Amaia Muñoa: “Bide soberanistaren eta enpleguaren alde, CIG eta CSCekin batera goaz”

ELAren idazkari nagusi albokoak argi hitz egiten du aliantzen inguruan: “LABek ELArekiko ekimen batasuna lehenetsi ez, eta UGTekin zein CCOOekin aliantzak bilatzen ari da”.

-ELAk ekintza-batasun garrantzitsua aurkeztu berri du Estatuko beste sindikatu soberanistekin batera, Galizako CIG eta Catalunyako CSC sindikatuekin, hain zuzen ere. Zeintzuk dira horren helburu nagusiak?

-Amaia Muñoa: Agenda sozial argia bultzatzea adostu dugu, pentsioen erreformak eta lan erreformak bertan behera uzteko, eta horrela iragarri dute orain dela gutxi hiru sindikatuetako idazkari nagusiek. Oso premiazkoa da lan erreformak indargabetzea, gure herrialdeetan lan baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortzea, beti ere lan- harremanen estatalizazioari hegoak eman dizkioten eta prekaritatea eta soldata baxuak larriagotu dituzten negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetuz.

Ildo horretan, Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian negoziazio kolektiboa garatzen eta zentralizazioarekin amaitzen ahaleginduko gara.

-Horri bidea emateko, zein da hurrengo urratsa?

-Argi daukagu pandemiak ezin duela aitzakia izan murrizketak egiteko. Krisitik nola atera dago jokoan,
eta enplegua salbatu behar dugu. Horregatik, ELA, CIG eta CSC sindikatuek Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoei dei egin diegu lan erreforma bertan behera uzteko eta krisi honetan kaleratze masiboak geldiarazteko urratsak egin ditzaten, eta, aldi berean, martxoaren 25erako mobilizazioak iragarri ditugu hiru herrialdeetan (Euskal Herrian, hiriburuetako manifestazioak, adibidez).

"ELA ha reafirmado su vía soberanista y la defensa del empleo; estos son los principales objetivos de la alianza con la CIG y la CSC"

-Hortik aparte, zeintzuk dira ELAren aliantzarik nagusienak?

-ELAk eutsi egingo dio gehiengo sindikalaren lankidetzaren aldeko jarrerari, baita ere Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta indartzeko asmoari ere, proposamen, interpelazio eta mobilizazio sozialerako espazioa den aldetik. Hain zuzen ELAk jarraitu nahi duen bidearen eredu egokia izan zen 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorra, pentsiodunen mugimenduarekin adostutakoa. Horretan, Lan, Pentsio, Bizitza duina – Aldaketa sozialaren aldeko burujabetza aldarrikatu genuen.

-Nola mamitu aldarrikapen horiek lan zentroetan eta negoziazio kolektiboan?

-ELAren ustez, mobilizazioa eta greba dira lan baldintzak hobetzeko oinarrizko tresnak. Horregatik,
ez da koherentea LABen jarrera: batetik, grebak bertan behera utzi izana Bizkaiko Metalean eta Gipuzkoako Papergintza zein Arte Grafikoetan, eta gero ELAri kargu hartzea Gipuzkoako Metaleko lan hitzarmena sinatu zuelako (gero LABek ere horiekin bat egin zuen). Azken hitzarmen horretan jaso ziren edukiak askoz hobeak dira LABek grebak bertan behera utzi zituen sektoreetakoak baino. ELAk oso aintzat hartzen du bere afiliatuak nola defendatzen ari diren enplegua kaleratze kolektiboak iragarri dituzten enpresetan (Tubacex, Gestamp, Inditex, Aernnova edo Alestis, besteak beste). Ez dugu onartzen LABek hori gutxietsi izana.

-Eta subiranotasunaren ildoa, nola geratzen da orain?

-ELAk bere horretan aldarrikatzen du Aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde 2017ko irailean LABekin batera adostu zuen dokumentua. Hor genion ezker politikoa interpelatu behar zela, auzi sozialak lehenetsi eta horrela oinarri soberanista zabaltzea, hori baita prozesu horrek aurrera egiteko duen modu bakarra.

-Zer aldatu da, beraz?

-ELA ez dator bat LABen aldaketarekin, ez eta UGT eta CCOOekin aliantza zabalagoak bilatzeko proposamenekin ere. Ulertezina da, LABek enpleguaren aldeko harresia eraikitzeko deia egitea ITP, Alestis eta Zaran kaleratzeak errazten dutenekin... negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, hots, Euskal Herrian hitzarmenak negoziatzeko aukera galarazten duen prozesua, ontzat eman duten berberekin. Guretzat estrategia hori ez da bateragarri izango kontrabotere eta euskal markoaren defentsarako ereduarekin ere.

Gauzak horrela, LABek erabaki du bi sindikatuon arteko desadostasunak eztabaida publikoan kokatzea; leporatzen dizkiguten kontuak funtsik gabeak dira, eta batzuk astakeria hutsak. Bi erakundeon arteko aldentzea areagotzeko ahalegina da; hain zuzen, ELAren ustez egin beharko litzatekeenaren kontrakoa.

 

“La incapacidad de LAB para cuestionar a EH- Bildu es muy preocupante”

-Zein arrazoi izan daitezke horrelako jokaera bat esplikatzeko?

-LABen posizioa EH Bilduk Espainiako Estatu mailan edota Nafarroan duen itun politika medio; indar politiko hau da Pedro Sanchezen Gobernua sostengatzen duten sozioetako bat (hala erakutsi du 2021eko Aurrekontuei eta Europar Funtsak arautzen dituen Errege-Dekretuari emandako babesak, edota Toledoko Ituneko Gomendioetako abstentzioak), baita Maria Chiviteren Gobernuarekin ere gertatzen den bezala.

Hori dena oztopo bilakatzen da LABek EH Bilduren lan instituzionalaren irakurketa nolabait koherente eta kritikoa egin dezan. Esaterako, ezinezko gertatzen da LABek ELArekin batera Nafarroako arlo publikoan mobilizazio eta grebak deitzea (osasungintza, hezkuntza eta zaintza sektorean).

-Beraz, aliantzen garaia bukatu da?

-Ez, bat ere ez. Esan gabe doa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren espazioa bultzatzen jarraituko dugula, eta azken greba orokorrean landu genituen aliantzak ezinbestekoak dira (mugimendu feminista, pentsionistak, gehiengo sindikala eta abar).

Dena den, aliantzak posible izan daitezen diagnostikoa eta helburuak partekatu beharra dago. Horregatik, ELAk jarraitu egingo du lankidetza sustatzen aipatutako printzipio eta espazioei buruz bat datozen erakunde eta sindikatuekin; hala erakusten du CIG
(Galiza) eta Intersindical CSC (Katalunia) sindikatu soberanistekin duen aliantzak, zeinak gure hiru herrietako langile-klasearen eskubide laboral, sozial eta nazionalen aldeko lanean diharduen.