Urte berria, gatazka zaharra

2016/01/05
Badirudi aldaketaren garaian gaudela. Klima aldatzen ari da, Gobernua aldatu egin da, urtea ere aldatu da,... baina Nafarroako desgaitasunaren sektorea ez da aldatu. Berdin jarraitzen dugu, agian okerrago.

Azken 4 urteotan lan-hitzarmenean jasotzen diren baldintzak behin eta berriz urratu dira (ez dira ez soldaten igoerak aplikatu, ezta lan-jardunaren murrizketak ere). Egoera hau zuritzen duen arrazoia (desgaituentzako zentruetako enpresen arabera), Nafarroako Gobernuak ematen ez duen dirua da, desgaitasunerako arreta zerbitzua emateko enpresa hauek (irabazi asmodunak guztiak) duten kontratuetarako dirua, hain zuzen.

Egoera hau gutxienez paradoxikoa da, zerbitzu publiko bat egiteagatik negozioa egiten ari dira batzuk (entitate kudeatzaileak) eta negozioa egiten uzten ari dira besteak (Administrazioa). Berez, zerbitzu hau emateak ez du etekin ekonomikorik ematen, ez baitago merkatuen gora-beheren menpe, Administrazioak jartzen duen diru publikoarekin ordaintzen baita.

Zerbitzu hau ematearen arduraduna Administrazioa da, eta beraz, alde batetik, zerbitzua ongi emateko bezainbeste diru bideratu behar du honetarako eta bestetik, diruaren erabileraren bermatzailea izan behar da. Hau guztia dela-eta, zerbitzuaren prestazioa kontrolatu behar du eta baita lan-hitzarmena bete egiten dela ere.

IV. lan-hitzarmena negoziatzen ibili ondoren 3 urtez, egoera blokeaturik dago. Administrazioak, egoera desblokeatzeko, etorkizunari begiratzeko esan digu sektoreko langileoi (III. Lan-hitzarmenarekin 4 urtez jasan ditugun baldintzen hausteak ahaztuz) eta lan-hitzarmen hau 2016ko abuztuaren 1etik aurrera aplikatzea (III. Lan-hitzarmena 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatua egon behar zuen). Horretarako, etorkizunean baldintzen hausteak gerta ez daitezen, zenbait baldintza-agiri sartuko lirateke lan-hitzarmenean.

Sektoreko langileok iragana ez ahazteko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari; gertatutakoa ikus dezatela, azter dezatela eta egindako akatsak zuzen ditzatela (beharrezko neurriak hartuz), eta 180 graduko bira eman dezatela egungo egoera desblokeatzeko. Horrek, Nafarroako desgaitasunaren sektoreari etorkizun egonkorra irekiko dio.