Euskara, bizipoza eta balioen bidetik, mundua eraldatzen

Elkarrizketa Nerea Ispizua eta Nagore Uriarte
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek 30 urte daramatzate mundua euskaratik eta euskaraz eraldatzen. Halaxe arituko dira ere 2018ko Euskaraldian: hamaika egunez belarria prest eta ahoa bizi, Euskal Herrian euskaraz 365 egunez sentitu, pentsatu eta ekin arte lanean.

-Talde moduan aurten 30 urte bete dituzue. Nola, zergatik eta zein helbururekin sortu zen taldea?

-Porrotx: Orain dela 30 urte, gu gazte ginela, Lasarte-Oriako haurren %80k A ereduan ikasten zuen. Haientzat euskara ez zen existitzen ez etxean, ezta kalean ere, eta justu-justu eskolan. Orduan, Lasarte-Oria berreuskaldundu dezagun euskal taldean genbiltzan gazte batzuk Olentzero jaialdian pailazoz jantzi ginen... eta orain arte. Egun baterako ametsa zena bizitza osorako ofizio bilakatu da. Euskaragatik eta euskararentzat sortu ginen; egun baterako hasieran, baina luzatu egin genuen bidea, beharra egun batekoa baino dezente handiagoa zelako.

-Zuen taldea euskararik gabe existituko litzateke?

-Pirritx: Euskara taldearen esentzia da, oinarria, sustraiak. Gure taldeak ez luke zentzurik beste hizkuntza batean. Gazteleraz egitea eskaini digute, eta egia da egin izan dugula, Nikaraguan, adibidez. Oso dibertigarria izan zen, baina Pirritx, Porrotx eta Marimotots hautuz elebakarrak gara jende aurrean; gure hizkuntza delako, gure gutasuna, talde egiten gaituena eta asko dugulako euskaratik mundura emateko.

-Porrotx: Gure herria txikia da, gure hizkuntza ere txikia da, eta izokinen moduan korrontearen kontra, saltoka ibili behar izaten dugu bizi ahal izateko. Balioak transmititzeko bide bat ere bada euskara; beste mundu bat eskaintzen digu: auzolana, elkarlana, genero ikuspegia, ekologia… Hori da euskara guretzat. Mundu aberatsa.

-Marimotots: Nik hizkuntzaz gain, atzetik datorren guztia ere deskubritu nuen. Bertsoak ulertzen hasi nintzenean, adibidez, sorpresa ederra izan zen. Beste leiho bat da, zoragarria da. Hizkuntza, gainera, inportantea da sentimenduak adierazteko. Desberdina da “Te quiero” edo “Maite zaitut” esatea. Euskarak munduarekiko kontzientzia pizten dizu.

-Zergatik balio sozialak dira hain garrantzitsuak zuen ikuskizunetan?

-Porrotx: Gu hasi ginen euskara eta alaitasunaren ikurrekin. Sketx klasikoak egiten genituen, garai hartan egiten zena ikusi eta kopiatu. Baina pedagogiarekin lotura bat genuenez, berehala konturatu ginen euskara eta alaitasunaz gain, balioak transmititu behar genituela, umeentzat eredu ginelako. Umorea bizitzari begiratzeko modu bat da; bizitzeko modu bat, eraikitzailea eta baikorra. Hausnarketa sakon baten ostean, gu geu hasi ginen sketxak eta ideiak sortzen, hiru ikur horiek kontuan hartuz: euskara, alaitasuna eta balioak.

-Pirritx: Elkarlana bada beste ikur bat guretzat. Ideiak egunerokotasunean oinarrituta lantzen ditugu, bizi dugunaren inguruan hitz egiten dugu... Herrigintza ere inoiz agortzen ez den iturri zoragarria da. Inguruan suertatzen zaizkigun gaiak eta kezka sortzen diguten kontuak azaleratzen ditugu. Urtero mundua konpontzen saiatzen gara, konpontzen dugu, eta hurrengo urtean berriro dugu konpontzeko.

