Lan Erreforma ustela: Rajoy eta Zapateroren bidean

Erreportajea Iván Giménez
“Ez gaitzazue Madrilen saldu” lelopean egindako mobilizazioek emaitzak izan dituzte; ez da izan, ordea, euskal alderdiek Kongresuan defendatu dutelako berton negoziatzeko eskubidea, baizik eta presio sindikala eta sozialari esker. Hala ere, Rajoy eta Zapateroren lan erreformen elementu kaltegarrienek indarrean diraute. Beraz, galdera da: Eta orain zer?

“Queda derogada la reforma laboral”- iragarri zuen Meritxel Batetek, Espainiako Kongresuko presidenteak, Pedro Sánchezen, Yolanda Díazen eta euren alderdikideen etsipena eta harritasuna agerian utzita.
40 segundu horietan, PP eta Voxeko diputatuek ospatu zuten Sánchezen Gobernuaren porrota.
Ezustean, Batetek zuzendu zuen berak gaizki egindako batuketa (bozka presentzialak gehi telematikoak), dekretua onartuta geratu zela iragartzeko. Besarkadak eta ospakizunak alde batetik bestera aldatu ziren, eszena esperpentiko batean. Inork ez zekien nola, baina Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk sinatutako akordioak indarrean jarraituko du eta Rajoy eta Zapateroren erreformaren alderik lazgarrienak pairatzen jarraituko dute langileek.

El Gobierno español y los partidos que han aprobado la reforma han lanzado un mensaje claro a la clase trabajadora: “No os vamos a dar facilidades; no vamos a molestar a la patronal ni a restaurar derechos; lo que os negamos por ley lo tendréis que conseguir peleando como siempre”.


Hortik minutu gutxira ezagutzera eman ziren bozketaren atzeko azpijokoak: UPNko bi diputatuek euren alderdiaren eta PSOEren arteko akordioari bizkarra eman zioten, oraindik orain argitu gabe dauden arrazoi ilunengatik. Beraz, kontuak are ilunagoak bihurtu ziren. Nola demontre onartu zen dekretua, bi bozka horiek ezezko multzora gehitu baziren?
Beste esperpento batek argitu zuen gertatutakoa: Extremadurako PPko diputatu bat nahasi omen zen bozka telematikoa ematerakoan, eta lan erreformari baiezkoa ematen zion botoia sakatu zuen. Nahi gabe? Batek daki. Baina azken finean, PPk (bozka batekin bazen ere) eta Ciudadanosek salbatu zuten patronala, Gobernua, CCOO eta UGTren erreforma.
Otsailaren 3ko Kongresuaren bozketaren kronikak maisuki deskribatzen du nola izan den lan erreformaren prozesua eta, larriagoa dena, oso ongi islatzen du zein modu hutsalean erabakitzen diren langileei eragiten dizkien legeak. UPNko barneko borroka ustelak, PSOErekin sekretupean emandako negoziazioak (seguruenik aitorrezinak diren baldintzekin) eta PPko jokaera iluna oso elementu larriak badira ere, ohikoak eta ezagunak dira. Beste batzuetan gertatu dena orain ere gertatu da. Lan erreforma ustela, ustela den Kongresu batek onartuta.
Hala ere, kasu honetan, emaitza oso larria da: Zapaterok (2010) eta Rajoyk (2012) inposatu zituzten lan erreformek indarrean diraute, salbuespen txiki batzuekin. Gainera, Kongresuan gertatutakoak zapaldutako eskubideak berreskuratzeko bidea asko zailduko du. Beste modu batez esanda: erreforma hau ez da egin langileen eskubideak berreskuratzeko, patronala asetzeko baizik. Gainera, PPren boto horrek salbatu zuen Diaz ministroaren eta UGT-CCOOen akordioa: gertatutakoak egoera barregarri batean utzi du elkarrizketa soziala.

