Gure Zirkua, euskararen malabaristak

Erreportajea NAGORE URIARTE / GORKA QUEVEDO
Zirkua munduko ikuskizun zaharrenetakoa da. Hasieran Txina zaharrean izan zen. Ondoren, Grezian eta Erroman ere. Haiek, erromatarrek, jarri zioten “zirku” izena. Ipar eta hego, eki eta mende, altxor hau belaunaldiz belaunaldi zabaltzen joan zen, Euskal Herrira heldu zen arte. Orain, Iker Galartza eta Gure Zirkua osatzen duten gainontzeko lagunei esker, gurean ere fantasiari ateak zabaltzeko aukera bikaina dugu. Gure Zirkuan ezinezkoa den guztia egi bihurtu daitekeen mundu magiko batera bidaiatu ahalko dugu. Eta euskaraz.

Beasainen (Gipuzkoa) egin dugu hitzordua Gure Zirkuko lagunekin. Hitzartutako ordua baina lehenago heldu gara, eta Joseba Usabiaga Amondarainek (Tolosa, 1981) ireki dizkigu zirkuko ateak. Karpara sartu, argiak piztu eta lehen momentutik etxean bezala sentiarazi gaitu. Joseba ‘Don Martin’ da Gure Zirkuan, ikusleei anfitrioi lanak egiten dizkion aurkezlea. Guri ere hala egin digu. “Zuek lasai ibili, ni hemendik egongo naiz edozertarako”, esan digu, eta bere zereginetara joan da. Handik gutxira Ekain Ibarguren Arruti (Azpeitia, 1996) agertu da. Ekain pailazo lanak egiteaz gain malabarista lanetan ere aritzen da. “Beti izan naiz pailazo xamar, beraz, alde horretatik ondo”, dio umorez. “Eta malabarista izatea, tira, orduak sartzea da. Futbolariak bezala. Haiek zer egiten dute? Entrenatu, entrenatu, entrenatu eta igandeetan partidua jokatu. Gu igual. Entrenatu, entrenatu, entrenatu eta saioa dugunean ba atera eta ahalik eta hoberen egin”.


Ekainekin hizketan ari garela Iker Galartza (Amezketa, 1977) agertu da. Bera da lehen euskarazko zirku ibiltariaren ideiaren sortzailea, proiektu honen arima. Asteartea da, eta hurrengo saioa ostiralean dute. Hala ere, zirkuan beti dago egiteko zerbait. “Goizetan ikastetxeren bat etorri ohi da, gure trapezioak erakusten dizkiegu umeei, sokan gora nola egin… Eta badaude beti konpondu beharreko arazoak: hesia apurtu dela, bi foku funditu direla… Jende gutxi badago ere, beti saiatzen gara zirkua hutsik ez egoten. Musika jartzen dugu, bafleak kanpora ateratzen ditugu… Zirkuak bizirik iraun behar du. Zirkuaz goza daiteke, bertan lasai egonda ere”.

“Estamos aquí mucho tiempo, juntos, son horas y horas. Además de compañeros y compañeras de trabajo somos amigos y amigas. También intentamos cuidarnos mutuamente, y eso es muy bonito. Nuestro resultado es también reflejo de ello”.


Abenturaren hasiera
2017ko irailean egin zuen lehen emanaldia Gure Zirkuak, Tolosan. Hortik aurrera Euskal Herriko makina bat herritan egon dira, arrakasta handiz. Milaka eta milaka izan dira urte guzti hauetan zehar bertatik pasa diren ikusleak. Proiektu hau ezagutzeko hitzordua egin dugu Ikerrekin. Gure Zirkua nola sortu zen aipatu digu.
“Kalean urte asko generamatzan, 17 urterekin hasi ginen festaz festa, herriz herri, eskoletan ikasturte amaierako jaietan… Poxpolo, Mokolo eta konpainia ginen gara hartan. 2009n Mokolo isuri batek jota hil zen. Aurrera segitzeko beharra sentitu genuen eta halaxe egin genuen: frontoiz frontoi, herriz herri, plazaz plaza jarraitu genuen, lehengo leku beretan ari ginen, gauza bera egiten, baina gure laguna gabe. Zirkuaren ametsa ere bueltaka zebilen gure artean, egunen batean karpa bat jarriko ote genuen amesten. Zirkua asko gustatzen zitzaigun eta edozein ikuskizun aprobetxatzen genuen zertzeladak sartzeko: antzoki batean baginen trapezioa zintzilikatzen genuen…”
“Orain Gure Zirkuan dabilen jendea, Maider, Ane Miren… orduan ezagutu genuen. Ekain ere, mutil koxkorra zela, 17 urterekin malabareak egiten zituela. Behin pailazo batek esan zidan: jubilatzen zarenean erosi karpa txiki bat Euskal Herrian barna ibiltzeko… Jubilatu arte itxaron? Esan nion neure buruari, indarra orain daukagu eta! Momentu egokia zen dena erabat aldatzeko, erabat berria izan zitekeen zerbait abian jartzeko, beti ere, kontuan hartuta munduko espektakulurik zaharrenetako bati buruz ari garela. Baina geuk gurera ekarri nahi genuen, geure egin. Ekaini zirkua gustatzen zitzaion, beraz, gauzak konpartitzen hasi ginen. Ni neu beste zirku batzuetan lanean hasi nintzen ikasteko. Nola muntatzen zen makineta bat, sekula maneiatu gabeko karro horietako bat… Gu hori egiteko gai izango al gaituk? Esaten genion geure buruari. Eta halaxe egin genuen, `a la aventura´ esan ohi dena”.

