Gasteizko kartagileen hordagoa

Erreportajea NAGORE URIARTE
Aritza Sáenz del Castillo Velasco EHUko ikerlariak Gasteizko emakumeek frankismo garaian lan munduan egin zuten ahalduntze ibilbidea aztertu du Memoria bizia / Naiperas. Una memoria viva liburuan.

Emakume kartagileak. Memoria bizia / Naiperas. Una memoria viva liburua argitaratu du Aritza Sáenz del Castillo Velasco EHUko ikerlariak. Gasteizko Naipes Heraclio Fournier (1870) enpresan lan egin zuten emakume kartagile guztiei –naiperas gisa ezagunak- omenaldia izateko asmoz abiatu zuen ikerketa egileak. Emakumezkoen etxetik kanpoko lana mehatxutzat hartzen zen garai hartan. Bada, inposatutako rolak gainditu eta iruditeria berriak sortzeko gai izan ziren kartagileak. Haien ibilbidea kontatzen du liburuak, etxeko andre nortasunetik langile klase kontzientzia garatzeraino egindako bidea aztertuz.

Liburuaren lehen hitzek Metz, P.K. eta Tobin, J.L.-ren aipua jasotzen dute. Hala diote: Los hilos han estado escondidos durante miles de años. Los caminos han sido desgastados por los pies de aquellas que las anduvieron antes. Las historias fueron silenciadas. Las vidas, olvidadas. Ahora el silencio se rompe; un coro se eleva. Las mujeres hablan.

Emakumeei ahotsa ematea. Hori izan da, hain zuzen ere, egilearen helburua: frankismo garaian emakumezkoek lan munduan izan zuten papera eta eboluzioa aztertzea eta Heraclio Fournierreko kartagileen historia eta memoria berreskuratzea. Horretarako, Gasteizko hainbat lantegi izan ditu aztergai, besteak beste, Areitio, Explosivos Alaveses, Chocolates Orbea eta Heraclio Fournier. Berehala konturatu zen Velasco Heracliok berebiziko garrantzia zeukala industrializazioaren hastapenetatik emakume langileen ibilbidea nolakoa izan zen ezagutzeko. Hiriko emakume langileen historia berreskuratzeko aukera paregabea ikusi zuen 150 urte bete berri dituen lantegi horretan.

Hiriko fabrika zaharrenetakoak 1870ean hasi zuen bere ibilbidea eta bere ezaugarri nagusienetako bat da hastapenetatik emakumeak nagusi izan zirela. Horrek identitate pertsonal eta kolektiboa eraikitzea ahalbidetu zien, garaiko imajinarioak apurtu eta langile klase identitatea eratzeraino. Heraclio Fournierren lehen urteetan ez zen begi onez ikusten emakumeek etxetik kanpo lan egitea, are gutxiago industrian. Aritza Sáenz del Castillo Velascok liburuan jaso duen bezala, emakumeen lan produktiboa mehatxu soziala zen, naturaren kontrako erasoa. Fournierreko emakume kartagileek, ordea, arrakalak sortu eta lan arloan parte hartzeko modua aurkitu zuten. Euren ahotsak isilduak izan ziren askotan, garai horretan ez zelako onargarria emakumeei inposatutako lan erreproduktiboen esparrua gainditzea, are gutxiago industrian lan egiteko. Euren ahotsa eta memoria berreskuratzeko saiakera da liburua.

“La segregación sexual del trabajo impulsó a las naiperas a desarrollar su conciencia de clase y reivindicarse como mujer trabajadora, más allá de ama de casa.”

Diskriminaziotik ahalduntzera

Feminismoak esan duen bezala, historian zehar emakumeek egin dituzten doako zaintza lanetan oinarritu da ekonomia, hein handi batean. Araututako lan eremura jauzi egin dutenean ere, ez da berezko ekiparaziorik lortu, ez etxean, ezta lantegian ere. Horren isla izan zen Heraclio Fournier fabrika. Lanaren banaketa sexualaz mintzo da egilea.

Generoaren araberako segregazio horizontal eta bertikalak enpresako lanpostu guztiak zeharkatzen zituen. Emakumeak `oficios complementarios femeninos´ deiturikoetara bideratzen zituzten, besteak beste, publikazio ezberdinetarako kartak manipulatu, landu, inprimatu eta koadernatzea; gizonek, berriz, inprimatze lanetan jarduten zuten, alegia, makinaria manipulatzen. “Patronalarentzat emakumeen lanek ez zeukaten prestigiorik”, laburbiltzen du egileak. Horren isla da 50eko eta 60ko hamarkadetan lantegietan egiten zituzten lanen ia % 60 lan ez kualifikatuen kategorian sartu zituztela Sindikatu Bertikaleko -sindikatuak ez zeuden legeztatuta- eta Lan Ministerioko estatistika erregistroetan.

