"Kolektibizatzea zaila da, baina irabazten dugu konpartitzen dugunean"

Elkarrizketa Nagore Uriarte

GOSE musika taldean ezagutu genuen Ines Osinaga, trikitia soinean eta botak jantzita. Botak erantzi ditu, baina soilik zentzu hertsian, musikaria eta plazandrea, biak, izaten jarraitzen duelako. Lan berria kaleratu berri du: `Itsasoa da bide bakarra´. Bere bakarkako lehen lana da, baina jendez inguratuta dator, “niri buruz kantatzea delako zuri buruz kantatzeko nire modua”. Doluaren aitortza dela dio, “aldaketari gorazarre bat”. Itsasoa bezala, batzuetan haserre, beste batzuetan bare; baina beti bizi. ARGAZKIAK: Jone Albeniz.

Lan berria kaleratu duzu. Lehenik eta behin, zelan zaude?

Ondo nago, egon nahi dudan lekuan. Langile autonomoa izatea kaka zahar bat da, baina balio handia ematen diot nire lanaren inguruko erabakiak hartu hala izateari. Autonomoa izateak beldurra ematen du; denari baietz esatearen presioa duzu. Orain lasaiago nago; eta batez ere, ilusionatuta nago, baina ez gehiegi. Nire bizitzako beste momentu batzuetan, diskoei zentralitatea ematen edo oso plazara begira egon naizenean, espazio publikoa asko habitatzen egon naizenean, hori zen nire bizitzaren zentroa, eta batzuetan nire bizitzaren gainetik pasa da. Orain, lanak eta sorkuntzak parte handia okupatzen dute, baina ez naiz hori bakarrik. 

Zaila da erritmoa jaistea?

Dosifikatzen ari naiz, baina batzuetan kostatzen zait. Badirudi kultura hitza jartzen dugunean erromantizatu egiten dugula, baina batzuetan plaza publikoa gertuago dago kapitalismotik kulturatik baino. Gainera, euskal eta kultura, biak elkarren ondoan jartzen ditugunean zeharo erromantizatzen dugu guztia. Gogoan dut Durangoko Azokan lan berria aurkezten nuenean: ilara luzeak, komunikabideak... Badirudi sold outaren etengabeko kulturan bizi garela. 

Zer dago sold out kulturaren atzean?

Leia oso baza: `erosi nazazu agortuko naizela eta´. Iruditzen zait proposamen kulturalak, artea orokorrean, ezin direla neurtu errentagarritasun ekonomikoan bakarrik; ez dut horretara jolastu nahi. Batzuetan sistema horretan sentitzen dut txiri-txiri banoala gauzak beste modu batera egiten; beste batzuetan, berriz, sekulako presioa sentitzen dut, eta `síndrome de la impostora´ aktibatzen zait. Baina gero neure buruari esaten diot: agian ez naiz ni, agian sistemak estutzen gaitu leku guztietatik. 

Etxean zein etxetik kanpo lan egiteko, adibidez?

Tranpa bat da. Ez da erraza izatea ama eta beste edozer gauza. Ez da erraza izatea langilea eta beste edozer. Zaila da dena bi ertz prekario batzen dituzunean. Imajinatzen dut aita enpresaburua izatea errazagoa dela ama langile izatea baino, agian galdetu beharko genieke haiei zer dauden prest ez egiteko. Niretzat amatasuna zaplazteko handia izan zen. 

Ez garelako uste bezain aurrerakoiak?

Feminista eta klase borrokarekin konprometitutako jendarte batean bizi nintzela uste nuen, eta zaplazteko handia hartu nuen. Amatasunak nire bizitzako dolurik handiena ekarri dit. Baneukan lan  bat, jardun da, nire identitatea asko markatzen zuena, baina besteen begiradapean eraikia zen, eta haurdun geratu nintzenean eta amatzen hasi nintzenean konturatu nintzen ez zirela bateragarriak. Aukeratu behar izan nuen ordura arteko hura izan edo beste ni bat izan. Gogoan daukat Anariren `Amua´ abestiak gogor astindu ninduela lehen haurdunaldian. Uste nuen niri gertatzen ari zitzaidana niri bakarrik gertatzen zitzaidala eta oso gogorra da hori. Sekulako bakardadea sentitzen duzu. `Ba ez nago ba hain pozik´... esaten nion neure buruari.

Eta pozik egon beharko nuke...

