Kale gorria bizitoki

Bertol Brechten poema bat oinarri hartuta Mikel Laboak ‘Gaberako aterpea’ kanta ederra sortu zuen. Euskal Kanta Berria albumean agertu zen lehenengoz, 1972. urtean. Zoritxarrez, ez dago New Yorkeko Broadway eta 26. karrikaren kantoira joan beharrik kale gorrian lo egiten duen jendea topatzeko. Atxurin, Bilboren bihotzean, hamaika adibide dugu


“Kontatu didate Nueva York-en / Broadway eta 26 karrikaren kantoian, / Negu gorrian, gizon batek gabero / jendeari otoi eskatzen / aterbea bilatzen duela / bilutsirik daudenentzat./ Mundua ez da era hortan aldatzen / Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen / zama-aroa ez da hola laburtzen / Baina gizon batzuek gau batez ohea dute, / aterbean haize hotzik ez eta / bereri zijoakien elurra, karrikan ari da”.

Ilias Tetuanen jaio zen, Maroko iparraldean. 2021. urteko udan heldu zen Espainiako Estatura, bere anaia eta lehengusu batekin. Ez du oroitzen nora heldu zen. Loubnak, itzultzaile lanak egiten dituen emakumeak, hainbat leku esaten dizkio –Tarifa, Kadiz, Alacante...–, baina Iliasek “ez” erantzuten du, ziurtasun handirik gabe, hori bai. Ez du oroitzen nora heldu zen, baina primeran gogoratzen du, ordea, nola atera zen bere sorterritik.
“Patera batean etorri nintzen. Gau bakarrean egin genuen zeharkaldia, lau-bost orduko bidaia izan zen. Oso gaizki pasa nuen”. Bederatzigarren ahalegina zuen hura. 3.000 euro ordaindu behar izan zituen bere helburua lortzeko, hau da, Marokotik ihes egin eta Espainiako estatura heltzeko. “3.000 nik, eta beste horrenbeste nire anaiak eta lehengusuak”.
Iliasek familia du Madrilen, eta beraiengana jo zuen. “Ez zidaten lagundu”, dio. “Madrilen duen familiaren egoera ere ez da apartekoa, eta ezin zioten diruz lagundu. Horren estu bizi diren familietan beste lagun bat mantentzea oso zaila da, ezin diete janari, arropa edo lehen mailako gastu berriei aurre egin”, dio Loubna itzultzaileak, egoera argitu asmoz. Madrildik Bilbora etorri zen uztailean. “Bezperan nire lehengusua etorri zen Bilbora, eta telefonoz deitu ninduen bertara etortzeko. Etorri nintzenean nire asmoa kurtso bat egitea zen, lan egin ahal izateko”.
Marokok Bilbon kontsulatua du, eta bertara jo zuen. “Pasaportearekin edo NANarekin laguntzen dizute, baina gehiago ez”. Erakunde publikoen laguntza ere eskasa da, eta gorriak eta bi pasatzen dituzte bizirauteko. Horren lekuko da Iliasen testigantza. Hainbat hilabetez kale gorrian lo egin behar izan zuen. “Uda zen, eta gutxienez tenperatura ona zen. Orain hotz handia egiten du”, dio.

Estos últimos meses, decenas de inmigrantes que apenas alcanzan la mayoría de edad han estado durmiendo en las canchas de Atxuri; la organización vecinal Atxuri Harrera trata de buscar una solución a esta situación.


Gaztea da Ilias, 21 urte. Marokon zuzenbidea ikasten zuen unibertsitatean, eta hirugarren mailan zegoen. Amak etxean egiten du lan; aitak, berriz, itsasoan. “Aita itsasora atera eta arrantzatzen duen egunetan ondo, etxean badago zer jan. Baina arrantzarik ez badago, ez dago diru sarrerarik”.
“Zergatik alde egin zenuen Marokotik?”, galdetu diogu Iliasi. Isilune bat egiten du itzultzailearekin hitz egiten hasi aurretik. “Udan Europan bizi diren Marokoko familia asko joaten dira hilabetez oporretara euren sorterrira. Kotxez joaten dira, eta geuk ere nahiko genituzkeen gauzak eta luxuak izaten dituzte askotan. Errealitatearekin bat ez datorren irudi bat egiten duzu zeure buruan. Madrilen dudan familiak ere esaten zigun lana egon bazegoela, baina errealitatea oso bestelakoa da”. Berak ere antzera jokatzen duela aitortzen du, irribarrez. “Nire familiari soilik gauza onak kontatzen dizkiot, txarrak ez. Ez diet inoiz esan hiru edo lau hilabetez kale gorrian lo egiten egon naizenik”.
Zurgintza ikasketak egiten ari da orain Boluetako Peñascal formazio zentroan. Bere asmoa bertan ikasketak amaitu eta lan egitea da. Hori baita bere ametsa, dirua lortu eta ahal duen neurrian Marokon duen familia lagundu. Ez da erraza bere bizitza Euskal Herrian. Horregatik zuzen galdetu diogu, aho bizarrik gabe. “Marokora itzultzeko asmorik baduzu?”. Iliasek argi du erantzuna: ez. “Lehen bi hilabeteetan bueltatzeko ideia nuen buruan bueltaka uneoro, baina orain, ez. Hemen geratu nahi dut”.


