Araba bizirik: Subiranotasun energetikoa eta agroekologikoaren alde

Erreportajea Mirari Ullibarri
Interes Publiko Gorenaren izenean enpresa pribatu eta instituzio publiko nagusiek hormigoizko makroinfraestrukturak sortu ditzakete landa, mendi edota itsaseremutan.

Azken hamarkadetan izan den udarik beroena izan dugu, aurten energia zein erregai fosilen prezioa gora joan da etengabe, aldaketa klimatikoa ate joka dugu eta horrekin batera, milaka aldaera. Baina badirudi, enpresa pribatu eta instituzio publiko nagusien arabera, hau iraultzeko formula bakarra dela landa, mendi edota itsaseremutan hormigoizko makroinfraestrukturak eratzea.
Trantsizio ekologikoaren izenean ehundaka infrastruktura pribatu eta semi-pribatu berri ezarri nahi dituzte Euskal Herrian barrena, eta hauetatik asko/gehienak, Araban kokatzen dira.
Zergatik Araban?
Arabak naturagune babestuaren hedadura handiena du, eta honekin batera baso natural gehiago. Honakoa, lurralde ustiapen motarengatik izan da; azken batean, herrialde honetan, herrietatik hurbil dauden bai mendi bai baso lurrak herriarenak dira historikoki. Horri, jabetza komunala deitzen zaio, eta honengatik espazio natural hauen babesa zein kontserbazioa beste lurraldeetan baino hobea izan da.
Proiektuak ezagutzera eman diren heinean erreakzioak piztu dira Euskal Herriko puntu ezberdinetan, tokian tokiko herri mugimendu anitz sortzeraino. Energiaren gaiaz ez ezik, makroinfrastukturen eraikuntzaz ere eztabaidatu nahi duten taldeak dira.

En nombre de la transición ecológica pretenden implantar cientos de nuevas infraestructuras privadas y semiprivadas en Euskal Herria; la mayoría de ellas, en Araba.


Araba bizirik
Horrela sortu da Araba Bizirik, lurra defendatzen duten lau kolektiboren bilkura: Arabako Mendiak Aske, AHTrik EZ, Proiektu Honi EZ eta elikadura iraunkorraren aldeko mugimendua. Bakoitzak ezaugarri zein misio ezberdinak dituen arren, funtsean helburu bera partekatzen dute: interes pribatuen gainetik amalurra zein herritarren eskubideak defendatzea. Aldi berean, pasa den urteko udatik ELAk bertan parte hartzen du, plataformaren baitan aurrera eramaten diren ekintzak antolatuz eta herri mugimendu horren ideiak zabalduz.
Arabako Mendiak Aske plataforma helburu zehatz batekin sortu zen: Azazetan, Iturrietako mendietan, Arkamon eta Labrazan eraiki nahi zituzten zentral eolikoei aurre egitea. Taldearen arabera, makroinfrastruktura horiek ondorio kaltegarriak eragingo dituzte: mendi komunalen pribatizazioa; ingurumen-natura handiko naturagunen industrializazioa; paisaiaren inpaktu izugarria (haize-sorgailuek 200 metroko altuera dute); inpaktu akustikoa; biodibertsitatearen galera; sare hidrologikoaren galera eta gutxi batzuen aberastasuna.
AHTrik Ez, Euskal Herri osoan eratzen den Abiadura Handiko Trenaren kontrako taldea da. Endika Portillo, Arabako taldeko kidearen iritziz, “AHTa kapitalismoaren adibide garbia da. Haien progresua landa-eremuetako despopulazioa, lurraldearen desegiturazioa eta diru publikoaren xahuketa dakarren hormigoizko makroinfrastruktura da”. AHTa jendartearen beharren gainetik kapitalaren beharretara egokitzen den proiektu dela diote.
Proiektu Honi Ez herritarren bilkura da, Arratzua-Ubarrundian eraiki nahi zituzten zentral fotovoltaikoei aurre egiteko sortu zena. Solaria enpresak lur komunitarioetan bi zentral fotovoltaiko ezartzeko proiektua aurkeztu zuenean herritarrek antolatzea erabaki zuten. Roberto Ruiz de arkaute, taldeko kidearen ustez, “proiektua mehatxu larria zen ustiategien bideragarritasunerako eta udalerrian geratzen diren nekazaritza- eta abeltzaintzan aritzen diren familien etorkizunerako”.

