Istripu hilgarria Bergara-Antzuola errepideko lanetan

2013/09/18
ELAk salatu egin nahi du gaur goizeko 8etan Antzuola-Bergara errepideko lanetan gertatu den istripu hilgarria; lan hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du. Hildako J.A.R. langileak 33 urte zituen eta Aballa S.L. enpresakoa zen; berau Lapatza UTEaren agindupean ari da lanean.

Istripua J.A.R. dumper bat gidatzen ari zela gertatu da: balaztek huts egitean makinatik jauzi egin duenean azpian harrapatu du makinak.

Aurtengo hasieratik hona Hego Euskal Herrian dagoeneko 25 langile hil dira beren lanpostuan, eta azken hilean 6 heriotz izan dira. Oraingoan ere nabarmendu beharra dago enpleguaren prekarietateak eragiten dituela lantokietan gertatzen diren ezbeharrak. Hain zuzen, kasu honetan ELAk eta Gipuzkoako Aldundiak hitzartu zuten lurralde honetako eraikuntzako hitzarmena aplikatzea derrigorrezko izango zela herri-lanetan.

Aldundiarekin akordioa iritsi arren, baldintza-pleguetan hitzarmena aintzat hartuko zela bermatzeko, lana esleitu zenean ELAk kritika egin zuen hasieran ezarritako preziotik zenbateko beherapena eskaini zuen Lapatza UTEak (hots, Moyua eta Antzibar enpresek). Zoritxarrez, ohikoa baita administrazioek lizitazioan aipatutakoa baino prezio apalagoa ematen duen enpresari esleitzea, jaitsiera horrek izan ditzakeen ondorioak ahaztuz. Gehiegizko erritmoan egiten da lan, abusuzko lanaldiekin; makinen mantenua behar bezala ez da egiten; segurtasun arauak ez dira betetzen; istripuak izan ohi dira, etab.

ELAk azpimarratu du Krisi betean gaudela, enpresek lehiaketara aurkezten direnean prezioak ahalik gehien murrizten dituztela, lana lortze aldera; behin lana lortuta, enpresa gehienak azpikontratatzen saiatzen direla, langile merkeak eta esplotazioa medio irabazia lortu ahal izateko. Azkenik, betiko moduan sektoreko langileak izan ohi dira kaltedunak.

Hitzarmena betetzen ez denez, ELAk joan den astean Lan-Ikuskaritzan salaketa bat sartu zuen; hartan zioen hitzarmena ez dela aplikatzen eta langileek izugarrizko lan-erritmoak eta etengabeko presioa jasan behar zutela. Istripua gertatu denean, gainera, agerian geratu da makinen mantenuari dagokionez gabezia handia zegoela.

Kasu honetan herri-lana denez, lan-segurtasun eta -osasunean adibidea eman ordez gai horretan erabateko utzikeriaz jokatu da. Erakundeek ez daukate benetan borondaterik lan-arriskuen prebentzioari buruzko arauak betearazteko. ELAk sarri salatu izan ditu prebentzio arloko gabeziak. Sindikatu honek exijitzen du istripua iker dadila eta dagozkion ardurak erabaki daitezela.

ELAk dei egiten die langileei gehiengo sindikalak protesta agertzeko deitu duen bilkuran parte har dezaten, bihar, hilak 19, eguerdiko 12etan, Antzuolako San Blas baselizako bidegurutzean; sektore honetan dauden lan-baldintza txarrak eta laneko istripuen izurri soziala salatuko da agerraldi horrekin.