun batetik bestera kasu askotan lehentasunak aldatu egin behar izan genituen. Hau esanda, aipatuko nuke aurrera egitea lortu dugula. Ez dakit ‘pozik’ hitz egokiena den, baina bai testuinguru zail honetan aurrera egin dugula. Eta hau balorean jarri beharra dago. Sindikatuak eta bere militantziak oso egoera gogorrei aurre egin behar izan diete. Hor daude, esaterako, erresidentzietan, supermerkatuetan, osasungintzan edo lantokietan bizi izan duguna. Momentu oso gogorrak bizi izan ditugun arren, egindako lana izugarria izan da”.