Pilotan banaka, borrokan taldean
Iera Agirre Iturriaga eta Oinatz Bengoetxea Berasategi pilotariak dira, Leitzakoak eta belaunaldi berekoak. Ikusten denez, ezaugarri komun asko dauzkate. Adibidez, kirolari profesionalak direla esan dezakegu, baina ñabardura esanguratsu batekin: Oinatzek aurten erretiroa hartuko du 37 urterekin, eta Iera, aldiz, bere karrera profesionalaren hastapenetan dago, 34 urte baditu ere.
Honen azalpena ere begi-bistan dago: Oinatz gizona da eta Iera, aldiz, emakumea. Batak, kirolean dena eginda, atzera begiratzen du “pribilegiatua” izan dela aitortzeko. Besteak: “Bizitza osoa borrokatu ostean, hemen jarraitzen dugu: goizez lanean, arratsaldez entrenatzen eta kluba antolatzen, gure atzetik datozen neskei bide profesionala irekitzeko”.
Irakurketa hori ere biek partekatzen dute, eta elkarrenganako miresmena agerian geratzen da elkarrizketa osoan. Leitzako plaza eszenatoki ederra da pilota eta bizitzari buruz hitz egiteko, dozenaka umeek pilotan jokatzen duten bitartean. Herri bizia da eta Oinatz eta Ieraren aurpegietan horren isla nabaritzen da. Oinatzen semea hortik dabil, endredatzen. Ierarena, aldiz, Lekunberrin dago, han bizi direlako.
Leitza pilotarien herria ere bada, eta ez bakarrik elkarrizketa honetan agertzen direnei esker: Juan Mari Bengoetxea (Bengoetxea III, Oinatzen osaba) banakako txapelduna izan zen, Abel Barriola ondoren… Leitzatik kilometro gutxira Goizueta (Aimar Olaizola) eta Eratsun daude (Retegitarren herria).
Haur asko herriko frontoian jokatzen ikusten dira, baina ez dago eskuz aritzen den inor. Guztiak raketarekin… (Oinatzek eta Ierak barre egiten dute)
Iera Agirre (I.A.): Bueno, garrantzitsuena da kiroletan ari direla, eta pilotarekin. Denbora daukate eskuz jokatzen hasteko. Hain justu, gure garaian kontrakoa gertatu zitzaigun ordurako neskei…
Oinatz Bengoetxea (O.B.): Bai, mutilok arazorik jabe jarraitzen genuen eskuz jokatzen, baina neskei esaten zieten palara pasatzeko… Guri inoiz ez ziguten galdetzen pilota edo kirola zergatik gustatzen zitzaigun, baina neskei bai. Beti galderei erantzuten ibili behar izan dira...
I.A.: Bai, 13 urterekin, egun batetik bestera, eskuz jokatzeari utzi behar izan genion, orduko argudioekin: eskuak hondatuko zitzaizkigula, ez zela neskentzako kirola; gainera oso gutxi ginen eta ez genuen elkar ezagutzen herriz herri jokatzeko, adibidez… Beraz, palan hasi ginen eta orain dela gutxi arte ezin izan dugu berriro eskuz jokatu.
IERA AGIRRE
“Toda la vida peleando y aquí seguimos: trabajando por la mañana y entrenando por la tarde; todo por abrir camino a las pelotaris que vienen detrás”.“La chicas de ahora tienen derecho a ser lo que quieran, pelotaris también; que no les pase lo que a nosotras cuando éramos jóvenes”.
“El colectivo tiene una fuerza impresionante; queremos otro modelo para la pelota profesional, más cooperativo y menos empresarial”.
“Titín era mi referente; él trajo la revolución a la pelota”.
Eta nola hasi zarete berriro antolatzen?
I.A.: Ez da batere erraza 15 urte utzi ondoren berriro eskuz jokatzen hastea. Hala ere, iaz Ados Pilota elkartea osatu genuen (Maite Ruiz de Larramendi, Ohiana Orbegozo eta beste pilotariekin batera), helburu batekin: neskentzako bide profesionala irekitzea. Egun gure eskolan 25 pilotari dauzkagu (6 urteko neskatxa batetik hasita), eta besteok lehiaketa profesionaletan aritzen gara.
Pilotaren mundu profesionala ez da erraza. Hor daude historikoki agindu duten enpresak, oso modu autoritarioan…
I.A.: Bai, baina gurea kooperatiba modukoa da. Pilotariok gure bizitza profesionala gidatzen dugu, horrelako enpresarik gabe. Dirua badago, oraindik gutxi bada ere, pilotariengana bideratu behar da. Eta, hori lortzeko, enpresa tradizionalekin ezin dugu kontatu… Eredua aldatu nahi dugu: sos bakoitza erabiltzen da lan baldintzak hobetzeko eta entrenamenduen baliabideak garatzeko. Ez dugu egitura piramidala sortu nahi. Pilotariok badakigu zer behar dugun eta nola antolatu.
