Etxebizitza: etxea+bizitza?

Erreportajea Gorka Quevedo
Denok behar dugu bizitoki bat, aterpean egoteko leku duin, egoki, seguru eta erosoa. Hala ere, Euskal Herrian herritarren kopuru handi batek arazo handiak ditu etxebizitza baterako sarbidea izateko.

Etxebizitza egoki eta duina izatea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25 artikuluko lehen atalean ageri da. Beraz, pertsona orok behar luke eskubide hori. Zoritxarrez, Euskal Herrian oso urruti gaude egoera horretatik. Estatistika ofizialei erreparatzen badiegu, Euskal Autonomia Erkidegoan 113.629 lagunek ezin dute independizatu baliabide ekonomiko falta dela-eta. Zenbateko hau %13 igo da azken lau urteetan.

Egoera honek pertsona guztiei eragitena die, baina gazteak dira ondorio lazgarrienak sufritzen dituztenak. Gaztediaren Euskal Behatokiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 30 urte arteko gazteen %61ak bere jatorrizko familiaren etxebizitza utzi nahi du baina ezin du. Nafarroan egoera antzekoa da; 30 urteko gazteen artean jatorrizko etxebizitzatik kanpo bizi direnen kopurua ez da %20ra heltzen.

Hainbat arrazoi daude hau guztia ulertu ahal izateko: alokairuaren eskaintza murritza, etxebizitzen prezio altuak –bai berriak zein bigarren eskukoak–, etxebizitza hutsak, politika publiko eskasak... Eta, honekin batera, milaka eta milaka pertsonek sufritzen dituzten lan baldintza prekarioak.

Har dezagun Gipuzkoaren kasua, herrialde hau baita Euskal Herrian batez-beste etxebizitza garestienak dituen lurraldea. Euskal Estatistika Erakundearen datuek diotenez 2018 hasieran etxebizitza berriaren metro karratuaren prezioa 3.219,4 eurotakoa zen etxebizitza berrien kasuan, 2.750,7 eurotakoa erabilitako etxebizitzetan eta 1.794 euro babestutako etxebizitzetan eta etxebizitza sozialetan. 90 metro koadroko etxebizitza bat oinarri hartuta –Espainiako Sustapen Ministerioaren arabera Estatutan etxebizitzen batez-besteko tamaina 96,4 metro koadrokoa da–, hurrenez hurren 289.746, 247.500 eta 161.460 euro aterako lirateke

Alokairua: prezioak gora etenik gabe

Alokairuari dagokionez, egoera ere latza da. Batez besteko prezioa hilean 952,2 eurotakoa da EAEn eta 814 eurotakoa Nafarroan. Gipuzkoan zein Bizkaian bere maximo historikoetara gerturatzen ari dira. Donostian aspaldian gainditu da muga hau, eta, hilean, bataz beste, 1.057 euro ordaintzen da. Etxebizitza beharra duten pertsonen artetik, %15ek bakarrik ahal dezake aurre egin alokairuak suposatzen duen ordainketari.
Datu hauek agerian uzten dute arazoaren gordintasuna, dirutza horiek ordaintzea ezinezkoa baita lagun askorentzat. Har ditzagun berriz ere Gipuzkoako estatistika ofizialak. Lanean dauden 16 eta 29 urte bitarteko gazteen batez-besteko soldata 996 eurotakoa da. Hots, Donostiako gazte batek hilean jasotzen duten soldata guztia etxebizitza baten alokairura bideratuko balu ere ez litzaioke helduko.

Politika publiko falta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako Legegintzako Herri Ekimena garatzen ari da. Bertan egoera hau iraultzeko hainbat neurri jasotzen dira. Izan ere, errealitate honi aurre egin beharrean, arlo honetan ere politika publikoak guztiz eskasak dira, betiere etxebizitzaren inguruko interes pribatuen eta negozioaren mesedetan.

Dauden laguntza eta prestazio urriek ez dute etxebizitza izateko eskubidea bermatzen. 2017an Jaurlaritzak 121,7 milioi euro bideratu zituen alor honetara, Barne Produktu Gordinaren %0,16a. Erreferentzia bat hartzeko 2009an 217,4 milioi euro bideratu ziren, ia bikoitza. Nafarroan, 2017an aurrekontuetatik 41,6 euro bideratu ziren zoruaren eta etxebizitzaren kudeaketari, urtez urte murrizten ari den kopurua.

