Langile bat hil da lan istripuan EHUn

2014/05/20
Honez gero aurten Hego Euskal Herrian 14 langile hil dira beren lanpostuetan. Bizkaian, zehazki, bostgarren heriotza dugu hau. UPV-EHUko langile-batzordeak bihar eguerdiko 12etarako ordubeteko lanuztea deitu du. ELAk bat egin du deialdi horrekin, hildakoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko; halaber, gehiengo sindikalak 12.15etarako elkarretaratze bat deitu du EHUko liburutegi aurrean, laneko istripuen errealitate kezkagarria salatzeko.

ELAk salatu du gaur eguerdian Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusean beste istripu hilgarri bat gertatu dela; 52 urte zituen T.C.L. 30 metroko altueratik erori eta hil da, liburutegiko teilatua inpermeabilizatzeko lanean ari zela. Hildakoak Lan-ondo enpresarentzat ziharduen.

Honez gero aurten Hego Euskal Herrian 14 langile hil dira beren lanpostuetan. Bizkaian, zehazki, bostgarren heriotza dugu hau. Badirudi behargin hau ez zegoela inolako segurtasun-sistemari lotuta, eta ez zeukala ere erortzeko arriskua saihesteko ekiporik.

ELAk eskatzen du istripua iker dadila, zergatiak ezagutu eta ardurak argitze aldera. Lan hau eraikin publiko batean egiten ari zenez, ELAk erakunde publikoei galdegiten die beste edozeren gainetik jar dezatela langileen segurtasun eta osasuna, beharrezko neurri prebentiboak ezarriaz eta hauen jarraipen zorrotza eginez, berriro halako ezbeharrik gerta ez dadin.

UPV-EHUko langile-batzordeak bihar eguerdiko 12etarako ordubeteko lanuztea deitu du. ELAk bat egin du deialdi horrekin, hildakoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko; halaber, gehiengo sindikalak 12.15etarako elkarretaratze bat deitu du EHUko liburutegi aurrean, laneko istripuen errealitate kezkagarria salatzeko.