Zilegitasunik gabe Euskal Herrian
Dena den, badira beste irakaspen batzuk ere, Euskal Herritik begiratuta. EAJk eta EH Bilduk dekretua arbuiatu izanak, albiste ona ez ezik, aktibo bat izan behar du ere aldarri batzuk etorkizuneko negoziazioetan lehentasun politiko bilakatu daitezen; esaterako, euskal hitzarmenen lehentasuna, kaleratze errazaren aldaketa edota EEEen (kaleratze kolektiboak) baimen publikoa. Hain zuzen ere, euskal gehiengo politikoak eta sindikalak agertu duten kontrako jarrerak agerian utzi du erreforma honek ez duela zilegitasunik Euskal Herrian.
Mitxel Lakuntzaren (ELAko idazkari nagusia) esanetan, “Zapateroren eta Rajoyren erreformak indargabetzeko borroka ez da amaitu. Batetik, ELAk jarraituko du EAJri eta EH Bilduri eskatzen erreforma honetan ukitu gabeko gaiak (kaleratzeak, euskal hitzarmenen lehentasuna…) lehenetsi ditzaten Espainiako Gobernuarekin izango dituzten negoziazioetan”. Bestalde -esan zuen Lakuntzak-, Espainiako Gobernuak eta erreforma onartu duten alderdiek langile-klaseari mezu argi bat helarazi diote: ‘ez dizuegu erraztasunik emango; ez dugu patronala gogaituko, ez eta eskubiderik berrezarriko ere; legez ukatzen dizueguna, beti bezala, borrokatuz lortu beharko duzue’”.
Atzera begira, argi geratu da Yolanda Diaz ministroak, PSOEk eta Unidas Podemosek ez dutela beren programa bete, eta negoziazioa elkarrizketa sozialeko mahaira mugatu dela. Bertan, CCOOk eta UGTk ez dute inolako indarrik, eta patronalak gogor eutsi die hainbeste botere eman dioten erreformei. Ondoren, PSOEk eta Unidas Podemosek eragotzi egin dute dekretua Kongresuan eztabaidatzea, oso jokabide antidemokratikoa erakutsiz; finean, jokaera horrek alderdiek patronalaren eta botere ekonomikoen aurrean duten jarrera otzana erakusten du. Agerian geratu da CCOOk eta UGTk negoziatzeko botere eskasa dutela eta ez direla gai izan CEOErekin hitzartutako testuan hobekuntzak sartzeko.

La postura contraria a la Reforma Laboral mostrada por la mayoría política y sindical vasca ha puesto de manifiesto la ilegitimidad de esta reforma en Euskal Herria. Así las cosas, la lucha para derogar las reformas de Zapatero y Rajoy no ha terminado. Por un lado, ELA seguirá reclamando al PNV y a EH Bildu que prioricen las cuestiones no tocadas (despidos, prioridad de los convenios vascos) en las negociaciones con el Gobierno español; por otro, seguirá luchando en las calles y en los centros de trabajo contra esta reforma, como lo ha hecho hasta ahora.


Eta orain zer?
Kongresuan lan erreforma bozketa negargarrian onartu denetik egun batzuk igaro dira, eta egoera berria aztertu behar da; aurten sektoreko 93 lan-hitzarmen daude irekita (71 EAEn eta 22 Nafarroan), gehi beste 404 enpresako hitzarmen (73, Nafarroan). Funtsean Rajoyk 2012an ezarritakoa bere horretan utzi duen erreforma ikusita, helburuak ez dira aldatu: prekaritatea borrokatu, soldata-arrakala gainditu eta gutxienez KPI bermatzea.
Horretarako, ELAk lantokietako borroka indartu beharko du eta sektore guztietan estatalizazioak zein kaleratze kolektiboek eragiten dituzten kalte handiei aurre egin; izan ere, bi atal horietan ez da aldaketarik izan, Espainiako Gobernuak, UGTk eta CCOOk patronalari abusuzko posizioa bermatu diotelako.
Estatalizazioak berdin-berdin jarraitzen du, azken unera arte euskal hitzarmenen lehentasuna negoziatzeko mahaietan egon bada ere. Azkenean, alferrik. UGTk eta CCOOk Madrilen sinatzen dituzten hitzarmenak etengabe ari dira euskal langileen baldintzak okertzen. Berton negoziatzeko eskubide demokratikoa ere ukatzen dute, materia asko Madrilgo mahaietara eramaten dute eta Euskal Herrian hitzarmen berriak irekitzea galarazten dute.


