Txiki Muñoz LABeko kongresuan: “neoliberalismoa eta subiranotasuna bateraezinak dira”

2017/05/26
ELAko Idazkari Nagusi Txiki Muñozek parte hartu du LAB sindikatuko kongresuaren itxiera-ekitaldian. Muñozen hitzetan, “neoliberalismoa eta subiranotasuna bateraezinak dira”. Ildo beretik, gogor salatu ditu Eusko Jaurlaritzaren murrizketak.

ELAko Idazkari Nagusiak ELA eta LABen arteko elkarlanaren beharra azpimarratu du: “ELA eta LABen elkarlanak duen potentzialtasunean sakondu behar dugu herri honen espazio laborala, soziala eta politikoa baldintzatzeko. Horregatik, sindikatu biak kontziente gara negoziazio kolektiboan ditugun desadostasunak gainditu behar ditugula”. Muñozen arabera, elkarlanaren oinarrian bi elementu daude: alde batetik, prekarietateari eta lan-erreformei aurre egitea; bestetik, bertoko negoziazio kolektiboa defendatzea estatalizazioaren gainetik eta euskal gehiengo sindikala errespetatzea. Muñozek azpimarratu duenez, subirautzak soziala izan behar du “gizartearen gehiengoarentzat.”