Langile eta emakume perfektua izan behar duzu, baita ama perfektua ere. Baina ama trajeak izugarri estutzen du, berarekin dakar sekulako estereotipo pila eta presio handia. Gainera, sistemak erabat deserotizatzen gaitu, guztiz desgorpuztu, baina aldi berean etengabe jarri behar duzu gorputza; oso perbertsoa da. Ahal izan nuen bezala egin nuen: sarea bilatzen, terapiara joaten eta negar egiten. Gogoratzen dut Uxue Alberdiren `Euli-giro´ liburuko ipuin bat. Ametsetan zela, protagonista lanera bueltatu eta inork ez du ezagutzen, inork ez du begiratzen, inork ez du gogoratzen. Niri hori piztu zidan: desagertzearen beldurra. Nik neure burua gogoratzen dut lehenbiziko erdiondoan agenda kulturalera begira eta beste artista batzuen agenda ia obsesiboki begiratzen. `Ni ez nago hor´, `Nirekin ahaztuko dira´, `Nor naiz ni ez badaukat lekurik hor?´esaten nion neure buruari. Guzti horri bueltaka ari nintzen, eta aldi berean, ama deseraikitzen. Maitasun erromantikoarekin gertatu zitzaidan bezala, amatasuna gezur handi bat zela ikusi nuen. 

Baina buelta eman eta sormena berreskuratu zenuen

Momentu batean erabaki nuen agian posible zela ama eta musikaria izatea, ama eta musikaria izateko moduak kuestionatzen baditugu behintzat. Musikari izateko modu asko dago eta hori da orain nire aktibismoetako bat. 

Musikaria naiz, baina ez nago plaza ikusgarri horien atzetik, momentu honetan ez delako bateragarria nire bizitzarekin. Aitortuko dut batzuetan nire desioa horra doala, sold outaren kultura eta instagramen idealizazio horretara.  

Trikia “euskaldun prototipo” batekin lotzen zen garaian... zuk musika elektronikoa eta trikitiza batu zenituen GOSEn. Transgresioa ote?

Orain ematen diot balioa horri, baina momentuan ez nintzen kontziente. Konturatzen nintzen egiten nuenak zerbait eragiten zuela, deserosotasun bat, zerbait exotikoa zela, normaltasunetik eta arautik kanpo geratzen zena... baina gustatzen zitzaidalako egiten nuen, besterik ez. Askotan esaten dut ez naizela trikitilaria, ez dudalako trikia jotzen motxila guzti horrekin: ez daukat trikitixa jotzen duen aitona bat; ez naiz gipuzkoar gizon bat zeinen amonaren etxean birraitonaren soinua oraindik gordetzen den eta zeuk ere hedatzearen ohorea daukazun...(Barre).

Nik trikitixa jotzen dut, baina nire buruan ez daude fandangoak, Beatles-en abestiak daude. Urte askoan pentsatu dut hori ahulgune bat zela trikitixa jotzeko, zerbait falta zitzaidala, baina orain balioa ematen diot, askeago egin nauelako. Trikitixa jotzen nuen, baina ez nuen Tapia eta Leturia bezalakoa izan nahi, ni ez nintzen horrelakoa; Arrasateko gazte bat nintzen, baina ez nuen RIP bezalakoa izan nahi. Erreferente falta handia zegoen. Gogoan dut Arrasateko gaztetxean Sorkun lehen aldiz ikusi nuenean. Orduan pentsatu nuen: hau ere egin daiteke? Orduan agian bai, agian musikaria izan nahi dut. 

Izan duzu `síndrome de la impostora´?

Nola ez dugu izango aktibatuta leku guztietara joan behar izan badugu gauzak demostratzera hiru aldiz, bi aldiz pasatzen erdia ikus gaitzaten? Zerbait perfektua egingo dudanaren segurtasuna ez dudanean aktibatzen zait. Baina belaunaldi berriak badatoz autoestimua osasuntsuagoarekin, badakite beraiek ere badutela leku bat. 

Wikipediak dio musikaria eta plazandrea zarela. Ordena horretan?

Batzuetan plazandrea gehiago sentitzen naiz musikari baino. Beste batzuetan emakume, plazandrea eta musikari, ordena horretan; beste batzuetan musikari, euskaldun, emakume eta plazandrea; batzuetan uste dut ikusten nautela ama, musikari, plazandrea eta euskaldun, eta agian azkena emakume; langile zuri euskaldun pribilegiatua ere. Bi ofizio ezberdin dira, igeltseroa eta arotza bezala. Biek egiten dute lan esparru antzekoan, baina bakoitzak gauza bat egiten du. Musikari guztiok ez gara plazandrea eta ez dago zertan izan, eta alderantziz. Bi traje ezberdin janzten ditut eta gustatzen zait bietan jolastea. 

