Hego Euskal Herriko 541.000 langile prekarioen egoera iraultzeko egitasmoa jarri du martxan ELAk

2022/03/16
“ELA sindikatuak duen zereginik garrantzitsuena da lan prekaritateari aurre egiteko antolatzea eta ekitea”. Hala ziurtatu du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak gaur prekaritatearen aurkako sindikatuaren egitasmoaren aurkezpenean, Amaia Muñoa idazkari nagusi albokoarekin batera egindako prentsaurrekoan.

ELAren ekimena lantokiz lantoki garatuko da delegatuen eta negoziazio kolektiboaren bitartez, prekaritatearen eta berariaz soldata arrakalaren aurkako neurriekin, eta patronalari eta administrazioari zuzendutako neurriak ere exijitu eta borrokatuko ditu sindikatuak, hala nola KPIaren araberako soldata igoerak nola kontsolidazioa, besteak beste. Izan ere, lan prekaritatea “patronalak eta gobernuek eraiki duten normalitatetik urrun dagoen egoera da, gastu publikoa murrizteko eta enpresek irabaziak handitzeko helburuarekin”, deitoratu du Lakuntzak.

Prekaritateari argazkia

Hiru elementu lotzen dira prekaritatean: behin-behienekotasuna, diru sarrera urriak (18.200 eurotik beherakoak) eta lan osasuna. Azken horren inguruko datuak zehaztea nekeza bada ere, elementu horiek kontuan hartuta ondorioztatu daiteke 541.600 langile prekario daudela Hego Euskal Herrian, soldatapeko langileen erdia baino gehiago.

Gainera, prekarizazioak bereziki kolpatzen ditu emakumeak, gazteak, pertsona migratuak eta aniztasun funtzionala dutenak. Horren adibide, datu bat: 541.600 lanpostu prekarioetatik 311.000 dira emakumezkoenak, %60 inguru. Beste datu bat: soldatapeko lau langileetatik batek behin-behineko kontratua du, eta ia bosten batek lanaldi partziala. Gazteen artean are okerragoa da datua: %35eko langabezia tasa dute. Eta aniztasun funtzionala duten langileen artean hamar puntu handiagoa da langabezia. Azkenik, azpimarratzekoa ere bada azken hamarkadan 17.000 pertsona hil direla lan istripuetan edo lanari lotutako gaixotasunen erruz; are gehiago larriagotu du hori pandemiak.

Horregatik, Muñoak berretsi du prekarizazioa bihurtu dela sindikatuaren erronka nagusia: “Gure delegatuekin lanean ari gara, ELA presente dagoen enpresa guztietan prekaritatearen aurkako neurria zehatzak aplikatu daitezen. Horretan hasi gara jada: lantoki bakoitzeko argazkia osatu, eta ekintzara pasa gara”. Eta, era berean, ELAren ekinez, patronalaren eta administrazioaren jarrera aldaketa ere ekarri behar du.

Aurre egiteko neurriak

Horregatik, lantoki zein erakundeei ELAk honako neurriak exijituko dizkie:

      1. Europako gomendioei jarraituta, Euskal Herrirako gutxieneko soldata 1.381 eurokoa ezartzea, gutxienik batez besteko soldaten %60koari.

      2. Lanaldi partzialek dakarten pobretzea eragozteko asteko 20 orduko gutxieneko kontratua ezartzea eta lanaldi partzialak behin-betiko osatzeko betebeharra ezartzea enpresetan orduak libre geratzen direnean edo lan kargak handitzen direnean.

      3. Azpikontratatutako langileek subrogazio eskubidea bermatuta izatea, hau da, enpresa nagusiak azpikontrata aldatzen duenean langileek enpresa berrian lan egiteko eskubidea ziurtatuta izatea.

      4. Iruzurrean dauden behin-behinekoen kaleratzeak indargabetu behar dira.

      5. Administrazioek iruzur bidez kontratatutako 70.000 behin-behineko langileak kontsolidatu ditzatela.

      6. Kontratazioan iruzurrari aurre egiteko eta langileen lan osasun egokia bermatzeko ikuskari kopurua Europarekin parekatzea; horrek Euskal Herriko ikuskari kopurua bikoiztea ekarriko luke.

Hori horrela izanik, idazkari nagusiak azpimarratu du negoziazio kolektiboaren bidez “Elkarrizketa Sozialaren mugak” gainditu behar direla: “Hobetzeko aukerak ez dira mahai horietan egongo, baizik eta gure antolatzeko eta arazoaren muinera jotzeko gaitasunaren arabera etorriko dira hobekuntzak”. Are gehiago inflazioa erosahalmen txikiena dutenak kolpatzen ari den honetan. “Soldaten igoera defenditu behar dugu pobretzea ez hedatzeko”. Eta horretarako grebaren baliogarritasuna defendatu du Lakuntzak.

Apirilak 6: ELAren ekitaldia eta manifestazioa, Bilbon

Bide beretik, 'Lan prekario gehiagorik ez!' lelopean, ekitaldi konfederala egingo du ELAk datorren apirilaren 6an, Bilboko La Casillan, eta bertatik abiatuko da ondoren manifestazioa.

Aldi berean, 541.600 langile prekarioen zifrarekin kanpaina garatzen ari da Euskal Herriko kaleetan, eta webgune berezia ere eskainiko dio ELAk, prekarizazioaren inguruko datuak bertan denon eskura edukitzeko: https://www.ela.eus/eu/prekarietatea