Gutxienekoa asko denean

Erreportajea Testua: ANDER EGILUZ BERAMENDI • Argazkiak: N. URIARTE
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, zaintza lanen aitortza eta publifikazioa aldarrikatu zuen ELAk. ‘Feministak garelako: publikoaren alde! Cuidar(nos) es colectivo’ lelopean, ekitaldia eta manifestazioa egin zuen.

Betiko kontua da: zergatik merezi dute kausa batzuk leku berezia egutegian? Zergatik behar dute izan kausa batzuk beste batzuk baino kausago, eta egun batzuk beste batzuk baino egunago? Zergatik ospatu martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna? Ez al da egunero feminista izan behar?

Eta ospatu al da aditz zuzena? Feminismoa aldarrikatu edo emakumea omendu? Galderak eta kontraesanak hamaikatxo; argi, gauza gutxi, ez bada makurrak zuzentzeko grina, barne erraietatik ateratzen dena.

Aldarte horrekin antolatu zituzten aurtengo martxoaren 8ko ekitaldiak mundu mailan. Hamaikatxo duda eta kontraesanekin, feminismoa ulertzeko mila era desberdinekin eta emakume izateko emakume beste modurekin.

Non batu, orduan? Non denek kointziditu? Gutxieneko komun baten bila, oso gutxieneko komun handia aurkitzen dute, urtero, bilatzen dutenek: *Emakumea, edozein mugez gaindi. Munduko giza populazioaren % 49,7 (NBEren datuen arabera) eta, mundu mailan, gizakion zaintzan diharduen populazioaren % 71 (NBEren datuak, beste behin). 

Oinarrizko desoreka hori aintzat hartuta, kapitalismoak zaintzen esparruan eragindako gainbeherari konponbidea aurkitzen lagundu nahi du mugimendu feministak. Horrela, gizatasuna berreskuratuko duen eta bizitzak erdigunean jarriko dituen modelo berria eraikitzeko asmoarekin, beste zaintza sistema baten aldeko aldarria egin du feminismoak. Zaintza lanetan diharduten emakumeak omendu ditu aurtengo martxoak 8. 

 

Aitortza eta publifikazioa

ELAk ere antolatu zituen ekitaldia eta manifestazioa egunerako, ‘Feministak garelako: publikoaren alde! Cuidar(nos) es colectivo’ lelopean. Zaintza lanen aitortza eta horien publifikazioa aldarrikatu zituen sindikatuak, Nahia Fernandez Genero Taldeko kideak azaldu bezala. Berarekin batera, Leire Gallego eta Jone Bengoetxea aritu ziren jardunaldiaren prestakuntza lanetan, Leire Estévez Ekintza Sozialeko kidearen laguntzarekin. Bilboko Campos Elíseos Antzokian izan zen goizeko atala eta lepo bete zituzten bertaratutakoek patio, palko eta balkoiak, eguerdiko manifestazioaren aurretik. Mila lagun inguru bildu ziren.

Zer esan baduenaren zirrara nabaritzen zitzaion jendarteari argiak itzali eta bozgorailuetatik hainbat emakumeren testigantzak entzuten hasi zirenean. Osasun sistema publikoarekin izandako bizipenak partekatu zituzten, modu anonimoan; beraien azaletan bizitakoak zein senitartekoek izandako esperientziak. Aurrekontuetatik osasungintzara bideratzen ez den diruak eragin zuzena dauka jendearen egunerokotasunean eta, ahotsetako batek azpimarratu zuen bezala, “osasun sistema publiko ona behar dugu, ezin dugulako sistema pribatua ordaindu”.

Uxue Mingo ELAko Gizalaneko kidea izan zen oholtzara igotzen lehena. Zaintza publikoa defendatzea feminista dela oinarri hartuta, klase sindikatuaren perspektibatik egin zuen berba M8aren inguruan. “Zerbitzu publikoak pribatizatzeak klase ikuspegi ukaezina dauka”, esan zuen. “Nola da posible pertsona baten ahalmen ekonomikoak determinatu ahal izatea unibertsalak behar luketen eskubideen jabe izatea ala ez? Nola onartu errentagarritasun ekonomikoa zaindua izatearen edo zaintzaileen eskubideak bermatzearen gainetik egotea?”.