Politika publiko hauek ondorio larriak sortzen dituzte. Ainhoa Martinezek (nahiago du bere benetako izena ez ematea) lehen eskutik daki hori. Bilboko Arangoiti auzoan bizi da, Eusko Jaurlaritzaren Etxebide programaren baitan dagoen Bizigune proiektuko etxebizitza batean. “Biziguneko etxebizitza batean bizi ahal izateko urtean gehienez 21.100 eurotako diru-sarrerak izan behar dituzu. Zerrendan izena eman nuenetik deitu ninduten arte hiru urte igaro ziren, gutxi gora behera. Denbora asko da, baina badut lankide bat bost urte pasatxo egon zena”.

Alokairu sozialeko hileko kuota 329 eurotakoa da batez beste; 2008. urtean 194 eurotakoa zen. Ainhoaren kasuan, hilean 284 euro ordaintzen ditu. “Bizigunek pisua 454,24 eurotan tasatu zuen; urtean ditudan diru-sarrerak 12.000 eurotakoak direnez alokairu honengatik ordaintzea egokitu zitzaidan zaidan kuota hilean 284 eurotan geratu zen. Honi etxe batek dituen gastuak batu behar zaizkio: ura, gasa, elektrizitatea... Etxeak ez zuen berogailurik, eta hasierako urteetan hotz handia pasa nuen. Azkenean, borroka asko egin ostean, iaz lortu nuen berogailua jartzea. Gainera, bizitzen hasi eta denbora batetara galdara izorratu zen, eta nire gain hartu behar izan nuen berri bat erostea. Edo, berriki, hozkailua apurtu da eta berria erosi behar izan dut. Etxetik noanean zer egingo dut galdara eta hozkailu berriekin, nirekin eraman?”.

Bizigune proiektuan izan diren lege aldaketak kritikatzen ditu Ainhoa Martinezek, ziurgabetasun handia sortzen duelako. “Lehen bost urteko kontratua sinatzen zen, urtero berritu beharrekoa. Hau da, urtero –nire kasuan beti abuztuan– karta bat bidaltzen zidaten, esanez data zehatz bat baino lehen –normalean astebete inguru– kontratua berritzeko paper guztiak aurkeztu behar nituela eguneratuak: T-10a, errolda, diru-laguntzarik kobratzen ez dudala frogatzen duen agiria... Orain, berriz, kontratua hiru urtetarako da. Hiru urte horietan ordaindu beharreko kuota kalkulatzen dizute, pisuaren tasazioaren eta zure diru-sarreren arabera, eta denbora guztian kuota mantentzen da. Nire kasuan hau albiste ona da, estatu mailako hitzarmen bat dudanez soldata igoerarik ez dudalako izaten”, dio ironiaz.

Oferta insuficiente de pisos de alquiler, altos precios tanto en la vivienda nueva como en la de segunda mano, casas vacías, políticas públicas insuficientes... Si a esto le añadimos las condiciones laborales precarias que sufre gran parte de la población, acceder a una vivienda digna es cada vez difícil.

Eta hiru urte horiek pasatzen direnean? “Kalera”, dio Ainhoak. “Nire kasuan teorian 2019ko abendua baino lehen utzi behar dut pisua. Beraz, data horretan kalean izango naiz. Kontratua noiz amaitzen zen gogorarazteko deitu nindutenean orain alokairu sozialeko pisu gehiago ez daudela esan zidaten. Zerrendatik deitu bitartean, eta hori ez dakizu noiz izango den, zein alternatiba nituen galdetu nienean esan zidaten merkatu librera jo beharko nuela, eta orain ordaintzen dudanarekin aldea eurek ordainduko zidatela. ‘Eta noiz ordainduko zenukete diferentzia hori?’, galdetu nienean ez zidaten erantzun argirik eman. Agian hilero, edo hiru hiletik behin, edo auskalo...”

“Nik estatu-mailako hitzarmen prekarioa dut. Nire soldatarekin bakarrik ezin dut merkatu libreko alokairu batean sartu. Diferentzia hori ez badidate hilero ordaintzen, eta ez didate ematen inolako bermerik, nola egingo dut alokairua ordaintzeko? Merkatu libreaz gain zein alternatiba eskaintzen dizute? Ezer ere ez”.  

Erreportajea

“Bizilagunak bizi-lagunak izan daiteke”

Etxebizitza ulertzeko beste eredu baten bila Abaraska etxebizitza kooperatiboa sortu da Donostian.