ELAk atzerriko biztanleriaren kriminalizazioa salatu du Gasteizen

2014/09/25
ELAk bat egiten du SOS ARRAZAKERIA ARABAk Javier Maroto Gasteizko alkatearen eta Javier de Andrés Diputatu Nagusiaren aurka egin duen salaketa publikoarekin. Halaber, sindikatuak salatu nahi du agintari hauek prestazio sozialak -kasu honetan oinarrizko errenta- jasotzen dituzten biztanleak jomugan jarri nahia.

Elkartasun adierazpen horrekin batera, salatu nahi dugu Marotok eta De Andresek atzerriko biztanleriaren parte baten aurka bultzaturiko kriminalizazio eta estigmatizazioa. Kontrabotere sindikatu garen heinean ulertzen dugu botere publikoek ezin dutela beraien posizio instituzionala erabili pertsona eta kolektiboak estigmatizatzeko inolako kontraste publiko ezta zehaztasunik gabe.

Modu honetan eztabaida manipulatu egiten da, eta horrek eragotzi egiten du errealitatea eta bere dimentsio guztiak ezagutzea; jendartean zatiketa eta liskarra areagotzen du. Instituzioei gizarte babeserako sistemaren inguruko benetako eztabaida exijitzen diegu alde batetik, eta bestetik, maila formaletik haratago doazen proposamenak, inmigrazio eta integrazio sozialari dagokionez.

Eskubideak eta demokrazia bera kolokan jartzen dira horrelako adierazpen diskriminatzaileekin, zeinen helburu bakarra botoak erakartzea den.