ELAren Kongresuak indarkeria sexistaren kontrako borroka, euskaraz lan egiteko eskubidea eta alternatiba sozial eta ekologikoak indartuko ditu

2017/06/07
ELAk bere 14. Kongresu konfederala ospatuko du 2017ko ekainaren 15 eta 16an Bilboko Euskalduna Jauregian Indarberritzen lelopean. ELAko 736 delegaturen artean eztabaidatuko da Batzorde Eragileak aurkezturiko kudeaketa txostena, eta, baita datozen lau urteetako lan ildoak zehaztuko dituen ponentzia ere.

Baina, ponentziaz gain, Kongresuan parte hartuko duten ordezkariek Nazio Batzordeak proposatuko dituen ebazpenak ere bozkatu beharko dituzte, sindikatuarentzat estrategikoak diren gai ezberdinen inguruan ELAk duen jarrera azaltzen duten erresoluzioak. Lau izango dira aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatuko diren ebazpenak. Hauek dira orain arte Nazio Batzordeak proposatu dituen hiru ebazpenak (laugarrena erredakzio prozesuan dago une honetan).

1. Sindikalismo ez patriarkalaren alde indarkeria sexistarik ez.

Indarkeria sexista arazo sozial larria da. Hego Euskal Herrian 2010 eta 2015 urteen artean 33 emakume hil zituzten eta sexu erasoak egunero gertatzen dira gurean ere. Bortizkeria hau emakumeei eragiten zaie, emakume izate hutsagatik eta sistema heteropatriarkalean dauka oinarria. Lan munduan ere gertatzen da arazo hau. Hor dago prekaritatearen inguruko eztabaida, bortizkeriatzat har daitekeen ala ez... honi buruzko iritzi desberdinak daude (prekaritatea per se bortizkeria gisa edota bortizkeriaren zergati gisa) baina gauza bat argi dago: emakumeek pairatzen duten prekaritateak eta pobreziak beren menpekotasun ekonomiko eta soziala areagotzen du, eta horrekin batera indarkeria jasateko aukerak.

2. Euskaraz lan egiteko eskubidearen alde. Asimilazio kulturalaren kontra.

Euskal langileok euskaraz lan egiteko eskubidea dugu, norbere hautazko hizkuntzan bizi eta lan egitea oinarrizko eskubidea baita. Euskararen ordezkapen prozesua etengabea da espainola eta frantsesaren alde, lurralde eta eremu guztietan eta ondorioz, gure herrian ez da posible euskaraz bizi eta lan egitea. Hizkuntza eskubideak oinarrizko giza eskubideak dira , genero edota arraza guztien berdintasun eskubideak bezala. Hizkuntza eskubideen aldeko borroka, beraz. berdintasun eta demokraziaren aldeko borroka da gure ustez, justizia sozialaren aldekoa, klase borrokaren beste eremu bat. Gainera, eremu sozio-ekonomikoa eta lan mundua giltzarri dira euskararen normalizaziorako.

3. Alternatiba sozial eta ekologikoetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu.

ELAk berea egiten du “SISTEMA ALDATU, EZ KLIMA” leloa. Horretarako eta sindikatu garen aldetik, gure erronka aldaketarako botere soziala eraikitzea da. Justizia sozialean oinarritutako aldaketa.

Jendea jakinaren gainean jarri behar dugu badirela alternatibak, eta hauek ikusarazi behar ditugu; aliantzak eratu eta konfiantza sortu; gure lanaren zati bat da jendea bultzatzea honelako proiektuetan parte har dezan.

 

Europa: krisia eta alternatibak

ELAren 14. Kongresuko bezperetan, Europar Batasunari buruzko mintegia egingo da ekainaren 14an. Bertan, egungo eredu sozioekonomikoa aztertuko da, eta posible diren alternatibak aurkeztuko dira. Gai interesgarria denez gero, deialdi irekia da.

Europar Batasuneko Itunak Europako herrialdeentzat eredu neoliberal eta antisoziala planteatzen du, baita herrien autodeterminaziorako eskubidea ukatu ere. Horregatik guztiagatik, ELAk kanpaina aktiboa landu zuen Europar Batasuneko Itunaren aurka. Azken urteotan, gainera, proiektu europarrak izan duen noraezak (Grezian gertatua, mugen itxiera, eskuin muturraren goraldia, Brexit-a, moneta sistemaren garapena...), demokrazia are gehiago urrundu du. Hala ere, egoera honek baditu alternatibak, badaude erresistentziarako bideak. Eta badira alternatiba hauek posible egingo dituzten aliantzak.

Egitaraua (ekainaren 14an, EHU-UPV Paraninfoa, Bilbo):

- 11:00-13:30: Europa, demokraziatik gero eta urrunago.

Laura González de Txabarri (ELAko Nazioarteko Arduraduna):

"Europar ereduaren garapena: eskubide laboral eta sozialen degradazioa".

Tom Kucharz, (Ekologistak Martxan-eko Idazkaritza Konfederaleko kide):

"Europar Batasuneko politika komertziala: belaunaldi berriko Itunak".

Tarana Karim (Gipuzkoako SOS Arrazakeria): "Europar gotorlekua".

- 14:30-17:00: Alternatibak lantzen eta artikulatzen

Zoé Konstantopoulou (Greziako Parlamentuko Lehendakari ohia):

"Alternatiba demokratiko eta sozialak: Greziako esperientziako ikasgaiak".

Eric Toussaint (CADTM-ko Lehendakaria):

"Europarentzat B plana",

Mikel Noval (ELAko Politika Sozialeko arduraduna):

"Eraldaketa sozial eta ekologiko urgentea".

- 17:00-17:15: Adolfo Muñoz, Txiki (ELAko Idazkari Nagusia: Ondorioak.

Datu guzti hauek, ponentzia eta bestelako nobedade guztiak, propio sortutako webgunean izango dira eskuragarri: www.ela.eus/kongresua