Euskaraldia: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Erreportajea NAGORE URIARTE
Azaroaren 20tik abenduaren 4 arte euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hitz egiteko aukera eskainiko digu Euskaraldiak. 15 egunez kontrola hartu eta rola hautatuko dugu: mingaina aktibatu edo belarriak zorroztu. Baina aktibazioak badu etorkizunik interpelaziorik gabe? Bidegurutzean omen gaude. Hala uste dute Kike Amonarriz Gorria Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakariak, Lorea Agirre Dorronsoro Jakin aldizkariko zuzendariak eta Pello Igeregi Santamaría ELAko euskara arduradunak.

“Ezin badut dantzatu, ez da nire iraultza”, zioen Emma Goldman (1869-1940) pentsalariak borroka eta plazera uztartzearen beharra aldarrikatuz. Feminismoak berreskuratu du esaldi horren esentzia baina euskalgintzak ere edan dezake iturri horretatik. Euskaraldiak laster piztuko du bozgoragailua. Ia-ia martxan da jaia. Euskaldunok ahoa bizi eta mingaina dantzan izango dugu; musika entzuteko belarriak ere prest. Ba al dago, ordea, gure gorputza eta hizkuntza astintzeko espazio nahikorik? 15 egunez euskaraz bizitzeko parada eskainiko digu Euskaraldiak, baina hamaika oztopo daude oraindik ere euskaraz egunero bizi ahal izateko. Zeintzuk dira gaur egun oraindik ere euskarak dituen erronkak?

ELAko euskara arduradun Pello Igeregik gogorarazi du frankismotik gaur egun arte bi erronka nagusi ezarri zirela: alde batetik, euskaraz hitz egiteko debekuak gainditzea; eta bestetik, ezagutza handitzea.

Bada, euskararen osasuna bi parametro horien bueltan neurtu dela uste du Igeregik eta horrek “nolabaiteko konplazentziara” eraman dituela herritarrak eta erakunde publikoak. “Bi helburu horiek hein handi batean bete dira: ezagutza handitu da, behintzat hezkuntza formalean, eta euskaraz hitz egiteko debekuak desagerrarazi dira. Horrek dena eginda zegoenaren sentsazioa piztu digu behintzat EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian errealitatea oso bestelakoa delako”.

Igeregi: “Tenemos que convertir la voluntad de las empresas en obligaciones: por ejemplo, que todas las empresas cuenten con un plan de euskera”

Bere aldetik, Lorea Agirrek argi dauka azken 40 urteetan urrats handiak egin direla euskalgintzan. Orain 50 urteko hainbat hipotesi, ordea, gauzatu ez direla gogorarazi du, besteak beste, ezagutzak erabilera ekarriko zuenaren mantra.

Bidegurutzean

Amonarrizek uste du bidegurutze batean gaudela une honetan. “EAE eta Nafarroako iparraldean neurri handi batean 25-30 urte azpikoen ezagutzaren unibertsalizaziora heldu gara, bere gabeziekin. Horrek adin tarte horretako gazteak lan mundura inkorporatzeko aukera berriak sortu ditu, baina orain erronka beste bat da: hurrengo 10-20 urteetan ezagutzaren unibertsalizaziora heldu den belaunaldi horrek erabileraren aldeko urrats nabarmenak ematea. Lortu ezean, hurrengo belaunaldiak ikusiko du guraso guztiek euskaraz badakitela baina ez dutela erabiltzen, eta orduan esango dute: `honek zertarako balio dit niri´?”.

Bat datoz denak euskararen osasuna neurtzeko parametroak zaharkituta geratu direla. Izan ere, egun bada mundu osoa hankaz gora jarri duen faktore berririk: lehenik eta behin, euskararen despolitizazioa; bigarrenik, neoliberalismoak ekarritako indibidualismo bortitza; eta hirugarrenik, euskara politikoki zuzena denarekin lotzeko joera.

