Egindakotik ikasten

2018ko otsailean Jordi Borras argazki-kazetariak "Dies que duraran anys liburua" –Urteak iraungo duten egunak– argitaratu zuen. Bertan 2017ko irailean eta urrian Katalunian izandako gertakarien argazkiak eta testuak biltzen dira. Intentsitate handiko egunak izan ziren, belaunaldi oso baten oroimenean betirako egongo diren egunak. Urtebete geroago gertakari horien inguruko interpretazio ezberdinak daude oraindik ere, batez ere soberanisten artean. Jordi Muñoz irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean, Jaume López Pompeu Fabra unibertsitatean eta Salvador Cardús Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Urriaren amaieran Alda Kataluniara hurbildu zen, lagun horien eskutik egungo abagunea ulertzeko gakoak ezagutzeko asmoarekin.

“GATAZKA DEMOKRATIKOAN MANTENDU BEHARRA DAGO”
Jordi Muñoz politologoa da, eta Bartzelonako Gracia auzoan bizi da. Soberanismoa berrantolaketa estrategiko baten baitan dagoela dio, testuinguru berrira egokitzen. “Orain arte subiranismoak data eta epeekin lan egin du, eta orain ez dago ez datarik ez eperik. Mugimendu soberanista 2017ko udazkenean gertatu zenaren irakurketa egiten saiatzen ari da. Gutxieneko irakurketa bateratu bat adosteko gai den neurrian estrategia adostu berri bat osatzeko gai izango da. Baina hau orain nahiko kutsatuta dago alderdien barne lehiengatik”.
Subiranismoak akats nabarmen bat egin zuela uste du Muñozek, urritik aurrera gertatu zen guztia baldintzatu zuena. “Independentismoak zin egin zuen bozketa irabaziz gero independentzia aldarrikatuko zuela, hori egiteko adina indar zuen jakin gabe. Agian gauzatu ezin duzun zerbait egiteko konpromisoa hartzea akats larria da, ondoren jendeak azalpenak eskatzen dizkizulako, arrazoi osoz. Niretzat arazoa ez zen independentzia ezin aldarrikatzea, hori egiteko konpromisoa hartu izana baizik”.
Subiranismoaren baitan askok urriaren 2tik aurrera estrategiarik ez izatea leporatzen diete agintari politiko independentistei. Muñoz ez dago horrekin ados. “Nire galdera da: zer egon zitekeen prestatuta urriaren 2rako? Azkenean baldintza materialen kontua da, ez horrenbeste zuk plan bat egin izana. Urriaren 3ra arte gertatu zen guztia ulertzen dut. Urriaren 3tik urriaren 27ra gertatu zenaren inguruan ez nuen ezer ulertu. Arazoa ez zen urrian egon, udaran baizik. Ez zuten esan erreferenduma soilik balekoa izango zela gutxieneko babes jakin bat bazuen, edo gutxieneko parte-hartze bat. Hau da, lotuko zaituen zerbait, itsu-itsuan aritu behar baduzu aitzakiarik gabeko indar demokratiko bat emango dizun zerbait. Hori ez zuten egin, jende mobilizatuenaren artean itxaropenak zabalduz. Horrek asko baldintzatu zituen ondorengo erabakiak. Batzuetan diskurtso errealistago bat faltan bota nuen, batez ere jendeari begira”.