Estatalizazioak emakumeak kolpatzen ditu
Mari Cruz Elkorok (ELAko Zerbitzuak Federazioaren idazkari nagusia) nabarmendu du Estatu mailako hitzarmenek eragiten duten prekaritatea are larriagoa dela sektore feminizatuetan; arlo honetan erreformak ez du ezer aldatu. “Yolanda Diaz ministroak esan duena, hau da, oraingo erreformarekin prekaritateari aurre egin nahi zaiola, ez da egia; inola ere ez”. Elkorok bi datu oso larri aipatu ditu ministroak esandakoa gezurtatzeko:
“Eskola-jantokietako beharginei Ostalaritzako hitzarmen probintziala aplikatu ordez sukaldaritza kolektibokoa ezarri zaie, Estatu mailakoa: Bizkaian orduko 11,49 euro jaso ordez orduko 7,6 euro kobratuko dute, eta urtean 50 ordu gehiago egin. Beste kasua Bulego eta Despatxuen sektorea da: hitzarmenaren indarraldia bukatu zen eta Estatu mailakoa aplikatzen hasi zen. Kategoriaren arabera, langileek urtean 3.000 eta 5.000 euro gutxiago irabaziko dituzte”, UGTk eta CCOOk Madrilen sinatu dituzten akordioen ondorioz; hots, EAEn ordezkaritzaren %30era ere iristen ez diren bi sindikatuek sinatutakoaren ondorioz.

Estatuko greben erdiak, Euskal Herrian
Datu ofizialen arabera, 2021ean Estatuko greba guztien %42 eta greba medio galdutako egunen %45,7 EAEn izan dira. Honi Nafarroako datuak erantsiz gero, ondorioa da CCOOk eta UGTk gehiengoa duten erkidegoen adina greba egiten direla ELA dagoen lurraldeetan. Behin eta berriro agerian geratzen denez, CCOOen eta UGTren helburua mobilizazioa indargabetzea eta langileen indarra moteltzea da.
Pello Igeregik (ELAko negoziazio kolektiboaren arduraduna) 2022rako “etorkizun beltza” iragarri du: “Pandemiaren ondorioek, lehengaien garestitzeak, hornidura arazoek eta KPI altuek areago konplikatuko dute negoziazio kolektiboa. Izan ere, patronalak KPI altua (%6,5 2021ean) baliatu nahi du jendearen erosahalmena are gehiago murrizteko”.
“Beraz -nabarmendu du Igeregik-, gure eginkizuna izango da negoziazio kolektiboa edukiz betetzea”. ELArentzat hitzarmenetan honako puntuak sartu behar dira:
1. KPIz gaindiko soldata igoerak, aberastasunaren banaketan pisua irabazteko; Euskal Herrian hitzarmeneko gutxieneko soldata 18.200 euro izan behar dira, eta igoerak lortu, soldata-arrakala leuntzeko.
2. Prekaritatearen kontrako neurri eragingarriak, batik bat subrogazio eskubidea eta arlo publikoan behin-behineko iruzurrezko kontratuekin diharduen jende guztiaren kontsolidazioa.
3. Lanaldiaren murrizketa gatazken ardatz bihurtzea, digitalizazioak ez dezan lanposturik suntsitu.
4. Lan erreforma negoziazio kolektiboaren bidez indargabetzeko neurriak, esaterako ELAren klausula hitzarmenen aplikazioan salbuespenik ezar ez dadin.


“Gogoratu beharra dago -erantsi zuen Igeregik- 2022 urtearekin batera ELAren greba kutxa kontsolidatu egin dela: gutxieneko ordaina greba hileko 1.243,59 euro dira; 1.430,13 euro, afiliazio altua duten sektore eta enpresetan. Afiliazio maila altua eta antolakuntza ona izango dira, aurten ere, negoziazio kolektiboko oinarriak”. “Ez gaitzazue Madrilen saldu” lelopean egindako mobilizazioek emaitzak izan dituzte; ez da izan, ordea, euskal alderdiek Kongresuan defendatu dutelako berton negoziatzeko eskubidea, baizik eta presio sindikala eta sozialari esker. Hala ere, Rajoy eta Zapateroren lan erreformen elementu kaltegarrienek indarrean diraute. Beraz, galdera da: Eta orain zer?