-Porrotx: Behin Nikaraguara bidaiatu genuen. Bertan haur langileen egoera ezagutu genuen eta horretan oinarritutako ikuskizun bat sortu genuen. Beste behin, bizilagun bat -bi ume txinatar adoptatuta zituena- hurbildu zitzaigun familiaren eredu aniztasuna transmititzeko material egokirik ez zegoela esatera. Orduan sortu genuen Familia mila kolore proiektua, “Gehitu”, “Aspanogi”, “Ume alaia” eta “Geroa” elkarteekin elkarlanean. Oso aberatsa izan zen. Bai pertsonaiak, baita gaiak ere, egunerokotasunarekin lotuta daude: egunkaritik, irratitik, ingurutik, herrigintzatik jasotako ideiak plazaratzen ditugu. Adibide garbiena da Aiora haurdun geratu zenean (bikiak ziren) Pirritx momentu berean haurdun geratu zela.

-Marimotots: Gerora, Aiorak haurrak izan zituenean, Pupu eta Lore jaio ziren gure taldean.

-Porrotx: Inoiz gertatu izan zaigu guk ideia sortzea eta garatzea, eta gero bizitza errealean ikustea. Marimototsekin gertatu zen hori.

-Marimotots: Marimototsen ikuskizunean, bere ama kontenedore batean bizi zen eta Marimotots bera, arbola batean. Handik hilabete batzutara, Bilbon pertsona bat kontenedore batean bizi zela eta ito egin zela irakurri genuen egunkarian.

-Haurrek maite zaituztete, baina baita familiek ere. Zein da zuen arrakastaren sekretua?

-Marimotots: Jendearekiko daukagun hurbiltasuna azpimarratuko nuke. Gure ikuskizunak ez dira bukatzen “eskerrik asko” esanez. Agertokitik salto egiten dugu, umeengana, gurasoengana, aiton-amonengana goaz denak besarkatzera, elkar musukatzera… Gure emanaldiak ederrak dira, baina hori bezain politak dira elkarri musuak eta besarkadak emateko momentuak.

-Pirritx: Sekretua... Ba amonak sukaldean jartzen duen maitasuna bezala: mimoak. Amonarena beti dago hain goxoa... Harrigarria da, magia da. Gu ere saiatzen gara amonak sukaldatzen duen bezala, oholtza gainean eta oholtzatik kanpo ere, haurrak eta zaleak txeraz artatzen. Eta egia da maitasun handia ematen dugula, baina bueltan bikoiztuta eta hirukoiztuta jasotzen dugu. Esker oneko afizioa dugu ofizio bilakatuta. Guk saioa amaitu eta besarkadak eta ordainik ez duten begiradak jasotzen ditugu trukean.

-Marimotots: Batzuetan esaten digute: “Zelako pazientzia duzuen!”. Guk beti erantzuten dugu: “Pazientzia? Gurea luxu eta pribilegio bat da”.

-Porrotx: Guk, zuek sindikatu bezala, badugu pankarta bat eta oihu bateratua, aldarria. Baina pailazogintzak badu alaitasunetik abiatuta aldarrikatzeko aukera, beste mundu bat irudikatzeko eta amesteko tresna bat da umorea; sekulako erraminta da irriaren bidez, dantzaren bidez, musuaren bidez gauzak aldatzeko. Hori ere bada gure sekretua, esandako guztiaren konbinazioa.

"El euskara es la esencia de nuestro grupo, la base, la raíz. Nuestro trabajo no tiene sentido en otra lengua. Nos han propuesto actuar en castellano, y alguna vez lo hemos hecho; por ejemplo, en Nicaragua. Pero Pirritx, Porrotx y Marimotots, por compromiso, hemos optado por trabajar solo en euskara. El euskara es nuestra lengua, lo que nos cohesiona como grupo y, además, estamos convencidos de que podemos ofrecer mucho al mundo en y desde el euskara".

-30 urteko ibilbidean txoko guztiak ezagutu dituzue. Gustukoa al duzue bizi garen Euskal Herri hau? Zein herri nahiko zenukete?

-Porrotx: Munduko beste leku askotako egoera ikusita, egia da gure egoera hobea dela. Zorionez, Euskal Herria bada auzolanaren esentzia duen herri bat. Herri aurrerakoia da oro har, herri langilea... Baina zalantzarik gabe, gurean ere bada zer hobetu.