Zerbitzu publikoen aldarrikapenak gizarte osoari eragiten badio ere, emakumeen ongizatean igartzen da batik bat. “Gabezi egoeretan, zaintza esparruko zerbitzu publikoak emakumeon bizkarren gainean amaitzen dute. Bereziki, emakume migratu eta arrazializatuen bizkarren gainean”, gehitu zuen. Oinarrizko zerbitzuen pribatizazioak ateak irekitzen 

dizkio esklusio sozialari eta, horren aurrean, “elkarren arteko zaintza” defendatu zuen elakideak. “Denok gara langile eta baita zerbitzu publikoen erabiltzaile ere, eta bi ikusmira horiek uztartu nahi izan ditugu gaurkoan”. Ongi etorriaren ostean, ekitaldian zehar barreak eragingo zituzten Leire Ucha eta Leire Olaran aktoreek eman zieten hitza mahai inguruetan parte hartuko zuten emakumeei.

"El feminismo quiere ayudar a resolver las faltas que el capitalismo ha provocado en el ámbito de los cuidados"

Hiru mahai gartxu

Oso modu neurritsuan zegoen oholtza jantzita: hiru mahai txikiren bueltan, hiruzpalau aulki, goitik behera argi goxo batek fokuratuta. Mahainguru bakoitzean, zaintza esparruko eremu bereizi bateko langile edota erabiltzaileak zeuden. Lehenengoan, Osasunbidea eta Osakidetzako Miriam Goñi erizain-laguntzailea (TCAE), Ana Viedma zeladorea eta anatomiako Eli Agirre aritu ziren osasungintzaz.

Esku-hartze sozialeko mahaian, Cielo Pizarro eta Diana Wellington Urgatziko erabiltzaile ohiekin batera, Mercedes González (Urgatzi) eta Sara Gastón (Hazaldi) beharginak jardun ziren. Eta erresidentzien harira, Donostiko Lamorous egoitzako Amparo Muñoz eta Angela Blázquez, erabiltzailea eta bere zaintzailea, hurrenez hurren.

Zaintzen egungo egoeraren argazki editatu gabea aurkeztu zuten parte hartzaile guztiek. Ekitatea mamigabetzen duten diskurtsoen garaian, genero arteko arrakalak mingarria izaten jarraitzen du, soldatan, jasotako tratuan, perspektatiba profesionalean... Garbikuntza eta sukaldaritza bezalako zerbitzuak izan dira pribatizatzen lehenak —lan eremu feminizatuak biak—; irainak eta indiferentzia askotan bizi dituzte zaintzan diharduten emakumeek, negoziazio mahaietatik eguneroko egoeretara arte; eta Nafarroako Ospitaleko Ana zeladoreak ahobizarrik barik esan zuen bezala, “lana oso ikuspegi matxistatik begiratzen dute nagusiek”. Gizonezkoak ditu buru gehien-gehienak eta, beste ezeren gainetik, indar fisikoa baloratzen dutela gaitzetsi zuen, nahiz eta tresna asko dauden orain lana horren fisikoa egiten ez dutenek.

Feminismoak eta emakumeek orain arte egindako bidea ospatzeko ere hartu zuten tartea hizlariek. Entzuleek txalo zaparradaz jasotzen zituzten goraipamenezko mezuak, katarsi ariketa batean, bozgorailuetatik heltzen ziren berbak baino ozenago maiz. Hitz egiten zuenak bizitakoak sentitzen zituzten entzuten zutenek. Enpatiaz eta begirunez, aintzat hartuta hizlariak partekatutako esperientziak. Adiskidetasun polita nabari zen antzokian.

Adeitasuna langileekiko

Zirrara berezia sortu zuten adeitasunezko keinuek; Cielo eta Diana Urgatziko erabiltzaile ohiek beren zaintzaileekiko erakutsitako miresmena kasu. Egoera latzetan hazi ziren biak eta Urgatziren etxe babestuetara bidali zituzten. Jatorrizko situazioetan baino hobeto egonagatik, ezin izan zuten gaztaro xamurra izan administrazioaren babespean ere: nerabezaroa nahasia bada berez, aterpe beharko lukeen etxetik atera eta leku arrotz batean jartzen zaituztela imajinatzea besterik ez dago. “Gizonekin ezin nuela hitz egin esaten zidaten gurasoen etxean eta, ezpainak margotzen banituen, hori putek baino ez dutela egiten esaten zidaten”, aitortu zuen Cielok, antzokiaren beraren tripak uzkurtuz. “Baina zentroan eman nituen urteak nire bizitzako onenak izan dira. Zaintzaile horiei esker naiz gaur egun naizen emakumea”.