Igeregi: “Existen tres factores clave en este momento: la despolitización del euskera, el auge del individualismo impulsado por el neoliberalismo y la tendencia a unir el euskera con lo políticamente correcto”.

Euskararen (des)politizazioa

“Susmoa daukat garai batean euskararen biziraupena Euskal Herriaren biziraupenarekin lotzen zela”, dio Igeregik euskarak egun bizi duen despolitizazioaz ari denean. Gaur egun, ordea, ez dago hain argi. “Euskara bizi bada militantziagatik da, erdaraz bizitzea euskaraz bizitzea baino askoz errazagoa baita gutako %99arentzat”.

Globalizazioak erronka berriak ekarri dituela aitortzen du Amonarrizek, azken 20 urteetan munduko hizkuntza guztiak baldintzatu dituzten aldaketak bizi ditugula gogoraraziz: aldaketa teknologikoa, ingelesaren orokortzea, migrazioa... “Eurovisionen Errusiak ingelesez kantatu zuenean neure buruari esan nion: `mundua aldatzen ari da!´”.

70-80. hamarkadan euskalgintzako eztabaidak elebitasun/elebakartasun terminoetan egiten zirela ekarri du gogora. “Dagoeneko ez dago ez gazte elebakarrik ez elebidunik ere, gazte eleanitzak dira gehienak, eta horrek munduarekiko eta hizkuntzekiko jarrerak aldatu ditu”.

Amonarrizen ustetan, inoizko aukera onenak ditugu norabide bat hartzeko, baina arrisku latzak ere kontrako bidetik jotzeko: bidegurutzean gaude, alegia. Gauzak horrela, bi urrats nagusi egiteko unean garela dio: hasteko, herritarren eta gizarte sektoreen kontzientziazioa eta inplikazioan sakondu, eta hemen sartzen da aipaturiko euskararen politizazioaren beharra; eta bigarrenik, botere publikoen eta eragile administratiboen inplikazioa, behar diren baliabideak eta politikak inplementatu ditzaten.

Amonarriz: “Nos encontramos en una encrucijada: se requiere de concienciación e implicación ciudadana, pero también de la implicación de los poderes públicos para que implanten medidas efectivas”

Ahalduntzetik interpelaziora

Hain zuzen, horiek biak dira Euskaraldiaren helburu nagusiak. Lehenengo edizioan norbanakoen konpromisoa, ahalduntzea eta kontzientziazioa zen erronka eta helmuga. “Batetik, kontzientziazio eta ahalduntze masiboa da Euskaraldia eta horrek ekarri du jende askorentzat bere hizkuntza portaeren kontzientziazio eta problematizazioa: `euskaraz egin dezaket eta ez dut egiten´. Berrikuntza izan da Euskal Herri osoan egitea. EAEn, Nafarroan eta Iparraldean egiteak herri ikuspegia eman dio: herri bat ikusi da, zazpi probintziez osatutako herria”.

Halako ariketa kolektiboek gure eskubideez jabetzera garamatzatela txalotzen du Lore Agirrek. “Geure buruari galdera zuzena egitera behartzen gaitu: hiritar-eskubideak izateko, gure eskubide eta hautu linguistikoa non oztopatzen da? Non ezin dugu erabili? Galdera horrek balio digu jabetzeko hizkuntza gatazka bat badagoela eta horren aurrean eragiteko”.

Jakineko zuzendariaren iritziz, badago goia jo dugunaren sentsazioa. “Erresistente konformistak gara, hor gaude, baina badakigu topea jo dugula. Euskara hizkuntza ofiziala da EAEn, ados, baina ez dago modurik ofizialtasun horrek dakartzan eskubideak inori exijitzeko eremu handi batean. Ez dago berdintasun errealik, gatazka bat dago: hizkuntza hegemoniko bat dago eta bestea zapalduta dago”. Euskaraldiak horretaz jabetzeko parada ematen digula dio Agirrek, beste 200.000 lagun ari baitira norberarekin batera euskaraz.

