Gazteak: Prekarioak eta politika instituzionaletik baztertuak

Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak gazteen eta politikaren arteko harremanak aztertu ditu; instituzio politikoek baztertu egiten dituztela uste dute Euskal Herriko gazteek.

Asko hitz egiten da gazteen inguruan, baina gutxi gazteekin. Ohikoa da gazteen inguruko berriak irakurtzea, entzutea edo idaztea, baina lan gutxitan emate zaie ahotsa gazteei. Horregatik, batez ere Covid-19ak sortutako pandemiaren baitan, kolektibo honen inguruko topikoak zabaldu dira. Topiko horien arabera, gaur egungo gazteak egoistak dira, soilik euren zilborrera begiratzen dute, ez dira solidarioak, oso berekoiak dira. Labur esanda, denaz paso egiten dute. Baina, zuzena al da hau?
Galdera honi erantzun asmoz, edo, gutxienez, galdera honen inguruan hausnartu asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Parte Hartuz ikerketa taldeak Oraingo gazteak axolagabe? Gazteen eta politikaren arteko harremanak aztergai lana argitaratu du. Ikertzaile talde honek 2018 eta 2019 urte bitarteetan Hego Euskal Herriko era eta ezaugarri askotako 18 eta 35 urte bitarteko gazteen iritziak, jarrerak eta bizi esperientziak jaso zituen, egungo belaunaldi gazteek politikarekin duten harremana aztertu asmoz. (Manu Robles-Arangiz Fundazioak diruz lagundu du proiektua).

La juventud considera el empleo como su principal problema, porque eso condiciona su vida. La mayoría de los jóvenes sólo encuentran trabajos parciales. Ven que de vez en cuando trabajan y que de vez en cuando están en el paro. Y también hay quien sólo ha tenido la oportunidad de trabajar en negro. Estos cambios en el mundo laboral han condicionado la vida de la juventud y de las nuevas generaciones.


Gazteak eta politika. Edo politika eta gazteak
Agian termino bakoitza definitu beharko genuke lehenik. Horretarako Ane Larrinaga Renteriarengana (Mungia, Bizkaia, 1960) jo dugu. Larrinaga EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea da, eta ikerketa hau koordinatu du. “Gaztedia ez da talde homogeneo bat, helduok ez garen bezala. Ez da adin tarte biologiko bat, hori baino askoz gehiago da, eratze sozial bat da. Gazteez hitz egin beharko genuke, gazte izateko modu asko daudelako, tokian tokiko baldintzen arabera, jatorriaren arabera, hezkuntzaren arabera...”
Ados. Eta zer da politika? “Tradizionalki politika esparru instituzionalarekin identifikatu da. Baina esparru honek ere ez ditu muga finkoak. Azken urteetan muga hauek aldatzen joan dira, garaiaren eta testuinguru sozialaren arabera. Lehen politizaturik ez zeuden gai batzuk orain badaude. Duela 40 urte indarkeria matxista ez zen kontsideratzen gai politiko bat, gaur egun, ordea, bai. Paradigma klasiko liberalean muga zehatzak jarri ohi dira politikaren eta gizartearen artean, publikoaren eta pribatuaren artean. Partaidetza politikoa arlo politiko instituzionalean burutzen zena kontsideratzen zen, adibidez hauteskundeetan parte hartzea edo alderdi politiko batean afiliatuta egotea. Belaunaldi berriekin desplazamendu bat eman da. Orain ez dago horren argi zer den politikoa eta zer ez, zer den pribatua eta zer publikoa. Feminismoak argi utzi duen bezala pribatua ere politikoa da”.
Definitu dugu zer den gazte izatea eta zer den politika. Galdera, beraz, argi dago. Ba al dute gazteek politikarekiko interesik? “Eusko Jaularitzak urtero ateratzen duen ‘Gazteriaren argazkia’ izeneko inkestan jasotzen denez, soilik gazteen %30 dago interesatuta edo oso interesatuta politikan. Gainontzekoak, ez. Ikerketan ikusi dugunez, horrelako kategoria bitarrak baina gehiago –gazte politizatuak vs gazte ez politizatuak, politikan interesatuak vs ez interesatuak–, mailakako jarrerak daude. Gazte batzuek, oso politizatuta dauden familietako kide direlako edo inguruan gune politizatuak dituztelako, politika sakonki bizi dute eta euren bizitzetan aktibismoa oinarrizkoa da. Mailaka aztertzen bazoaz, ordea, badaude euren burua ez politizatutzat duten gazte asko, baina gero informazio politikoa jasotzen dutenak, berri politikoak jarraitzen dituztenak, aldizka ekintzetan parte hartzen dutenak... Noski, beste muturrean, badaude ere ez informaziorik ez eta jakin-minik ez duten gazteak. Baina, zentzu honetan, gutxi dira ezertan parte hartzen ez dutenak”.
“Inkestetan –jarraitzen du– gazte askok diote ez dutela interesik politikan, baina gero horietako askok esparru zibilean aktibo ari dira. Adibidez, elkarte edo Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinetan, auzoan edo Gaztetxean parte hartze aktiboa dute. Zentzu arruntetik ikusten baduzu, politikak oso esparru mugatua betetzen du, baina egiten ditugun gauza askok izaera politikoa izan dezakete, bai gizarte bezala eta bai indibidualki. Jaten duguna, birziklatzen dugun ala ez, garraio publikoaren erabilera kontzienteak edo kontsumoa mugatzeak kutsu politikoa izan dezakete, ekintza horien atzean dauden balioen arabera”.