Esan izan duzu plazan egotea ez dela soilik espazio hartzea, errebindikatzea ere badela...

Gugandik espero den hori ez garenean espazio publikoa eta plaza habitatzea errebindikazio ariketa bat da. Batzuetan plazan egotea aktibismoa da. Gainera, plaza ez da bakarrik sortzaileena; kazetariena ere bada, politikariena, sindikalistena... Plazan egotea eskubidea da, ez obligazioa, baina badakit hor egotea eragitea dela. Plaza habitatzea ez da bakarrik interes artistiko bati erantzutea. 

Zer eman eta zer kendu dizu plazak?

Ikusgarritasuna eman dit, batez ere, sare bat, baina baita biolentzia asko ere. Zapalkuntza eta min asko eragin dizkit. Nire bizitzaren parte handi bat kendu dit, denbora luze pasatu dut amets baten atzetik borrokan nenbilenaren gezur batean. Ofizio bat eman dit, lan bat, gauzak esateko leku bat, eragiteko eremu bat eta aktibismoa egiteko leku bat. 

`Itsasoa da bide bakarra´ doluari buruzko lan bat da

Doluaren kontakizun bat da. GOSEko botak erantzi nituenetik, duela ia zazpi urte, lehenengoz gorputz haurdun bat habitatzen nuenetik gaur arte, hiru haurdunaldi izan ditut, hiru erditze, bi ume, abortu bat, eriondoko depresio bat.... Doluari buruzko lan bat da eta gauza unibertsalei buruzko nire bizipen propioetatik abiatutako narratiba. Lan kolektibo bat da, baina lehen aldiz sinatzen dut nire izenarekin. Badago hor aitortza, inpostora akatze bat. Ez da lehen aldiz kantuak produzitzen ditudana, 20 urte daramatzat horretan, baina inoiz ez dut aitortu, batez ere ez diot aitortu neure buruari. Orain, bai. 

Ez da soilik doluaren kontakizun bat, doluari gorazarre egiten diozu, baina zaurgarritasuna ez da begi onez ikusten...

Apropiatu nahi dut zaurgarritasunarekin. Konturatu naiz plazan, plazandre bezala, asko agertu naizela indartsu, ez bakarrik GOSEn nintzenean, baina batez ere orduan. Hor karikatura bat performatzen nuen: emakume indartsua, erresistentea, gauza gordinak esaten... hori banaiz, baina ez hori bakarrik, Eta oraingoan balioan jarri nahi nituen epikatik urrunago geratzen diren beste errelato batzuk, diskurtso unibertsalean lekurik ez dutenak. Badirudi kontakizun unibertsalean badirela gauza inportanteak, eta gero daudela zaurgarritasunak, doluak... Gainera, bazen nolabaiteko aldarria bideari, alegia, sortzeari, jakin gabe bukaeran egongo ote den produktu salgarri eder bat. Aldaketari gorazarre bat da, neure buruari gauzak beste modu batera egiteko baimena ematea. 

Mercedes Sosaren `Todo cambia´ abestiaren euskarazko bertsioa egin duzu. Dena aldatzen dela dio kantak, baina aldatzen utzi al dizute?

Batzuek ulertu dute GOSEko Ines hura agurtu nahi izatea; beste batzuek ez, baina iruditzen zait gugandik espero den horrek gehiago esaten duela besteari buruz guri buruz baino, alegia, ni dagoeneko ez naiz larregi fidatzen jende oso koherentearekin. Balio handiegia ematen zaio etengabeko koherentziari. Momentu honetan gehiago arduratzen nau nire buruarekin zintzoa izateak.

Trikitira ohituta ginen, eta bat-batean ukelele bat agertu zen...

`Dena aldatzen da´ abestia ukelele batekin jotzen dut. Eriondoan nengoela, depresioak jota, irakurri nion Mercedes Sosaren euskarazko itzulpena Miren Amurizari, Berrian. Orduan ezin nuen soinurik jo, ezin nuen trikia jantzi ez nekielako nor izango nintzen ez banintzen lehen egiten nuen hura... Sosaren abestia ezagutzen nuen, baina ez ninduen bereziki zeharkatzen. Lorea Agirreri behin entzun nion itzulpena ekintza politikoa dela, ez dela bakarrik euskarara itzultzea, baizik eta gure mundu ikuskerara ekartzea. 

