Ez da fikzioa, LGTBI+ eta klase harrotasuna da

2015/06/26
Zinemara goazen edozein arratsaldetan, filme komertzial bat ikusita ezusteko atseginen bat izan dezakegu. Hala gertatu zaigu Pride filmearekin; Britainia Handian arrakasta itzela izan zuen istorio honek, non Galeseko langile-mugimenduaren parte batek eta laurogeigarren hamarkadako Londreseko mugimendu homosexualeko kide batzuk bat egiten duten itxuraz beti hor egon den amesgaizto neoliberalaren eta thatcherismoaren aurka.

Ez da ohikoa sindikalismoan eta ELAn zinemaz hitz egitea! Baina oraingoan badugu motiborik. Filme hau kritiko batzuren arabera “feel good movie” bat da, “rollo ona” ematen duena alegia. Bere bidez, hainbat gaitan sakon daiteke, hizkuntza zinematografikoa bitarteko, gai horiek agenda politikoan eta diskurtso kontestatario ofizialetan lehenagotik hor bazeuden ere.

Filmeak gogora dakar, besteak beste, moldea edukia bezain garrantzitsua dela, garrantzitsuagoa ez bada. Izan ere, Pridek biltzen dituen mezu anitzen artean, oinarrizkoa da “batasunak indarra ematen duela”, eta borroka komunen arteko solidaritatea beharrezkoa dela. Batzuk Disney faktoriako produktu baten kutsua hartuko diote honi, edota kontrara, La vida de Brian filmeko “Frente Popular de Judea”ren parodiarena. Filme hau ere oso gomendagarria da gizartea eraldatzeko helburua duten militante sozialentzat ere. Halako haize freskoak tarteka on egiten du.

Harrotasunaren eguna hurbil delarik, mugimendu sindikalaren eta LGTBI+ mugimenduaren arteko aliantza ezinbesteko bihurtzen da, bakoitzak klase-borroka edota hetero-arauaren eta lesbo-gay-bi-trans-fobiaren aurkako borroka posizio eta ikuspuntu desberdinetik ulertzen duen arren. Subjektu politikoak etengabe ari dira formulatzen eta eztabaidan.

Beste mezu garrantzitsu bat ere badago, ezkutuan bada ere: filmean klase-dominazio eta heteronorma sistemaren ondorioak lehen planora ekarrita ere, emakumeak bigarren mailako rola dute historia ofizialean eta gaur egun, teorian agerikoa izan arren sukaldeak eta etxeak funtsezkoak direla borroka batean.

Halaber, parodia gisa, lesbianen eta borroka feministaren errepresentazioa gerorako utzi beharrekoa dela agertzen da, borroka nagusiak urgenteak baitira, eta hauek gizonen buru ta gorputza dute... Che Guevara presente dago, konpai! Patriarkatuaren aurkako borrokak bere txanda itxaron beharko du lehentasun politikoen mailan egon dadin.

Zenbaiten ustez zientzia-fikzioko filme bat izan daitekeen arren, ezin da ahaztu garrantzi handia duela borroka kolektibo desberdinek ibilbide bat elkarrekin egitea, batik bat itxuraz agenda eta helburu bera ez duten kolektibo eta pertsonei dagokienez. Zaila da oso bai, baina ez ezinezkoa.

Bat ukitzen dutenean guztiok ukitzen gaituzte”, aldarrikatzen du mugimendu feministak. Hain zuzen, horixe da filmearen mezua: pertsona edo kolektibo baten oinarrizko eskubideei eraso eginez gero, domino efektua gertatzen da, arrazoia edozein dela ere (klasea, sexu edo genero hautu-identitatea, nazio-, kultur- edo erlijio-jatorria, aniztasun funtzionala, adina, etab.). Galesko laurogeigarren hamarkadako langile-mugimenduaren zati batek eta Londresko LGTB mugimenduko pertsona batzuk honetan asmatu egin zuten orduan. Gaur Euskal Herrian, kolektibo, pertsona eta gizarte-mugimendu batzuk ere horretan gaude, eta egundoko balioa duela uste dugu, dominazio sistema anitzak gure bizitza eta borrokak indibidual bihurtzen saiatu arren.