Hamid, Husin, Soufin, Mohamed eta Otman
Ilias ez dago bakarrik elkarrizketan. Bere ondoan Hamid, Husin, Soufin, Mohamed eta Otman daude. Bilboko Atxuri auzoko garaje handi batean gaude, Enkarnazio elizaren atzealdean. Garajea Enkarnazio elizari dagokio. Bertako apaiz buruak kotxea eta elizarenak diren gauzak gordetzeko tokia da. Hala ere, Miguel apaiz buruak txoko hori Atxuriko Harrera elkarteko kideei uztea erabaki du. “Egia esan oso ondo portatzen da gurekin. Urtebete baino gehiago darama kotxea kanpoan aparkatzen guri tokia uzteko”, diote Atxuriko Harrera Elkarteko Pepek eta Mirenek.
19 eta 21 urte bitartean dituzte Hamid, Husin, Soufin, Mohamed eta Otmanek. Magrebtarrak dira, eta eurak ere patera batean atera ziren, lau Marokotik eta bat Saharatik. “Zazpi eguneko zeharkaldia izan zen, ia urik eta jatekorik gabe. Heltzear ginela gasolina gabe geratu ginen, eta ahal bezala heldu ginen itsasertzera. Guardia Zibilak itxaroten genituen. Ahal genuen bezala egin genuen ihes handik. Zortea eduki nuen, nirekin zetozen askok kolpe latzak jaso zituzten. Azkenean Las Palmaseko (Kanariar Uharteak) kanpamendu militar batean amaitu nuen ”. Itzultzailea kazetariaren laguntzailea ere bihurtu da elkarrizketan, eta berak ere galderak egiten ditu. “Zazpi egun! Eta jana eta edana ia lehen egunean amaitu zirela diozu. Zeinen gogorra!”. “Horrelako egoera batean, –erantzuten dio–, zure buruan gauza bakarra dago: heltzea. Ez duzu janean edo edanean pentsatzen, soilik heldu nahi duzu”.
Hasieran lotsatuta ageri ziren Hamid, Husin, Soufin, Mohamed eta Otman, baina apurka-apurka konfiantza hartzen doaz, eta denek nahi dute euren egoera azaldu. “Kadizera bidean gindoazela bidean galdu eta Portugalgo uretan amaitu genuen. Bandera urdina eta horia zuen karga-ontzi batek erreskatatu gintuen. Ez dakit Ukraniarra, Suediarra edo nongoa zen, soilik bandera horia eta urdina zuela”, dio batek. “Gure pateran 100 bat lagun sartu nahi gintuzten, umeak, familiak... Bederatzi metro luze eta hiru metro zabal izango zen, gutxi gora behera. Egoera ikusita 30 bat lagun ontzitik jaitsi ziren abiatu aurretik. Itsaso zabalean ontzia irauli eta itotzeko beldur ziren”, dio beste batek.

La vida de estos inmigrantes no ha sido nada fácil desde que llegaron a Euskal Herria. Sin recursos económicos, durmiendo en la calle y comiendo la precaria comida de los comedores municipales. La ayuda de organizaciones como Atxuri Harrera son fundamentales.

