Eusko Jaurlaritzaren erabakiek desberdintasun soziala eta langileen miseria areagotzen dute

2017/08/16
ELAren iritziz, ezin da onartu Eusko Jaurlaritzak ekonomia “ondo doala” dioen diskurtsoa behin eta berriz errepikatzea, hazkunde ekonomikoak dena konponduko duela sinestaraziaz. Sindikatuak Jaurlaritzari gogora arazi dio ekonomia hazten ari dela, baina desberdintasun sozialak areagotzen ari direlako eta langileen miseria hedatzen delako, batik bat kontratu berrietan.

Arazo hau ez da kasualitatea: batetik, aberastasuna banatzeko tresnak erreformekin ahuldu egin dituztelako gertatu da, eta bestetik, gobernuek doikuntza politikak ezartzen ari direlako. Aberastasunaren banaketa gaur krisia hasi zenean baino askoz injustuagoa da, baita Eusko Jaurlaritzaren eraginez.

Duela gutxi Gobernuko sailburu batzuk esan dute soldatak igo egin behar direla. Honi buruz ELAk nabarmendu nai du Eusko Jaurlaritzak, bere ardurapeko eremuetan, ez duela adibide onik ematen: eremu horietan ez dago negoziazio kolektiborik, eta enplegatu publikoen erosteko ahalmena gero eta okerragoa da. Jaurlaritzak honez gero ez du 2012ko aparteko paga ere osorik ordaindu, eta ez dauka estatuaren inposizioa argudiatzerik (ordaindu ez duen euskal administrazio bakarra da); bestalde, oztopo legalik ez badago ere, Itzarriko ekarpenak ere ez da ordaintzen ari (Itzarri Jaurlaritzako langileen BGAE da).

Bestalde, eremu azpikontratatuetan, Jaurlaritzak lan eta zerbitzuen esleipena egiterakoan irizpide bakarrari begiratzen dio, prezioari, eta beherantz jotzen du beti. El Prat-eko aireportuko seguratsunarekin gertatzen ari dena ez da inola ere salbuespena. Jaurlaritzak, Aldundiek eta euskal udal askok berdin jokatzen dute. Jaurlaritzak preziorik merkeena aukeratzeko joera baztertu egin beharko luke, enpresek prezioak hondoratu egitemn baitituzte; haatik, sarrera txikiagoa soldata negargarriekin, kontratu prekarioekin eta lanpostu gutxiago sortuaz konpentsatzen dute.

Hau ari da gertatzen Jaurlaritzaren ardurapeko eremuetan, hots, lan-baldintzak zuzenean hobetzeko aukera lukeen horietan. Aitzitik, kontrakoa egiten du. Enpresen praxi hori saiheste aldera ELAk legegintza-ekimen herritarra bultzatu zuen Eusko Legebiltzarrean, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten. Ekinaldi horrekin besteak beste bermatu nahi zen subrogazioa, hots, azpikontratatutako enpresa aldatuz gero lan-baldintzak bere hortan mantentzea. Jaurlaritzak, ordea, aurrekontuak mozten jarraitu nahi zuen, gaur arte. Aukera egin behar bada langileen duintasunaren alde egin edo aurrekontuak doitzen jarraitzearen artean, Eusko Jaurlaritzak murrizketak lehenesten ditu. Kontua da honek ez duela zerikusirik azken aldian aipatu duten “soldatak igo behar” horrekin. Azkenean, egintzei erreparatu behar zaie, ez hitzei.

Joan den uztailaren 26ko argazkian Lehendakaria, bere gobernuko sailburuak eta Confebaskeko ordezkariak ikusi genituen elkarrekin; honek agerian uzten du botere politikoa eta patronala politika antisozialak aplikatzen jarraitzeko elkar hartuta jokatzen dutela.