Haizea alde Ipar Euskal Herrian

Erreportajea Testua: Gorka Quevedo Argazkiak: Foku
Bagira prozesuak mugimendu abertzalearen datozen hamarkadetarako bideorria aurkeztuko du martxoaren 31n Uztaritzen (Lapurdi) ospatuko den Aberri Egunean.

Pozik da Txomin Poveda, baikor. “Haizea alde dugu Ipar Euskal Herrian”, dio. Badaki zenbait esparrutan bide luzea geratzen dela helburua lortzeko, eta jakitun da badirela mugimendu abertzaleak kontrolatu ezin ditzakeen kanpo faktoreak, baina Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen osasuna oso ona dela dio, eta horregatik baikor dela. Osasun on horren ondorio da Bagira prozesua, Povedak azpimarratu duenez.

“Bagira Ipar Euskal Herriko ezkerreko mugimendu abertzalearen barne gogoeta prozesua da. 2023an, 60 urte bete ziren Itsasuko Adierazpena plazaratu zenetik; adierazpen hura Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen abiapuntua izan zen. Mugimendu abertzalea zerotik abiatu zen Ipar Euskal Herrian, eta 60 urte hauetan sekulako ibilbidea egin du. Orain, mugimendu abertzalean biltzen diren militante eta sektoreek bultzatuta, ikusten genuen behar bat bazela abertzaletasuna birfundatzeko eta hurrengo 60 urteetarako beste bultzada bat emateko”.

Bagira prozesuak urtebete pasatxo iraun du, eta ehunka militantek hartu dute parte. Gogoeta prozesu horrek etorkizunerako bideorria markatuko du, martxoaren 31an Uztaritzen (Lapurdi) ospatuko den Aberri Egunean aurkeztuko dena.

Mugimendu abertzalea, “sasoi betean”

Txomin Povedak “biziki ongi” ikusten du Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea. “Aski arraroa da egiten ari garen prozesu hau. Maila horretako gogoeta prozesuak normalean egiten dira egiturak edo mugimenduak krisian direlarik. Baina Bagiraren ezaugarri bat da prozesua piztu dugula mugimendua osasuntsua delarik. Ariketa egiten dugu, presezki, ikusten baitugu mugimendua ezagutzen ari dela gero eta arrakasta biziagoa, gero eta zabaltze biziagoa. Hainbat urtez beti ukan du horrelako hazkunde bat, maila ezberdinetan, baina azken hamarkadan mugimendu abertzalea abiadura bat hartzen ari da. Hori da interesgarria dena, sanoa eta biziki kohesionatua den mugimendu baten seinale. Etorkizunerako prestatzen ari gara, eta manera bateratuan”.

“Egun milaka abertzale ari dira euren zurrunbiloan eragiten, baina lotuak direnak proiektu politiko global bati. Guk probokatu dugu gogoeta prozesu hau, guk markatu dugu agenda. Hartu dugu behar genuen denbora, eta ari gira proiektu global horren oinarrien inguruan hausnartzen. Militante abertzaleek ere horren beharra zuten, horregatik du arrakasta prozesuak”.

Euskara, etxebizitza, klima aldaketa, borroka sozialak eta laborantza herrikoia

Ehunka dira Bagira prozesuan parte hartu duten lagunak. Hain zuzen, ekimenaren atal garrantzitsuenetakoa izan da militante horien guztien iritzia jakitea eta aztertzea. Orotara, 1.500 pertsonak osatu dute Bagirak aztertutako lagina, baina gehiago izan dira  inkestan parte hartu dutenak. “Kopuru oso altua da, pentsa Iparraldean soilik Euskal Herriko biztanleriaren %10 bizi dela”.

Militante abertzaleen iritziak jakinda, bost dira dituzten kezka nagusiak: euskara, etxebizitza, klima aldaketa, borroka sozialak eta laborantza herrikoia eta lurren defentsa. “Atal bakoitzak badu helburu bat kokatuta hurrengo hamarkadarako. Erronka handia da, baina Ipar Euskal Herriak badu altxor bat: mugimendu biziki aktibo, saretua eta hedatua. Eta hori baliatu nahi dugu botere gune guztietan eragiteko”.