Egungo nazioarteko testuinguruan Europar Batasunaren baitan sezesio prozesu bat gauzatzea oso zaila dela aitortzen du, baina horrek ez duela esan nahi gatazka politiko bati irtenbide demokratiko bat ematearen aldeko bidean saiatu behar ez denik. “Gauza bat da Estatuari bere kontraesanak bilatzea, borroka autodeterminista azken muturreraino eramatea, urriaren 1ean egin zen bezala, eta bestea da pentsatzea independentzia gauzatu ahal izango duzula, esaten zen bezala legetik -Espainiakoa- legera -Kataluniakoa- jauzi egitea era ordenatu eta lasai batean, Estatua aurka izanda. Baina horrek ez du esan nahi beharrezkoak diren baldintza politikoak eta demokratikoak lortzeko aurretik egin zen guztia egin behar ez duzunik. Hori izan zen lehenik urriaren 1aren eta gero urriaren 3aren helburua, Estatuaren errepresioaren aurka protesta egiteko deitutako greba orokorra”.
Subiranismoa gatazka demokratikoan mantendu beharko litzatekeela azpimarratzen du Muñozek. “Independentista den %47 dago bozetan, baina badira askoz ere gehiengo handiagoak dituzten ideiak: erreferenduma, konponbide politiko eta demokratikoa, Estatuaren erantzun autoritario eta polizialari gaitzespena... Hori da independentismoak jokatu beharko lukeen joko-zelaia, independentismoak gehiengo hori operatibo egin beharko luke. Azeleragailua zapaltzen baduzu eta independentista ez den baina autodeterminista den jendea kanpoan uzten baduzu, paretaren aurka egingo duzu talka”.
Oztopoak oztopo, Jordi Muñozek subiranismoa sendo ikusten du. “Erreferenteen arazoa dago, lidergo falta. Errepresioak lider nabarmenenak kolpatu ditu, eta egun kartzelan edo erbestean daude. Soberanistek oso gaizki daramate lehia alderdikoia. Gainera jendeak erantzunak nahi ditu, eta hau zaila da, ez dagoelako erantzun sinplerik. Baina, hau esanda, subiranismoak ez du bere indarra galdu. Estatuaren jarrera itxiak ere laguntzen du. Nik uste hau epe luzeko ideia hauen inguruko kontsentsu berri batekin amaituko dela: konfrontazio demokratikoa, Eskoziar erako erreferenduma... Ez dut uste Eskoziakoa bezalako galdeketa bat egongo denik epe motzean, horretarako baldintzak sortuko direnik, baina uste dut bide horretan ekin behar dela, arrazoizkoa izateaz gain irtenbiderik onena delako. Gakoa da honek konfrontazio demokratikoan noraino eramaten zaituen ikustea. Estatuak honi erantzun bat eman beharko diolako: errepresio gehiago, erreferendumetik igaro gabe autogobernu gehiago eskaintzea... Egia esan ez dakit zer eskaini dezaketen, Espainiako eskuina modu basatian dagoelako, baina hori da bidea: konfrontazio demokratikoa muturrera eraman eta ikustea gero horrek zer ematen duen”.