 

Agirre: “Se nos reconoce el derecho a vivir en euskera, pero no aceptan que eso merme el derecho de quienes deciden no aprender nuestro idioma. En la práctica resulta inevitable: tus derechos chocan de frente con las obligaciones del otra persona”

Amonarrizek azaltzen duenez, herritarron ahalduntzeaz haratago, bigarren edizio honetan beste urrats bat egin dute antolatzaileek: entitateak, gizarte eragileak eta erakunde publikoak interpelatu dituzte, Ariguneak izeneko espazioa sortuz. Hortaz, erakunde publikoek, eragile sozialek, enpresek, kultur elkarteek... parte hartu dezakete. “Ariguneek erakunde eta enpresa bakoitza ispiluaren aurrean jartzera behartzen du: agerian geratzen da zein baliabide dituen, ea gaia nahikoa landu duen edo ez, zer perspektiba duen etorkizunerako... Lanketa hori esparru administratiboan, lan munduan… egiten ari da eta aktibazioa dakar”.

Azken ideia horri tiraka, Agirre sinetsita dago berdintasunarekin ez bezala, euskararekin ez garela oraindik gutxieneko diskurtso batera heldu. Dagoeneko inork gutxik jarriko luke zalantzan, behintzat publikoki, berdintasunaz ari garenean giza eskubideez ari garela. “Inor ez da ausartzen publikoki berdintasunaren kontra agertzera. Azaleko konpromisoa dela esan bagenezake ere, behintzat argazki horretan atera behar bat badago. Euskararekin ez gaude hor, horren azpitik gaude”.

Kontsentsua vs pribilegioak

Zoru komuna eraikitzeaz mintzo dira. “Atera dezagun euskara konfrontazio politikotik eta eraiki dezagun zoru komuna. Zoru horrek aktibazioan eta aurrera begirako erabaki konkretuetan oinarrituta egon beharko du; aukera eman beharko du hizkuntza politika orokor indartsua lortzeko. Ezinbestekoa da euskara sestratik ateratzea eta oinarrizko kontsentsu batzuetara heltzea”, aldarrikatzen du Topaguneko zuzendariak.

Agirre bat dator desiragarria dela zoru komuna eraikitzea, baina kezkaz bizi du zoru hori ez ote den beti minimoetara mugatzen, are gehiago, ez ote dugun herritarrok ere onartzen gutxienekoa besterik ez dugula lortuko. “Lagarde antropologo feministak zioen feminismoan aldiro-aldiro ari garela gutxiegitasuna negoziatzen, badakigu gutxiegi izango dela, minimotik behera; pixka bat gorago edo beherago baina beti subalternoak izango gara. Euskararekin ere gauza bera gertatzen da”.

Bere esanetan, Euskaraldiak ez du funtzionatuko 20 urtez boluntarismo hutsean oinarrituta, eta hizkuntza politiketan saltoa ematea eskatzen du. “EAEn euskara hizkuntza ofiziala bada, enpresatan arau batzuk ezarri beharko dira, obligazio batzuk euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko. Berdintasun kuotak lortzeko exijentzia batzuk egon beharko dira, gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko auzian bezala, hizkuntzan ere. Sentsazioa daukat une honetan euskalgintza apal dagoela aldarrikapen honetan”.

Agirre: “Necesitamos exigencias concretas: ¿Único modelo D?, ¿Que la enseñanza de euskera para adultos sea, de una vez por todas, gratuita?”

Zentzu horretan, errebindikazioak lortzeko neurri zehatzak planteatu behar dira. “Euskararen alde egingo dugu, bai, baina zer eskatuko dugu, zehazki? Neurri lorgarri eta ulergarriak behar ditugu”, laburbiltzen du.