Etorkizuna irabaztearen garrantzia

Bagira prozesuak epe luzerako bideorria garatu nahi du. Baina, nola irudikatzen du Txomin Povedak etorkizuneko Ipar Euskal Herria? “Zaila da, badirelako kanpo faktore batzuk ez ditugunak menperatzen. Mugimendu abertzaleak 60 urtez sekulako ibilbidea egin du, eta gaurko egunean azpimarratuko nuke aspektu elektoral instituzionalean bigarren indarra dela. Hainbat eta hainbat urtez ezkerreko abertzaleak kriston minoritatean egon dira. Mugimendu abertzalea hartzen ari da lidergoa esparru eraldatzailean. Gaurko egunean errango nuke guk dugula hegemoniaren kultura irabazteko, eta gu garela eraldaketa probokatuko dugunak. Gure aurrean den indarra da frantsez zentro-eskuina, ez duena eraldaketarik bultzatzen. Egiten dutena kudeatzea da. Beraz, aldaketak mugimendu abertzaletik etorriko dira”.

Poveda jakitun da mugimendu abertzaleak denbora beharko duela gehiengora iristeko edo botere esparru ezberdinetara heltzeko, baina baikor da. “Badakigu biziki urrun girela oraindik ere hainbat alorretan. Biztanleriaren gehiengoak frantsez komunikabideetatik edaten du; biztanleriaren %80 ez da euskaraduna, ez du kontakturik hizkuntzarekin; gutxiago dira ere praktikatzen dutenak euren egunerokotasunean... Hainbat eta hainbat esparrutan ikusten dugu progresioa oraindik ere inportantea dela gehiengora iristeko. Baita ere elektoralki luze izanen da, hainbat eta hainbat urte beharko dira ezkerreko abertzaleak lehen indar politiko instituzionala bilakatzeko. Baina hori etortzen ari da, eta gu prestatzen gira hortara”.

“Bestalde, badira kanpo faktore batzuk baikorki eragiten dutenak. Aldaketa klimatikoarekin batera bai ala bai ekonomiaren ber-ezagurritze bat eman beharko da, eta horrek hainbat aldaketa soziologiko eragingo ditu. Biztanleriak eskatzen du gero eta gehiago tokikotasuna, eta ulertzen du bere bizi baldintzen gainean behar duela burujabetza gehiago. Burujabetza gehiago behar dugu indibidualki eta kolektiboki, osasunean, elikaduran, etxebizitzan, energian... Horrek ekartzen du ere burujabetza politiko gehiagoren beharra, eta geroz eta jende gehiagok ulertzen du burujabetza gehiago behar dugula”.

Eskuin muturraren mehatxua

Haizea alde egon arren, mehatxuak ere badira. Poveda biziki kezkatuta dago eskuin muturrak Frantziar estatuan bizi duen igoerarekin. “Badira mehatxuak, eta arerio biziki azkar batzuk. Badakigu eskuin muturra garatzen ari dela planeta osoan, baina bereziki Europan eta bereziki Frantzian. Frente Nazionala eta muturreko eskuinaren blokea irabazten ari da hegemonia kulturala, eta hori mehatxu izugarria da gu bezalako herri batentzat. Frantses estatua oso zentralizatua da, eta segitzen du problema bat izaiten Ipar Euskal Herriko emantzipazio prozesurako. Eskuin muturra Frantziako estatuko boterera helduko balitz egoera erabat aldatuko luke. Frantsez estatua biziki zentralizatua da, botere gehien-gehienak estatuak kontzentratzen ditu. Madrilek badu bere eragina, noski, baina bere egitura administratiboagatik Parisen eragina ikaragarria da. Zuk Parisen irabazten baduzu ez duzu hainbesteko kontra-botere instituzionalik lurraldeetan. Eta badakigu ere badirela hainbat indar ekonomiko, aldagai teknologiko eta beste etorriko zaizkigunak. Baina, hala ere, esango nuke gure bideak mementuz usain ona duela”.

