“Bizilagunak bizi-lagunak izan daiteke”

Erreportajea Gorka Quevedo
Etxebizitza ulertzeko beste eredu baten bila Abaraska etxebizitza kooperatiboa sortu da Donostian.

Etxebizitzaren arazoari irtenbide bat bilatzekobeharretik eta egungo ereduari alternatiba bat ematearen nahitik sortu da Donostian Abaraska egitasmoa. Dagoeneko 60 lagun inguru batu dira etxebizitza kooperatiboa helburu duen proiektu honen inguruan, gehienak 25-35 urte bitarteko gazteak. Batzuk Donostian bertan jaiotakoak dira; beste batzuk, arrazoi ezberdinak medio, Donostiara etorri direnak. Baina guztiek argi dute bertan garatu nahi dutela euren bizi proiektua.

Abaraska egitasmoa Donostian sortu izana ez da kasualitatea. Bertan daude Euskal Herriko etxebizitzarik garestienak, eta politika publikoak oso eskasak dira. Nahiko Arraiza eta Nora Erdozi Abaraska proiektuko partaide dira. “Abaraskan etxebizitza batera sartzeko arazoak dituzten pertsonez gain egungo eredu indibiduala auzitan jartzen duten lagunak daude. Gaur egun modu indibidualistan erantzuten zaio gai honi, baina arazoa kolektiboa da”.

Etxebizitza, ondasun materiala baina gehiago

Etxebizitzak –edo etxebizitzaren faltak– pertsona baten bizitza asko markatzen du. Horregatik etxebizitza hitza beraren kontzeptua birpentsatu behar dela uste dute. “Etxebizitza eskubide bat da, oinarrizko eskubide bat. Baina horretaz gain ‘zer da etxebizitza?’ galdera erantzuten saiatzen gara, horren inguruan ausnartu nahi dugu. Zer gertatzen da ezin duzunean etxebizitza batetara sarbiderik izan? Zeri egiten diozu uko? Oso gogorra da jakitea, adibidez, hiru hilabete barru etxebizitza utzi behar duzula eta beste norabait joan behar duzula. Horrela ezin duzu bizi proiekturik antolatu”.

Etxebizitzaren arazotik harantzago, hiri proiektua bera auzitan dagoela azpimarratzen dute Abaraskako ordezkari hauek. “Nolako hiria nahi dugu? Nolako auzoak? Nolako harremanak bizilagunekin? Donostian hiriaren eskubidea galtzen ari gara. Eta etxebizitzaren gaiaz gain, edo, horrekin lotuta, badira beste eztabaida batzuk. Adibidez, turismo eredua. Gure ekimena azaldu genion arduradun politiko batek honakoa erantzun zigun: ‘ados, ondo dago proiektua, baina zergatik ez zarete saiatzen honako edo halako herri txiki batean?’. Ba, ez. Donostiako hirigunean bizi nahi dugu, horregatik ari gara alternatiba bat lantzen. Ez dugu gure hiritik joan nahi, gure auzoetatik. Hemengoak gara, eta ez dugu joan nahi”.

Hau guztiagatik, etxebizitza bat adreilu multzo bat baina askoz gehiago dela azpimarratzen dute Nahiko Arraizak eta Nora Erdozik. “Etxebizitza ez da ondasun material soila. Gure etxebizitza ereduak antolamendu kooperatiboa, jabetza kolektiboa, etxebizitzaren erabilera balioa eta kideen arteko lankidetza ditu ardatz. Egungo bizi eredu indibidualistak ez ditu kontuan hartzen jendearen oinarrizko beharrak. Bizitzako aspektu gehiago partekatu nahi ditugu gure intimitateari eta pribatutasunari uko egin gabe. Bizilagunak bizi-lagunak izan daitezke”.

Egitasmoa sendotzea helburu

Abaraska proiektu aitzindaria da Euskal Herrian, baina badira Europan zein mundu zabalean antzeko egitasmoak. Horien artean, Bartzelonako La Borda da ezagunenetako bat. Proiektua asmo hutsa izatetik errealitate bihurtzera da orain Abaraskako kideen erronka. “Oso garrantzitsua da egitasmoa aurrera jarraitzea, Euskal Herrian gisa honetako proiektu berriak sortu eta egi bihurtu daitezkeela ikusteko. Orain arte batez ere sukaldeko lana egin dugu. Egitasmoak aurrera jarraitzeko urrats berriak eman behar ditugu, azken finean helburua etxebizitza kooperatiboa eraikitzea baita”.

Etxebizitza kooperatibo proiektu hau gauzatzeko espazio bat lortzea da erronka. “Legalki eta espazio aldetik posible da, hor ez legoke arazorik egon behar. Guk etxebizitza herrikoia aldarrikatzen dugu: lur-sailak publikoak izatea eta kooperatiba izatea eraikinaren jabea eta eraikitzen duena. Udaleko zein Eusko Jaurlaritzaren arduradun ezberdinekin bildu gara. Baina proiektuaren bideragarritasunak ezin du administrazioaren borondatera mugatuta egon behar derrigorrean. Horregatik alternatibak ere aztertzen ari gara”. 

Erreportajea

“Con sueldos de mil euros no puedes independizarte”

Erika relata las dificultades que tienen miles de personas para acceder a una vivienda digna.