O.B. : Guk badaukagu zer kontatu enpresei buruz. Pilotariok beti kexu ibili gara enpresa historikoen kontra (Unidas, Eskulari, Asegarce eta abar). Azken finean, kiroletik kanpo dauden enpresak bezalakoak dira: euren etekinak bilatzen dituzte, eta kitto. Enpresen jokaera horrek gure kirola maitatzen dutenengan kontraesanak sortzen ditu.
Tira, urte askotan, pilotariak banan banan joan dira enpresekin negoziatzera. Horrek ez zuen enpresen alde jokatzen?
O.B.: Bai, inolako zalantzarik gabe. Beti entzun dugu: “Bilduko bazinete, asko lortuko zenukete”. Bai, egia da, baina beti egon dira izarrak, aski irabazten zutenak eta eroso zeuden… Eta beste aldetik, batzuei kontratua bukatzen zitzaien momentu delikatu batean eta beste batzuk kontratu berria sinatuta zeukaten… Beraz, egoera ezberdinean dauden profesionalak borroka baterako biltzea oso zaila izan da beti.
I.A.: Baina azkenean, iaz lortu zenuten. Hor dago egin zenuten greba. Gatazka hori mugarri bezala geratuko da. Agian enpresak konturatu ziren hemendik aurrera ezingo dutela nahi dutena egin…
Kolektiboaren indarraren bi adibide ezberdin zarete: kooperatiba moduan emakumeen kasuan, eta enpresa eta langileen arteko gatazka gizonezko pilota profesionalean…
I.A.: Bai, ez genuen aurretik pentsatu, baina egia da. Kolektiboak garrantzi izugarria du. Guk beste eredu bat sortu nahi dugu. Gainera, gure bizitzan pairatu dugu isolamendu ikaragarria: neska pilotari bat bere herrian bakarrik… Eta orain bildu gara zerbait berria sortzeko. Hainbat urte pasa ditugu zentimo bakar bat ikusi gabe, gure gastu guztiak gure gain hartuz… Orain hori dena aldatu nahi dugu.
O.B.: Gure kasuan, kolektiboak askoz indar gehiago dauka, baina historikoki gure lan harremanak oso banakoak izan dira. Figurak inplikatu behar dira, bestela… Eta enpresek hori aprobetxatu dute euren onerako. Hala ere, azken greban bildu ginen bidegabekerien eta errespetu faltaren aurka borrokatzeko. Eta zerbait lortu izan dugu. Ez gara negozioaren nagusiak, baina indarra daukagu.
Diruarekin jarraituz, hor daude apostuak, euskal kirolen ezinbesteko elementua. Emakumeen partidetan ere badaude?
I.A.: Ez, ez...Eta gainera, ez zaigu hori iritsiko. Orokorrean, apustuen kopurua asko jaitsi da.
O.B.: Bai, apustuak gero eta pisu gutxiago daukate. 2008ko krisitik hona, askoz diru gutxiago mugitzen da. Asko nabaritzen da.
Pilotaren (eta ez bakarrik, eskuz, baizik eta bereziki erremintan) ardatza izatetik, albo batean egotera igaro dira apostuak, beraz…
O.B.: Erabat. Azken urtetan, pilotaren biziraupenaren ardatza telebista da.
Pilota telebistan ez zen 2008an hasi…
O.B.: Ez, ez, lehenagotik dator. Adibide bat jartzearren, Asegarce sartu zenean, eta Titin figura bihurtu zenean, 90ko hamarkadan, hau guztia aldatzen hasi zen. Pilota modernizatu zen orduan, baina ez bakarrik zentzu ekonomiko batean, baita jokatzeko moduan ere…
Hain garrantzitsua zen Titin?
I.A.: Bai, nire pilotarik kuttunena zen, nire erreferentea. Asko gustatzen zitzaidan bere estiloa, nola jokatzen zuten. Oso gustokoa nuen, nola sartzen zen airez. Titinek iraultza ekarri zuen pilotara.
O.B.: Bai, Ierarekin bat nator. Titinek kirol-iraultza ekarri zuen, enpresak hasi ziren eurean artean lehiatzen pilotariak fitxatzeko… Gero beste iraultzak egon dira: Irujok fisikoki jauzi bat suposatu zuen… Eta nik gogoratu nahi dut Mikel Goñiren figura: jende gazte eta berria erakarri zuen gurera. Oso garrantzitsua zen Mikel, pilotaren iraultza soziala sortu zuela esan dezakegu.
Zer moduz Mikel Goñirekin? Berarekin jokatu duzu orain dela gutxi…
O.B.: Bai, pasa den otsailean Hernanin elkarrekin jokatu genuen partidu benefiko bat, eta oso gustura aritu ginen.
