Amancioren limosna Osasunbideari

2017/05/31
Peio Igeregi eta Josetxo Mandado (ELA Osasungintzako arduradunak)
Amancio Ortegak aurten 5,7 milioi euro eman dizkio Osasunbideari, Nafarroako Ospitalerako hainbat tresna eskura ditzan: erradioterapiarako azeleragailu lineal bat, barne-erradioterapiarako ekipo bat, bi scanner eta mamografo digital bat. Joan den martxoaren 31n ikusi genuen Nafarroako Gobernuko lehendakariak operazio hau egiteko hitzarmena sinatu zuela Inditexeko nagusiaren menpeko batekin (nonbait, Ortegak ez zion ongi iritzi Nafarroako erakunde goreneko agintariaren parean jartzeari).

Zalantzarik gabe, emaitza hau albiste ona da, batik bat makina horiekin artatu ahal izango diren gaitz larriak pairatzen dituztenentzat, baina beste aldetik, politika publikoak zein egoera kezkagarrian dauden islatzen du. Aparatu hauek beharrezkoak al dira kantzerrari behar bezala aurre egiteko? Hala bada, zer dela eta egon behar gara Amancioren limosnaren zain gure ospitaletara ekartzeko?

Nafarroako Gobernuak bere aurrekontuetan osasunera bideratu duen inbertsioa ez da erkidegoak sortzen duen aberastasuna adina hazi. Esaterako, 2016an arlo honetarako Nafarroako BPGaren %5,1 erabili zuen (2010ean %5,6 izan zen, UPNren gobernuarekin), eta aldiz Europar Batasuneko batez besteko maila 2015ean %7,2koa izan zen (Eurostat). Hots, osasun publikoko batez besteko inbertsio europarraren parera iristeko Nafarroako aurrekontuan 406 milioi euro gehiago jarri beharko ziren (guztira 987 milioi izan ziren).

Osasun arloko gastu urriaren atzean beste erabaki politiko bat dago, gutxienez hura bezain garrantzitsua: baztertu egin da diru-sarrera nahikoak lortzeko aukera. Beste hainbat kontu bezala, hau ere fiskalitatearekin lotuta dago. Datu ofizialek diotenez, Nafarroako presio fiskala EB-28ko batez bestekoa baino 10 puntu apalagoa da (ez gara ari gehien biltzen dutenetaz, guztien batez bestekoaz baizik); beraz, Nafarroak beti aipatzen duen maila europar hori beste gai batzuetarako uzten da, sekula ez fiskalitaterako.

Zehaztearren, 2015ean zuzeneko zergen %70 lan-errenta PFEZari esker bildu zen, eta %23 besterik ez errenta profesional eta kapitaletatik (2008an baino %40 gutxiago). Sozietateen Zergatik (enpresen etekinak) %14 besterik ez zen etorri (217 milioi eskas, zortzi urte lehenago 419 izan baziren ere). Eskandaluzkoa da oraindik zein desorekatua den langile-klaseak egiten duen ekarpena eta enpresa edo errentistena. Nafarroan ere agerikoa da fiskalitateak ez duela aberastasuna birbanatzen (hau delarik bere xede nagusia). Kontrara, langile-klaseak aberatsentzat finantzatzen du osasun publiko sistema, bai eta pribatuaren zati bat ere.

Gatozen berriz ere Amancio Ortegaren dohaitzara: 5,7 milioi eman ditu, baina 2017an Inditexeko jabeak 1.256 milioi euroko dibidendo bat jasoko du, hots, Nafarroako aurrekontuen herena. Beste datu bat: Europar Parlamentuan aurkeztu zen txosten baten arabera, Inditexek 2011 eta 2014 bitartean Ogasunari 585 milioi ordaintzea saihestu zuen.

Beraz, Ortegaren ordezkaria Uxue Barkosen ondoan ikusita gogora datozkigu Charles Dickensen liburuetako irudiak; orduan karitatea izan ohi zen pobreziari aurre egiteko modu bakarra. Aberatsegiak diren batzuk karitateaz baliatzen dira beren izena garbitzeko. Agian nahiago ditugu beren irudiaz kezkatuta dauden aberatsak kontzientzia soilik aitorlekuan garbitzen dutenak baino (hau da gehiengoa). Halere, gure ordezkari politikoei ezin diegu onartu karitatearen promozioa egiterik: Justizia soziala galdegin behar diegu. Eta horretarako aipatutako egoera fiskal hori irauli egin behar da.

Nafarroako zerga-politika EB-28ko batez besteko mailara hurbilduko balu eta lortutako sarrerak gizarte-politikara bideratu, Osasunbideak hamaika beharrizan asetu ahal izango lituzke, guztion onerako. Areago, bere plantillak jasaten duen %40ko aldi baterako enplegu tasa amaiaraztea ere posible izango litzateke.

ELAk benetako justizia soziala bilatzen duten politikak exijitzen ditu, oinak lurrean, eta ez gaitezen aberats hauen menpe egon, kontzientzia txarrak bultzata sobera dutenetik apur bat banatzea erabakitzen dutenean.