Dianak, bere aldetik, zentroko langileak “errieta egiten eta zer egin esaten” zieten pertsonak bezala baino ez zituen ikusten baina, orain, gazteekin egiten duten lana “ikaragarri” baloratzen duela esan zuen. Gaur egun, Urgatziko langilea da bera ere bai.

Hamar urte baino gehiago daramatza Amparok, egoiliar gisa, Lamourous egoitzan. 87 urte ditu eta itzulinguruka ibiltzeko beharrik ez zuela argi utzi zuen lehen momentutik: “Oso zaintzaile onak ditugu, baina gutxi kobratzen dute”. Nagusien egoitzak publikoak izatearen garrantzia azpimarratu zuen ere, mozkinetan oinarritutako negozioek ezin dutelako erabiltzaileek hain beharrezkoa duten hurbiltasuna eta kariñoa ziurtatu, bere aburuz. “Diruaren atzetik doaz (enpresa) partikularrak eta ahal dutenetik kentzen dute, gauzak gero eta estuago eginez”. “Trenak bezain azkar doaz zaintzaileak”, gehitu zuen, publikoaren barrea eraginez, eta egoiliarrekin harremana sortzeko denborarik ez dutela. “Eta oinarrizkoa da hori”.

Nagusi askok egoitzetara sartzean sentitzen duten angustiaz aritu zen ere bai Amparo, bizitza mota berrira ohitzeko “denborarik eza” gogoratuta. “Egoitza batean sartzea oso bizitza aldaketa latza da”, gehitu zuen, Angelak buruarekin arrazoia ematen zion bitartean.

Generoen arteko ekitatea lortzeko, oraindik ere, bide luzea egiteke dagoen arren, martxoaren 8ko ekitaldiek oso beharrezkoa den hauspoa ematen diote feminismoari eta mugimenduaren parte diren guztiei. Eta kidetasun hori oso nabaria izan zen Camposeko ekitaldian zehar.

Greba orokorrerako deia

Antzokiko ekitaldia amaitu aurretik, Leire Gallegok Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba orokor feministaren berri eman zuen. Hurrengo aste eta hilabetetan greba proposamenari forma emateko lanetan lagunduko du ELAk, beste eragilerekin batera. “ELA Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte da eta mugimenduak deitzen dituen mobilizazioak modu aktiboan babestu eta bultzatzen ditu”, azpimarratu zuen.

“ELA erreferentea izan da zaintza esparruetan piztutako lan gatazketan eta soldata arrakalaren aurkako borroketan”, jarraitu zuen Gallegok. “Zentzu horretan, Mugimendu Feministak bultzatzen duen greba orokorraren aldarrikapenak ELAk ere partekatzen ditu. ELAren aldarrikapenak dira. Horrela izan zen ere 2019an eta 2020an deitutako greba feministetan. ELAk zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen du eta mobilizazioak deitu ditugu pertsona guztion eskubideak legez bermatzeko”.

"En tiempos de discursos vacíos sobre la equidad, la brecha entre géneros sigue siendo sangrante en los sueldos, el trato recibido, la perspectiva profesional..."

Antzokiko energiarekin indarberrituta, Camposeko atarian bertan ekin zioten manifestazioari bertaratutakoek, Bizkaiko Foru Aldundiraino. Emakume gazteak eta nagusiak, bertan jaioak zein beste herrialde batetik etorritakoak, hirikoak, herrikoak, lagunak eta ezezagunak. Gizonezko asko ere bai. Gutxienekoa asko denean, batu egiten da gizartea. Eta horrela izan zen martxoaren 8an ere bai, zaintzen esparruaren inguruan, emakumeak eta borroka feminista omenduz.

 

Erreportajea

En la primera línea de los cuidados

Las mesas redondas pusieron el foco en las principales afectadas por el modelo actual, y sirvieron para conocer, de primera mano, sus experiencias y reivindicaciones.