Hasi da XIV. Kongresu Konfederala

2017/06/15
Goizeko 09:00tan hasiera eman zaio Indarberritzen leloarekin ELAk Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duen XIV. Kongresu Konfederalari. Gaur eta bihar bertan bilduko diren 736 ordezkari sindikalek azken Kongresutik hona egindako lanaz hausnartu, etorkizuneko ildo estrategikoak adostu eta Batzorde Eragile berria aukeratu beharko dute, besteak beste.

Delegatuen akreditazioaren eta Mahaiaren aukeraketaren ostean, gonbidatuak izan diren erakundeen aurkezpen txikia egingo da: sindikatuak –bai Euskal Herrikoak eta bai Nazioartekoak–, erakundeak eta gizartearen ordezkariak.

Ondoren, Kongresuaren lehenengo atal nagusia etorriko da: azken Kongresu konfederaletik egindako lanaren inguruko gogoeta. Adolfo Muñoz, idazkari nagusia, eta Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren-albokoa, izango dira Batzorde Eragilearen izenean kudeaketa txostena aurkezteaz arduratuko diren lagunak. Euren deskargua entzun eta gero federazio eta eskualdeetako arduradunek kudeaketa txostenari erantzuteko aukera izango dute. Erantzunen txandaren ostean idazkari nagusiak erreplikatzeko aukera izango du. Ondoren, Kongresuan parte-hartuko duten 736 delegatuek kudeaketa txostena bozkatuko dute.

Hori izango da lehen eguneko gai nagusia, baina ez bakarra. Gonbidatutako sindikatu eta eragile ezberdinetako ordezkariek ere parte-hartzeak izango dituzte. Gainera, arratsaldean, Batzorde Eragileak Kongresuan zehar aurkeztuko dituen bost ebazpenetatik bi eztabaidatuko eta bozkatuko dira: lehendabizi ‘Sindikalismo ez patriarkalaren alde indarkeria sexistarik ez’, eta, ondoren,Euskaraz lan egiteko eskubidearen alde. Asimilazio kulturalaren kontra’. Ebazpen hauek ELArentzat estrategikoak diren zenbait gairen inguruan Ponentziaren osagarri izatea dute helburu. Interbentzio ezberdinen tartean gai ezberdinen inguruko bideo laburrak ere ikusiko dira.

Lehen egunari amaiera emateko omenaldi bat egingo zaie Bakearen Artisauei. Omenduko diren artisau guztien artean gure sindikatuko militante Txetx Etcheverryk aipamen berezia izango du.