Zaintza, erdigunera

Jakinek “Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila” jardunaldia antolatu zuen uztailean Usurbilen, UEU eta Usurbilgo Udalarekin batera, 68ko eta egungo utopiak eta horiek elikatzen dituzten iruditeriak gogoetarako gaitzat hartuta. Egungo eraldaketa-eremu edo utopia praktiko horietako bat landu zen bereziki, geure eguneroko bizitzan eragin zuzena duena: zaintzaren utopia. Uzuri Aboitiz Hidalgo antropologian doktoregaiak, zaintza erdigunean jartzean, eraldaketa soziala ahalbidetu dezaketen indargune eta mugak bistaratu zituen. Eta zaintzaren aldarrikapen politiko eta sozial horren praxi zehatz baten berri eman zuen Begoña Zearretak, Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileak, urtebeteko greba gogorrean bizi izandako esperientziatik abiatuta.

Zaintzek erdigunea hartu dute teoria feministaren baitan. Kontzeptu baliagarria izaten ari zaigu egungo egitura ekonomikoari beste nonbaitetik heltzeko eta utopia berriak egikaritzeko bidean. Emankortasun hori adieraren zabaltasunari egotzi ahal diogu. Tamalez, zabaltasun horrek nahasmendura ere eraman gaitu, adiera berdinarekin prozesu ezberdinak adierazi nahi izan ditugulako. Artikulu honetan, zaintzaren adieraren eraikuntza soziokultural zein historikoan ikertuko dut, horrela berorren erabilera eta esanahi kritiko bat hauspotze aldera. Baina, batez ere, eraldaketa soziala ahalbidetu dezaketen indargune eta mugak bistaratzea izango da erronka.


Zaintzen genealogia bat: nola heldu gara honaino?

Ondorengo lerroetan, teoria feministaren baitan zaintzaren adierak izan duen ibilbide historiko bat egiten saiatuko naiz. Finean, zaintzaren adieraren genealogia batek bistaratu ditzake orain arte izan ditugun eztabaidak, agian egun ere birkokatu beharko genituzkeenak.

Hiru mugarri ekarriko ditut hona:

1) Etxeko lanaren izaera ekonomikoa agerian uzteko eztabaidak (60ko eta 70eko hamarkadetan). Garaiko feminista marxistek etxeko lana jarri zuten emakumearen zapalkuntza materialaren oinarrian. Eztabaida horri esker, familiaren, etxearen edota ordaindu gabeko lanen izaera ekonomikoa onartzeko pauso garrantzitsuak eman ziren. Finean, galdera bakarra zegoen atzean: etxean –ordaindu gabe– egiten diren lanak, merkatuan egiten direnen berdinak edo antzekoak izanda, zer dela eta ez dute errekonozimendu bera dirutan edota eskubide sozialetan?

2) Erreprodukzioaren egiturazko dimentsioaren inguruko hausnarketak (70eko eta 80ko hamarkadetan). Produkzioaren eta erreprodukzioaren arteko loturetan sakontzetik ideia nagusi hau ondorioztatu zen: badagoela egiturazko harreman bat dimentsio ekonomiko baten aitortzaren eta bestearen ikusezintasunaren artean; bata ekonomiko, produktibo, publiko eta arrazionaltzat eta bestea ez-ekonomiko, erreproduktibo, pribatu-etxeko eta emozionaltzat hartzearen artean. Eta, beraz, ezinbesteko galdera: nori egiten dio mesede erreprodukzioa ezkutuko dimentsio ekonomikoa izateak? Kapitalistei, lan indarraren kostua merkatzen delako? Edota gizonei, doako lan esklaboa probesten dutelako?

3) Zaintzaren adieraren sorrera (80ko eta 90eko hamarkadetan). Behin eztabaida horiek emanda, gaiari beste nonbaitetik heltzeko beharra ikusi zen. 60ko eta 70eko hamarkadetako eztabaidan ez bezala, ez zuten indarra jarri etxeko lanek merkatuko lanekin duten antzekotasunetan, baizik eta horien arteko ezberdintasunetan. Bitan, konkretuki: 1) etxeko lanak beste irizpide batzuen pean egiten dira, zaindari eta zainduaren arteko harremanak sakontzearen ondorioz; 2) etxeko lanetan, besteetan ez bezala, badago inoren ongizatearekiko ardura edo konpromiso bat. Etxeko lanen ezaugarritze horren ondorioz, lan horiek aitortza eta balioa hartuko dute, jendarte justuago bat eratzeko orduan ezinbesteko irizpidetzat hartuko baitira.

El tema de los cuidados se ha convertido en uno de los ejes dentro de la teoría feminista. Es un concepto de gran importancia en el camino para buscar nuevas alternativas al actual sistema económico. Pero sobre todo, es un tema vital para que el cambio social sea posible.