El Gobierno Vasco aprobó el diciembre de 2021 la Ley Tapia. En un principio se limitaba a proyectos públicos pero ahora se quiere ampliar a proyectos privados. Mediante esta normativa, el Gobierno Vasco podrá imponer proyectos aunque hayan sido rechazados por los ayuntamientos. La Ley Tapia ha evitado, deliberadamente, el debate público.


Elikadura iraunkorraren aldeko mugimenduak helburua argia dauka: herritarrek zein herriek haien elikadura mota erabakitzeko duten eskubidearen alde borrokatzea, justizia soziala eta ekologismoaren prismatik. Isabel Alvarez Vispo, taldeko kidearen ustez, gaur egun Gasteizko Udalak Mercadonak eskaintzen dion “berdearen alde” egiten du apustua eta ez bertako agroekologiak eskaini ahal dionagatik. Horrez gain, borrokan ari da, Tuestan, Eroski enpresa eraikitzen ari den (Almeriatik datozten) 20 hektareako tomatera hidroponikoko proiektuaren aurka. Alvarezen ustez, “krisi energetiko eta klimatiko baten erdian, onartezina da erabat artifizializatutako eta kanpoko sargaien mende dagoen eredu bat, ez bakarrik kostu ekologikoagatik, baita kostu ekonomikoagatik ere. Esperientziak erakutsi digunez, horrelako makroproiektuak diru publiko askorekin bakarrik dira bideragarri, eta denborarekin itxi eta joan egiten dira; beraz, enpleguaren argudioak ere ez du balio.”


Tapia legea
Abenduaren 9an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Tapia Legea bezala ezaguna egin den araua. Hasiera batean proiektu publikoetara mugatzen zen, baina orain proiektu pribatuetara ere zabaldu nahi dute aukera. Araudi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak inposatu ahal izango ditu udalek baztertzen dituzten proiektuak. Hau posible izateko asmatu dute Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuen figura, EAJk eta PSEk gehiengorik ez duten udalerrietan onespenik gabeko proiektuak inposatzeko. Ez dituzte zehaztu zeintzuk izango diren goi mailako interes publikoko proiektu horiek, baina “erabilgarritasun publikoko eta ingurumen-interes sozialeko instalazio” gisa definitu dituzte.
Araba Biziriken arabera, Tapia Legearen bitartez nahita ekidin da eztabaida publikoa, gainera antolamenduaren inguruan zegoen adostasuna birrindu da eta bide batez, agerian geratu da Ekonomiaren garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren zein bere buru den Arantza Tapiaren autoritarismoa. Haien ustez, araudi honek tokiko administrazioen eta Jaurlaritzaren arteko erlazioen aldaketa dakar, honela, udalerrien subiranotasuna eta independentzia erasotzen baititu. Hori gutxi balitz, lege honen bitartez, enpresa pribatuek edonon inposatu ahal izango dituzte ingurumenean eragin handia duten proiektuak, beraien interesen mesede, erabat subjetiboak diren argudioak baliatuz.
“Gizarte-onurarik gabeko erauzketa-eredu bat inposatzea dakar, indarrean dagoen araudia, herrien eta hirien subiranotasuna mespretxatzen duen legea da” azaleratzen du Rebeka Gonzalez de Alaiza Arabako Mendiak Aske-ko kideak.