Eta neurri zehatzak adosteko, urrats ausartak eman behar direla baieztatzen du. “Desiragarria da zoru komuna izatea, kontsentsua, baina horretarako norbaitek pribilegioak utzi behar ditu, eta asko ez daude prest horretarako”. Norabide horretan, EAEko gobernua osatzen duten bi alderdiak bide horretan interpelatzea ezinbestekotzat jotzen du. “Norbaitek pribilegioak itxi behar ditu, baina egun EAEn gobernua osatzen duen PSE-EEk euskara pribilegiotzat du bere kanpaina politikoetan. Ze zoru komun dago hor? Nola lortuko dugu zoru komuna interpelaziorik gabe, norbaiten eskubideak urratzen ari direla esan gabe?”.

Agirreren esanetan, Euskaraldiak dituen gauza on guztiak aprobetxatu beharko genituzke urrats bat gehiago eman eta kontziente izateko, funtsean, botere harremanez ari garela.

Kontua da: horretaz jabetzeak ezinbestean garamatza talkara? Akaso, 1955eko abenduaren 1ean, Alabaman, autobus publiko batean zihoala bere eserlekua gizon zuri bati uzteari uko egin zion Rosa Parksek hasitako bideari ekin beharko litzaioke euskalgintzan ere?

Amonarriz: “La gran mayoría de jóvenes son capaces de entender euskera. Por lo tanto, ha llegado el momento de ofrecerles servicios y productos que puedan consumir íntegramente en euskera”.

Talkak

“Konfrontazio gabe ez dakit noraino iritsi gaitezkeen”, aitortzen du. “Hizkuntzak interakzioa eskatzen du, komunitatea da, beste norbait behar duzu, gutxienez, ulertuko zaituena, nahiz eta beste hizkuntza batean erantzun. Hortaz, ez dakit konfrontazioa ez ote den beharrezkoa”.

Bide horretatik, feminismoak aspaldi emandako urratsa dela gogorarazi du. “Feminismoak interpelazio zuzena egiten du: nik eskubiderik ez badut, nork du pribilegioa? Zuk. Zuk ez didazu uzten nire eskubidea praktikara eramaten, beraz, botere harreman bat dago, norbaitek eskubiderik ez badu, beste batek pribilegioak dituelako da. Interpelazio hori euskalgintzan oso lausotua daukagula uste dut eta gurera ekarri beharko genuke”.

Igeregi bat dator. “Euskaraz bizitzeko eskubide orokorra onartzen digute, bai, baina ez digute onartzen horrek erdaldunaren eskubideekin talka egitea. Baina praktikan norberaren eskubideek bestearen obligazioekin topo eta talka egingo dute, ezinbestean”.

Euskaraldiak gatazka linguistiko hori azaleratu duela dio Amonarrizek. “Finean, `lehen hitza euskaraz egizu!´ ari gara esaten, horrek suposatzen duen guztiarekin. Izandako lorpenik handienetako bat da lehen gutxi batzuk egiten genituen ekintza batzuk masifikatzea eta onartzea. `Hau egin daiteke!´ esatera pasatu gara. Hor gatazka eta ahalduntzea dago”.  Bere aburuz, aktibismo linguistikoaren garapen eta zabaltzea ekarri beharko du horrek.

Interpelaziorantz

Ahalduntzetik interpelaziora salto egiteko unea heldu dela uste du Igeregik. “Mundua zeharo aldatu da eta euskaraz bizitzeko aukera mugatuta dago mila elementu estruktural ezberdinengatik: aisialdia nola dagoen antolatuta, komunikabideak nola dauden banatuta... Ez da posible hizkuntza politika serioak egitea ez badira transbertsalak, ez badira politika guztietan eragiten duten politikak; ez da posible garapen ekonomikoan euskara aintzat ez hartzea... Baina bitartean erakunde publikoek ni errudun sentiarazten naute. Debeku formalik ez dagoenez, euskara ez erabiltzea nire errua omen da. Eta beldur naiz Euskaraldiak ez ote duen hori nolabait zabaltzen. Azken finean, Belarriprest eta Ahobizik elkarrekin negoziatzen dute zein hizkuntza erabiliko duten, eta badirudi gu bion arteko arazoa dela, ez dagoela problema estrukturalik. Jaurlaritzak asko elikatu du diskurtso hori”.