Zaintzaren utopia: zaurgarritasunetik bizitzaren aldeko apustu erradikala egitera

Oro har, badira zaintzak definitzeko bi modu: jarduera multzo modura, batetik; jarduera horiek egiteko motibazioei helduz, bestetik. Biek ala biek eraldaketarako zirrikituak zabaltzen dituzte: gorputzen zaintzarekin lotutako jarduera zehatzetan zentratzen bagara, bizitza posible egiten duten baldintzatan pentsa dezakegu, hau da, bizitzari nola eusten zaion; aldiz, enfasia zaintza lanak egiteko motibazioetan edo bestearen bizitzarekiko kezkan jartzen badugu, gure sistema sozioekonomikoaren motibazioa zein den hausnartzera eraman gaitzake.
Zaintzaren lehen esanahia ondokoa litzateke: «pertsonen ongizate fisiko eta emozionala egunero eta belaunaldiz belaunaldi birsortzen duten jarduerak dira zaintzak». Zaintzaren definizio horrek eraldaketarako abiapuntu bat eskaintzen digu, lehen lerroan jartzen ari baita bizitzaren zaurgarritasuna: bizitza –eta bizidun oro– zaurgarria dela esateak bizitzaren mugekin topo egitera behartzen gaitu. Eta baieztapen horrek gure sistema sozioekonomikoak oinarritzat duen subjektu autonomoaren iruditeriarekin apurtzen du. Beraz, bizitza zaurgarriaren ideia onartzeak ekonomia eta jendartea soilik interdependentzia terminoetan posible dela ulertzera eramaten gaitu: denok zaurgarriak bagara, denok behar ditugu zaintzak.

Zaintzak lantzeko beste ikuspuntua motibazioetatik dator. Horren arabera, badago jendea mugiarazten duen zaintzaren logika bat, bestearen ongizatearekiko kezka edo kontzientzia. Baina zaintza lanetan hori funtsezkoa baldin bada, zein da motibazioa esparru ekonomiko kapitalistetan? Kapital metaketaren logikaren dilema zaharra, orain, ez da lanetik aztertzen, bizitzatik baizik: gatazka kapitalaren eta bizitzaren artean kokatzea lortzen da, bizitza baita oro har mehatxupean dagoena. Hau da, zaintzak, alor bat gehiago izatetik, sistema birpentsatzeko ikuspuntu berri bat izatera igarotzen dira.

Laburbilduz, zaurgarritasunaren aitortzak eta zaintzaren balioa goraipatzeak bizitzaren politizazio erradikalerako bideak zabaldu ditu. Gatazka begiratzeko eta izendatzeko iruditeria berri horrek mugimendu feministaren mugak gainditu ditu. Egun, hainbat herri mugimenduk erabiltzen dute iruditeria hori eraldaketa prozesuak martxan jartzeko.

Gure begiraden albo-kalteak

Hiru multzotan sailkatu ditut zaintzen egungo adierei egin zaizkien kritikak:

1) Zaintza adieraren gainerabilera. Neurri handi batean, testuinguru historiko eta sozial batean ez kokatzeko joeratik dator. Labur esanda, zaintzak ez dira beti existitu; izan ere, zaintzen gizarte antolamendua eta gizartean betetzen duten lekua kapitalismo liberalerako trantsizioan zehar eratzen hasitako prozesu historiko luze baten emaitza dira.

2) Zaintza idealizatzeko eta dimentsio emozionala puzteko joera. Nahiz eta emozioak ez diren zaintza lan guztien funtsezko osagaia, eta emozioak daudenean ere, horien atzean dauden motibazio eta sentimenduak ez diren beti hain idilikoak. Gainera, dimentsio emozionala puztean, honako ideia indartzen ari gara: zaintzarik onena sentimenduak barne hartzen dituen hura dela, beraz, senitartekoren batena eta zehazkiago emakume batena (gizonak baino izaki emozionalagotzat hartuak baikara, eta, beraz, zaintzeko gaituagoak); eta hori kontraesankorra izan liteke kalitatezko zerbitzu publikoen premiaren defentsarekin.

3) Zaintzaren ikuskera mendebaldarra eta urbanoa. Horren arabera erabaki dugu zein jarduera hartzen ditugun zaintza lan moduan eta zein ez, lan predeterminatuen multzoa bailiran: esaterako, zaintza lantzat hartu dugu umeak zaintzea, eta ez baratze bat zaintzea. Ikuspegi etnozentriko horrek hainbat jendartetako zaintza harremanak begiztatzea oztopatzen digu.


Zaintzaren utopia austeritate garaietan

Parean dugun erronka, ez da edonolakoa. Zaintzen krisitik eta zaintzen kate globaletatik atera dugun irakaspen bat hau da: bizitza sostengatzeko ardura kolektibo bat hauspotzen ez dugun bitartean, gero eta indar handiagoa hartuko dute desberdinkeriek zaintzen kudeaketan. Izan ere, austeritate garai hauetan, zaintzen eta desberdinkerien arteko lotura areagotzen ari da.

Ondorioz, zaintzaren balioa aitortzeaz gain, zaintza lanen birbanaketaren aldeko politikak indartu behar ditugu. Feminismotik hainbestetan esan den bezala, zaintzez hitz egitea desberdinkeriez hitz egitea delako, esparru produktibo zein erreproduktiboetan. Eta horren adibide garbia dira Martxoaren 8ko mobilizazioak zein zaharren egoitzetako borrokak. Biek egin diote kolpe bete-betean desberdinkerien auziari: argi izanda zaintza duinak jasotzeko eskubidea ezin dela egon beste kolektibo baten eskubideen bizkar.