Egungo krisi ekonomikoan lan-osasunaren egoera aztertzeko, eta irtenbide berriak bilatzeko jardunaldiak

2013/03/01
ELAk eta Azterlan Sindikaletako Europako Institutuak otsailaren 28an eta martxoaren 1ean antolatu dituzte jardunaldiak Bilbon. Lantaldea 15 adituz osaturik dago, eta austeritate-politikek lan-osasunean izan duten eragina aztertu da horren baitan. Gainera, sindikalismoak oraingo krisi-garaian eskain ditzakeen aukerak ere jorratu dira bertan.

ELAko Lan Osasunaren arduradun Leire Txakartegik adierazi duenez, krisiaren aitzakiatan Euskal Herriko milaka langileri izugarri murriztu dizkiete enpresetan lan-baldintzak eta segurtasun- zein osasun-neurriak. “Horregatik, oraingo egoeran sekula baino gehiago txertatu behar dugu lan-osasunaren arloa eguneko ekintza sindikalean. ETUIrekin batera antolatu ditugun jardunaldiak baliagarriak izango zaizkigu, zalantzarik gabe, hain funtsezkoa den gaia arretaz begiratzeko, eta batez ere bestelako irtenbideak bilatzeko”.