Ez gaituzte isilduko, ez gara geldi geratuko!

2017/08/02
Bizkaiko Erresidentzietako langileek greban jarraitzen dute; deialdi berri hau, gutxienez, abuztuaren 31 bitartean zabalduko da. Greba deialdiarekin batera antolatutako mobilizazioen baitan gaur goizean ekintza ikusgarria egin dute Bilbon.

Grebalariak Arriaga Plazan elkartu dira eta Zazpikaleak zeharkatu dituzte mugimendua eta geldialdiak uztartuz. “Mugimenduarekin, oihuka, dantzan eta aldarrikatuz gure jarrera erakutsi nahi izan dugu: ez gara geratuko gure lan baldintzak duindu arte. Geldialdiekin, denbora luzaz geldi egonda, Bizkaiko Foru Aldundiak nola nahi gaituen irudikatu nahi izan dugu: isilik, geldi eta menpeko. Ba, jai daukate: ez gaituzte isilduko, ez gara geratuko eta ez gara menpeko izango”.

Erresidentzietako langileek gogor salatu dute Ahaldun Nagusiaren jarrera, Unai Rementeria. Izan ere, plaza bakoitzeko prezioa mantentzeko erabakiarekin are eta zailagoa egiten du Bizkaiko Erresidentzietako gatazkaren konponbidea.