ELAk arbuiatu egiten du Auzitegi Konstituzionalaren epaia, errolda bidez paperik gabeko immigranteak topatzea baimentzen duena

2013/02/14
ELAren ustez erabaki oso larria, justifikaziorik gabea eta itxuragabekoa da poliziari baimena ematea udal-erroldetako datuak erabil ditzan paperik gabeko immigranteei jazartzeko.

Erabakia zuritzea esanez atzerritar-espedienteak modu eraginkor eta arinean tramitatzeko izango dela, migrazio-fluxuak ordenatu eta kontrolatze aldera, lekuz kanpo dago gaurko egoeran, non murrizketa sozialek milaka eta milaka pertsona behartzen duten beren jaioterrira itzultzera.

Neurri honek immigrante ugari klandestinitatera bultzako luke, eta ondorioz babes sozialik gabe geratuko lirateke, miseria gorrian.

Epai honekin berriro ere milaka immigrante kriminalizatu egiten dituzte eta jazarri, arauhauste administratibo bat medio, jakinik euretako asko egoera irregularrean erori direla herri honetako gizartean, kulturan eta ekonomian ekarpena egin ostean.

Horregatik, ELAk ez du onartzen epai hau, eta exijitzen du neurri baztertzaile eta polizialak alda daitezela, nagusitu dadila irizpide politiko bat, pertsona horiek duintasunez integratzeko aukera izan dezaten. Halaber, sindikatu honek ohartarazten du fitxategietara sarbide masiboa eta kontrolik gabea gerta daitekeela, bide honetatik jarraituz gero.