Musika erabat itzalita neukan, beldur nintzen ez ote zen berriro piztuko, eta bat-batean, kantu horrek eta ukelele batek bizitza salbatu zidaten. Momentu txiki horretan lehen aldiz sentitu nuen ez nengoela hain bakarrik. Alaine Agirrek dioen bezala, niri buruz kantatzea da zuri buruz kantatzeko nire modua. Sinetsita nago musikak, arteak, eta kulturak lagundu dezaketela ez hain bakarrik sentitzen. Hori bai, erromantizatu gabe: bizitzak ez du minik eman behar, ematen badu eskatu laguntza eta jarri bitartekoak. 

Eta musika berpiztu zen. 

Ukelele bat neukan etxean, baina ez nekien jotzen. Orduan youtuben sartu eta zerotik ikasten hasi nintzen. Ukeleleak aukera eman zidan kaskar jotzeko. Trikitilaria izateak badauka nolabaiteko presioa -eta hemen errebindikatzen dut trikitilaria ez izatea- gero eta hobeto eta azkarrago jo beharra... Ukelelea jotzea, berriz, jolasa zen. Bideoa grabatu nuen eta Amurizari bidali nion eskerrak emanez. Ikusgarritasunaren garaiotan, inputen garaian, gauza xumeak egiteak balio handia du. 

Zuk diozu adin batera arte, emakumeok ez garela erreferente, promesa baizik. Baina adin horretara heltzen garenean amatasunari buruz galdetzen digutela...

40 urte bete nituen egunean atera nuen nire azken lana eta hor badago beste errebindikazio bat: emakume musikari kontsakratuei aitortza. Lehengo aldiz kotizatu nuen nire bizitzan, musikari bezala, duela 20 urte baino gehiago. Konturatu naiz beste gorputz bat habitatuko banu, musikari kontsakratua kontsideratuko nindutela. 

Gizona bazina?

Guztiz. Gitarra jotzen duen gizon bat izango banintz, adibidez, Greatest Hits-ei buruz hitz egiteko eskubidea izango nuke. Baina beste modu batera ikusten naute: dagoeneko hain promesa, hain gazte, hain eder eta argal ez dagoen neska bezala. Horregatik aldarrikatu nahi dut señora bat izatearena eta señora bat izanez espazio publikoa hartzea, badirudielako badugula lekua espazio publikoan promesa bat garenean edo emakume gaztea garenean, besterik ez. Oso perbertsoa da hori. Eta señora izate hori bada nolabaiteko pribilegioa: orain hitz egiten dudanean entzuten naute, ez dute hainbeste kuestionatzen nire hitza, ez dut hainbeste aldiz entzuten `zuk ez duzu ideiarik ere´, `ya te voy a enseñar yo´… Era guztietako erreferenteak behar ditugu, ez hain gazteak direnak ere. Izan ere, estereotipoen kontrako antidotoa erreferenteak dira, asko eta anitzak. 

Eta zeuk zeure buruari aitortzen al diozu erreferentea zarela?

Erreferente sentitzen ote naizen galdetzen zidatenean ia lotsatuta ezetz esaten nuen. Nola izango naiz ni erreferente?, pentsatzen nuen. 

`Síndrome de la impostora´ berriz?

Bai, baina ez hori bakarrik. `Autodefensa´ telesaileko zuzendariek dioten bezala, askotan hitza hartzen dugunean badirudi hitz egiten dugula emakume guztion izenean eta kolektibo osoaren ahotsa izan behar dugula. Presio handia da hori. Ni ni naiz, baina horrek ez du kentzen erreferente naizenik, edo garenik. Noski bagarela! Nik erreferente guztiak nahi ditut, Anari bai, baina baita Kaina Kai ere.

Aitortu duzu batzuetan faltan botatzen duzula GOSEko Ines hura, besteetan sobera...

Faltan botatzen dut ziur aski idealizatu dudan zerbait. Batzuetan gaztetasuna edo grina, baita inozentzia ere. Beste batzuetan, ez dut ukatuko, faltan botatzen dut parean begira neukan jendetza; beste batzuetan, nola begiratzen ninduten. Hau oso banala da, baina batzuetan faltan botatzen dut bere argaltasuna, baina gero konturatzen naiz orduan ere etorkizun argalago batekin amesten nuela. Hor dago gezur hori guztia: inoiz ez da nahikoa. Momentu batean konturatu nintzen ez nuela hura berriro izan nahi. Ez ditut nahi Ines horren inguruan zeuden harreman toxikoak, biolentzia guztiak, aurre egiteko nahikoa baliabide eduki, edo ez. Baita ere amets baten gezurrari segika beste batzuentzat egin dudan lan guztia… Ines hura maitasunez gogoratu nahi dut, baina gehiegi idealizatu gabe. 

