Etsi ezazue behingoz!

2015/04/13
Iaz sindikalista ingeles batek esan zigunez, “hogei urte behar izan genuen jabetzeko Margaret Thatcherren proiektua zein zen: eskubide eta identitate kolektiboak suntsitzeko plan sistematiko bat”. Bizi dugun egoera Thatcherren garaiaren antzekoa da: Galgarik gabeko kapitalismoa eta ahulen defentsan esku hartzen ez duten gobernuak. A zer koktela!

Egunero ezagutzen ditugu adibide berriak. Patronalak beste erreforma laboral bat eskatzen du, “bere aplikazioa eragotzi duten oztopo judizialak gainditzeko”. Beste erreforma bat, soldatak jaiste aldera negoziazio kolektiboa blokeatzea, eta bide legala ELA eta LAB paretik kentzeko. Patronal honek Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Larry Fink da Black Rock munduko inbertsio-funtsik handienaren buru. Martxoan espainiar Gobernuari bisita egin zion, eta prentsak zioenez, “merkatuko gizonik boteretsuena” da. Ahoan ez du bizarrik: “gobernuei laguntzen diet politika zuzenak erabakitzen... betiere gure bezeroen interesa gogoan”. Bere erresuma hartzekodunena, multinazionalena eta bankuena da, zeinak gustora ari diren gu pobretzen eta gure bizitza prekaritzatzen, kapitala eta boterea metatzeko.

Gobernuak eta politika. Lehenak lasai daude, suizidio politikoraino; esanekoak dira eta beren politikaren aurka gaudenok estigmatizatu egiten gaituzte. Sozialdemokrazia neoliberalismo instituzionalizatuaren bizikide izan da. EBk botere ekonomikoari ahalbidetu dio herritar eta nazioei demokrazia eta burujabetza kentzea; izan ere, EB eraiki dute kapitalarentzat berdin izan dadin nork agintzen duen. Horretarako egin zuten europar Ituna, eta bera indartzeko TTIP prestatzen ari dira.

Helburua politika guztia diziplinatzea da: Aukera bakarra dago! Politikak baztertu egin behar du pentsatzea eta erdipurdikoa izatea onartu, hobeto eraman ahal dezaten hara eta hona. Ez dago praktika alternatiboentzako lekurik, eta eztabaida politikoa kapitalari interesatzen zaizkion parametroen arabera egin behar da; funtsezko puntuak alboratu beharra dago. Pedagogia politikorik xumeena ere gehiegizko jotzen dute. Konturatzerako, debatea bozen inguruan agortzen da: Neoliberalismoa edo neoliberalismoa; ez dago besterik. Ez gara kanpainetan agintzen denaz ari, erakundeetara iritsitakoan egiten denaz baizik.

Alderdi sistemikoak, gainera, amaraun batean harrapatuta daude, zenbait kasutan legezkoa eta beste batzutan ustela (beti zital eta bidegabea), zeinak enpresa handiei eta finantza-botereari kateatuta mantentzen baititu. Iberdrolan kargu ohiak kolokatu dituen alderdi batek hartu ote ditzake enpresa honen aurkako erabakiak? Nola azal daiteke Zapateroren gobernua amaitu eta Rajoyrena hastear zela galdutako dosierraren istorioa, non elektrikei 3.000 milioi euro itzultzea eskatzen zitzaien oker kobratutako zenbatekoak medio? Ez dira botere ekonomikoari aurre egiteko gauza.

Grezian gertatzen ari dena oso garrantzitsua da. Beste gobernu batzuk behar ditugu, esaten dutenak ez dituztela beren herritarrak sakrifikatuko hartzekodun ez-legitimoak asetze aldera. Halakoak behar ditugu; kontrara, Troikak bere interesak gauzatzeko Syrizak amore ematea behar du.

Demokraziari kiratsa dario. Globalizazio honen gidariak ez ditugu bozkatu. Ezkerra eraldatzailea izango bada taxuzko eztabaida egin behar du muga instituzionalei buruz. Bestela, agintera iristen denean gaur Tsiprasek duen arazo bera izango du. Ezkerra eztabaida hori egin gabe gobernura iristen bada, gerta liteke arazoa beste batzuk bilakatzea, hain zuzen politika sozialentzako lehentasuna galdegiten dugunok.

Hau ez da izen kontua. Lehendakariak austeritateari “zorroztasuna” esaten dio. Izen berriak, egiten duten politikaren jite antisoziala eta bere ardurak ezkutatzen saiatzeko. Eusko Jaurlaritza ikasgelako lehena da doikuntzak ezartzen eta egin beharrekoa ukatzen, esaterako urtetan kutxa publikoak hustu dituen politikari atzera eragiteko zerga-erreforma. EAJk, PSE-EEk eta PPk erabaki zutena hutsala izan zen bildutako diruari dagokionez.