Araba Bizirik es un movimiento popular defensor de la tierra y de los derechos de los ciudadanos/as por encima de los intereses privados. Desde hace un año ELA participa en este movimiento.


Alternatibak
Alternatiben inguruan ari garela, Antonio Turiel zientifikoaren baieztapena berreskuratzea ezinbestekoa da: energia berriztagarriek ezin dute energia fosila ordezkatu. Beste alde batetik, Mikel Gomez Sukar Horiako kideak otsailean EHUko paraninfoan azaldu zuen bezala, “gurea inoizko energia gehien kontsumitzen duen belaunaldia da. Kontsumitzen den energia gehiena petroliotik dator, alde handiarekin. Eta, gaur gaurkoz, petrolioa ordezkaezina da. Aldiro- aldiro soluzio magiko moduko bat saltzen digute, baina petrolioak ez du ordezkorik. Askok teknologiaren garapena dute jomuga, baina gaur egun ez dago mirari teknologikorik”.
Hitzaldi berean parte hartu zuen Yayo Herrero, ekintzaile ekofeministak. Berak desazkunde nahitaezkoa dela azaldu zuen, eta hura lortzeko hiru puntu nabarmendu zituen. Alde batetik, herrialde batzuek euren pribilegioei muzin egin beharko dietela azpimarratzen zuen; azken batean, erantzunkizuna denona den arren, honakoa asimetrikoa da. Bestetik, aberastasuna zein betebeharrak birbanaketa mahai gainean jarri zituen. Eta bukatzeko, bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri behar direla azaldu zuen, bere hitzetan “planetaren sostengarritasuna bermatzea eta hilabetearen bukaerara duin heltzeko moduko soldata izatea, biak ala biak dira bidea”.
Orduan zer egingo dugu? Zein da bidea?
Harrigarria iruditu daitekeen arren, alternatiba jendartea informatzea da. Araba Bizirik plataformak salatu duenez, ordea, proiektuak aurrera eraman nahi izan direnean, ez dituzte bizilagunak ondo informatu, edota informazio partziala eman diete. Kolektiboaren ustez, gauza bera gertatu da Tapia Legearekin, ingurumen araudia aldatu baitute eztabaida publikorik egin gabe.
Bestetik kolektiboak ere honako gakoak ematen ditu: energiaren sorkuntza lurraldearen premiekin bat etortzea, eskala txikiko ereduak, ekoizpen ekologikoak eta tokiko ekonomiak indartzea; energia sortzea, banatzea, kudeatzea eta deszentralizatzea; energia berriztagarriak ekoizteko monoproiektuak eremu antropizatuetan kokatzea, ondare ekologikoa ukitu gabe; energia ekoizteko bitartekoak sozialak eta lurraldearen errealitatea egokituak izatea.
Horrez gain, Araba Bizirik kolektiboak argi dauka eredu aldaketa bat gauzatu behar dela, kapitalismoan ezinezkoa izango baita trantsizio ekologiko justu eta erreala bideratzea.
Rebeka González de Alaizaren iritziz, klase herrikoiei erantzungo dieten gizarte-eredu berriak behar ditugu, desazkundean sakonduko dutenak; eta ez egungo oligarkiari bakarrik men egiten dietenak. Energia berriztagarriek biodibertsitatea babesten lagundu behar dute. Trantsizio energetikoak eta biodibertsitateak batera joan behar dute. Arriskutsua eta arduragabea da lehenengoa bigarrena sakrifikatuz garatzea.

Hay que poner las vidas y los cuidados en el centro, garantizar la sostenibilidad del planeta y un salario digno a la gente. También forma parte del camino informar a la gente, que exista una sociedad informada y formada, capaz de articular alternativas y movilizarse por ellas.