Las decisiones reales, las decisiones importantes, se toman en espacios distintos a los Parlamentos. La juventud también es consciente de ello. La participación juvenil se ha desplazado de estos espacios institucionales que han perdido credibilidad a espacios más informales: movimientos sociales, asociaciones de la sociedad civil o la vida cotidiana de las personas.


Honaino iritsita, egin beharreko galdera begi bistakoa da. Gazteek ez dute lotzen euren burua ‘politikarekin’. Zergatik? Ane Larrinagak galdera horri erantzuten dio. “Instituzio politikoak oso desprestigiatuta daude gazteen artean. Gehienek ez dute konfiantzarik ez elite politikoetan ez instituzio politikoetan ere. Gazteek politika ustelkeriarekin identifikatzen dute, interes ekonomikoen esanetara diharduten subjektuak ikusten dituzte, uste dute ez dela euren ahotsa entzuten, ez dutela protagonismorik bizitza politikoan, ez dela eurekin kontatzen. Ez dute konfiantzarik instituzio politikoetan, oso desprestigiatuak daude euren ikuspuntutik”.
Gazteak abandonatuta sentitzen dira, ez dituztela aintzat hartzen
Hala ondorioztatu dute Parte Hartuz ikerketa taldeko kideek. Baina honek ez du esan nahi gazteek kezkarik ez dutenik. Kezka gehienak enpleguarekin lotuta daude. Beno, izan gaitezen zehatzagoak: enpleguaren desegonkortasunarekin.
“Gazteek enpleguaren arazoa euren arazo nagusitzat jotzen dute, horrek euren bizitza baldintzatzen duelako. Egungo politika neoliberalek lan merkatua desarautu dutenez, ez dago araurik. Horrek liberalismo hutsera bueltatzea suposatzen du. Gazte gehienek aldikako lanak besterik ez dituzte aurkitzen, lan partzialak. Tarteka lan egingo dutela eta tarteka langabezian egongo direla ikusten dute. Eta badira ere soilik beltzean lan egiteko aukera izan dutenak. Lan munduan gertatu diren aldaketa hauek goitik behera baldintzatu dute gazteen eta belaunaldi berrien bizitza”.
“XX. mendean, Ongizate Estatua existitzen zen tokietan lanak herritar oso izatea bermatzen zuen. Gutxi gora beherako lan egonkorra aurkitzean herritar bihurtzen zinen eta heldu statusera heltzen zinen. Gaur ez dago sarbide hori, lanak ez du egonkortasunik suposatzen, alderantziz baizik. Lana ezegonkorra da, gazteei ez die bizi proiektu bat egitea ahalbidetzen. Gazteek euren burua urte askotan gurasoen etxean irudikatzen dute, ezin direlako emantzipatu. Lanari etxebizitzaren prezio altua eta beste faktore batzuk gehitzen badizkiozu, ikusten dute euren bizitza erabat mugatuta dagoela, beti ezegonkortasunean biziko direla, ezpata moduko bat buru gainean balute bezala. Horren aurrean instituzio politikoek, gobernuek edo elite politikoek soluziorik ematen ez dietela ikusten dute. Ez dute erantzunik aurkitzen euren arazoentzat, eta erakundeen eraginkortasun ezak ikuspegi hau areagotu egiten du. Beraz, ez da horrenbeste kontua politikarekiko urrundu direla, baizik eta politika instituzionalarekiko gaitzuste bat dagoela”.