Parean begira zenuen jendea faltan botatzen duzu...

Eszenatokiak asko engantxatzen du, batez ere gugandik espero den hura izatean jasotzen dugun galletatxoak, maitasun limosna txiki horrek. 

Balioa besteak ematen digulakoan?

Ikusgarritasuna duzunean eta besteen txaloek zuri jaten ematen dizutenean… izugarri egin dit horrek kalte. Orain egin nahi nuen lana egin dut, baina batzuetan neure burua harrapatzen dut onespen hura eta txalo gehiago desiratzen, Durangoko ilara luzeek amesten eta desiratzen. Desira eraikia da eta momentu batean konturatu nintzen ezberdina zela oholtzan desiradun edo desiragarri agertzea. 

Eta zu desiradun agertzen zinen GOSEn, gauza gordinak esaten, eta lehen ilarak hutsik ziren... Beldurra ote?

Bai, hutsik zeuden. Baina Goseren azken kontzertuan, 2016an, lehenbiziko ilaratan eta erdikoetan emakume gazteak ziren dantzan, oihuka, oldarkor. Orain dela 15 urte ez nuen hori ikusten.

 

Haurdun zinela eman zenuen azken kontzertua, 2016an

Haurdun eman nituen kontzertuak bakardade handiarekin gogoratzen ditut, beldurrarekin. Babes eta zaintza gutxi dago. Baina harrotasunez gogoratzen ditut haurdun nengoela eskainitako kontzertu horiek. Nire seme-alabei egin ahal diedan oparirik handiena da sentitzea ni banaizela ni euren ama izateaz gain. Erreferente horiek falta zaizkigu: haurdun dauden emakumeak gauzak egiten, edo beste amatasun mota bat performatzen dutenak. 

Zuk esana: “Ez da gauza bera botak jantzita titiak erakustea edo titiak ateratzea herriko plazan”

Azken sei urteotan nire titiak plazan egon dira etengabe, baina amatasuna deserotizatzen dute. Haurdun nengoenean inoiz baino desira handiagoa sentitzen nuen, baina aldi berean konturatzen nintzen kanpotik erotika hura ukatzen zidatela. Kontraesana da. Gauza bera gertatzen da osasun sisteman: dagoeneko ez gara hain produktiboak, baina aldi berean bizitza produzitzen ari gara. Perbertsoa da. 

Musika bezala, gurasotasuna mundua aldatzeko tresna dela diozu

Zaintza iraultza delako. Badirudi haurrek inporta dutela etorkizunean heldu produktiboak izango direlako. Haurrek, gazteek edo zaharrek inporta dute, berez. Baina badirudi inporta dutela helduak izan zirelako eta kotizatu dutelako edo izango direlako eta lan egingo dutelako. 

Zaintza ala plaza binomioan hautatzera behartu zaituzte?

Etengabe. Baina ez denoi. Nik ezagutzen ditut musikari gizonezko asko inoiz ez dietenak horri buruz galdetzen. Agian plaza aukeratu dutelako. Baina niri etengabe galdetu didate: non daude umeak? Halere, nik sinesten dut aukera badagoela ez aukeratzeko, baina horretarako topatu behar dira moduak zaintza erdigunean jartzeko, beste modu bizigarri, jasangarri eta gozagarriekin, eta plazan egoteko modu jasangarri eta gozagarrietan. Zaintzak gozagarria izan behar du. Ez da hainbeste zaindu maite duzun, baizik eta maite zaintzen duzun hori. Badirudi zaintza nolabaiteko kastigua dela. Eta zaintza denean txikiei ipurdia garbitzea, tira, baina zaintza gure zaharrei ipurdia garbitzea denean beste kontu bat da. Zaintza mota batzuk erromantizatzen ditugu.

Erresidentzietako langileak kexu dira ez dituztelako langile gisa ikusten, maitasunaren izenean zaindu beharko balute bezala...

