Bizitza salbatzeko borroka

ELAren esku-hartzerik gabe, Antonio Escandón, 2019an Anoetako estadioa birmoldatzeko lanetan larri zauritutako langileak hanka bat moztuta eta 700 euroko pentsioa izango luke gaur egun

Antonio Escandón 2019ko ekainaren 18an hasi zen lanean Anoeta estadioa birmoldatzeko lanetan. Hilabete geroago, uztailaren 17an, 20 metrotik gorako altueratik erori zen, zelaiaren estalkiari eusten dion egituretako bat instalatzen ari zenean.
ELAk obra egiten ari zen baldintzei egotzi zion istripua. Igor San Josek, Gipuzkoako Eraikuntza arduradunak, ederki gogoratzen du egun hura. “Guk denbora generaman obrako azpikontratetako langileen miseriazko soldatak, lanaldi amaigabeak, ezarritako lan-erritmo altuak eta segurtasun-neurrien falta salatzen, eta, beraz, istripua gertatu zenean, langileek telefonoz deitu zidaten premiaz joan nendin. Han, Lan Ikuskaritzara eta Osalanera deitu nuen, gertatutakoaren txostena egin eta ikerketa sakona gauzatu zezaten, ondoren, ezbeharraren arrazoiak argitzeko eta erantzukizunak garbitzeko”, azaldu du.
Antonio Escandónek 24 ordu eman zituen bizitzaren eta heriotzaren artean borrokan, eta hiru aste egon zen ZIUn. Guztira, bi hilabete egin zituen Donostia ospitalean, Valentziara eraman aurretik. Bertan bizi zen bere familiarekin.
Escandón Cadizekoa da, eta bizitza osoa obraz obra eman du, lekuz aldatuta, bere enpresa futbol zelaietako inguratzaileak instalatzen espezializatuta zegoelako. Langile horrek berak, 25 urte lehenago, pare bat urte eman zituen Gipuzkoan estadio hori bera eta Zezen Plaza eraikitzeko lanetan.
Drama bikoitza
Istripua gertatu ondoren, Antonio Escandónen alaba, aitaren lankideek animatuta, Igor San Joserekin harremanetan jarri zen sindikatuaren laguntza eskatzeko. Neska etsita zegoen: etxetik urrun, ez zuen ia Gipuzkoa ezagutzen, aita bizitzaren eta heriotzaren artean borrokan ari zela, etorkizuna zalantzaz beteta. Izan ere, Antonio bost seme-alaba dituen familia bateko burua da… Eta ELAri heldu zion, eta, zehazkiago, Igorri, sindikatuaren ageriko aurpegiari, bere salbazio-taula balitz bezala. Eta hala izan zen, ezin izan zutelako aholkularitza eta laguntza hoberik izan beren tragedian.
Lehenengo minututik Igor San Josek, Antonioren nominak eskuan, sindikatuak salatzen hilabeteak zeramatzana berretsi zuen. “Antonioren sendatze fisikoak kezkatzen gintuen, baina baita istripuaren ondoren geratuko zen egoera ekonomikoak ere, izan ere, itxura guztien arabera ezin izango zuen berriro lanik egin. Egiaztatu genuen langileari aplikatzen ari zitzaizkion soldata-baldintzak Gipuzkoako hitzarmenean ezarritakoak baino askoz txikiagoak zirela, eta iruzur ugari ari zirela gertatzen. Beraz, lehen urratsa lan-baldintza horiek salatzea izan zen, horiek definitzen baitute langileari geratuko zaion pentsioa. Istripua gertatu zenean, Antoniok 1.500 euroko oinarri arautzailea zuen, eta sartzen ari zen orduekin ia halako biko oinarri arautzailea izan behar zuen. Jardun izan ez balitz, Antoniori 700 euro inguruko pentsioa geratuko zitzaion, eta orain 1.600 eurokoa geratu zaio. Gainera, sindikatuak, bide judizialetik, % 50eko igoera lortu du prestazioetan, laneko segurtasun- eta osasun-gaietan egindako ez-betetzeengatik; laburbilduz, azkenean, Antoniok 2.400 euro inguruko pentsioa izango du, eta sindikatuak jardun izan ez balu 700 eurokoa izango litzateke”, azaldu du.
Gauzak horrela, Igor San Josek azpimarratu du istripu bat gertatzen denean sindikatuari aholkua eskatu behar zaiola beti; bestela, drama biderkatu egin daiteke. “Normalean, istripu baten ondoren, enpresek promesak eta hitz onak bakarrik ematen dituzte, baina, azkenean, haien interesak gailentzen dira. Antonioren kasua adibide garbia da. Sindikatua irregulartasun guztiak salatzen hasi zenetik (bata bestearen atzetik guztiak irabazi ditugu), etsaia bihurtu zen. Eta istripua gertatu eta hiru urtera epaiketetan jarraitzen dugu, enpresa prozesua luzatzen ari delako”, kritikatu du sindikalistak, eta ELAko Bidelagun Fundazioa kasu honetan egiten ari den lan bikaina nabarmendu du.