Agirrek ozen dio kontua ez dela 10 egunez euskaldun eta euskaltzaleon arteko burbuila bat eraikitzea. “Euskaraldiak botere harremanak agerian uzteko ere balio behar du. Balio dezake ohiturak aldatzeko, baina beste leku batetik ere ohiturak aldarazi beharko dira. Zer proposamen zehatz egingo dizkiegu erakunde publikoei? Hezkuntzan D eredu bakarra eskatuko dugu? Edo euskalduntzea aukera unibertsala eta doakoa izatea behingoz, espainolekoa den bezala?”

“Migrante bat badator Euskal Herrira eta espainolez ez badaki, Euskal Herriko txoko guztietan izango du gaztelania doanik ikasteko aukera. Hori harrera obligatua egitea da. Inork ez du esaten espainola inposatu egiten denik. Senegaldik datorren bati ez zaio espainola inposatzen, baina euskara bai? Neutroa jotzen dugun hori desmuntatu behar da eta ustezko neutraltasun horrek injustizia handia ezkutatzen duela ulertarazi. Eta hemen berandu gabiltza”, uste du Agirrek.

Bere iritziz, ohartu behar gara linguistikoki bigarren mailako hiritarrak garela, beti ere, interpelazioa nori egin behar diogun argi izanda. “Ez da buruz buru konfrontatzeko harreman bat, euskaldunak versus erdaldunak, baizik demokraziaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren aldekoak eta kontrakoak zein praktika diren argi izatea. Zein praktika dira justizia sozialean sakontzen dutenak hiritar eskubideak egikaritu ahal izateko euskaraz? Hori jarrera politikoa hartzea da, eta kontzientzia politikoa garatzen duzunean, hau da, zure eskubideak praktikara eramaten dituzunean, gatazka sortzen da eta eskubideen aldeko gatazka horretan egotziko dizute feminista izatetik `feminazia´ izatera pasatzea, eta euskaltzale izatetik inposatzaile izatera pasatzea. Horrek adierazten digu hor dagoela pribilegioa, eta hor borrokatu beharreko eremua”.

Euskara agenda politikora

Bere ustez, aktibazio soziala behar da, baina baita exigentzia politikoa. “Herritarron aktibazioak bide laburra izango du ez badaude hizkuntza politikak, edo estatu politikak; alegia, obligazioak markatuko dituzten politikak, eta horrekin betebehar horietara iristeko bideak eta laguntzak emango dituztenak. Arautu eta behartu behar da eta, noski, horra iristeko erraztasunak eman ere: berariazko espazioak, denborak, programak eta politikak Euskal Herriko toki ezberdinetan. Susmoa daukat ahul samar gabiltzala honetan”, kexu da.

Amonarrizen aburuz, Euskaraldiak aurrera egingo du baldin eta euskararen alde egiten duten enpresa, erakunde, elkarte eta establezimenduetan euskararen aldeko pauso konkretuak ikustarazten eta denboran luzatzen badira, bestela zentzua galduko du.

“Hau ez da euskararen aldekotasuna erakusteko kanpaina bat, baizik eta ariketa sozial inplikatzailea. Eta hori bada akuilu eta presio aurrera egiteko. Euskararen gaia erdigunera eramateko saiakera bat da, euskara oraindik periferian dagoelako; ez dago kezken, arduren, politiken, agenda soziopolitikoen erdigunean”. Gauzak horrela, jauzia egin behar da. “Hau ez da Kultura Sailaren ardura bat, gobernu osoaren, eragile soziopolitikoen eta herritarren inplikazioa beharko da”.