Gure Zirkua –‘Nuestro Circo’- es el primer circo itinerante en euskera. El proyecto nació en 2017, cuando Iker Galartza –Poxpolo, en Gure Zirkua–, compró una carpa de circo. Desde entonces más de 100.000 personas han podido disfrutar in situ de la magia del único circo en euskera.


Aurrera eta aurrera!
Tolosako lehen saio horren ostean, hurrengo urtean Gure Zirkuak herriz herriko bira hasi zuen. Bi urtez han eta hemen ibili zen zirku ibiltaria, haur eta helduen gozamenerako. Ekimena sona eta indarra hartzen ari zen, baina 2020ko martxoan ametsak etenaldi bat izan zuen. Covid-19ak eragindako mundu mailako pandemia gurera ere heldu zen, eta denbora luzez denok etxean sartuta egon behar izan genuen. Bat-batean, ezin zen ezer egin.
“Momentu horretan telebistako saio batean ere lanean hasi nintzen (ETB1eko Etxekoak-Joseba Usabiagarekin elkarlanean, besteak beste). Gogoan dut elkarri esaten geniola: eta orain, zer? Hilabete batzuen buruan argia ikusten hasi ginen, orduka eta txandaka behintzat kalera ateratzen… Ikuskizun kulturalak berriz martxan jarriko zituztela esan zuten, edukiera erdia eta distantziak mantenduz bazen ere. Orduan pentsatu genuen: egin, egin daiteke, ezta? Ba egin dezagun!”.
“Geure karpa txikiarekin, edukiera dela eta, ezin genuen egin. Denok argi geneukan karpa txikiaren aforo erdira egin izan bagenu denon soldatak erdira jaitsi beharko genituzkeela. Horretan ez geneukan zalantzarik, taldeari eustea zen lehentasuna. Halere, Europan zirku pila bat itxita zeudela konturatu ginen eta alokatzea planteatu genuen. Portugaleko bati alokatu genion, arriskatu ginen. 800 lagunentzako karpa bat ekarri genuen. Herriz herri karpa horrekin joatea ezinezkoa zenez, hiru kokaleku hautatu genituen eta halaxe ibili ginen: bi hilabete horretan, hilabete eta erdi bestean... Eta salbatu genuen. Aurrera eta aurrera”.

El circo es una especialidad que va creciendo. Cada vez son más las escuelas y talleres de circo que hay, y la cantidad de niños y niñas que se apunta crece cada año. Este trabajo se refleja en la gran calidad de los clowns, artistas, malabaristas, acróbatas o contorsionistas que hay en Euskal Herria.