Jordi Muñoz: El error fundamental es haberse comprometido a hacer algo que no estaba claro que tuvieran fuerzas para hacer, que es declarar la independencia. Luego la gente te pide explicaciones, con razón, cuando para mí el problema no es que no lo hicieran, sino que se comprometieran a hacerlo.”


“JENDEA ERREPUBLIKAREN PROIEKTURA ERAKARRI BEHAR DA”
Jaume López zientzia politiko eta sozialen irakaslea da Pompeu Fabra Unibertsitatean. Soberanismoaren arazo nagusien artean 2017ko udazkenean gertatu zenaren inguruko irakurketa bateratu baten falta aipatzen du.“Batzuentzat Urriaren 1ean gorenera heldu zen kapitulu bat gauzatzen ari gara. Beste batzuentzat 2017ko urrian kapitulu bat itxi zen eta oraindik idatzi gabe daukagun beste bat zabaldu zen. Eztabaida hori soberanismoa banatzeaz gain aurrera egiteko dagoen arazo nagusienetakoa da. Irakurketa bateratu bat izan arte, kontakizun komun bat, soberanismoak ezin izango du aurrera egiteko inolako bide-orri berririk abiatu”.
Errepresioaren ondorioz buruzagi politiko eta sozialak kartzelan edo erbestean egoteak soberanismoari min handia egin diola aitortzen du. “Ezinezkoa da kartzelan edo erbestean dauden lagunek zuten lidergoarekin lehiatzea. Ez naiz soilik lidergo politikoaz mintzo, lidergo sozialaz ere bai. Romeva, Forcadell, Sánchez edo Cuixart, esaterako, mugimendu sozialetik datoz. Egun mugimendu sozialak ez du koordinatzeko punturik aurkitzen, eta behar du”.
Subiranismoak bizi duen zatiketa aurre-estrategikoa dela dio Lópezek, gizartea azken urte honetan ezer gutxi aldatu delako. “Kataluniako gehiengo handiena, ez dut esango gehiengo osoa, baina bai handiena, independentista da. Inork ezin du zalantzan jarri, gutxienez, %40ko independentista kopuru bat dagoela eta hori ez dela aldatuko. Eztabaida aurre-estrategikoa da. Lehenengo non gauden aztertu behar dugu, ondoren nora joan behar dugun jakiteko. Hori da zatiketa: batzuentzat Independentzia Aldarrikapena ezin izan zen gauzatu, baina hura azaltzen zuen mandatua eta zilegitasuna ez dira inondik inora aldatu eta, beraz, hasitakoa amaitu beharra dago. Irakurketa hori egiten dutenek diote erreferendum bat egin dela eta zilegitasuna dagoela; beraz aldarrikapen hori ezarri behar dela diote. Beste irakurketa egiten dutenentzat, berriz, kontua ez da ezer ezartzea, gauza berriak egitea baizik. Izan ere, hauen ustez zilegitasun eta mandatu hori ez zen lortu eta, beraz, gauza berriak egin behar dira. Orokortuz esan genezake PDCAT eta ANC gehiago lerrokatzen direla lehen irakurketarekin, eta ERC eta Ómnium Cultural bigarrenarekin”.
Jaume Lópezen ustez subiranismoak egun ez du Kataluniako Errepublika martxan jartzeko adina indar, “Estatu baten kontra goazelako”. “Bozketa bat irabazteko aski da boz bat gehiago izatea, baina Estatu baten kontra Errepublika bat sortu behar duzunean ez da aski erreferenduma irabaztea, ondoren Errepublika hori defendatzeko nahikoa indar behar duzu, eta %50 hori ez da nahikoa. Etorkizunari begira Errepublikaren proiektura jendea erakarri beharra dago”.
Nola egin hori? Lopezen ustez subiranismoak Eztabaida Konstituziogile bati ekin beharko lioke lehenbailehen. “Kontua ez da horrenbeste Espainiaren elementu errepresiboetan sakontzea, horiek ondo ezagutzen ditugu. Hortik hazteko tarte gutxi dugu. Baina badago hazteko esparru handi bat, eta hori Errepublika batek dituen abantailetan sakontzea da. Orain arte argi genuen Espainiatik atera nahi genuela. Eta hori nahikoa da independentista batentzat. ‘Espainiatik joan nahi dut eta kito, ez dut beste argudiorik behar’. Baina Katalunian badira independentistak ez diren errepublikazale asko, Errepublika baten baloreak estimatzen dituztenak”.
“Lan asko egin dugu Estatua kritikatzen, eta ondo dago, baina lan gutxi egin dugu Errepublika eraikitzen, eta hori akats larria da. Independentistak ez diren errepublikazale horiek erakarri nahi baditugu, funtsezkoa da Kataluniako Errepublika independente hori eraikitzen joatea eta Espainiako autonomia baten aldean izango lituzkeen abantailetan sakontzea. Hori ez bada egiten, jende horrek esango du: ‘ados, egin dezagun Errepublika bat, baina Espainia barnean’. Lehen subiranismoan esaten zen: ‘Egin dezagun Errepublika eta gero hitz egingo dugu nolakoa izango den, horrek zatitu egiten gaituelako’. Alderantziz egin beharko litzateke. Bilatu ditzagun adostasunak aldez aurretik Errepublikaz hitz egiten, eta horrek atxikimendu errepublikazale gehiago emango digu. Eta jende gehiago dugunean Errepublika babesten orduan posible izango da gainezkatze demokratikoa”.

Jaume López: Cuando tienes que generar una República con un Estado en contra, no vale solo ganar un referéndum, necesitas el músculo suficiente para defender esa República, y ese músculo para mí no es en absoluto suficiente con ese 50%.