-Pirritx: Ondo dago horretaz ohartzea, ipar bat izatea eta horrantz joatea auzolanean, talde lanean, bakoitza beretik. Gu pailazogintzatik, beste batzuk sindikalgintzatik, hezkuntzatik... Eraldatu nahi izate hori oso garrantzitsua da.

-Porrotx: Globalizazioa bizi dugu eta gugan ere eragina du, bere alde on eta txarrekin. Gaur egun ez dago mugarik krisientzat, ez ekonomikoentzat, ezta balioen krisientzat ere. Mundua oso injustua da, gerrak daude, zapalkuntzak daude, errefuxiatuak... eta egoera horrek guztiok zipriztintzen gaitu.

-Harira... Talde konprometitua zarete. Zeintzuk dira zuen konpromisoak talde eta pertsona moduan?

-Porrotx: Garai zailetan, krisi garaian, arrisku bikoitza dago: zapaltzaileak gainontzekoak zapaltzen jarraitzeko aukera ikus dezake; baina era berean, zapaldua dena bera, bera baino ahulagoak direnak zapaltzeko arriskua dago. Pailazook garbi daukagu elkartasunarena gai garrantzitsua dela, herri batek ahulenekin hartzen duen jarrerak herri horren norabidea markatu dezakeela. Elkartasuna justiziatik, berdintasunetik, enpatiatik eraikiz gero, gizarte justuago baten alde ari gara, eta garrantzitsuena: bidean inor zapaldu gabe eta zapalduak izan gabe. Izan ere, auzolana eta bizipoza izan daitezke gizarte bat eraikitzeko bi zutabe.

Europan bertan homofobia sufritzen dugu; xenofobia hedatzen ari da, eta gu ere hor gaude. Alertan egon behar dugu, lanean. Sareak sortu behar ditugu, txikiok bat egiteko sareak, ekonomian, hezkuntzan edo gizarte arloko gai ezberdinetan. Eta saretze horretatik nolabaiteko txertoa sortu behar dugu fobia guztien kontra. Euskal Herrian ere badugu, eta hortan gaude gu.

-Pirritx: Oso garrantzitsua da ezberdinen artean zerk elkartzen gaituen pentsatzea, hortik abiatu eta saretuz joan. Hori ere klabea da eraldatzeko.

-Porrotx: Zorionez Euskal Herrian herrigintza oparoa dugu. Ikusi besterik ez dago genero ikuspegitik nolako olatua sortu den, pentsiodunak hor daude, “Gure esku”ren ekimena edota Altsasuko gazteen sententziaren kontrako erantzun soziala... Arazoak baditugu, baina zalantzarik gabe, itxaropentsu izateko eta baikorrak izateko motiborik ere bai. Gazteria orokorrean - denetarik dago, noski- gu izan ginena baina aurrerakoiagoa da pentsakeran, emozionalki... Gazteria ederra daukagu eta, dudarik gabe, etorkizun ederra amestu eta irudikatzeko motiboak eta itxaropena.

"Tenemos que cambiar el mundo. Y todos y todas, desde nuestra pancarta, podemos hacerlo. También creemos que no se puede poner fronteras a lo que llega de fuera, pero podemos crear nuestros propios proyectos y referentes culturales, en Euskal Herria y para Euskal Herria".

-Deigarria da pailazoak beti gizonezkoak izan direla. Honetan ere haustura ekarri duzue: Aiora, Mertxe...

-Pirritx: Talderatu ginenean gutxiengoa ginen baina orain gehienak emakumeak gara, asko dugulako gizarteari emateko. Taldetik hasita, gure begirada ezinbestekoa da.

-Marimotots: Pailazogintzaren historian atzera begiratzen badugu gizonezkoak nagusi direla ikusiko dugu. Haiek horrela hasi ziren. Zorionez, gizon hauek begiak eta belarriak zabalik eduki zituzten eta konturatu ziren emakumezkoak ere behar zirela. Horretan ere, gizartean bezala, emakumeak hasi dira euren tokia hartzen. Orain gehiago gara.