AHTren adibidea
Isabel Alvarez Visporen ustez, pertsonen zein lurraren beharrak erdigunean jarri behar dira, lurraldeari lotutako elikadura aurrera eramanez. Ikuspegi agroekologikoa jorratu behar da, landa eta bertatik jasotzen ditugun produktuak, kontuan hartuz; azken batean, ez dira gauza bera produktu jangarriak edo elikagaiak. Eskala txikiko ereduak lehenesten dituzten politikak behar ditugu, ekoizpen ekologikoa eta tokiko ekonomiak errespetatuko dituztenak eta bertoko eragileen parte hartzea izango dutenak, ekoizpenetik hasi eta kontsumoraino.
Endika Portillo, AHTrik ez plataformako kideak azaldu bezala, alternatibak lantzen ari dira mota guztietako trenbideetarako egungo trazadurak egokitzeko eta hobetzeko. Ingeniari talde batek egindako alternatiba bat garatzen hasi dira, adostasun handiagoa duena eta lurraldearen kohesio handiago ahabidetzen duena. Gainera, bertoko biztaleen beharreekin bat dator. Era berean, gaitasun tekniko hobeak ditu, hala nola, salgaien garraioa, eta ingurumenari kalte txikiagoa egiten dio. Alternatiba horrek, egungo geltokiak eta geralekuak kontserbatzen ditu, eta lurraldea egituratzen lagundu.
Era berean, trenbide-sektorearen barruan lanpostuak sortzen ditu, krisiak eta iraganeko trenbide-politikek gogor zigortutako jarduera profesionala biziberrituz. Bestalde, uste du etorkizuneko trenbide-azpiegiturek lurraldearentzat funtsezkoa den gai bati erantzun behar diotela, honakoa salgaien garraioa izanik. Ildo horretan, jarduera horiei esker, trenbide-sarea eraginkorra eta lehiakorra izan daiteke eta lurraldeko ekoizpen-faktoriekin eta industrialdeekin lotuta egon daiteke. Horri guztiari, ingurumen-inpaktua murriztea gehitu behar zaio, azpiegitura gehiena antropizatutako korridore baten barruan mantenduko bailitzateke, paisaiak trenaren egungo trazadura barneratu baitu, trenaren zati dena.
Roberto Ruiz de Arkatute, Proiektu Honi Ez-ko kideak uste du autokontsumoa eta gertuko energia ekoiztea direla alternatiba onenak energia komunitateak sortzeko eta energiaren kudeaketa demokratizatzeko.“Gure ustez energiaren kontsumoa murriztu behar da. Nahiz eta Lautadako lursail guztietan plakak jarri, ez zen ordezkatuko orain kontsumitzen den fosiletik datorren energia guztia. Beraz, planteamendua beste bat izan beharko litzateke. Ez da batere bideragarria orain dugun eredua eta jendeari ezin zaizkio aurkeztu etorkizunerako helburu faltsuak”, dio militanteak. Solariak aurkezten zuen proiektuaren ordez, plataformak kokatzeko beste espazio batzuk proposatzen ditu; hala nola Arakako base militarra, Noryesteko putzua, Gardelegi edota Miñanoko Parke Teknologikoa. Aldi berean, ohartarazi du laborantza-lurrak agortu gabe energiaren deskarbonizaziorako igarobiderako eskain zitezkeen alternatiben inguruan aritu direla.


Etorkizuna
Etorkizunari begira bi ideia nagusi; batetik, alternatiben inguruko hausnarketa eta informazio bilaketa eta hedapena; eta bestetik, kolektibo zein herrien arteko saretzea. Indarrak batuz, Araba Biziriken ikusi den bezala, borroka indartu egiten da. Gainera, irailaren bukaeran-urriaren hasieran Portugaleten gauzatuko diren topaketak gogoratu dituzte, bertan Euskal Herriko zein espainiar estatuko eragile eta militanteak batuko dira, krisi ekosozialaren inguruan hausnartzeko eta indarrak batzeko. Bertan izango da ELA, hizlari eta entzule gisa, eta bertan zeu ere parte hartzera animatzen zaitu.