“ARERIOAREN DISKURTSOARI, AURRE”
Salvador Cardús soziologia irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Subiranismoak arerioaren diskurtsoa ezin duela irentsi azpimarratzen du, diskurtso propio bat sortu behar duela. “Badira diskurtso unionistatik onartu beharko ez genituzkeen hainbat gauza. Esaterako, Kataluniako gizartea erdi eta erdi zatituta dagoela independentziaren aldeko eta aurkakoen artean. Hori 2017ko abenduren 21eko hauteskundeen emaitzei zilegitasuna ematea litzateke. Denok dakizkigu zein baldintzatan deitu eta egin ziren hauteskunde horiek. Eta, hala ere, salbuespeneko egoera horretan eta %80ko partaidetza batekin emaitzak izan zirenak izan ziren: %47-48 alderdi independentistentzat eta %39 alderdi unionistentzat; tartean, ez batean ez bestean kokatzen diren Comuns-ak. Hori ez da Kataluniako gizartearen erretratua eta, gutxiago, Kataluniako gizarte politikoarena”.
Gizarte hausturarena da hautsi beharreko beste totem bat. “Hemen ez dago gizarte hausturarik. Familietan beti eztabaidatu da Gabonetan, jendeak politikaz eztabaidatzen du. Espainian familia askotan batzuk PSOEkoak dira eta beste batzuk PPkoak, eta ziur mahai baten bueltan elkartzen direnean eztabaidak dituztela. Gauza bat da eztabaida politiko bat egotea eta bestea haustura soziala. Diskurtso hori irenstea porrota da subiranismoarentzat”.
Baikorra da Salvador Cardús, eta baikor mintzo da. “Gizarte bat ez da gauza plano bat, ez da gizakien batura bat, erakundeen eta sareen batura bat da. Katalunian herri kultura soberanista da. Ez dago herri bakar batean ere identifikazioa nagusiki soberanista ez den festa bat. Musika talde erreferentzialak soberanistak dira, kultur erreferentziak soberanistak dira. Katalunian mugimendu kooperatibista oso garrantzitsua dago, sare sozial ezberdinak daude. Eta horietan subiranismoa hegemonikoa da. Unionismoak ez du sustrai herritarrik. Eta hau luzera oso positiboa da, gizarte batean funtsezkoak diren erreferentzia sozialak eta kulturak soberanistak direlako”.
“Subiranismoa osasunez ondo dago, Espainiako estatuaren oldarraldiari eusteko gai izan da, eta nire ustez behin-betirako Espainiarekin hausteko unearen zain dago. Espainiako tradizio politikoak erakusten du gatazkak soilik konpontzen direla gailentzen zaienean. 2012an autodeterminazio erreferendum bat antolatu izan balute irabazi egingo lukete; 2014an egin izan balute, ere. Are eta gehiago, gaur egingo balute, gauzak ondo egingo balituzte, kanpaina on batekin, agian irabazi egingo lukete. Ondo kokatuko balira ez dakit zer gertatuko zen, gauzak ez daude horren argi... Baina kontua da ezin dutela. Eskoziar erako galdeketarik ez da egin eta ez da egingo, guztiz bateraezina da Espainiako kultura politikoarekin. Ezin dute. Hemen kontua Espainian gatazkak konpontzen diren bezala amaituko da. Espainiak soilik galdu duenean negoziatu nahi du, bitartean ez”.

Salvador Cardús: No hay que creerse lo del 50% y el 50%, no es cierto. Eso sería dar credibilidad a unas elecciones absolutamente irregulares, no legítimas, convocadas por el Gobierno central después de aplicar el 155, con los líderes políticos del independentismo en la cárcel… Si en unas elecciones tan excepcionales como aquellas con casi un 80% de participación salieron esas proporciones –un 47-48% favorables a los partidos independentistas y un 39% a los partidos unionistas, con los Comunes que no se definen–, lo del 50% y %50 no es un retrato de la sociedad, de las mayorías y minorías que hay en la sociedad.

Erreportajea

“Ondo sustraitutako mugimendua da subiranismoa”

Aritz Galarraga Lopetegi (Hondarribia, 1980) euskara eta euskal kultura irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Lasai hitz egiten du, esaten duena sakon hausnartuz; Kataluniako egungo abagunea ezagutzeko ahots pribilegiatua.

Erreportajea

Pesadilla en Viladecans

10 de abril de 2018. Agentes de la Guardia Civil armados hasta los dientes acuden al domicilio de Tamara Carrasco García, en Viladecans. Tamara es detenida acusada de “pertenecer a banda terrorista”.

Erreportajea

¿Cómo debería afrontar el soberanismo el juicio del 1-O?

Éste es uno de los debates más importantes que actualmente tiene el soberanismo. Los líderes políticos y sociales encausados se enfrentan a largas penas de prisión en un juicio que marcará durante tiempo la agenda política.