Ipuinkeriez haratago

Iritzia Amagoia Gurrutxaga Uranga (Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen koordinatzailea)
Administrazio eskudunekin” lan egingo dutela, indarrean dagoen araudia “bidezkoa, malgua eta Euskadiko errealitatera egokitua izan dadin”; laguntzen kudeaketa sinplifikatzeko konpromisoa ere agertu dutela. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin batera nekazariei aurkeztu dien dekalogoaz ari da irrati esataria. Tapia sailburuak berak esan du gero, betebehar burokratikoak arintzeko asmoa ere badutela. Nafarroan, berriz, Jose Maria Aierdi kontseilariak zerga erreforma orokor bat iragarri die nekazariei.

Buruak berehala egin dizkit ispilu lanak, merkatuaren lege basatiaren eta betebehar administratibo gehiegizkoen atzaparretan utzitako sektorea delako kulturarena ere, Lanartea elkartetik ahal dugun guztietan salatzen ari garen bezala.

Irratiko albistegiak xaxatuta, egunkarien edizio digitalen bila joan zait ordenagailuaren sagua. Titular gehienetan irakurri dut “otsoaren babesa murrizteko konpromisoa” ere eskaini diela Jaurlaritzak nekazariei. Behin honaino helduta, haurrentzako ipuinekin lotarazi nahi gaituztela esan dezakegu.

Lurjabe handien, makro-etxalde intentsiboen eta bitartekari ahalguztidunen neurrira pentsatutako laborantza eta merkaturatze sistema batek baserritar txikiak gero eta estuago hartzen dituen bezalaxe, makro-ebentoen, kultur(tur)ismo intentsiboaren eta frankizia ahalguztidunen logika gure kultura gutxitua itotzen ari delako. Nekazaritzan bezalaxe, gure kultur habitat hauskorrean ere bitartekariena delako azken hamarkadotan gehien ugaldu den espeziea, eta espezie horren babesak zentralitatea hartu duelako kultur industriak titulupean egindako txosten ofizial guztietan, balizko industria horietarako lehengai lehena egiten duen langile multzoaren errealitatea ezkutatuz sarri askotan.

Errealitatea temoso ageri da, baina, konpromiso ustekoen ipuinetatik esnatzen garenero. Errealitate horren gordintasunetik sortu zen, zehazki, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea: idazle gazte laudatu eta ezagun bat logela alokatu ezinean zebilela jakin zutenean piztu zen egituratzeko poxpoloa egile beterano batzuen artean. 2018ko kontuak dira, COVID-19aren etorrera aurrekoak; Madrildik Hegoaldeko kulturgileen egonezak arinduko zituen Artistaren Estatutu bat iritsiko zela errepikatzen zitzaigun garaikoa.

Bazen zer arindua. Hala erakutsi zuten gure elkartea sortzeko prozesuan diziplinaka egindako azterketek: prekarizazioa, atomizazioa, zaurgarritasuna, gehiegikeriak kontratu pribatuetan zein administrazio publikoen enkarguetan… arazo komunak zirela idazle, irudigile, bertsolari, musikari, itzultzaile, kantari, aktore artean.

2019ko maiatzaren 25erako aurkeztu zituen diagnostikook Lanarteak, dozenaka artistaren aurrean, Donostian I. Batzar Nazionala deituta. Hau nabarmendu zuten bertan elkartearen sustatzaileek: “Euskararen langile autonomoak gara, geure burua definitzen ikasi dugu. Autokontzientziak elkartzera ekarri gaitu. Erakunde batean. Eragiteko”.

Handik urtebetera erregistratu zuten ofizialki Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea, COVID-19 pandemiako itxialdi betean. Arimarentzako elikagaien laborari titulua ezarria ziguten garai hartan artistei –hara hor laborantza sektorearekiko beste alderaketa bat–, eguneroko ogia genuen prekarizazioari erreparatzen hasia zen iritzi publikoa. Ia lau urte joan dira ordutik, eta sektoreko langileak kohesionatzen, iritzi publikoa astintzen eta gure lan baldintzetan eragiten duten aktore publiko zein pribatuekin hobekuntzarako bideak bilatzen zentratu gara elkartean. Langileok hemen gaudelako, eta hemen segitzea lortu behar dugulako, gure lan baldintzetan hobekuntzak erdiestearekin bat gure kultur sistema indartuz eta bizigarriagoa bilakatuz.

Eragile askorekin bildu izan gara urteotan. Kultur arloko elkarteen artean, EHAZE, EIE, EIZIE, Bertsozale, Galtzagorri, Musikari eta Trikitixa elkarteekin. Lan arloan, ELA eta LAB sindikatuekin. Hekimen, UEMA, UEU, EHU (Kultura zuzendaritza) eta Eusko Ikaskuntzarekin ere abiarazi ditugu elkarlanak.

Erakunde publikoen artean, solaskide izan ditugu: Eusko Jaurlaritza (Kultura Saila), Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta Kultura Zuzendaritza), Arabako Aldundia (Ogasuna), Bizkaiko Aldundia (Kultura eta Ogasun sailak), Gipuzkoako Aldundia (Kultura, Ogasun eta Hizkuntza Berdintasun sailak). Denei aurkeztu dizkiegu euskal sortzaileei ezarritako betebehar administratiboak arrazionalizatzeko eta arintzeko gure eskakizunak.

Bestelako lanak ere egin ditugu azken lau urteotan: Loreak belaunetan. Kulturaren zapi ahots gazte dokumentala ekoitzi, kulturgile gazteen egoerari buruzko gogoeta bira sustatzeko; Ez gatoz Paristik kultur podcast-a, gure aldarrikapenak sareratzeko; LAINEZA. Kultura haragi bizitan eta Profesionalak izan ginen urtea liburuak, gure kultur sistemaren genealogia osatu eta egungo egoera azaleratzeko; Euskal Artisten Mintegia abiarazi, kulturgileei gogoetarako plaza eskaintzeko…

Pandemia joan, lanak etorri, kultur beharginen prekarizazioa ez da desagertu. Hastapenetik esaten ari garena gero eta agerikoagoa da, ordea: egungo diglosia egoeran euskarazko kultur adierazpideak beren-beregi lagundu ezean, gero eta bazterrekoago, gero eta ikusezinago, gero eta gutxiago garela, gure kultur sistemak ez daukalako, inolaz ere, gaztelaniazkoak, frantsesezkoak edota ingelesezkoak beste babes marko, zirkuitu, bozgorailu eta masa kritiko.

Kulturaren alde egitea urtero sari eta diru-laguntza batzuk partitze hutsa baino askoz gehiago da, azken batean. Plan integral bat behar dugu euskarazko kultura erdigunean jarri eta ikusgarri egiteko, kultura horren katebegi guztiak sortzaileetatik hasita indartzeko, inoren baimena jaso zain egon gabe. EITBtik eta hezkuntza sistema araututik has gaitezke lanotan. Artistei ezarria zaien gehiegizko zama burokratikoa arintzen hasteko eta zerga sistema euren errealitatera egokitzeko aukerak ere baditugu.

Aukerok otarrean sartu eta euskal kulturaren basoa biziberritzeko zeharkaldia hasteko borondatea izatea, horixe da benetako gakoa.

Gainerako guztia, ipuinkeria besterik ez da.…