Entre la juventud hay un gran sentimiento de frustración. Las élites políticas tienen la sensación de que les abandonan. Esto, además de provocar frustración, provoca la deslegitimación del sistema democrático liberal. No creen en la eficacia de este sistema. Esto hace que jóvenes con inquietudes políticas o sociales recurran a otros ámbitos. No dan importancia a las elecciones o al juego entre partidos porque meten a todos en ese saco de la deslegitimación.


Gaurko gazteak bihar ez dira gazte izango
Baina, nola irudikatzen dute etorkizun hori? “Orain arte aipatu ditugun faktoreen ondorioz frustrazio sentipen handia dago. Elite politikoek abandonatzen dituztenaren sentsazioa dute. Horrek, frustrazioa eragiteaz gain, sistema demokratiko liberalaren deslegitimazioa eragiten du. Ez dute sistema honen eraginkortasunean sinisten. Horren ondorioz, kezka politikoak edo sozialak dituzten gazteek beste esparru batzuetara jotzen dute. Ez diote garrantziarik ematen hauteskundeei edo alderdien arteko jokoari, denak deslegitimazioaren zaku horretan sartzen dituztelako”.
Politika instituzionaletik aldendu dira gazteak. Orduan, nora desplazatzen dituzte euren kezkak? Autonomia edo soberania garatu ahal duten guneetara. Hara jotzen dute, kontrolatzen dituzten guneetara. Hala jasotzen du ikerketak, eta hala azaltzen du Ane Larrinagak. “Gune horiek era askotarikoak izan daitezke. Eguneroko bizitzako esparruetan gauzatzen dituzte euren balioak –‘ekologista izango naiz eta birziklatu egingo dut’–, edo konpromiso zibiko edo sozialean –etorkinak, arrazakeria, feminismoa...–. Gune horietan gazteek sentitzen dute eurek kontrola daukatela. Horregatik batzuek tokiak okupatzen dituzte, edo euren komunitateak garatzen saiatzen dira, baina beraienak, sistema politiko-instituzionalen ertzetan. Badira sistema politiko-instituzionalean aritzen direnak, baina gehienak ertzetan kokatzen dira. Gazte askoren arabera euren balioak ezin dira gauzatu politika instituzionalean, eta horregatik desplazatzen dute euren partaidetza beste gune batzuetara”.
Globalizazioak ere astintzen ditu gazteak
(Hego) Euskal Herriko gazteek parte hartu dute ikerketan. Baina tokian tokiko errealitatetik harantzago mundu globalizatu batean bizi dira, eta globalizazio horrek zuzenean eragiten die. Denon bizitzetan eragin zuzena duten erabaki asko ez dira bertako Parlamentu edo erakundeetan erabakitzen, urrutikoak eta ilunak egiten zaizkigun guneetan baizik. Enpresa transnazionalen edo finantza merkatuen itzala luzea da.
“Globalizazioaren garai honetan gazteek ikusten dute instituzio demokratikoen gaineko kontrola desagertu egin dela. Defizit demokratikoa gero eta handiagoa da, erabaki asko estatuz gaindiko guneetan hartzen direlako. Gazteek uste dute ez dutela erabakitze sare horien inguruko inolako kontrolik. Benetako erabakiak, erabaki garrantzitsuak, Parlamentuak ez diren beste gune batzuetan hartzen dira. Gazteak ere hortaz jabetzen dira. Gazteen partaidetza sinesgarritasuna galdu duten gune instituzional horietatik gune informalagoetara desplazatu egin da: mugimendu sozialetara, gizarte zibileko elkarteetara edo pertsonon eguneroko bizitzara”.
Klase soziala, generoa eta inguru soziologikoa
Zein eragin dute? Ez da gauza bera errenta altuko auzo batean jaiotzea edo langile auzo batean. Ez da gauza bera gizon edo emakume izatea. Ez da gauza bera familia politizatu baten parte izatea edo familia ez politizatu batekoa izatea. Zein eragin dute faktore horiek?
“Tradizio politikoak eragina du. Familia edo gune politizatuetatik datozen gazteek interes handiagoa dute. Klase sozialak ere zerikusia du pertsonon politizazio mailarekin, eta gazteen artean ere. Denbora izateak edo ikasketa batzuk izateak lagundu egiten du interes politikoa izateko orduan, eta diru sarrera altuak dituzten familietako gazteek erraztasun handiagoa dute horretarako. Despolitizatutako gazteen artean askok ezagutza gutxi dute, politika mundu arrotza egiten zaie. Elite politikoek erabiltzen dituzten hitzak edo hizkerak ez dituzte ulertzen”.
