Hasi da Kongresuko bigarren jardunaldia

2017/06/16
Goizeko 09:00tan hasi da ELAren XIV. Kongresu Konfederaleko bigarren jardunaldia. Bigarren eta azken egun honek bi une nagusi izango ditu. Lehenengoa Ponentzia Orokorraren eztabaida izango da; hau da, ELAk hurrengo urteetan jarraituko dituen ildo estrategikoak. Bigarren une garrantzitsua Batzorde Eragile berriaren hautaketa izango da; hots, hurrengo Kongresua arte sindikatuaren zuzendaritzaz arduratuko den lan-taldea.

Lau izango dira Ponentziaren defentsa egingo duten Nazio Batzordeko ordezkariak: Joseba Villarreal, Leire Txakartegi, Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval. Ponentziaren aurkezpenaren ostean sindikatuko kide eta militanteek landutako zuzenketa ezberdinak eztabaidatzeko eta bozkatzeko txanda izango da. Ondoren, Ponentzia bere osotasunean bozkatuko da.

Ponentzia bozkatu ostean falta diren hiru ebazpenak eztabaidatuko eta bozkatuko dira: 1.-Alternatiba sozial eta ekologikoetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. 2.-Gizarte-prestazio sistema unibertsalaren alde: eskubide sozialen alde, kriminalizazio eta xenofobiari aurre egin. 3.-Herrien askatasunaren alde. Errepublika katalanaren alde.

Goizeko saioa amaitzeko Batzorde Eragile berria aukeratuko da. Hau da Nazio Batzordeak onartu eta proposatuko duen zerrenda (izena eta ardurak). Batzorde Eragile proposamena: Adolfo Muñoz (Idazkari nagusia), Amaia Muñoa (Idazkari nagusiaren-albokoa; Iparralde; Diruzaintza), Amaia Aierbe (Zerbitzu juridikoak), Xabier Anza (Formazioa), Ivan Gimenez (Komunikazioa), Laura Gonzalez de Txabarri (Nazioarteko Harremanak), Pello Igeregi (Negoziazio Kolektiboa; Lan Osasuna; Euskara), Mitxel Lakuntza (Nafarroako koordinazioa), Mikel Noval (Gizarte Politikak; Azterketa Bulegoa; Ingurugiroa), Leire Txakartegi (Planifikazio Estrategikoa; Genero Berdintasuna; Ekintza Soziala; Immigrazioa), Eustakio Uranga (Antolakuntza), eta Joseba Villarreal (Sindikalizazioa).

Arratsaldean, bozak zenbatu eta emaitzak jakitera eman ostean, idazkari nagusi berriak bere lehen hitzaldia emango du. Azkenik, eta XIV. Kongresu honi amaiera emateko, ekitaldi bat egongo da.