Baikorra da. Errealitatea aldatzeko palankak sortzen ari direla sinetsita dago, enpresetan, erakundeetan… Hori esanda ere, argi dauka Euskaraldia ez dela gaitz guztien ukendua. “Zailtasun diskurtsibo, praktiko eta humanoak baditugu: nola uztartu elkarlana eta aldarrikapena? Nola iritsi belaunaldi gazteetara? Migratuengana? Euskaraldiak lagundu dezake bideak zabaltzen baina ezin du dena konpondu. Euskaraldia hizkuntza politika orokor baten atal bat da”.

Euskarazko eskaintza

Neoliberalismoaren sakontzeak euskara ere kolpatu duela uste dute denek, besteak beste, indibidualismoa nagusitu duelako. Kezkatuta dago Agirre bizi dugun kolektiboaren galerarekin. “Hemen gaudenon borroka guztiz kontrakoa da: euskalgintzaren eta sindikalgintzaren lana kolektiboa egitea da. Eta niretzat kolektiboa egitea herria egitea da. Kontua da, zer da herria? Nor da? Uste dut egun beldurra diogula herria kontzeptua erabiltzeari. Beharbada 50eko hamarkadan argiago zegoen zer zen, agian definizio klasikoagoa zelako, antropologikoagoa: herri bat, bere hizkuntza, bere kultura bere lurraldean... Egun, ordea, identitateak ez dira hainbeste hortik eraikitzen, alegia, herri bati, lurralde bati lotua, baizik eta, adibidez, kontsumoari lotua: Zer naiz ni? Kontsumitzen dudan horrek ematen omen dit estetika, etika...

Kontsumoak gure bizitzak baldintzatzen dituen garaiotan, gazteei egiten zaien eskaintzak berebiziko garrantzia dauka. Bidegurutzean gaudela uste du Amonarrizek, hurrengo belaunaldietarako helburu komunak zehazteko premian, hain zuzen ere. Orain arte baliabide guztiak hezkuntzan jarri ditugu, hala behar zuelako euskalduntze kopurua handitzeko.

Baina, behin helburu hori lortuta, orain zer? Amonarrizek azaltzen duenez, berrindartu eta jauzia egin behar da eremu ez formalean – eskola ez delako nahikoa -, eta euskarazko eskaintza zabaldu.

“Egun gazte gehienak euskara ulertzeko gai badira, ahalik eta eskaintza zabalena egin behar zaie euskaraz. Haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuak, produktuak eta eskaintza gehiena euskaraz egin daiteke problema gabe EAEn eta Nafarroa iparraldean. Hor jauzi handia eman daiteke nahiko epe motzean eta hori eskatzen diegu erakundeei”.

Bide beretik, Igeregi kezkatuta dago gazteentzat euskara kontu formal bat delako, bere bizitzako gainontzeko esparru guztietan erdara dutelako disfrutatzeko.

 

Agirrek ozen dio eguneroko bizitzak sortzen dizkigun galdera, kezka, praktika eta diskurtsoei erantzuteko gai izan behar dela euskara. “Belaunaldi berrietan euskara bitala izatea nahi badugu -bitala bizirik dagoen zerbait eta eurentzat bitala den zerbait- Euskara zeri lotuta egon behar da? Bizitzari lotuta edo eskolari, hezkuntzari, akademiaren aginteari edo bizitzari? Bizitzari lotuta egoteak esan nahi du gure kezken, desioen eta bizibideen soluzioa euskaraz lortzen asmatu behar dugula”.

Erronka handiak izanik ere, baikorrak izateko moduan garela uste du  Amonarrizek. “Partidak, gerrak eta grebak jarrera positiboarekin irabazten dira”. Hala gerta dadila garaipen guztietan. Euskaraldiko leloak dioen bezala: gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.