OINATZ BENGOETXEA
“La pelota es diferente, hay un ambiente más sano; hasta los rivales nos cambiamos en el mismo vestuario”.“Se puede decir que Titín revolucionó la pelota por dentro, y Mikel Goñi, por fuera; fue un fenómeno social”.
“En la última huelga, por primera vez, nos unimos contra la injusticia. Y algo conseguimos: ahora nos tendrán en cuenta”.
“Me quiero despedir en octubre, aquí, en la plaza de Leitza, pero antes jugaré en México y en California”.
Frontoia eta jaia, modan dagoen plana…
(Biek barre egiten dute).
I.A.: Bai, oso ongi dago jende gaztea frontoietan ikustea, neskak barne. Orain badirudi frontoiek berreskuratu dutela pandemia aurretik zeukaten publikoaren kopurua, batez ere Labriten. Iruñeko frontoia festa bat da. Lagunekin bazkaldu Iruñeko Alde Zaharrean, eta gero pilotara. Despedidak eta guzti… Agian beste frontoiek ez dute oraindik lehengo maila berreskuratu…
O.B.: Ez, Labrit koska bat gorago dago momentuz. Frontoi guztiek ez dute martxa berdina berreskuratu.
Zein da zuen frontoirik kuttunena?
O.B.: Hau, Leitzako plaza. Hemen jokatzen hasi nintzelako. Baina maila profesionalean, Labrit, dudarik gabe, xarma berezia dauka.
I.A.: Bai, Labrit. Gainera, nire kirol bizitzan dudan oroitzapen politena bertan daukat, 2019ko uztailaren 12an. Sanferminetako finala zen, eta frontoia bete-beteta zegoen. Pentsa, 200 lagun kanpoan geratu ziren. Izugarria zen, oso hunkigarria. Gainera, irabazi nuen Ohiana Orbegozorekin batera.
Harmailetako giro ona pilotarien artean ere bada?
O.B.: Bai, gehienak lagunak gara, oso gertukoak eta urtean zehar partidu askotan jokatzen dugu elkarrekin. Adibidez, beste kiroletan ez bezala, pilotan arerioak aldageletan elkarrekin gaude. Horrek gure kirola ezberdina dela erakusten du. Hala ere, horretan ere enpresek muturra sartu nahi zuten aldagelak bereizi nahian, agian seriotasun puntu bat ematearren edo beste kirol profesionaletan egiten den bezala… Ez dakit, ez zitzaien ongi atera.
I.A.: Gurean are nabariagoa da… Begira, batzuetan ados jartzen gara umeak zaintzera jokatzen edo entrenatzen ari garen bitartean. Azkenean, familia handi bat gara, hainbeste ordu elkarrekin pasatu ondoren… Hori bai, oso ongi bereizten dugu noiz gauden lehian eta noiz kanpoan. Kantxan bagaude, sen lehiakorra pizten zaigu, errukirik gabe. Aldiz, partidua bukatuta, lagunak gaude.
O.B.: Gizonezkoetan antzekoa da. Gainera, norberak bere hurbileko jendea frontoira eramaten du, eta harreman politak sortzen dira. Giro ona hedatzen da, pilotazale guztien artean… Beste kiroletan ez da hori gertatzen, salbuespen gutxi batzuk daude, agian errugbia, adibidez.
Aurrera begira orain. Zeintzuk dira zuen planak, pilotari dagokionez?
I.A.: Pauso txikiak ematen ari gara profesionaltasunaren baldintzak bermatzeko. Borrokan jarraitu behar dugu. Oraingo neskei bidea ireki nahi diegu, nahi duten kirola egiteko aukerarik ez galtzeko. Nahi dutena izateko eskubidea dute, guk gaztetan izan ez genuena. Bakar-bakarrik geunden orduan, eta lortu behar dugu neska bat bakarrik sentitu ez dadila.
O.B.: Nire azken agurra prestatzen ari naiz. Hemen, urrian, Leitzako plazako frontoian agur esango dut 20 urte profesionaletan aritu ondoren, eta egun ahalik eta politena ateratzea nahi dut. Aurretik, hortik ibiliko naiz, partiduak jokatzen. Adibidez, udan Mexikon eta Kalifornian jokatuko dugu. Ilusio handia egiten dit bidaia horrek.
Mexikon Javier Marín ‘Manos Locas’ pilotariarekin elkartuko zara? (2002an Nafarroan jokatu zen Munduko Txapelketaren finala irabazi zion Oinatzek mexikarrari?
O.B.: Ez dakit hortik ibiliko den. Ez legoke gaizki…
Eta pilota utzi ondoren, zer?
O.B.: Lasai nago, proiektu bat edo beste buruan bueltaka dauzkat. Egia da erretiratu naizela baina ezin dut jubilatu… Nahiko nuke, baina…