Hegemonia kulturala irabaztearen garrantzia

Bagirak dituen helburuak lortzeko botere gune ezberdinak irabaztearen garrantzia aipatzen du Povedak. “Mugimendu abertzalean historikoki badakigu badela fronte politiko-instituzional bat, baina badakigu badirela beste hainbat fronte ezinbestekoak direnak fronte politiko-instituzionala elikatzeko. Eta badakigu ere ezin dela botere politikoa irabazi botere soziala irabazten ez badugu. Bizi garen munduan, botere politiko-instituzionalak gero eta botere gutxiago du, eta geroz eta garrantzia gehiago hartzen ari dira komunikabideak, esparru ekonomikoak... Guk, hasteko, biziki konszienteki esaten dugu boterea nahi dugula, baina esparru guztietan, irabazi nahi dugu denetan: laborantzan, sindikalgintzan, komunikabideetan...”.

“Ipar Euskal Herria mendeetan egon da botere instituzionalik gabe. Beraz, mugimendu abertzaleak bai ala bai hainbat tresna sortu ditu herri botere propioak sortzeko. Zergatik sortu ditu herri Ikastolak? Zergatik bere moneta propioa? Zergatik bere Laborantza Ganbara propioa? Hainbat tresna konkretu sortu ditu herriak horren beharra zuelako. 2017 geroztik badugu Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa, garaipen biziki inportantea zena eta etapa biziki inportantea zena, baina inondik inora aski ez dena erantzuteko Ipar Euskal Herriko biztanleriaren beharrei”.

Gazterik gabe, etorkizunik ez

Ezinezkoa da epe luzerako proiekturik garatzea gazterik gabe. Begi-bistakoa da hori. Eta, alor horretan ere, Poveda baikor agertu da, gogotsu ikusten dituelako Ipar Euskal Herriko gazteak, sekulako baldintzekin. “Agian gazte esparruan historian izan ez diren baldintza hoberenak dituzte. Zergatik? Bada mugimendu bateratu bat, kohesionatua. Borroka armaturik gabeko belaunaldi bat bada, non borroka abertzalea geroz eta onartuagoa den. Aldiz, falta dituzte tresna batzuk haien adierazpen politiko propioa garatzeko. Hori da ikusi duguna eta horregatik Bagira prozesuan lan egin dugu Zutik gazte dinamikarekin”.

Gazte horien helburua da Ipar Euskal Herria abertzale batean bizitzea, noski. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herriak bizitzeko baldintza bikainak dituela dio Povedak, horrek sarri askotan txanponaren beste aldea erakutsi arren.

“Ipar Euskal Herria biziki atraktiboa da berez, eskaintzen duen bizi kalitateari esker, izan diren atraktibitate politikei esker... Bada hainbat jende gero eta gehiago etortzen dena Ipar Euskal Herrira, horrek sortzen dituen arazoekin eta aldaketekin: hizkuntza aldetik, kulturan, nortasunean, etxebizitzan... Horrek, noski, baditu bere ondorioak: zahartzea kostaldeko hirietan, zerbitzu publikoen eskaintza batzuetan ttipitzen da... Hor bada erronka bat. Guri dagokiguna, mugimendu abertzale gisa, jende hori erakartzea da. Guk irabazi egin nahi dugu herri hori, eta irabazi nahi dugu herriarekin. Dugun erronka da biztanleria hori gure proiektu politikora erakartzea. Ez hainbeste bizitzera etortzeko, baizik eta proiektu politiko progresista, feminista, ekologista, sozialistara erakarri behar dugu. Hori da gure buruari kokatzen diogun erronka, eta bide orrian hainbat elementu jasotzen dira zentzu horretan”.