 


Kalea bizitoki
Euren egunerokotasuna azaltzeko eskatu diegu sei lagun hauei. Goizeko 06:00tan ateratzen dira uneotan lo egiten duten udal aterpetik. Batzuek kurtsoak egiten dituzte, ofizio bat ikasteko. Normalean 14:00ak aldera ateratzen dira formazio zentrotik, eta Bilbon bazterketa egoeran bizi diren lagunentzat dauden lau jangeletako batera doaz bazkaltzera. Bazkalostean, kalera. Bertan igaro behar dute arratsalde osoa, ezinbestean. Udal aterpeak ez dituzte 21:00ak arte zabaltzen. Asteburu batzuetan Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak ekimen ezberdinak antolatzen ditu, eta bertan ere parte hartzen dute.
Pepe eta Miren Atxuri Harrera elkarteko kideak dira. Solasaldia entzuten egon dira, baina azkenean parte hartzea ere animatu dira. Harreman estua lortu dute Ilias, Hamid, Husin, Soufin, Mohamed eta Otmanekin. “Horrenbeste denbora kalean egotea izugarri gogorra egiten zaie animikoki, batez ere neguan”, diote Atxuri Harrerako kideek.
“Kalean ordu asko ematen ditugu, eta jakitun gara jende askok mesfidati begiratzen gaituela. Hala ere argi eta garbi utzi nahi dugu pertsonak garela, ez gaizkileak, ez dugu inoiz lapurtu, ez dugu ezer txarrik egin”. Hori esanda, Bilbon zer moduz sentitzen diren galdetu diegu, eta bat datoz erantzunean. “Pertsona onak eta txarrak topatu ditugu, baina onak gehiago dira. Miren, Borja, Luis edo Pepe bezalako lagunak ditugu. Lo egiteko etxeak edo kotxeak utzi dizkiguten pertsonak ezagutu ditugu... Iratxe, Alvaro... Atxuriko bizilagunak oso jatorrak dira”.
Eskertuta daude Atxuri Harrera elkarteko kideekin. Eskertuta Pepe, Miren eta eurekin batera lanean ari diren pertsonekin. Elkartearen helburua inolako baliabiderik ez duten lagunei lo egiteko leku bat eta dituzten gauza apurrak gordetzeko txoko bat bermatzea da. “Bilbo mailan Udala kexu da bakarrik daudela, ez dutela beste administrazioen laguntzarik. Egiari zor, handitu egin dira lo egiteko eskaintzen diren oheak, baina kopurua ez da nahikoa, inondik inora”.
Pepek eta Mirenek Ilias, Hamid, Husin, Soufin, Mohamed edo Otman bezalako gazteek izaten dituzten aukera urriak salatzen dituzte. “Bilbora heltzen direnean udal zerbitzuek aterpe bat bermatzen diete lehen hiru egunetan, baina gero ez. Kasu gehienetan hiruzpalau hilabete egoten dira kale gorrian lo egiten. Gero, dagoen eskaintzaren arabera, tokia izaten dute aterpe ezberdinetan. Neguan egoera apurtxo bat aldatzen da. Kaleko tenperatura lau gradu baina baxuagoa denean kalean dauden lagun guztiek lo egiteko ohe bat izan beharko lukete bermatuta”.
“Baina ez da nahikoa, inondik inora. Borondate politiko handiagoa eskatzen diegu Udalari eta gainontzeko administrazio publikoei. Beti aldarrikatu dugu Montaño aterpea modu egonkorrean zabaldu beharko litzatekeela, eta hala ireki dute, baina, gure harridurarako, ez dute osorik zabaldu. Ohe asko daude bertan libre kalean lagun asko daudenean”.

Son muchas las personas que duermen en la calle en Euskal Herria, muchas de ellas jóvenes inmigrantes que carecen de cualquier solución habitacional a su situación. Pasar tantas horas en la calle, sobre todo en invierno, es muy duro psicológicamente. Los servicios sociales para atender a estas personas son totalmente insuficientes.


“Janaria oso eskasa da, eta ezin gara kexatu”
“Bazkaltzeko, berriz, lau udal jangela daude. Zerrenda batean izena emanda bertan jan ahal izateko txartela ematen dizute. Hori bai, bertan ematen den janariaren inguruan luze eta zabal hitz egin genezake”, dio Pepek. Ados daude Afrika iparraldean sortutako sei gazte hauek. “Janaria oso txarra da,oso eskasa, batez ere Zabalako jangelan. Badira kexatzeagatik zigortu dituzten lagunak. Zenbait hezitzaileren jarrera ere salagarria da”.
Oztopoak oztopo, arazoak arazo, irribarre egiten dute. “Gauza txarrak kendu eta gauza onekin geratu nahi dugu. Horregatik diogu bertan bizi nahi dugula”.