Umorea, inoiz baina garrantzitsuagoa
Asko izan dira pandemiak utzi dizkigun ondorioak, horietako asko osasun mentalarekin lotutakoak. Estresak eta depresio kasuek gora egin dute, baita antsiolitikoen beharrak ere. Umorea beti izan da behar beharrezkoa, munduan dagoen botikarik onena da. Horrelako egoera latzetan jendeak ondo pasatzeko behar handiagoa ote duen galdetu genion Ikerri.
“Dudarik gabe eta, batez ere, iaz. Orain jendeak barre egiteko gogoa dauka, baina iaz zerbait sentitzeko beharra zegoen. Sentsibilitate handiko ikuskizun batzuk atera zitzaizkigun. Gauza asko atera ziren, beharbada beste momentu batean aterako ez zirenak. Jendea malkotan sumatu genuen. 40 emanaldi egin eta 40.enean ere jendeak hunkitzen segitzen zuen, sentitzeko behar handia zegoen. Ateratzean jendeak esaten zigun: ‘terapia hutsa izan da! Honek derrigorrezkoa izan beharko luke! Mundu guztiak eman dezala buelta bat hemendik!´ Jendeak bazekien esfortzu handia egiten ari ginela, egoera zaila zela. Aurten esketxek beste freskura bat izan dute, oso pozik gaude eta asko disfrutatzen ari gara”.
“Umorea bada, baina goxotasuna ere bada, gertutasuna, egiten ari zarena zeure sentitzeko modua, gertukoa egitea. Guretzat hori oso garrantzitsua da. Gogoan dut artikulu batean kazetari batek oinak lurrean genituela idatzi zuela. Joseba, adibidez, orain dela bi urte Goya saria hartzen egon zen Madrilen, alfonbra gorrian. Orain berton dago, gure zirkuan, gurekin, ilusio berarekin lanean. Nik horrelako jendea nahi dut inguruan, oinak lurrean dituena”.
Ikuskizun aparta da Gure Zirkua. Mimo eta maitasun handiz eginda dago. Magiaz eta ilusioz beteriko bidaia baterako atea da. Baina lan handia dago horrelako ikuskizun eder bat aurrera atera ahal izateko. Familia moduko bat osatzen dutela dio Iker Galartzak. “Denbora luzez gaude hemen, elkarrekin, orduak eta orduak dira. Lankideak lagun ditut. Elkar zaintzen ere saiatzen gara eta hori oso polita da. Gure emaitza horren isla ere bada. Langile solteak izango bagina, ordu eta erdi lehenago emanaldirako bakarrik joango bagina eta bukatzean ospa egingo bagenu, bestelakoa izango zen emaitza. Hemen, ordea, gauza asko konpartitzen dira, egunerokoan elkarrekin gaude”.

“El circo es una manera de hacer deporte mientras ganas confianza en tu cuerpo. Cuando estamos en un pueblo y nos visitan de las diferentes escuelas pretendemos demostrar a los niños y niñas que el circo es otra alternativa de hacer cosas divertidas trabajando también el físico”, destaca Galarza.


Gorantz doan zaletasuna
Gure Zirkuaren emanaldi bat bertatik bertara ikusi besterik ez dago Euskal Herrian zirkuak osasun ona duela jabetzeko. Hori da Gure Zirkuak etorkizunari begira utziko duen beste ondareetako bat: afizioa sortu du. “Zirkua goraka doa. Goraka doa. Jendea emanaldiaren kalitate handiarekin harrituta geratzen da. Nik beti diot euskaldunak izateagatik ez gaituztela barkatuko! Beste kiroletan garaipenak ditugun bezala, zirku ona ere egin genezake. Artista helduak ditugu, ia gehienak 40 urtekoak dira. Bat Edinburgon urte luzez egondakoa, bestea Londresen lanean, beste bat Los Angeleseko El Circo del Solen, bestea Bartzelonan… Eta orain zirkua egiteko aukera daukate beraien herrian, eta disfrutatuz. Euskal Herrian lau zirku eskola daude, umeentzako tailerrak egiten dira eta denak topera dabiltza. Hori orain dela bost urte pentsaezina zen, baina Gure Zirkuak hori ere ekarri du: afizioa”.
“Tradizioz izar izan diren kiroletan zaletasuna ez dutenentzat bada alternatibarik, kirola eginez zeure fisikoarekiko konfiantza landuz… Lehen futbolean txarra bazinen, pianora! Beste gauza asko egin daitezke. Gaur goizean ume asko etorri dira eskolarekin eta oso fin aritu dira, irribarre handia ahoan, ‘ea hau nirea den’ pentsatzen…”.
Eta hau guztia... euskaraz.
Gure Zirkua ezin da ulertu gure hizkuntzarik gabe. “Horrek gertukoa izatea egiten du. Erantzukizun puntu bat ematen du ere batzuetan, mailari eutsi behar diogulako. Azken finean, jendeak Gure Zirkua berea bezala hartzen du, futbol taldeekin gertatzen den bezala”.
Beasaindik Tolosara joango da Gure Zirkua abenduan. Bertan agurtuko dute 2021. urtea, eta bertan emango diote ongi etorria 2022. urteari. Neguaren ostean berriz ere herriz herri ibiliko dira Iker, Joseba, Ekain, Ane Miren, Hortzi, Maddi, Asier eta munduko zirkurik onena posible egiten duten gainontzeko lagun guztiak: artista, soinu eta argi teknikari, musikari, muntatzaile... Zorte izugarria da Euskal Herrian munduko zirkurik onenaz gozatzeko aukera izatea. Eta euskaraz.