-Porrotx: Gure taldearen kasuan, sortu ginenean egun baterako izan zen, baina saltoa ematea erabaki genuenean ezinbestekoa iruditu zitzaigun emakumeen parte hartzea taldean. Ni neu eta Porrotx emakumeak sentitzen gara, kutsakorra da...Argi dugu emakumeen munduarekiko begirada ezinbestekoa dela.

(Marimototsek alde egin behar du medikuarenera. Elkarrizketa jarraitzen dugu Pirritx eta Porrotxekin. Agur eta eskerrik asko, Mertxe)

-Zuen azken ikuskizunean aipatzen duzue nork agintzen duen etxean, eskolan... Nork agintzen du talde honetan?

-Pirritx: Aurten bizikidetzaren gaia landu dugu eta, hain zuzen, saiatu gara gure baitako haur horrek egin ohi duen galdera horri erantzuten, alegia, nork agintzen du? Erabakiak borobilean hartu behar ditugu eta borobilean denok berdinak gara. Lurrean eseri, begietara elkarri begiratu eta hor partekatzen ditugu gure galderak, kezkak, grinak, ametsak; hor saiatzen gara arazoei konponbidea topatzen, gauzak erabakitzen...

-Porrotx: Erabakiak, orokorrean, demokratizatu behar dira, bizitzaren esparru intimoetatik hasita. Denok erabakitzen badugu, arduratsuagoak izango gara. Uxue Alberdik egindako ipuin batean ume batek amari galdetzen dio: “Mundua aldatzeko zenbat borobil behar dira, amatxo?” Argi dago borobil txikiekin hasi behar dugula: eskolan, koadrilan, kalean, Euskal Herrian...

-Pirritx: Eta haurrei euren lekua eman behar zaie.

-Zuen taldeari konpromiso soziala dario, baina kezka berezia antzematen zaizue gaixo dauden haurrekiko, batik bat minbizia dutenekiko: horiek dira zuen pirata bereziak.

-Porrotx: `Aspanovas´ eta `Aspanogi´ minbizia duten haurren gurasoen elkarteak dira, eta haien eskutik ospitalera bisitak egiten hasi ginen. Asko ikasi dugu. Umeei botikagatik ilea erortzen zaienean zapiek ematen diete babesa, indarra eta pirata izateko aukera; beste batek zapidun ilerik gabeko gaixo bat ikusten duen tokian guk pirata ikusten dugu. Denontzako irakaspena da: bizitzeko grina, egunero jaiki, daukagun guztiaz jabetu, irribarre egin eta umoretsu bizi. Hori eman digute pirata zapi horiek eta zapi horren azpian dauden ume horiek.

-Pirritx: Gai horiekin lan egiteak eman digu umoreari buruz hausnartzeko parada. Izan ere, umorea sketx barregarri bat izan daiteke guretzat, baina bizimodua izatera igaro da: jarrera baikor bat, aurrerakoia, errespetuzkoa eta itxaropenez beteta.

-“Sentitu, pentsatu, ekin”. Hori da zuen ikuskizun baten izenburua. Bizitza filosofia ote?

-Pirritx: Juan Gorriti eskultoreak erakutsi zigun nola egiten zuen lana azaltzerakoan. Bihotza, burua, eskuak, sentitu, pentsatu, ekin. Gorritik hala egiten ditu eskulturak, eta gurea ere halaxe egiten dugu. Horrek laburtzen du bizitzan dugun jarrera.

-Porrotx: Mundu honetara zoriontsu izatera etorri gara. Dudarik gabe, sentitu, pentsatu, ekin... beti elkarrekin. Sentimenduak, pentsamenduak eta ekimenak partekatuak direnean fruituak lortzen dira eta bizipoza ere handiagoa da beti. Edozein proiektu, edozein egitasmo, edozein garaipen... beti da goxoagoa.

-Urteotako balantzea. Zer izan da hoberena? Eta okerrena? 

-Pirritx: Hoberena lagunak; egunez egun eta urterik urte jorratutako bidean izan ditugun zailtasunak medio, izan ditugun gauza on eta txarretan ezagutu dugun jendea. Gogoan geratu zaizkigun argazki eta aurpegi eder horiek.