XIX. mende amaieran emakumeen lana prekaritatean oinarritzen zen. Hala zen Heraclio Fournierren ere. Euren lana bigarren mailakotzat jotzen zen, lantegiaren hastapenetatik gehiengoa baziren ere. Bi arrazoi nagusi ziren emakumeak kontratatzeko: alde batetik, kartak egiteak trebezia eskatzen zuelako eta dohain hori emakumezkoekin lotzen zutelako; bestetik, soldata txikiagoak ordaintzen zizkietelako, enpresaren etekinen mesedetan. Hala, ibilbide luzeko emakume batek peoi baten pareko soldata soilik jaso zezakeen, hau da, lantegian sartu berri zen gizonezko batena, kategoriaz aldatzeko eskubiderik gabe.

“Las naiperas rompieron con el imaginario franquista de `mujer ama de casa´ y `hombre ganador del pan´.”

Argazkia: Servicio de archivos de Álava

Emakumeak berriz etxera

Hastapenetatik emakumeak nagusi izan baziren ere, 1939an gerra zibila amaitu eta diktadura frankista nagusitu ondoren, genero diskurtso nabarmena inposatu zen gizarteko esparru guztietan. Lan mundua ez zen salbuespena izan. Gerrak emakumeen eskulanaren beharra ekarri zuen, eta horrek atzeratu zuen erregimen berriak ezarri nahi zuen genero-idearioa. Behin erregimena indarrean, ordea, berriz ere emakumeak espazio publikotik atera eta Espainiako Bigarren Errepublikan ezarritako berdintasunerako legeria oro ezabatzeari ekin zion Francok.

Emakumezkoen etxetik kanpoko lana kezka iturri bihurtu zen. Hala, Lanaren Foruak, frankismoaren lan legeriaren bizkarrezurra zenak, 1938an emakumeak tailerretik eta fabrikatik atera eta etxera itzultzearen aldeko apustua egin zuen, “emazteen eta amen eginbeharra bete zezaten”. Erregimen frankistak `hombre ganador de pan´ eta `mujer ama de casa´ iruditeria errotu zuen.

Bide horretan, Estatuko enplegu bulego eta erregistroetan izena ematea galarazten zien legea onartu zuten, premia larrian ez bazeuden behintzat. Zenbait sektoretan, ezkondutako emakumeak eszedentzia hartzera behartzen hasi ziren. Legeak jasotzen zuen bezala, `bere emaztea langabe mantentzen zuen familiaburu maskulinoari diru-laguntza emango zitzaion´. Heraclion, ezkontzagatik derrigorrezko eszedentzia ezarri ez zen arren, kartagile asko 25-29 urterekin erretiratzen ziren, ezkonsaria deitzen zioten konpentsazio ekonomiko txiki bat jasota. Hori dela eta, 30 urtetik gorako emakumeak langileen % 20 baino ez ziren.

Argazkia: Servicio de archivos de Álava

Etxeko andrea (ere)

Frankismoak emakumeak etxeratzeko egindako ahaleginak tarteko, Heraclio Fournier nahiko iraultzailea izan zela kontsideratu daiteke; izan ere, emakumezkoak kontratatzen jarraitu zuen, “bizitzaren kostu handia dela eta, euren familiei baliabideak emateko asmoz”.

Horrela, kartagileek erregimenak bultzatutako iruditeriarekin hautsi zuten. “Soldataren zati handi bat etxera eramaten zuten, kasu batzuetan, familia unitatearen euskarri nagusi bilakatzeraino”. Emakumezkoen lana ezinbestekoa izan zen familien biziraupenerako; bai emakume gazteek lantegietan egiten zutena, baita ezkondu eta enplegua utzita ere, merkatu beltzeko lanetan aritzen ziren emakumezkoena ere. Izan ere, Gasteizko soldatapeko beharginen % 60 baino gehiago peoi lanetan zegoen, soldata baxuekin.

“El paternalismo industrial imperante en la fábrica de naipes se utilizó como arma para evitar reivindicaciones y huelgas”.

Emakume langile (ere)

60ko hamarkadan langile kontzientzia garatzen hasi ziren. Kartagileek hala egin zuten, etxeko andre soilik izatearen iruditeria hori arrakalatuz. Are gehiago, emakume eta gizonen ogibideak bereizteak zekarren diskriminazioa kontzientzia hartzeko eta ahalduntzerako baliatu zuten frankismoaren amaieran.