Bitartean, fiskalitatea erabat opakoa da. Zergatik onartzen da patronaleko goi-karguak ogasunetako arduradun bihurtzea edo, alderantziz, ogasunetako buru izan direnak patronalera pasatzea? Jasaten ditugun zerga-politikak gezur neoliberal handi baten ondorio dira: betidanik saiatu izan dira saltzen kapitalari zergak jaitsiz gero diru gehiago biltzen dela. Debate fiskala oraindik ere bahituta dago. Ezin da onartu Jaurlaritzak esatea ezin dela ezer egin. Zerga-politika honek kalte sozial handia eragiten du.

Hazkundearen mantra. Hazkunde hutsa; alde batera uzten da Lurra salbatu beharra dagoela berotze globala mespretxatzen duen sistema ekonomiko batetik, eta arlo publikoak esku hartu behar duela desberdintasun sozialak areagotu ez daitezen. Erreformak egin dira hazkundearekin ere desberdintasunak areago haz daitezen. Hazkundea finkatzen bada (kanpo faktoreei esker: petrolioa, interes-tasak eta euro ahulagoa), horrekin batera desberdintasun handiagoa izango dugu. Gaur, hauteskundeei begira, desberdintasuna arintzeko politikak eztabaidatu ordez lehian dabiltza, ea BPGd handiagoa nork duen eta hazkundea bere gobernuaren politikari esker gertatzen dela esanaz; hau gezurra da. Gobernu guztiek egin dute ekarpena ekonomia erreala itotzeko.

Sindikalismoa kontrabotere ez bada, ez da ezer. Benetan al da ELA maximalista? Zenbat erabaki hartu dituzte gobernuek azken urteotan hitz egin eta negoziatuta? Bat ere ez. Dena alde bakarrekoa izan da. Kontrabotere gisa eragingarri izateko, ELAk aldarrikatzen du sindikalismoak izan behar duela estrategia eta ekintzak erabakitzeko autonomia finantzario eta politikoa; sindikalismoari eginkizun burokratikoa ematen dioten alferrikako mahaietatik aldentzea; lantokietatik abiatuta antolakuntza sindikala finkatzea; koadro eta militanteak prestatzea, eta ahal den heinean aliantza sindikal eta sozial jakin batzuk hobestea, hain zuzen praxi eta helburuetan bat datozen kideekin osatutakoak (etsai berberak ditugun desberdinen artean bat egitea). Kontraboterearen hautua ezinezkoa da antolakuntzarik gabe. Erronka hau zaila da, eta ez da bateragarria inork ulertzen ez duen hizkuntza anbiguoarekin. Erreferente alternatibo izatekotan, argi hitz egin behar da. Arlo sindikalean, errealitatea askoz prekarioagoa delarik, gure jendeari esan behar zaio sindikatuak indartsuago egiten gaituela. Arlo sozialean, alderdi politiko guztiei exijitu behar diegu neoliberalismoaren muga estuak ez ditzatela ontzat eman. Gure ustez, ezkerrak sozialdemokraziaren ibilbide bera egingo du defendituz gero sindikatuok eta mugimendu sozialok alderdien masa erabilgarri izan behar dugula. Ezkerrak programa eraldatzailea badu, berau azaltzeaz gainera bere eginbeharra da alderdi-sindikatu harreman zaharra berritzea. Autonomia sindikala da politikarekiko ezinbesteko dialektika bilatzeko abiapuntua. Arlo politikoan –guztia da politikoa–, burujabetzari buruzko debatean lehentasuna eman behar zaio gizarte-ereduari. Hau ez da bidearen amaia izan behar, ibilbide soberanistaren ardatz nagusi baizik.

Baten batek nahiko luke sindikalismoak klase-borrokaren kontzeptua baztertzea (iraganeko kontua dela eta). Bitxia da; hauetako zenbaitek Euskal Herrirako “eredu propioa” aipatzearekin batera lezio antisindikalak ematen dituzte. Beren burua aski izanik, ez dute inolako defentsa kolektibo antolaturik onartzen. Zein da sindikatuen tokia “eredu propio” horretan? Beste batzuk diote, aldiz, etsi dezagula, besterik gabe. Baina ez dugu amore emango. Erreferenterik ez da izango, landu ezean. Helburuokin bat datozenei ELAk gonbitea luzatzen die, bidea elkarrekin egiteko. Eginkizun lilurragarria izango da.

Adolfo Muñoz Txiki

ELAko Idazkari Nagusia