-Porrotx: Gure taldearen ibilbidea gure herriaren ibilbidearekin bat doa, beraz, gure herrian une tristeak egon diren bezala, geuk ere halaxe sufritu ditugu. Hala ere, herriarekin batera erori eta altxatzen ikasi dugu, pertsonalki eta talde bezala. Gure pozik handiena da ikustea gure herria aurrera doala eta gu herriarekin batera goazela.

Gu pozik bizi gara. Asko eman digu gure lanak. Jendea oso esker onekoa da gurekin, eta horrek irakatsi digu esker onekoak izaten besteekin: kafe bat prestatzen digunarekin, zaborra kalean garbitzen duenarekin, langile guztiekin... Denei adierazi beharko genieke egiten duten lana garrantzitsua eta beharrezkoa dela, baloratuak sentitu daitezen. Izan ere, lana maitasunez egiten dugunean, denon mesedetan da. Esan bezala gu zoriontsuak gara, baina zoriontsuagoak izango gara mundu justuago batean. Gure ametsak horri begira daude eta elkarrekin lortuko ditugu, bakoitzak bere pankartatik, bere aldarrikapenetik.

-Urte batzuk ditugunok gogoan dugu taldeak 2001ean Aioraren militantziaren ondorioz jasan zuen kanpaina mediatiko eta boikot izugarria. Denboraren perspektiba medio, nola gogoratzen duzu hura? Nola eragin zion taldeari?

-Pirritx: Euskal Herriko edozein familik pairatu ditu sufrimendua eta tristura handiak; guri ere hala egokitu zitzaigun bete-betean. Amesgaiztoa izan zen, baina, aldi berean ederra izan zen jaso genuen maitasun uholdea. Ederra da Euskal Herriak zauri horiek sendatzeko daukan ukendu magikoa. Gauza txarrenetan ere onena topatzen erakutsi didate pailazoek.

-Porrotx: Bat-batean 30-40 saio erori zitzaizkigun... baina beste batzuk sortu ziren orekatzeko. Gogoan dugu ELAk deitu zigula Maiatzaren Lehenean saio bat egiteko. Elkartasuna oso erreala izan zen.

"Somos muy felices en nuestro trabajo. La gente es inmensamente generosa con nosotros, y eso nos ha hecho valorar también el trabajo de los demás: el de quien nos sirve el cafe, el que quien limpia las calles, la profesora de la escuela... Entre todos y todas construimos esta sociedad, y el trabajo de todos es fundamental para el bienestar común".

-Zorionez, bestelako jendarte batean bizi gara gaur. Nola ikusten duzue etorkizuna, talde eta herritar gisa?

-Porrotx: Gure pailazo taldean hainbat hausnarketa egiten ditugu: nola sustatu aldaketak, nola lortu beste mundu bat ahal den modu partekatzaile, demokratiko eta baketsuenean. Mundua aldatzeko has gaitezen txikitasunetik, etxetik, gure arteko harremanak aldatuz: koadrilan, eskolan, herrian… Hortik abiatu behar dugu.

Mundua aldatu behar dugu eta geuk etorkizunari ilusioz begiratzen diogu jakin badakigulako eragin dezakegula. Denon esku dago. Beraz, erabil ditzagun indar horiek eragiteko, eta mugimendu bat sortzeko. Horretan datza pailazoek sortutako Irrien Lagunak Kluba, Elkar taldearekin eta Berriarekin batera. Izan ere, herri bakoitzak bere pertsonaiak izan behar ditu, gure hizkuntzatik eta kulturatik abiatuta gure balioak transmititzeko. Kanpotik datorrenari ezin zaio mugarik jarri, baina proiektu propioa bultzatu daiteke, Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egina.

Elkarrizketa

Gure lagunik onenak!

Aiora Zulaika (Pirritx), Mertxe Rodríguez (Marimotots) y Josemari Agirretxe (Porrotx) son los tres componente actuales de Pailazoak, un proyecto cultural y social que cumple 30 años fiel al euskara, la alegría de vivir y lo valores.