Hori da, eta prekarizatua, feminizatua eta arrazializatua dago sektorea. Pertsona baten momentu zaurgarrienetan, izan jaiotzetik gertu ala heriotzatik gertu, zaindu ahal izatea pertsona horrek ematen digun pribilegio bat ere bada. Eta Miren Amurizak `Basa´ liburuan azaltzen duen bezala, zaintzak boterea ere ematen du. Badirudi norbait doan zaintzen dugunean pertsona horrek zerbait zor digula, eta ez da horrela. Baina doan eta maitasunaren izenean egiten duzunez sistemak ez du horrela irakurtzen. 

`Ezin bada dantzatu ez da gure iraultza...´ abestu izan duzu...

Eta orain esango dizut: ezin bada dantzatu ez da nahi dugun zaintza. 

Pandemiak zaplastekoa eman zigun?

Erdiondoko depresioaren erdian harrapatu ninduen. Osasun mentalari buruz hitz egiten zen eta ni lehenbizikoz nintzen tratatua psikiatra batekin. Nire beldurra zen: eta harrapatuta geratzen banaiz? COVID-19ak agerian utzi ditu sistemaren gabeziak. Oso momentu gogorra izan zen zaintzarako. Ez gaituzte nahi zaurgarri eta sarerik gabe ezin da zaindu. 

Euskal kulturaren transmisioa zalantzan jartzen da sarri, baina zuk diozu aukera bat ere badela. Zergatik?

Kultur sisteman zentralitatea dutenek esaten dute transmisioa zalantzan dela, euren biziraute horrekin kezkatuta daudenek. Eta hala balitz, baina aukera balitz? Kultur transmisioa errebisatzen dugun arte ez dut transmisioa per se onartu nahi. Tradizio guztiak ez ditudalako betikotu nahi, badaude jarraitu nahi ez ditudan transmisioak. Kultur transmisioa ez da neutroa, beraz, transmisio batzuk eteteko prest nago. Badon* (AEK-Korrika sormen beka) prozesuan planteatzen dugu: genealogia errebisatzeko ariketa egiteko prest ez gauden bitartean ez dugu transmisioa per se defendatuko. Nork du zentralitatea? Zer transmititzen da? Nork dauka autoritatea? Zeri ematen zaio ikusgarritasuna? 

Arrakasta izatea eta espazio handietara jotzea epaitu da askotan...

Izaro Andresek askotan salatu du jaso duen gorrotoa mainstreamean lan egin nahi izateagatik. Nahikoa da! Badirudi kulturan lan egiten dugunok inoiz baino konprometituagoak eta koherenteagoak izan behar dugula. Feministoi ere sarri gertatzen zaigu. Ba batzuetan zerbait egiten dut balio handia aitortzen diodalako, baina beste batzuetan jaten ematen didalako. Ondo legoke mundu idiliko batean bizitzea, baina momentu honetan dirua da truke txanpona, beraz, ez da justua sektore batzuei baino ez eskatzea konpromiso hori. Badirudi, zaintzarekin gertatzen den bezala, kultura ere doan eman behar den zerbait dela. Balio handia du kulturak eta, egungo sisteman, zerekin neurtzen dugu balioa? Diruarekin. Bada, balio handia badauka diru asko merezi du.  Bide beretik, guztiz erromantizatua dago prekaritatea, batez ere euskal kulturan. Nik askotan entzun dut: “nik ez dut diruagatik egiten”. Ba, orduan, zergatik egiten duzu? Agian egoagatik? Agian ikusgarritasunagatik? Edo zergatik egin dezakezu ez baduzu diruagatik egiten? Diruagatik gauzak ez egitea pribilegioa da, denok ezin ditugu gauzak egin dirurik jaso gabe.

‘Mauriziak ez du inor hil!’ sorkuntza proiektua ere baduzu. Zer da?

Sorkuntza kolektiboa da. Maurizia Aldeiturriaga panderojoleari (garai batean, bera izan zen emakume bakarra plazetan) berriro bizia eman dion proiektua da eta argazkilariak, musikariak eta abar gaude. Ekintza ezberdinak egiten ditugu plaza bizigarriagoa, jasangarriagoa eta gozagarriagoa egiteko. Oro har, kolektibizatzea erabat erromantizatuta dago. Oso zaila da eta esfortzu handiagoa eskatzen du, baina sinetsita nago irabazten dugula konpartitzen dugunean eta kolektibizizatzen dugunean. 

Uste dut bukaerako esaldia eman diguzula. 

Elkarrizketa

Cambia, todo cambia

Ines Osinaga Urizar (Arrasate, 1982)