Desde el momento en que el sindicato empezó a denunciar todas las irregularidades cometidas -denuncias que ELA ha ganado una tras otra- Antonio Escandón pasó, para su empresa, de víctima a enemigo. El excelente trabajo realizado por la Fundación Bidelagun ha garantizado el presente y el futuro de este trabajador tras su accidente laboral.


Hanka kontserbatzea
Antonio Escandón Valentziako bere etxera eramaten zutenean ez zen amaitu ELArekin zuen harremana. Izan ere, sindikatuak berebiziko garrantzia hartu du berriro bere bizitzan.
2021eko irailean, artatzen zuten medikuek Antoniori esan zioten ezin zuela horrela jarraitu hankarekin, etengabeko infekzioekin, eta anputatu egin behar zela. Familia lur jota geratu zen, eta berriz ere, Arantxa ELArekin harremanetan jarri zen. “Alabak negarrez deitu zidan, eta bigarren iritzi bat bilatzen saiatzeko laguntza eskatu zidan, bere aitaren hanka moztu ordez beste aukerarik ote zegoen ikusteko. Orduan, Cavadas doktorearekin harremanetan jarri ginen, Valentzian klinika zuen eta nazioartean ospe handia zuen zirujaua, eta Antonioren kasua aztertzeko eskatu genion. Gure poz eta harridurarako, hanka mantentzea posible zela esan zigun. Izan ere, hauxe izan zen bere erantzuna: “Eta zergatik moztu behar zaio hanka?”, kontatzen du sindikalistak.
Igor San Joseren helburua, beraz, ebakuntza denbora errekorrean egitea lortzea zen. “24 ordu baino gehiagoko bilera eta elkarrizketen maratoia hasi zen hainbat aldetatik: enpresek, Mutuak, aseguruek… ebakuntza baimendu eta ordain zezaten”. Ia barre egiten ziguten: Cavadasen klinikarekin itunik ez zutela esaten zuten, eta kito. Guk, berriz, Antonio obrara oinez sartu zela defendatzen genuen, eta hanka mantentzeko borrokatu behar zela. Bitartean, anputazioa gomendatzen zuen medikuak familiari presioa egiten zion, ezin zela denbora gehiago galdu ziurtatuz”, kontatzen du.
Denbora bere kontra aurrera zihoan eta, azkenean, Igorrek desesperazioak eragindako erabakia hartu zuen bere helburua lortzeko. “Hordago bat bota nuen, eta gertatzen ari zena salatzeko prentsaurrekoa emateko mehatxua egin nuen; larunbat hartan bertan, gainera, zelaiaren inaugurazioa egin behar zen, oso gai mediatikoa zen; eta Realeko presidentea langilearen alde jartzeak ere mesede egin zigun…,” gogoratzen du Igorrek. “Zorionez, Cavadas doktoreak Antonio Escandón operatu zuen, eta gaur da egun bere kabuz ibili daiteke”.
Borroka da bidea
Langile horren kasuak Igor San Josek behin eta berriro azpimarratzen duen zerbait erakusten du. “Lan-istripu baten ondoren, sindikatuari aholkua eskatu behar zaio beti; bestela, drama biderkatu egin daiteke”. Igorrek badaki oso une zailak direla, baina familiako norbaitek gidaritza hartu behar du eta zauritutako edo hildako langilearen eskubideen alde borrokatu. “ELA beti egon da eta egongo da langilearen esku, baina balio handia eman behar zaio Arantxak egin duenari. Ez du inoiz amore eman, sindikatuaz fidatu da eta aholkuak ematen utzi du. Gure aliaturik onena izan da borroka honetan,” adierazi du ziurtasunez.
Antoniok 25 urte zeramatzan enpresan lanean, obra-kontratuak bata bestearen atzetik eginez, eta guztiari baietz esaten zion, izan ere, baten bati ezetz esaten bazion agian ez zioten gehiago deituko.
Eta istripua adibide argia izan zen. Segurtasun-arauak bete gabe lan egiteko agindu zioten, baina ez zen ukatzera ausartu, eta dena behera etorri zen, bera barne.
Anoetako estadioa birmoldatzeko lanak hasi baino lehenagotik ere, ELAk ohartarazi zuen obra esleitzeko erabilitako zenbatekoa ez zela nahikoa Gipuzkoako Eraikuntzaren hitzarmen kolektiboa eta segurtasun-neurriak betetzen zirela bermatzeko. Osalanek istripuaren inguruan egindako txostenak agerian utzi du obra honetan segurtasun-arauak ez direla bete. Izan ere, hori dela eta, ELAk % 50 hobari gehiago lortu du Antonioren pentsioan.
ELAk obra horien inguruan egindako salaketak oso gaizki hartu zituzten erakundeek. Eneko Goia Donostiako alkateak jende aurrean esan zuen ELAren salaketak faltsuak zirela, obran segurtasun-arau guztiak betetzen zirela eta, horri esker, Antonio Escandón bizirik zegoela.