Behin ezkonduta ere, euren lanbidean jarraitu nahi zutela aldarrikatzen hasi ziren. “Belaunaldi gazteak dagoeneko frankismoko ideologiatik aldendu ziren. Jabetu ziren gizonezkoekiko ordura arteko dependentzia apurtzeko ezinbestekoa zela euren bizitza proiektua ogibide bati lotuta eraikitzea”. Ordurako argi zeukaten familia eta lantegia uztartu nahi zituztela”.

“Lantegia euren identitate bilakatu zen. Pixkanaka-pixkanaka emakume langilearen figura aldarrikatzen hasi ziren: harreman ereduak irauli nahi zituzten, soldaten diskriminazioa salatzen hasi ziren eta ogibideen berrikusketa eskatu zuten”.

Etxeko lanak eta fabrikako lanak kontziliatu ahal izateko neurriak eskatzen hasi ziren, lantokietan haurtzaindegiak exijituz. “Etxekoandreak ez ezik, langile ere bazirela defendatzen hasi ziren. Neska gazteek ez zuten euren amek eta amonek pairatutakoa jasan nahi. Askatasunaren grina piztu zitzaien. Euren bizitza proiektua eraikitzeko autogestioa oso garrantzitsua bilakatu zen, eta bazekiten hori lortzeko iturri ekonomikoa behar zutela. Emakume askearen ideiarekin bat egiten hasi ziren eta horrek ekarri zuen ogibideari garrantzia handia ematea”.

Argazkia: Servicio de archivos de Álava

Klasean klaseak

Aritzak ikerketan ondorioztatu ahal izan duenez, Heraclio Fournierren berebiziko identitate kolektiboa garatu zuten emakumeek, beti ere, nolabaiteko nagusitasun moralaz, langile klasearen baitan klaseak sortuz. “`Aristocracia obrera´ kontzeptua erabiltzera ausartu naiz. Fournierren lan egiteak ospe handia zeukan eta gainontzeko lantegietako langileak gutxiesten zituzten. Kontuan hartu behar da Fournierrek eta patronalak Gasteizko politikan zeukaten garrantzia eta inplikazioa. Beste emakume asko, adibidez, egunero joaten ziren Exportaciones San Ignaciora lan egitera. Bada, horiei `puchereras´deitzen zieten (jatekoa prestatzeko tresnak egiten zituzten). Labeetan zeuden, ustez `zikinak´ ziren lanak egiten… Kartagileena, berriz, `lan garbia´ zen, eta horrek nolabaiteko aristokrazia kutsua ematen zien”.

Katolizismo soziala handia zen fabrikan eta emakume zintzoen irudia eraiki zuten. Kontrakoa gertatzen zen, ordea, zakuak egiteaz arduratzen ziren fabriketako langileekin: emakume `bihurriak´ zirela zabaldu zen, istiluak sortzen zituztenak…” Heraclioko ugazabak fabrika berriz kristautzeko espazio bilakatu zuen, XIX bukaeran eta XX hasieran Espainian eta Gasteizen nagusi ziren sekularizazio olatuei aurre egiteko asmoz. Hala, lanpostu bakoitzaren goiko aldean santuen litografiak eta irudiak zeuden, langileen jarduteko modua baldintzatzeko.

Argazkia: Servicio de archivos de Álava

Berdintasunaren hazia

50eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, Gasteizko garapen industriala hasi zen eta emakumeen eskulanaren eskariak gorakada nabarmena izan zuen.

Horrek euren rola aldatzen joatea ahalbidetu zuen. Beste lan batzuk egiten hasi ziren Fournierren, lanbide osagarrietatik harago. Horien artean, nabarmentzekoa da Proiektu eta Marrazketa Zerbitzua, non genero rolei dagokienez mentalitate-aldaketa hauteman baitzen.

Horren adibide dugu Emakumearen Nazioarteko Egunean egindako diseinuan gizona eta emakumea modu ekitatiboan irudikatu zirela balantza batean, bi platertxoetan altuera berean jarriz, gizartean izan behar zuten balio berdinaren isla.

Garai hartan izan zen beste berrikuntzarik ere: emakumeak langileen ordezkari ziren karguetara iritsi ziren, beti ere diktadura frankistan ordezkaritza organoak guztiz demokratikoak izan ez zirela abiapuntutzat hartuta. Hala, 1960an jada baditugu emakumeak Gasteizko lantegi garrantzitsuenetako `jurados de empresa´ deiturikoetan, Areition kasu.

