Iruña, Alternatiben hiriburua

Nola deskonektatu kapitalismotik?

“Proposatu zure alternatiba
Posible da gizarte eredu berri bat
Sor dezagun gizarte eredu berri bat
Askok dio “There is no alternative”
Hausnarzazu, hemen badaude ta!”
Posible da!

Hori zen Alternatiben Herriaren abestiaren izenburua, eta ekainaren 2an, Iruñean, ziurtatu zen beste gizarte eredu bat eraikitzea posible dela. Zaila, baina egingarria. Milaka lagunek bat egin zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin, eta Iruñeko erdigunean parte hartu zuten dozenaka ekimen ezberdin eta anitzetan. Iruña oso hiri berdea da, baina ekainaren 2an are berdeagoa jantzi zen, jantzi genuen. Alternatiben kolorea.  Goizetik gauera, Takoneratik Nabarreriaraino; Piparrika hiri baratzetik Autobus Geltokiraino. Txikiak zein helduak, bertakoak eta bisitariak, militanteak eta egun ederra pasatzera hurbildu zirenak. Denok Alternatiben alde. Denok kapitalismotik deskonektatzeko prest!

Alternatiben Herria goizeko 10etan hasi zen, irekiera-ekitaldi baten bidez Takonerako Vistabellan. Ekitaldi horretan, dozenaka lagun eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragileek Kapitalari 13 Zaska izeneko konpromisoen zerrenda sinatu zuten. Hauexek ziren, besteak beste: kontsumo arduratsua; bizikletaren erabilera; hondakinen murrizketa eta berrerabilera; euskararen ofi zialtasuna; txanpon sozialak; zaintza-lanak banaketa; ondasunaren banaketa; eta abar.

Jarraian, autobus geltoki zaharrean, Sustrai Colina bertsolariak jardunaldiaren hasiera kultural eta aldarrikatzailea egin zuen. Hortxe, Geltoki izeneko leku publiko horretan, Auzoekonomia auzoa zegoen, eragile askoren kabia. Besteak beste, Bizi! eta Manu Robles-Arangiz fundazioarena. Colinak eragile bakoitzari bertso bat eskaini zion, eta adibide bezala, MRA fundazioari botatakoa:

“Haien liburuekin harritzen gaituzte

Trapu zahar guztiak argitzen dituzte”

Dena den, egitarau zabal eta anitzaren lehen ekitaldiak besterik ez ziren izan. Iruñeko erdigunea jendez beteta egon zen goiz osoan, Alternatiben Herriaren hitzaldi eta ekitaldietan parte hartzen.

Sei auzo, sei gai

Jakina denez, sei auzo prestatu ziren atal tematiko gisa: Auzoekonomia (Geltoki); Arragoa (San Frantzisko Plaza); Herriak eta Lurra (Kondestable, Santa Ana, Piparrika); Burujabetza (Errekoletak); Bizi Anitzak eta Duinak (Nabarreria); eta Haurren Errepublika (O plaza).

Gainera, egun osoan zehar, Vistabellan ezarritako karpan izan ziren hitzaldiak, kontzertuak, taberna, garagardo eta gazten azoka, herri bazkaria, ekotaloak eta abar.

Egunean zehar Iruñean ibilitako guztiok Margaret Thatcher edonon ikusi ahal izan genuen, ezinbestean, Alternatiben Herriaren karteletik hasita. Zoritxarrez, Burdinezko Dama hezurmamitu zen, kalez kale eta auzo guztietan, Dino Altavez karlistarekin bikote probokatzailea osatuz. Ez batak ez besteak ez zekiten egunak zer ekarriko zien... Baina ez ditzagun gertakaririk aurreratu...

Karlista horren zoritxarrerako, Burujabetza zen Alternatiben Herriaren auzo baten izena. Ekitaldi batzuen artean, Zergatik eta zertarako nahi dugu burujabetza izenburupean, mahai inguru interesgarri bat garatu zen, erabateko arrakasta lortuz. ELAkidea den Xabi Anzak salatu zuenez, “kapitalismoak bizitzaren, ekonomiaren eta politikaren arlo guztiak pribatizatu nahi ditu. Baina alternatibak hedatzen ari gara. Hori da soberaniarako bidea”. Antzeko ideia aireratu zuen Saioa Iraola feministak: “Burujabetza prozesu bat da, gauza malgua eta dinamikoa. Prozesu sozial batzuk bultzatu behar dira, burujabetzak ariketa kolektibo bat izan behar duelako”.

Auzoekonomia auzoan, bestalde, Sistema kapitalistari alternatibak izeneko hitzaldian, Mariu Ruiz Gálvez irakasleak argi eta garbi utzi zuen “ezin dugula lehiatu soldatak eta lan baldintzak murrizten”. Genero ekitatearen ikuspegitik, María Pazosek azpimarratu zuen “lanaren sexu-banaketak oso ondorio larriak izan dituela, maila pertsonalean zein politikoan”. Aldaketa klimatikoari buruz ere hitz egin zuen Alex Arizkun irakasleak, mezu kezkagarri batekin: “Gizakion etorkizuna berriztagarria izango da, ala ez da izango; baina energia berriek ere euren mugak dituzte, ezin dutelako erragai fosilak guztiz ordezkatu”. Ufa, hausnartzeko modukoa... Bertan eta beste auzo guztietan entzundakoa.

El 2 de junio en Iruña demostramos que otro modelo de sociedad es posible. En `El Pueblo de las Alternativas-Alternatiben Herria ́ conseguimos desconectar del capitalismo, al menos por un día. Pero una cosa está clara: la semilla ya está plantada. La semilla de las Alternativas; la semilla para que brote otro modelo. Desde Iruña al mundo.

Nabarrerian, Bizitza Duin eta Anitzen auzoa kokatu zen, Maravillas gaztetxearen inguruan, izugarrizko giroarekin, goizez, arratsaldez eta gauez. Construyendo alternativas desde los márgenes: aliantzak, aniztasuna, gorputzen arteko elkarguneak mahainguruan, ltziar Gandarias, Mounira Moustarih (PAH), Iris Dominguez (Transkolore) eta Sofía de Esteban (Asoma) bildu ziren beste ikuspegiak emateko, orain dela gutxi ikusezinak izan diren errealitate eta hautaketak agerian utziz eta aldarrikatuz.

Margaret Thatcherren heriotza

Kapitalismotik deskonektatzeko kronika idaztea ezinezkoa dela konturatzen hasiak zarete, lerro xume hauetan ezin delako bildu Iruñean ekainaren 2an gertatu zen guztia. Nola sartu kronika honetan Vistabellako herri bazkarian bizitako giroa eta dastaturiko jakiak? Nola kontatu Bizi!ren kideek adierazitako ilusioa, urriaren 6an Baionan antolatuko duten Alternatiben Herriaren datorren ediziorako lekukoa hartzerakoan? Eta nola kontatu Margaret Thatcherren heriotza, bihotzekoak jota alternatiba dagoela jakin zuenean? Dino Altavezek “Alternatiben historia honetan, bizikletatik hasten da eta Ipar Korean bukatzen dela” oihukatzen zuen bitartean, eguna bukatzera zihoan, gaueko jaiari lekua eginez, rock eta beste motatako kontzertuen eskutik (The Sustraians, Koban, Emma Maurice)... Kapitalismotik deskonektatu genuen, egun batez bederen, baina betirako hazia ereinda utzita. Alternatibetarako hazia. Beste mundu bat eraikitzeko hazia. Iruñetik mundura.