“Aunque son momentos difíciles, tras un accidente laboral hay que asesorarse en el sindicato siempre; si no, el drama puede multiplicarse”.


Hasiera batean, Aperribay presidentea buru zuela, Reala ere haserre agertu zen sindikatuaren kritikekin, eta eskuak garbitu nahi izan zituen, obrak Administrazioaren edo Anoeta Kiroldegiaren ardura zirela esanez. Hala ere, sindikatuarekin hainbat bilera egin ondoren, ulertu zuen ezin zuela bere erantzukizuna saihestu eta zauritutako langileari lagundu behar ziola, eta jarrera horrek ere azken konponbidea erraztu zuen.
“Enpresek oso gogor jokatu dute eta Reala atzean edukitzea balio erantsia izan da”, aitortu du sindikalistak. “Ni Realeko bazkidea naiz, baina horrek ez du esan nahi zelaia egiteko eman diren baldintzak jasan behar ditudanik. Reala, erakunde gisa, ezin zen gai horretatik kanpo geratu”.
Amaiera posibleetatik, onena
Antonio Escandónen istorioa, Igor San Josek ondo dioen bezala, itxaropen eta borroka istorio bat da, eta hori kontatuz, arduradun sindikal honek lan-istripu bat jasaten duten pertsonak eta haien familiak ez hondoratzera eta euren eskubideen alde borrokatzera animatu nahi ditu.
“Bere eskubideen alde borrokatu izanak bizia salbatu dio, bigarrenez, Antonio Escandóni”, ondorioztatu du sindikatuko arduradunak.

Elkarrizketa

“Antes del accidente llevaba 25 años en precario”

Antonio Escandón, trabajador herido en las obras de remodelación del Estadio de Anoeta en 2019