1965ean emakume bat sartu zen lehen aldiz Hitzarmenaren Batzorde Mistoan: Heraclioko Ana María Aldave Iracheta. Pixkanaka-pixkanaka, emakumeen presentzia handitzen joan zen. 1975ean Madrilen egindako jardunaldi sindikaletan, Celia Aberasturi, Paperaren eta Arte Grafikoen sindikatu probintzialaren atal sozialeko presidentea, Arabako langileen ordezkari aritu zen. Bilera horretan, emakume langileek “eskulan merkea izateari eta kategoriaz igotzeko aukerarik ez duen peoi izateari utzi nahi ziotela” aldarrikatu zuten. Soldaten gaia ez zen kezka gai bakarra izan urte horietan, lan baldintzak eta lan osasuna ere aldarrikapen iturri izan ziren.

Argazkia: Servicio de archivos de Álava

Langile klasetik feminismora

Kartagileen lan eskakizunek kezka sortu zuten, are gehiago 1976ko lehen hilabeteetan Gasteizen nagusi zen greba giroan. Karta fabrikan hainbat atalen lanuztea gertatu zen greban zeuden langileei elkartasuna adierazteko.

Are gehiago, kartagile batzuk diktaduraren aurkako oposizioaren parte bihurtu ziren. Hala, batzuek aktiboki parte hartu zuten 1976ko Martxoaren 3ko mobilizazioetan. Liburuan jasotako bi langileren testigantzek hala diote: “Forjaseko greben ondorioz, gu ere aktibatzen hasi ginen. Batzarren bidez antolatu genuen dena, eta kalera irten behar zela erabaki genuen. Martxoaren 3an egin zen lehen greba Fournierren”.

Nortasun berria sortu zen kartagileen artean: feminismoaren eta langile klasearen arteko uztartzea loratu zen. “Hor atzematen da langile borrokaren eta feminismoaren zubia eraikitzen ari zela”, dio egileak.

Horrek jarraipena izan zuen Gasteizen antolatzen hasi ziren emakumeen asanbladetan ere. Areitioko emakumeak asanblada horien sorreran ziren eta euren aldarrikapenak bertaratu zituzten. Klasea eta generoa uztartzen hasi ziren eta langileen eskubideen defentsan emakumeen ahotsak entzuten hasi ziren. “Feministen eta orduko lantegietako emakume langileen aldarrikapenak bateratzen hasi ziren. Langile orientazioko feminismoaz hitz egin genezake. Sarritan aipatu da feminismo liberala, feministak emakume burgesak eta klase ertain goreneko emakumezkoak zirela nabarmenduz, baina kontuz! `feminismoa de base´ deiturikoa ere bazen”.

Martxoaren 3az geroztik langileen asanbladak `jurados de empresa´ deiturikoak ordezkatzen hasi ziren. Frankismoaren amaieran emakumezkoak ziren nagusi, beraz, asanbladak egiten zirenean `emakumeen gaiak´ deitzen zituztenak garrantzia hartzen joan ziren. Euren aldarrikapenean artean zeuden soldaten igoerak portzentajezkoak ez izatea, hala izatekotan, gehien kobratzen zuenak beti gehiago irabaziko zuelako, emakume eta gizonen soldata arrakala are gehiago handituz.

Sindikatu demokratikoak sartu zirenean asanblada bigarren maila batean gelditu zen. Horren aurrean, emakumeek gutun bat bidali zuten zuzendaritzara, fabrikan hartzen ziren erabakien erabakien ordezkari legitimo bakarra asanblada zela aldarrikatuz. “Idazkian jada atzematen zen klase eta genero binomioa. Euren burua langile gisa definitzen zuten”.

1960ko hamarkadatik aurrera Fournierreko emakumeek fabrikako lana bere garapen pertsonalari lotutako prozesu bat bezala ulertu zuten, jada bere gaztarora mugatzen ez zena, eta ezkontzen zirenean amaituko ez zena. “Frankismoak ezarritako `hombre ganador de pan´ eta `mujer ama de casa´ iruditeriaren gainbehera hasi zen”.

Garaian garaiko estereotipo eta rolak gainditzen joan ziren apurka-apurka kartagileak. Euren testigantzak biltzen ditu liburuak, isildutakoen ahotsaren bozgorailu bilakatzeraino. Liburuaren hasierako hitzaurreak dioen bezala, “Ahora el silencio se rompe; un coro se eleva. Las mujeres hablan”.