Jatorri sozialak baldintzatzen du, generoak baldintzatzen duen bezala. “Neskek zailtasun handiagoak dituzte partaidetza politikora heltzeko. Partaidetza politikoak askotan neskek lehen sozializazioan jaso ez dituzten gaitasun edo abilidade batzuk eskatzen ditu, esaterako, publikoan hitz egitea, publikoan aurkeztea edo zenbait kasutan erasokorrak izatea. Gune aktibistetan bertan ere bada ezberdintasun irizpide bat. Gaur egun modelo aktibistak eredu erabat maskulinoak dira, eta hemen are eta gehiago izan dira. Orain arte existitu den politika mota bat, politikoa kontentziosoa edo deituko genukeena, oso kalekoa izan da. Hor eredu nagusiak maskulinoak izan dira”.
Gai nazionala, gazteen kezka iturri?
Gai nazionala Euskal Herriak bizi duen gatazketako bat da. Gure herriak hamarkada (edo mende) luzeetan konpondu ez den auzi politikoa bizi du. Azken hamarkadan gertatu diren aldaketek, ETAren desarmatzetik aurrera nagusiki, neurri handi batean gatazka horren ondorio lazgarrienak eta krudelenak albo batera utzi ditu. Testuinguru berri honek aldaketarik izan al du gazteen eta politikaren arteko harremanean? Gai nazionala kezka iturri al da gazteentzat? Parte Hartuz ikerketa taldeak ere hainbat ondorio atera ditu gai honen inguruan.
“Nazioaren edo nazionalismoaren auzia ez da desagertu, tradizio batzuk daudelako eta belaunaldi batetik bestera helarazi direlako. Hau esanda, egia da gazteen lehentasun eta kezketan gaia ahuldu egin dela. Lehentasunen artean enplegua, etxebizitza edo faktore sozio ekonomikoak daude, prekaritatearekin lotutakoak. Gaur egungo gazteek, gazteetan gazteenak batez ere, oso modu bortitzean bizi dituzte politika neoliberalen ondorioak, denek partekatzen dituzte prekarietatearekin lotutako kezkak. Abertzaletzat edo hartu daitezkeen gazteen artean ere nazio identitateak nolabait ere lehentasuna galdu du bere kezken artean. Gainera gaur egun aniztasun handia dago, politika asko dibertsifikatu da. Identitateak ez dira lehen bezala bizi, horren trinkoak; identitate asko partekatu egiten dira, identitate anitzak daude. Lehen gure egunerokotasunean horren txertatuta zegoen gatazka, besteak beste adierazpen oso bortitzak zituena, askok ez dute bizi. Etxean edo inguruan entzun izan dute, kontatu egin diete, baina ez da gauza bera kontatzea edo norberak bizitzea”.
Gazteak eta sindikatuak. Nola ikusten gaituzte? Prekaritatea, soldata baxuak, ezegonkortasuna, lan kontraturik gabeko lana. Ikerketan eta elkarrizketa honetan behin eta berriro agertzen diren gaiak dira. Hau sindikatu baten aldizkari da. Bertso saioetan bezala, puntua bota diogu Ane Larrinagari.
“Ezezagutza handia dago sindikatuen eta sindikalismoaren inguruan. Ikusi duguna zera da: sindikatuak eta sindikalismoa gehiago ezagutzen da tradizio familiar bat dagoenean, hau da, senideren bat afiliatuta dagoenean edo gatazka sindikal bat bizi izan duenean. Bestalde, ezin dugu ahaztu gazteen lan baldintzak oso prekarioak direla, eta kasu askotan posible da gazteak sindikalizatzearen beldur izatea, kalte egingo dielakoan. Azkenik, bada beste faktore bat: neoliberalismoa ez da bakarrik sistema ekonomiko bat, neoliberalismoak diskurtso bat zabaldu du, guk barneratu duguna. Eta diskurtso horrek dio zuk aukeratzeko askatasuna duzula, zu zarela zure bizitzaren erantzule eta jabe... Beraz, zuk kudeatu behar duzu zure bizitzari dagokion guztia. Erretorika neoliberal horrek gure egitura subjektiboa baldintzatu du, eta joera hau ez doa sindikalgintzaren alde, gazteek irudikatzen dutelako eurek kudeatu behar dutela euren bizitza, ez beste inork. Eta hor lana ere sartzen da”.